Argitalpenak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

Irizpena 1/17

Irizpena 1/17

Irizpena 1/17 Krisian dauden enpresak berregituratu eta bultzatzera bideratutako laguntzen inguruko Bideratu Berria programa arautzeko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren Agindu Proiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- AURREKARIAK

2017ko apirilaren 10ean Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren idazkia sartu zen eta txostena eskatzen zuen krisian dauden enpresak berregituratu eta bultzatzera bideratutako laguntzen inguruko Bideratu Berria programa arautzeko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren Agindu Proiektuari buruz, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzkoak, 3.1.c) artikuluan xedatutakoarekin bat.

Agindu Proiektuak krisian dauden enpresak berregituratu eta bultzatzeko finantza laguntzen ibilbideari berriz eusten dio, Industria Sailak 2000. urtearen inguruan hasi ostean. Nolanahi ere, Europar Batzordeak krisian zeuden enpresei laguntzeko araubideari buruzko 158/2014 Dekretuan xedatutako Estatuko laguntzen baimena 2015eko abenduaren 31n bukatu ondoren, eten egin ziren. Gero, araubidea krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko Estatuko laguntzen Erkidegoko gidalerroei (2004/C 244/02 EBAO) moldatu zaie eta Europar Batzordearen nahitaezko baimena lortu da.

Apirilaren 10ean Agindu Proiektua Batzordeko Osoko Bilkurako kide guztiei jakinarazi zitzaien, beren proposamenak egin eta iritziak emateko. Horiek guztiak Lan Batzordeari, hau da, Ekonomiaren Garapen Batzordeari, iritsarazi zitzaizkion, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduari buruzko Araudiak xedatutakoaren arabera. Ekonomiaren Garapen Batzordea 2017ko apirilaren 27an bildu zen lan saioan, irizpen aurreproiektuaren proposamena eztabaidatzeko eta irizpen proiektua egitea erabaki zuen. Hori Euskadiko EGABren Osoko Bilkurak 2017ko maiatzaren 3ko saioan aztertu ostean, aho batez onartu da.

II.- EDUKIA

Kontsultatu den Agindu Proiektuaren testuak sarrera, hemezortzi artikulu eta bi azken xedapen ditu.

Sarrera

Sarrerak Euskadiko industria sarearen bilakaera aipatzen du. Nahiz eta 2000. urtearen inguruan egitura aldaketa garrantzitsuak izan eta lehiakortasuna hobetu, 2008. urteaz gero krisi sakona jasan du. Horren ondorioz, merkatua eta fakturazioaren marjinak nahiz bolumenak modu esangarrian murriztu dira. Ildo horri eutsiz, gaur egun enpresa batzuk zati batean moldatu dira edo finantza desoreka larriak dituzte eta epe ertainean nahiz luzean bideragarritasun aukerak baldintzatuak dituzte. Agindu honekin Eusko Jaurlaritzak jarduera sektoreak eta enpresak finkatzen lagundu nahi du, lehiakorrak suertatzeko aukerak izanik, aurreko denboraldiko zailtasunak arrastatzen badituzte eta finkatze nahiz garapen proiektuetarako finantzaketa arazoak badituzte. Aginduan xedatutako araubidea krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatu eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko Europar Batzordearen gidalerroekin (2014/C 249/01 EBAO) bat dator. Horrez gain, Europar Batzordeak barneko merkatuarekin bateragarri bezala baimendu du, EBFTak 107.3.c) artikuluan xedatutakoaren babesean.

Halaber, 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, erantsia duen izapidetze elektronikoaren arauak betetzen ditu.

Xedapen zatia

1. artikuluak Aginduaren xedea ezartzen du, hau da, krisian dauden enpresak berregituratu eta bultzatzera bideratutako laguntzen programa, Bideratu Berria izeneko programa, arautzea.

2. artikuluak programarako baliabide ekonomikoen jatorria zehazten du. Era berean, bertan xedatutakoaren arabera, laguntzak eskatu eta ematearen artean berehalakotasuna dagoenez, laguntzak lehiaren teknikaren bitartez ez dira esleituko, ordenaren bidez baizik. Xede horrez, espedientea osatzen denean emango dira, dagokion urteko deialdian zehaztutako laguntzen zenbateko guztia bukatu arte.

3. artikuluak programan diruz lagun daitezkeen ekintzak zehazten ditu, krisian dauden enpresek berregituratze-planak burutu ondoren, barruan dauden industria eta finantzak berregituratu eta bultzatzeko neurriekin batera. Horiek guztiak epe ertain eta luzean bideragarritasuna berreskuratzera bideratuak izango dira. Aldi berean, laguntzetan hautagarriak gertatzeko berregituratze-planek izan behar dituzten baldintzak finkatzen ditu.

4. artikuluak ETE onuradunek izan behar dituzten ordainak zehazten ditu, merkataritza baldintzen eta horien tipologiaren gainean laguntzen ondorio negatiboak gehienera murrizten direla zaintzeko.

5. artikuluan aginduan zehazten diren laguntzen onuradunak izateko enpresek bildu behar dituzten baldintzak arautzen dira. Ildo horri jarraiki, honakoak argitzen ditu: zer da ETEa? Noiz dago krisi-egoeran? Gainera, aginduan enpresek laguntzak ezin erabili izateko egoeren kasuistika ageri da.

6. artikuluak laguntzen onuradunak izateko enpresa eskaintzaileek bete behar dituzten baldintzak finkatzen ditu.

7. artikuluan berregituratze plana finantzatzeko laguntzei dagokienez, izaera eta emateko prozedura arautzen dira. Emandako laguntzaren zenbatekoa berregituratze neurrietarako kostu guztiaren % 50era irits daiteke, horiek planean sartuak badaude eta gehienez 1.000.000 euro emango dira, betiere onuradunak bere baliabideekin ehuneko berean parte hartzen badu.

8. artikuluak Aginduak xedatutako araubidearen esparruan emandako laguntzen eta bestelako laguntzen arteko bateragarritasuna arautzen du. Modu berean, laguntzen mugak zehazten ditu.

9. artikuluan laguntza bakarraren printzipioa xedatzen da, beraz, 10 urte igaro arte ezingo dira berregituratzeko laguntza berriak eman.

10. artikuluak laguntzak emateko prozeduraren hasiera arautzen du.

11. artikuluan eskaerak aurkezteko prozedura eta beharrezkoa den dokumentazioa arautzen dira, baita izapidetze telematikoaren zehaztapenak ere.

12. artikuluak behar bezala osatuak ez dauden eskaeretan akatsak konpontzeari aurre egiten dio.

13. artikuluan laguntzak emateko ebazpenean jarraitu behar den prozedura zehazten da.

14. artikuluak laguntzen enpresa onuradunen betebeharrak xedatzen ditu.

15. artikuluan laguntza ordaintzeko baldintzak eta egiteko modua ezartzen dira.

16. artikuluak laguntza itzultzeko prozeduraren xehetasunak ematen ditu.

17. artikuluan xedatutakoaren arabera, laguntzaren erakunde onuradunak ebazpenean edo ematean azaldutako baldintzen bat betetzen ez badu ala aginduan eta diru-laguntzei buruzko araudian nahiz aplikagarriak diren beste batzuetan zehaztutako baldintza eta betebeharrei erreparatzen ez badie, jarraitu behar den prozedura ageri da.

18. artikuluak laguntzaren baldintzak aldatzeari buruzko gaia lantzen du.

Lehenengo azken xedapenak agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera indarrean sartzea aurrez ikusten du.

Bigarren azken xedapenak Aginduaren kontra errekurtsorako bideak eta horiek jartzeko epeak adierazten ditu.

III.- GOGOETA OROKORRAK

Aldez aurretiko gaiak

Lehenengoa. Gure iritziz bidezkoa da aztertzen ari garen aginduan jasotako laguntzen araubidea berritzean txosten ekonomikoari dagokionez ekitaldi bakoitzean laguntzen onuradun izan diren enpresen kopuruari eta emaitzen ebaluazioari buruzko datuak azaltzea. Bere ibilbideari jarraiki, jada ia bi hamarkadetara iristen da.

Bigarrena. Aginduaren zioen azalpena eta txosten ekonomikoa kontuan hartuta, egoera ekonomikoa testuinguruan jartzean, 2017ko errealitate ekonomiko eta finantzarioari egokitu behar zaio. Egungo idazkeran bere aurrekoen (2016. eta 2014. urteak) arauek zuten zioen azalpenari dagokion testuingurua errepikatzen da, ikuspegi ekonomi eta finantzarioak aldaketa nabarmenak izan dituenean.

Ekimena balioztatzea

Aztertzen ari garen Aginduaren Proiektuak Bideratu Berria programa eraginkor bihurtzea du helburu eta, horretarako, enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzak eman daitezen araudia zehazten du.

Bideratu Berria programa 2014-2016ko industrializazio planean eta lehenengo helburu estrategikoan, zailtasunak dituzten enpresa proiektuak berregituratu eta bizirik irauteko prozesuak babestera bideratutakoan, oinarritzen da, egun egoera hori izan arren, testuinguru lehiakor orokorrean bideragarriak izan badaitezke. Xede horrez, zailtasunak dituzten enpresa bideragarriak berregituratzen laguntzeko planak jarduera koordinatuak bultzatzea aurrez ikusten du. Hala, inbertsio bateraturako neurriak xedatzen dira eta Bideratu programarekin urte batzuk lehenago hasitako ibilbideari ekiten diote.

Aurrekoaren harira, laguntza horiek jada neurri batean errotuak daude eta 2000. urtera arte joan behar dugu. Orduan, Industria eta Turismo Sailak Bideratu programa egituratu zuen, enpresak finkatzen laguntzera bideratutako finantza tresnak inplementatzeko, produktua eta merkatua zutelako lehiakorrak izanik, kontrako egoeraren ondorioak arrastatzen bazituzten edo lehiakorrak suertatu arren, finantza desorekak bazituzten eta, ondorioz, epe ertainean eta luzean bideragarritasun aukerak baldintzatuak bazituzten. Halaber, Eusko Jaurlaritzak 300/2000 Dekretua, abenduaren 26koa, programaren ondorioz krisian zeuden enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzak ematen zituen araudia xedatzen zuena, onartu zuen eta, ondoren, 158/2014 Dekretua etorri zen, krisi ekonomiko sakonak eskainitako egoerei erantzuteko.

Orain lantzen ari garen agindua zuzenean krisian dauden enpresak laguntzeko ibilbidearekin lerrokatzen da, 2016. urtean etenaldia egin ondoren. Orduan, 158/2014 Dekretua, laguntzak emateko araudia xedatzen zuena, uztailaren 27ko 115/2016 Dekretuaren bitartez indargabetu zen eta Batzordeak horri buruz 7/2016 Irizpena uztailaren 15ean egin zuen.

Aipatu irizpenean egiaztatu ahal izan genuen bezala, indargabetzeko arrazoiek 2015eko abenduaren 31n Europar Batzordeak 158/2014 Dekretuan xedatutako laguntzak emandako baimena amaitzearekin zerikusia zuten. Horrez gain, Europar Batzordeak krisian zeuden enpresa ez-finantzarioak salbatu eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko gidalerroak ordezkatu zituen. Izan ere, aurrekoak 158/2014 Dekretuko laguntzak baimentzeko euskarri izan ziren eta 2014ko uztailean gidalerroen agiri berria gauzatu zen.

Laguntza mota desberdinei buruzko erkidegoko gidalerroek oinarrizko zeregina dute, laguntza, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunak eta horren ondoriozko legeriak debekatua, barneko merkatuarekin bateragarria izan al daitezkeen eta, beraz, baimen al dezaketen zehazteko orduan, Europar Batzordeak aplikatzen dituen analisi irizpideak idatziak utzi eta jakinarazten baitira. Ildo horri jarraiki, arloari beharrezkoak diren gardentasun, aurreikuspen eta lege segurtasunaren elementuez hornitzen zaio.

Krisian zeuden enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntza araubidearen bateragarritasuna eusten zuten Erkidegoaren lege oinarriak iraungiak gelditu zirenez, lehiari buruzko europar zuzenbidearekin, Batzorde honen iritziz 7/2016 Irizpenean 158/2014 Dekretua indargabetzea saihestezina eta beharrezkoa zela xedatu zuen, baina mahaiaren gainean indargabetzearen ondorioz sortu ziren hainbat gogoeta jarri zituen.

Gogoetak honakoen inguruan sortutako zalantzei buruzkoak ziren: batetik, Bideratu Berria programaren etorkizuna eta, bestetik, krisiaren egoeran zeuden enpresei eskaini beharreko laguntza, berregituratu eta bultzatzeko neurriak gauza zitzaten finantza laguntza behar izanez gero. Modu berean, programaren helburuak modu praktikoan inplementatzeko araudi hutsunea aipatzen zen. Bestalde, araudi tresna berriarekin nola eta noiz estaliko zen eta zer izaera izango zuen ezagutu nahi ziren.

2016ko irailaren 8an, Batzorde honi arauari buruzko txostena egitea eskatu gabe, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuaren agindua indarrean sartu zen eta 2016. urterako laguntza itzulgarriak arautu eta horietarako deialdia egiten zen. Helburua krisian zeuden enpresak berregituratu eta bultzatzea zen. Dena den, 2016. urtean eskuragarritasuna ahalbidetzeko, laguntza horiek mínimis izeneko araudiari lotu zitzaizkion eta ez jakinarazpen/baimen prozesuari, krisian zeuden enpresak salbatu eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko Erkidegoaren gidalerroak kontuan hartuta. Beraz, irismena eta zenbatekoa ezin zitzaien pareka 158/2014 Dekretuaren babesean egindako deialdietakoei.

Horregatik, Batzorde honek atsegin handiz hartzen du Bideratu Berria programa arautzeko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren agindu proiektu hau. Horren arabera, krisian dauden enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzak xedatzen dira. Nolanahi ere, urte askorako oinarri egonkorpean krisian dauden enpresei laguntzeko dinamika jarraitzen da. Aurrekoari eutsiz, Eusko Jaurlaritzak 15 urtetan zehar aldeko apustua egin du. Jada 2016ko uztaileko irizpidean aipatutakoarekin bat, nahiz eta suspertze ekonomikoaren testuinguruan egon, laguntza finantzarioa behar duten enpresak bultzatu behar dira, aurrera egiten dutela bermatzeko eta mantentzen duten enplegua oso-osorik indarrean kontserbatzeko.

Batzorde honen ustez programa eta laguntzak mantentzea garrantzitsua da, enpresa jarduera eta enplegua sustatzen laguntzeko tresna delakoan. Programak lagundu ostean, berregituratze planen berehalako ondorioa enplegua galtzea izan daiteke, bideragarritasuna berriz lortzeko, berregituratze planek, orokorrean, arazoa ematen duten jarduerak murriztea edo uztea aurrez ikusten baitute edo arrazionalizatzeko eta eraginkor izateko gauzatu behar baitira. Beraz, sarritan, enplegu kopurua gutxitzen da, hortaz, interes berezikoa da lan akordioari buruzko aipamena, Aginduak 11.6.j) artikuluan jasotzen duena.

Onuradunei buruzko gogoetak

Programak dituen laguntzen onuradunei dagokienez, aginduaren artikuluek argi eta garbi uzten dute ETEen ezaugarriak betetzen dituzten enpresetara mugatzen direla. Bestalde, horien definizioa Europar Batzordearen 2003/361/CE Gomendioan, 2003ko maiatzaren 6koan, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoan, (2003ko maiatzaren 20ko L 124 EBAO) dago.

Gomendio horren arabera, ETEak 250 langile baino gutxiago dituzten enpresak dira; horrez gain, urteko negozioen bolumenak ezin dezake 50 milioi eurotik gorakoa izan edo balantzeak 43 milioi euro baino gehiagokoa.

Abiapuntutzat hori harturik, aginduaren tituluak berak eta laguntzek enpresa mota berariaz aipatzea beharrezkotzat jotzen dugu, egungo formulazioari jarraiki, krisian dauden enpresa guztiak ez baitira sartzen. Euskadin oso errotuak egonik, enpresen tipologia bereziari bideratuak daude.

Ildo beretik, 4.1. artikuluak ETEak izendatzen ditu, baina berehala erantsi behar zaio gero “5. artikuluan definitutakoaren arabera” zehaztapena.

Bestetik, Erkidegoko gidalerroak kontuan hartuta, laguntzen onuradunak ETEaren definizioa betetzen duten enpresa guztiak izan daitezkeen bitartean, Aginduak laguntzak lortzeko orduan mugak jartzen ditu eta bakarrik baldintza osagarri zehatzak betetzen dituzten ETEek eskura ditzakete. 6. artikuluak hitzez hitz hala dio: aurrez ikusitako laguntzak lortzeko, eskatzaileek, modu berean, “hiru egoeratatik gutxienez bi bete beharko dituzte laguntza eskatzen den datarekiko aurreko bi ekitaldietan: ekitaldi bakoitzean batez besteko langileen kopurua 40tik gorakoa izatea, aktiboari dagozkion partiden guztizkoa 1,5 milioi eurotik gorakoa izatea eta urteko negozio zifraren zenbateko garbiak 3 milioi euro gainditzea”. Euskadi bezalako enpresa sarearen testuinguruan enpresa gehienak mikroenpresak dira eta, beraz, enpresa gehienak baztertzen dira eta, ondorioz, laguntzak kopuru txikira mugatzen dira. Izan ere, bakarrik ETE handienak izango ditugu.

Harrigarria da arauan halako muga garrantzitsua aurkitzea, arrazoiak eman ez direnean. Ezinbestekotzat jotzen dugu hain baldintzak zorrotzak finkatzen direnean, Bideratu Berria programaren laguntzen onuradun izateko enpresa multzoaren gainean hain ondorio esangarriekin, zioen azalpenean dagokion adierazpenaren bitartez behar bezala eta egokiro justifikatua egotea.

IV.- GOGOETA BEREZIAK

Hirugarren azken xedapena gehitzeko proposamena

Hirugarren azken xedapena eranstea proposatzen dugu, aginduak araubidez garatzeko ahalmena izan dezan. Horrez gain, berariaz aipatuko da zeregin horretan jardungo duen organo berezia.

V.- ONDORIOAK

Euskadiko EGABk egokitzat jotzen du Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren Agindu Proiektua, krisian dauden enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzetarako Bideratu Berria programa arautzen duena, izapidetzea, Irizpenean egiten diren gogoetekin.

Bilbon, 2017ko maiatzaren 3an

A

A

O.E. Presidentea Idazkari Nagusia
Francisco José Huidobro Emilia Málaga Pérez