Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
astelehena, 07 urriak 2019
  • EGAB erakundearentzat positiboa da aldaketa, eta zenbait proposamen iradoki ditu. Horien artean, beste artikulu bat sartzea, zenbait kontzeptu argi defini ditzan, besteak beste bidalitako testuan bereizi gabe erabilitako sexu eta genero kontzeptuak, edo ordainketa-berdintasuna, ahalduntzea, intersekzionalitatea eta bestelako kontzeptuak. Horrez gain, hizkuntzaren erabilera trinkoa eta estiloa sakonean berrikustea ere proposatzen du, "hizkuntza, terminologia tekniko juridikoari egokituz".
  • Irizpenak LHren eginkizuna berdintasuneko prestakuntza espezializatuan barne hartu behar dela azpimarratzen du (aurreproiektuak unibertsitateak emandakoa bakarrik jasotzen du), eta beharrezkotzat jotzen du legeak "berariazko balioa ematea eskola-orientazioari, genero-ikuspegitik, hezkuntza fase guztietan".

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearentzat egokia da emakumeen eta gizonen berdintasunerako Legearen bigarren aldaketa izapidetzea, aholku-organoak bere irizpenean egiten dituen gogoetekin. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak lege-aurreproiektua bidali dio aholku-batzordeari.

Aldaketaren helburua da berdintasunezko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea lortzea, eguneratzen duen legeak ezarritako helburuekin bat (4/2005 Legea, otsailaren 18koa). Lege horri esker, esparru juridiko sendoa garatu zen, eta berdintasun politikei indar lotesle handiagoa emateaz gain, baliabide gehiago eta eragin politiko handiagoa ere eman zizkien. Hori horrela, EGABentzat positiboa da lege-zirriborroa, izan ere, honela dio: "emakumeek eta gizonek esparru publiko nahiz pribatuetan berdintasunezko partaidetza duten gizartea eraikitzea da bere helburua, eta lanaren balioan ez du eraginik emakumea edo gizona izateak. bestalde, pertsona eta talde guztien gaitasunak hobeto erabiltzen dira". Hala ere, aztertutako aurreproiektuan ebatzi gabeko edo hobetzeko tartea duten zenbait gai ere aipatzen ditu.

Generoa eta sexua

Aurretiko gai gisa, bidalitako testuan generoa eta sexua bereizi gabe erabiltzen direla kontura da EGAB. Hala ere, ikuspegi akademikotik eta erakunde ikuspegitik argi bereizten dira. Hori dela eta, Batzordeak aurreproiektuan beste artikulu bat gehitzea proposatu du, zenbait kontzeptu argi defini daitezen, hala nola sexua, generoa, ordainketa berdintasuna, ahalduntzea, intersekzionalitatea, abordatze integrala... Halaber, hizkuntzaren erabilera trinkoa eta estiloa sakonean berrikustea ere iradokitzen du, "hizkuntza, terminologia tekniko juridikoari egokituz". Horrela, saihestu egingo da idazketak, zenbait kapitulutan, "'kutsu juridikoa' galtzea, eta doktrinalagoa bihurtzea".

Zeharkakotasuna

EGABentzat ere berdintasuna zeharkako kontzeptua da, eta gizartearen esparru guztietan eta erakunde publikoek kudeatu behar dituzten gai guztietan eragiten du. Legezko testuaren zirriborroan egindako esfortzua ere aintzat hartzen du, zeharkakotasun hori jasotzen baitu, baina, alde batetik, ohartarazten du zeharkako berdintasun politika gehiegi erabiltzen duela, izan ere, "ezin da beste erregulazio batean sartu, "esaterako, foru aldundien eta udalen berezko antolaketan bezala", edo funtsezko eskubideen aurka egin, "esaterako, adierazpen-askatasunaren kasua, Espainiako Konstituzioaren 20. artikulua". Bestetik, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak ez duela inolako eraginik ere ohartarazten du.

Lanbide heziketa eta eskola orientazioa

Irizpenak azpimarratzen du LHren eginkizuna berdintasunaren inguruko prestakuntza espezializatuan barne hartu behar dela, Emakundek egindako testuak unibertsitateak emandakoa bakarrik jasotzen duelako. Arlo horren inguruan, EGABek dio berdintasunezko gizarte errespetutsu bat eraikitzeko ezinbestekoak direla heziketa eta trebakuntza (unibertsitatekoa eta unibertsitatez kanpokoa). Halaber, EGABek "beharrezkotzat hartzen du legeak berariazko balioa ematea eskola-orientazioari, genero-ikuspegitik, eta hori guztia, hezkuntza-fase guztietan, azkenengoan bereziki".

Azkenik, irizpenak dio emakume desgaituen edo indarkeria jasan duten eta gizartetik baztertuta dauden emakumeen egoera berezia "modu orokorrean eta leuntasunez" jorratu dela, haien ahultasun-faktoreak zehaztu gabe. Bestalde, euskal erakundeek emakume eta gizonen berdintasunarekin hartutako konpromisoaren finantzazioari dagokionez, Batzordearentzat koherentea da atal batean zehaztea, dagokion txosten ekonomikoaren bidez.