Berriak > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
astelehena, 19 martxoak 2018
  • Proiektuak plataforma berezien bidez oporretarako alokatzen diren etxebizitza pribatuak arautzen ditu. Izan ere, modalitate hori gorantz doa, eztabaida handia sortu arren, bereziki, hainbat europar hiriburutan. EGABren iritziz egokia da gai horri eustea eta eremuan izan diren lege epaietara moldatzea.
  • Irizpenak ostatatze modalitate hori zabaltzearen ondorioz izan daitezkeen arriskuak aipatzen ditu. Besteak beste, bizitegirako alokairuaren merkatuan errentak igotzea, hiriburu turistikoenetan biztanleria egonkorraren ordez biztanleria mugikorra izatea eta bitartekaritza lanetan jarduten duen zenbait plataforma garbia ez izatea, beraz, “enpresa eta egoera horien gainean kontrol handiagoa” eskatzen du.
Bilbon, 2018ko martxoaren 19an.
 
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ustez egokia da “erabilera turistikorako etxebizitzen eta etxebizitza partikularretako gelen dekretu proiektua” izapidetzea, kontsulta organo honek egin dituen gogoetekin. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak bidali du.
 
Irizpena izan duen araua turismoari buruzko legea (13/2016) garatzeko da. Airbnb, HomeAway eta antzeko plataformen bitartez oporraldietan alokatzeko eskaintzen diren etxebizitza pribatuak arautzea du helburu. Modalitate hori gorantz doa. Nolanahi ere, Eurostat 2017ren arabera, azkeneko urtean Europar Batasuneko biztanleen % 17k erabili du. Gaur egun “kolaborazio-ostalaritza” deritza. Batzordeak gogorarazitakoarekin bat, gai gatazkatsua da, bereziki, europar hiriburu batzuetan, beraz, bere iritziz, arautzea egokia da eta, aldi berean, eremuan izandako lege epaiei moldatzea. Aurrekoaren harira, batez ere plataforma horiek jarduera ekonomikoaren bitartekari bezala eta, beraz, turismo zerbitzuan beste eragile baten modura identifikatzen dituenari erreparatu behar zaio, turismoaren legea eta bere manuak bete behar baitituzte.
 
Etxebizitza turistikoak zabaltzeko arriskua
 
EGABren irizpenak ostatatze modalitate hori zabaltzearen ondorioz izan daitezkeen arrisku batzuk aipatzen ditu. Hala nola, etxebizitza turistikoak masiboki zabaltzeagatik bizitegirako alokairuaren merkatua ordezkatu eta horri eragitea. Errentak igo daitezke eta bakarrik errentamendu xumerako aukera duten pertsonei kaltetuko zaie. Horrez gain, hiriburu turistikoenetan biztanleria egonkorraren ordez biztanleria mugikorra izateko arriskua dago horrek hiriaren ereduan dakarren eraginarekin. Eta, azkenik, bitartekaritza plataforma batzuek zintzo ez jokatzearen arriskua dago. Edozelan ere, pantailazko identitateekin egiazko jabetza ezkuta dezakete, “hortaz, enpresa eta egoera horiek gehiago kontrolatu behar direlakoan gaude”, Batzordearen esanetan.
 
Udal arautegirik eza
 
Irizpenak beste kontingentzia bati buruz ohartarazten du eta udal aginpidearekin zerikusia du. Zehazki, udalerri batzuek gaiaren inguruko araudirik ez dute edo izanda ere, ez dituzte gai garrantzitsuak arautzen, hala nola, jabetza horizontalean turismorako etxebizitzen eta etxebizitzetako gelen gehieneko kopurua, kokapena edo bete behar dituzten gutxieneko baldintzak. Horregatik, irizpenak “udal araudi aplikagarririk ez dagoenetan modu ordezkatzailean jarduteko dekretuaren edukia zabaltzea” eskatzen du. Gainera, administrazioen arteko lankidetza xedatzeko artikulua gehitzea egokitzat jotzen du.
 
Amaitzeko, EGAB “erabat ados da” turismo etxebizitzen jarduera bizilagunen erkidegoen adostasunaren mende egotearekin eta, horren harira, dekretu berriak bere aplikazioaren eremua definitzean turismoko nekazaritza establezimenduak eta landetxeak ez dituela arautuko idatziz jasoa uztea eskatzen du. Helburua landa ingurunean berariazko modalitateak babestea da.