Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
osteguna, 01 urriak 2015

  • Arau berriak indarrik gabe uzten ditu, zaharkituta daudelakoan, enplegu politika aktiboekin zerikusia duten dekretu batzuk, eskumenak transferitu aurrekoak eta aurrekontu-hornidurarik gabeak.  
  • EGABek “harrigarritzat” jo du dekretu hori, eduki indargabetzailea baino ez duelako. Organo aholku-emaileak ezbaian jarri du erabilitako legegintzako teknika eta eskatu du ez daitezela indarrik gabe utzi errelebo kontratuari buruzko arauak, “ordezko araurik onartzen ez den bitartean”. 

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jo du “Enplegu politika aktiboen arloko zenbait xedapen orokor indargabetzen dituen Dekretu Proiektua” izapidetzea, baina “hura sortzeko erabilitako legegintzako teknika eztabaidagarria” dela azpimarratu du, eta eskatu du haren edukitik kendu dadila errelebo kontratuari buruzko arauen indargabetzea, “ordezko araurik onartzen ez den bitartean”. 

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak aurkeztu du irizpenpeko proiektu hori. Arau berriaren xedea da indarrik gabe uztea enplegu politika aktiboekin zerikusia duten zenbait dekretu, Jaurlaritzaren ustez zaharkituta daudenak -eskumenak EAEri eman aurreko garaietakoak dira-, eta Lanbide sortu zenetik aurrekontu-hornidurarik ez dutenak. 

Dekretu indargabetzaile hutsa 

EGABek dio zentzuzkoa dela eginkizunak eskualdatu aurretik sortutako zenbait arauk indarrean iraun behar ote duten planteatzea (eskualdaketa 2011ko urtarrilean egin zen), baina organo aholku-emaileak “harrigarritzat” jotzen du dekretu hori, “arauak indargabetzea beste helbururik ez du eta”. 

Batzordeak gogora ekarri du Lanbide gaur egun xedapen berrien sorrera sustatzen ari dela enplegu politika aktiboen arloan. Beraz, “galdetu liteke zenbateraino den egokia dekretu-proiektu hau”. Batzordeari logikoagoa iruditzen zaio arau zaharkituen ordezko arau berrien eskutik etortzea indargabetze hori. “Horrela ez litzateke ordezko araurik gabeko indargabetzeak eragiten duen hutsuneagatiko kezkarik sortuko”. 

Errelebo kontratuari eutsi

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea, bere irizpenean, “Enplegurako laguntzak arautzen dituen Dekretua” (abenduaren 23ko 329/2003 Dekretua) indargabetzearen aurka agertzen da, eta eskatzen du salbuespena egin dadila testu horrekin eta indarrean iraun dezala “harik eta arau berria sortu edo egungoa aldatu arte, errelebo kontratuari dagokionez”. 

Batzordeak indarrean mantendu nahi duen dekretu horrek enplegua sustatzeko zenbait neurri biltzen ditu, besteak beste errelebo kontratua. Gai hori “Gizarte Elkarrizketarako Mahaian jorratzen ari da, eta berari buruzko araudia, indargabetu beharrean, berrikusi egin beharko litzateke”. EGABen ustez, nahiz eta azken urteotan “aurrekontu-hornidura faltagatik” ezer egin ez den, araudi horrek “indar betean jarraitzen du, egungo garaietara egokitu gabe badago ere”. 


16/15 Irizpena Enplegu politika aktiboen esparruan izaera orokorreko xedapen batzuk indargabetzen dituen  Dekretu Proiektuari buruzkoa.