Berriak > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
asteazkena, 22 maiatzak 2019
  • EGABk desgaitasuna duten pertsonak enplegua lortzeari begira Lanbidek eskaintzen dituen laguntzak eta zerbitzuak arautzeko proiektua balioztatu du, “lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituen taldearentzat enpleguaren politika aktiboak berrantolatu eta hobetzen dituen neurrian”.
  • Hala eta guztiz ere, bere iritziz arauak ez du nahikoa babesten desgaitasuna duten pertsonak enplegu arruntera iristeko orduan. Izan ere, “orokorrean, hori gertatu izan ohi da talde horrentzako enplegu-politika aktiboetan”. Ildo horri eutsiz, beste modalitate batzuez gain, betiere ahal denean, maila horretan integrazioa indartzea eskatzen du.
  • Aldi berean, bere ustez, lan-merkatu arruntean barneratzeko dekretuak aurrez ikusten dituen diru-laguntzen zenbatekoa urria da eta enplegu-zentro berezietan lanpostuak mantentzeko laguntzei dagokienez, ordainketa arinago egitea proposatzen du.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen iritziz egokia da “desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunerako programak eta zerbitzuak nahiz Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzeko dekretu-proiektua” izapidetzea, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin. Testua Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak burutu du.

Proiektuak desgaitasuna duten pertsonak kalitatezko lan-jarduera egonkorrean sartzeko laguntzak eta zerbitzuak arautzen ditu eta, era berean, enplegu-zentro berezien euskal erregistroa sortzen du. EGABren balioztapena positiboa da, “lan-merkatura iristeko zailtasun bereziak dituen taldearentzat enplegu-politika aktiboak berrantolatu eta hobetzen dituen neurrian”. Dena den, hainbat gogoeta gauzatu du hausnartu eta araua ikuskatzeko.

Enplegu arrunta lortzeko laguntza ez da nahikoa

Besteak beste, Batzordeak azpimarratutakoaren arabera, arauan “desgaitasuna duten pertsonek enplegu arrunta lortzeko laguntza ez da nahikoa. Orokorrean, hala gertatu ohi da talde horretara bideratutako enplegu-politika aktiboetan”. EGABren irizpenak azaldutakoari jarraiki, azkeneko urteetan enplegu-programak ia esklusiboki enplegu babestua eta enplegu-zentro berezien jarduera laguntzearen alde azaldu dira, lan-merkatu arruntean sartzearen kalterako. Aurrekoari eutsiz, nahiz eta Eusko Legebiltzarrak 2017ko martxoan aho batez onartutako erabakian Jaurlaritzari desgaitasuna duten pertsonek enplegu arruntera iristeko neurriak hartzea eskatu zion, aztergai dugun proiektu-dekretuak, “horiek kontuan hartzetik urrun, bakarrik enplegu babestua bultzatzeko eta jarduera iraunkor izateko neurriak finkatu eta indartzen ditu”.

Atal honetan, EGABren iritziz, enplegu arruntaren modalitatean desgaitasuna duten pertsonen lan-integrazioa sendotu beharko litzateke, betiere bidezkoa denean eta, noski, beste modalitate batzuk (enplegu babestua edo enplegua laguntzarekin) baztertu gabe. Nolanahi ere, azkenekoak formula egokiagoak izan daitezke profil jakinetarako (desgaitasun intelektuala edo garapen-desgaitasuna duten pertsonak ala gaixotasun mentala ageri dutenak).

Ordainketak eta ebazpen-epeak arintzea

Batzordearen esanetan, lanaldi osoan kontratu mugagaberako eta lan-merkatu arruntean sartzeari begira lanpostuan moldapen-neurriak ezartzeko diru-laguntzak “egiazko pizgarri modura jarduteko ez dira proportziokoak”. Gainera, enplegu-zentro berezietan lanpostuak mantentzeko laguntzak azkarrago izapidetzea proposatzen du eta ez dago ados dekretuak prozedura guztietan ebazpen-epea (sei hilabete) bateratzearekin, horien zailtasun handiagoa edo txikiagoa kontuan hartu gabe. Aurrekoaren harira, gogorarazi du “prozesuen azkartasuna eta arintasuna berez baliozkoa dela eta ez dela baztertu behar arrazoien bidez ez bada”.

Amaitzeko, EGABren ustez, Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa bigarren mailako gaia, hain zuzen, administratiboa, da eta beste arau batek arautu beharko luke.