Berriak > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
asteazkena, 04 apirilak 2018
  • Aldaketen bitartez hobetu egin nahi dira kontrol sanitarioak, hau da, agente patogenoek eragiten dituzten gaixotasun infekziosoekin eta tanatopraxian jarduteko betekizunekin zerikusia dutenak, besteak beste.
  • EGABek egokitzat jo du igorri dioten proiektua, eta irizpenean ohar batzuk jarri ditu. Hala, eskatzen du lege-testuan jaso dadila gaixotasunak kutsatzeko arriskua izan dezaketen gorpuzkinen tratamendua, eta hondakin sanitarioei buruzko legerian ezarritako moduan kudea daitezela tanatopraxian sortzen diren hondakinak.

Bilbo, 2018ko apirilaren 4a.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jo du “Urriaren 19ko 202/2004 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Hilotzen Sanitate-alderdiei buruzko Erregelamendua onartzen duena, aldatzeko Proiektua” izapidetzea, betiere kontuan hartzen badira aholku-organo horrek egin dituen oharrak. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aurkeztu du proiektua.

Hain zuzen ere Osasun Sailak egiten dituen kontrol sanitarioak hobetzeko aldaketa sorta bat dakar proiektuak. Esaterako, agente patogenoek eragiten dituzten gaixotasun infekziosoekin eta tanatopraxiako lanak egiteko betekizunekin zerikusia duten aldaketak.

EGABen ustez, gai horrek “garrantzi handia du”, hileta-polizia eta -sanitateak helburutzat baitu osasun kolektiboa babestea hilotzak edo gorpuzkinak garraiatzen, lurperatzen, errausten edo hobitik ateratzen direnean, eta horien inguruko era guztietako praktika sanitarioak arautzen baititu.

  1. balorazio positiboa egin die aldaketei. Besteak beste, medikuak bakarrik esku hartzeko legezko eskakizuna kendu egin da, eta “osasun arloko beste profesional batzuk ere onartuko dira eta tanatopraxian jarduteko gaituta egongo dira; horrela lege-babesa emango zaio dagoeneko egiten ari den lanari”.

Gorpuzkinen bidez gaixotasunak kutsatzeko arriskua

Bere irizpenean, EGABek gogora dakar ez direla gauza bera “hilotza” eta “gorpuzkina”, eta adierazten du, halaber, proposatu den erreformak barruan hartu behar lituzkeela baita gaixotasunak kutsatzeko arriskua ekar dezaketen gorpuzkinen egoera eta tratamendua ere. Horrela, ”fakultatiboak gaixotasunen bat kutsatzeko arriskua sumatzen duenean, berehala horren jakitun jarriko du Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko pertsona titularra, behar diren neurriak har ditzan, bidezkoa iritziz gero”. Beraz, EGABen ustez, gorpuzkinak osasun publikoaren arloan sartu behar lirateke, “baina hori ez da bere osoan jaso lege-erreforman”.

Gomendatu du, azkenik, honako hau gehitzea testuari: tanatopraxiako teknikak erabiltzean sor daitezkeen hondakinak egokiro manipulatu eta kudeatu behar direla, hondakin sanitarioei buruzko legerian ezarritako moduan.

Irizpena 7/18