Berriak > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
asteartea, 26 otsailak 2019
  • EGABk positiboki baloratzen du “Euskadiko ondare naturala kontserbatzeko” legearen aurreproiektua, hainbat gogoetekin. Legearen xedea Euskadiko ondare naturala babestu, kontserbatu, kudeatu, iraunkortasunez erabili, zaharberritu eta hobetzea da.
  • Irizpenaren esanetan, proiektuaren memoria ekonomikoak diru-sarrerei buruzko ebaluazio zehatzik ez du eta simulazio nahiz estimazioekin osatzea eskatzen du. Halaber, naturagune babestuen artean itsas area babestuak sartzea proposatzen du, horiek babestearen izaera eta beharra azaltzeko artikulu berria eranstearekin batera.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen iritziz, “Euskadiko ondare naturala kontserbatzeko” legearen aurreproiektua izapidetzea egokia da, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin. Testua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bidali du. Legearen xedea Euskadiko ondare naturala babestu, kontserbatu, kudeatu, iraunkortasunez erabili, zaharberritu eta hobetzea da.

Ia 25 urte igaro dira Euskadiko natura kontserbatzeko legea (ekainaren 30eko 16/1994 Legea) aldarrikatu zenetik eta une hartan aitzindaria izan zen. Denboraldi honetan legea lau aldiz aldatu da eta azkenekoan aldaketak arau-testu bakarrean bateratu ziren (apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretua) Azkeneko bost urte hauetan, ordea, Europar Batasunak legedi-corpus zabala sustatu du eta Estatuko oinarrizko araudira irauli da. Horregatik, EGABk positiboki baloratzen du ekimen legegile hau, “egungo arazoei erantzun nahi dien neurrian. Horrez gain, ondare naturala kontserbatu eta Euskadiko lehenengo sektorea eta bestelako jarduera ekonomikoak garatzearen artean oreka ezin hobea lortzen saiatzen da”.

Memoria ekonomikoa

Euskadiko kontsulta-organoak gogorarazitakoarekin bat, lege-aurreproiektuaren memoria ekonomikoak, besteak beste, gastuak eta diru-sarrerak zenbatetsi behar ditu. Ildo horri eutsiz, EGABren ustez, aztergai izan duten aurreproiektuaren memoria ekonomikoak bakarrik kostuak zenbatzen ditu, baina diru-sarreren eremuan “bakarrik zerga-kontzeptuak eta neurri fiskal orokorrak aipatzen ditu”, beraz, simulazioak eta estimazioak egin beharko lirateke, beste administrazio batzuetarako (forua, tokiko erakundeak…) aipatzen diren gastuak zenbatzearekin batera. Aurrekoaren harira, nekazaritzan edo abeltzaintzan diharduten pertsonengan (fisikoak eta juridikoak) eta ekonomia- nahiz aisialdi-jardueren onura sozioekonomikoen gainean (turismoa barne) eragina ekonomiaren ikuspegitik ebaluatzean, zehaztasun handiagoa eskatzen du, ondare naturala baita horien guztien euskarri.

Amaitzeko, irizpenak itsas area babestuak naturagune babestuetan sartzea proposatzen du. Horri eutsiz, legean artikulu berria erantsi beharko litzateke horien izaera eta babes berezia zehazteko.