Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
astelehena, 19 irailak 2016

Irailaren 19an Euskadiko EGABren Gai Europarretarako Batzordeak Federico Cardona, Estrategia Atlantikoari buruzko Ekintza Planerako Euskarri Mekanismoaren edo Laguntza Taldearen ordezkaria Espainian, hartu zuen.

Ekintza Plana Europar Batzordeak 2016ko maiatzean onartu zuen eta Eskualde Atlantikoan hazkuntza urdina bultzatzeko ikerketari eta inbertsioari dagozkion lehentasunak definitzen ditu. Helburua, bide batez, 2014-2020 denboraldian ekosistema atlantikoen ingurumen egonkortasuna eta ekologia babestea da.

Hiru jarduera zutabetan (behar bezala bideratutako inbertsioak egitea, ikerketa-gaitasuna sendotzea eta gaikuntzak nahiz prestakuntzak hobetzea) oinarrituta, esku hartzeko orduan lau lehentasun aipatzen ditu:

1.- Enpresa-espiritua eta berrikuntza sustatzea, irakaskuntza-erakundeen, enpresen eta ikerketa-zentroen artean ezagutza bateratzeko, itsas ekonomian lehiakortasuna eta berrikuntza-gaitasunak sendotzeko eta jarduera ekonomikoak egokitu nahiz anizteko.

2.- Atlantikoko itsasoko eta kostaldeko potentzialtasuna babestu, bermatu eta garatzea, itsas segurtasuna eta babesa hobetzeko, itsas urak eta kostaldeak arakatu eta babesteko eta energia berriztagarrien iturri bezala itsasoko nahiz kostaldeko baliabideak iraunkortasunez kudeatzeko.

3.- Irisgarritasuna eta konektibitatea hobetzea, portuen arteko kooperazioa sustatuz.

4.- Eskualdea garatzeko eredu iraunkorra eta gizartearen ikuspegitik integratzailea sortzea, eskualdean gizarte erronken ezagutza hobea sustatzeko eta Atlantikoko kultur ondarea babesteko.

Estrategia Atlantikoa inplementatzeko orduan funtsezko alderdia finantzazio funts berezia ez izatea da, beraz, finantzazioa erkidegoko tresna sorta zabalera bideratu behar da, egiturazko eta inbertsioko funtsetatik hasi eta europar politika ezberdinei lotuta, Europar Batasunak zuzenean kudeatzen dituen funtsetara arte.

Testuinguru honetan, Laguntza Mekanismoa proiektuaren sustatzaileei laguntzeko tresna modura sortu zen. Helburua Estrategiari eta Ekintza Planari buruzko informazioa zabaltzea zen, proiektuaren sustatzaileei europar finantzazioaren esparruan finantzazio aukerak eta adiskide egokiak bilatzeko orduan orientatzeaz gain.

Euskadik itsas tradizio garrantzitsua du eta usadioz arrantzaren, itsas garraioaren edo ontzigintzaren sektoreak abiapuntutzat hartuta, itsasoa aberastasun iturri izan da. Nahiz eta azkeneko urteetan sektore batzuek gainbehera jasan, hazkuntza-aukerak daude oinarri berrituak iturburu modura hartuta. Izan ere, horiek lehiakortasuna areagotu, ingurumen aztarna murriztu eta osagai teknologiko berriztatzaileak erantsi behar dituzte, hazkuntzari eta enpleguari ekarpena egiteko. Itsas ekonomiako sektore hasiberriei dagokienez, Euskadik baliabide garrantzitsuak ditu itsasoko eta kostaldeko turismoa nahiz itsas bidaien ingurukoa sustatzeko. Halaber, itsas bioteknologia garatzeko gaitasunak ditu, baita itsas energiak lantzeko, industriaren eta teknologiaren ikuspegitik abiapuntuko kokapen aparta ere. Era berean, sektoreko eragileen artean dinamismoa dago eta Planaren lehentasunezko eremuetan proiektuak bultzatzeko prest daude.

Horregatik, Euskadiko EGABren ustez garrantzitsua da gure ekonomia urdinak hazteko duen ahalmena aprobetxatzean aurrera egitea. Ildo horri eutsiz, Ekintza Planaz gain, EBren borondate politikoari lotuta jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko aukera aprobetxatu behar dira, "hazkuntza urdinaren” eta sustatzen duten neurrien aldekoa baita.

Laguntza Mekanismoko ordezkariaren agerraldia Euskadiko EGABk fatxada atlantikoko bere parekoekin garatzen dituen lanen barruan kokatzen da. Nolanahi ere, batetik, Estrategia Atlantikoaren Ekintza Plana inplementatzea eta, bestetik, inplementazio-prozesua aztertzeko informazioa biltzea eta 2017. urtearen amaieran Ekintza Plana berraztertzean hobekuntza-proposamenak formulatzea dute helburu.

Cardona jaunaren agerraldiak Laguntza Mekanismoari dagokionez, antolaketaren, funtzionamenduaren eta orain arte lortutako emaitzen ikuspegi osoa eskaini zuen. Hori lizitazioaren bitartez Europar Batzordeko Itsas Gai eta Arrantzako Zuzendaritza Nagusiak kontratatu beharreko zerbitzu modura egituratzen da eta egungo taldea 2014. urteaz gero esleipendun bikoitza izan da. Zerbitzuak unitate zentrala du Bruselan eta 5 unitate bost estatu kideetan. Unitate zentrala Kantor-Qwentes aholkularitza-konpainiak osatzen du eta unitate guztiak orokorrean koordinatzez arduratzen da. Modu berean, web elkarreragile ahaltsua kudeatzen du, informazioaren trukaketa sustatzeko, adiskidetasunak eratzeko eta proiektu ezberdinetarako finantzazio-aukerak identifikatzeko. Gainera, europar erakundeekin solaskidea da eta Europako eremuko erakundeekin harremana mantentzen du, jarduerarekin zerikusia badute. Taldeak urtero Atlantikoko Stakehorldersen Plataformaren Konferentzia antolatzen du eta 2016. urteko edizioa Dublinen irailaren 27an egin du gutxi gorabehera 400 partaiderekin.

5 unitate nazionalei dagokienez, horiek dute zuzeneko harremana proiektuaren sustatzaileak izan daitezkeenekin. Basque Centre for Climate Change izenekoak Atlantikoko 6 Autonomia Erkidegoez (Euskadi, Kantabria, Asturias, Galizia, Andaluzia eta Kanariak) arduratzen den unitateari laguntza eskaintzen dio; bien bitartean, Atlantikoko beste estatuetan funtzio hori honakoek betetzen dute: Technopole Brest-Iroisek Frantzian, Marine Institutek Irlandan, Smart Strategies aholkularitza-enpresak Portugalen eta Portsmoutheko Unibertsitateko CEMARE ikerketa-unitateak Erresuma Batuan.

Laguntza Mekanismoaren informazio-jarduerei dagokienez, Espainian 3 informazio-ekitaldi antolatu dira: Santanderren, 2015eko martxoaren 25ean; Cadizen, 2015eko azaroaren 26an eta Vigon, 2016ko ekainaren 9an. Guztira 350 pertsonak parte hartu du. Hurrengo ekitaldia 2017. urtean egingo da eta Bilbon burutzea aurrez ikusia dago. Espainian Laguntza Mekanismoaren ordezkaria itsas jarduerekin zerikusia izan duten 31 ekitalditan egon da. Horietatik 7 Euskadin egin ziren Ekintza Planaren berri emateko. Halaber, agintari desberdinekin bildu da, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarekin, SPRIrekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta bestelako erakundeekin, hala nola Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganbera, AZTI-Tecnalia eta EHU.

Cardona jaunak azpimarratutakoaren arabera, aholkularitza-konpainiekin harreman ugari ditu. Europar proiektuetara iristeko ezagutza eta gaitasunik ez duten ETEen ordezkaritzapean dihardu.

Informazio-ekintza hauez gain, Laguntza Mekanismoaren unitate nazionalek proiektuaren ideiak biltzen dituzte eta, horretarako, Atlantikoko itsas ekonomiaren eragileekin harremana dute, bazkide potentzialak erlazionatzeko erraztasunak ematen dituzte eta proposatzen den proiektu motaren arabera, finantzazio lerroei buruzko orientabidea eskaintzen dute.

Xede horiez, Laguntza Mekanismoak web orrian datu-basea du proiektuaren 834 bazkide potentzialekin. Horietatik % 44 Frantziakoak dira, % 25 Espainiakoak, % 14 Portugalgoak, % 11 Erresuma Batukoak eta % 6 Irlandakoak. Autonomia Erkidegoei erreparatuz, ugarienak (% 28)Galiziatik datoz eta % 11 Euskaditik.

Eragile mota kontuan hartuta, % 25 sektore pribatutik iristen da eta % 23 sektore ordezkariak dira, besteak beste, klusterrak eta sektore elkarteak. Sektore publikoaren ordezkariak guztiaren bostena dira, unibertsitateak eta ikerketa zentroak bezala.

Proiektuaren ideia kopuruari dagokionez, 118 bildu da, gehienak (% 34) Frantziatik etorrita. Espainiatik, berriz, 34 iritsi dira, hain zuzen ere, % 29. Autonomia Erkidegoen arabera, % 9k jatorria Euskadin du eta gaiei erreparatuz, 11 turismo eta aisialdiko jarduerei buruzkoak dira, betiere itsasoarekin zerikusia izanik; 7k kostaldeko ingurumena lantzen du, 6k prestakuntza eta ekintzailetza, 6k arrantza eta akuikultura eta 2k I+Garekin zerikusia dute.

Adierazi behar da, nagusiki, europar proiektuei aurre egiteko esperientziarik eta baliabiderik ez duten erakundeek jotzen dutela Laguntza Mekanismora. Beren helburua proiektuaren ideia Erkidegoko finantzazio-tresnetarantz bideratzeko laguntza eskatzea da. Era berean, bazkideak bilatu nahi izaten dituzte. Aurrekoaren harira, proiektu-ideien kopuruak, Estrategia Atlantikoan koka daitezkeenak eta, ondorioz, Ekintza Plana onartu denetik abiarazi direnak, Laguntza Mekanismoak hautemandakoa gainditzen du.