Argitalpenak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

Irizpena 2/18

Irizpena 2/18

2/18 Irizpena, Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoentzako egoitzen farmazia-zerbitzuei eta sendagai-biltegiei buruzko Dekretu Proiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- AURREKARIAK

2018ko urtarrilaren 25ean, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Osasun Sailaren idatzia sartu zen; horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoentzako egoitzen farmazia-zerbitzuei eta sendagai-biltegiei buruzko Dekretu Proiektuari buruzko txostena eskatu zen, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen maiatzaren 17ko 8/2012 Legearen 3.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

 Dekretu-proiektu hori Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Enplegu Sailek egin dute, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.12. artikuluak EAEri gizarte-laguntzako gaietan ematen dion eskumen esklusiboa betez, eta estatutuaren 10.15. artikuluak farmazia-antolamenduko arloan ematen dion eskumen esklusiboa dela bide. Hain zuzen ere, dekretu-proiektu horren bitartez, arauzko moduan garatu egin dute Euskal Autonomi Elkarteko Ordenazio Farmazeutikorako 11/1994 Legearen 27.4. artikulua, adinekoentzako egoitzek farmazia-zerbitzuak eta sendagai-biltegiak eskaintzeko betebeharraren baldintzak zehaztuta.  Horrez gain, 16/2012 Errege Lege Dekretua ere garatu egin du, Osasun-sistema nazionalari eusteko eta haren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko urgentziazko neurriei buruzkoa; zehazki, gizarte-laguntzako zentroetan berezko farmazia-zerbitzuak eta sendagai-biltegiak ezartzeko atalari dagokionez.

Urtarrilaren 25ean, Batzordearen Osoko Bilkurako kide guztiei dekretu-proiektuaren berri eman zitzaien, proposamenak egin eta haien iritzia ager zezaten. Ondoren, jasotako erantzunak lan-batzorde egokiari helarazi zitzaizkion, alegia, Ekonomia Garapenerako Batzordeari, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamendu Araudiak ezarritakoarekin bat. Ekonomia Garapenerako Batzordeak lan-bilera egin zuen 2018ko otsailaren 8an irizpen-aurreproiekturako proposamen bat eztabaidatzeko, eta erabaki zuen irizpen-proiektua egitea. EGABn Osoko Bilkurari helarazi zitzaion 2018ko otsailaren 16an eta, bertan, aho batez onetsi zen.

II.- EDUKIA

 Kontsulta egiteko aurkeztu den dekretu-proiektuak hitzaurrea, hogeita hamar artikulu, xedapen iragankor bat, xedapen gehigarri bat eta azken bi xedapen dauzka.

Hitzaurrea

Lehenik eta behin, arau berria txertatzen den testuinguruaz hitz egiten du, hau da, bizi-itxaropena handitzearen eta gaixotasun kronikoak dituzten eta, sarri, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen patroi berriaren ondorioz sortu zaigun gizarte- eta osasun–paradigma berriaz. Proiektu-dekretuak farmazia-zerbitzuen eta sendagai-biltegien bidez adinekoentzako egoitzetan ezarri nahi duen farmazia-jarduketa aipatutako egoera horri aurre egiteko neurri modura proposatzen da.

Ondoren, arau-esparrua deskribatzen du, Euskal Autonomi Elkarteko Ordenazio Farmazeutikorako 11/1994 Legea, funtsean. Izan ere, lege horren arabera, zentro soziosanitarioak behartuta daude farmazia-zerbitzuak eta sendagai-biltegiak eskaintzera arauz ezartzen diren balditzetan, eta baldintza horiexek zehazten ditu, hain zuzen ere, dekretu-proiektuak. Horrez gain, dekretu-proiektuaren arau-esparrua osatzen du 16/2012 Errege Lege Dekretuak, Osasun-sistema nazionalari eusteko eta haren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko urgentziazko neurriei buruzkoak.

Dekretuak prestazio farmazeutikoa kudeatzeko eredu baten alde apustu egin du, zeinak farmazia komunitarioa eta farmazia-bulegoa osasun-sistemako eragile gisa integratzea – lehen mailako arretarekin, arreta espezializatuarekin eta gizarte zerbitzuekin koordinaturik– balioan jartzen duen, osasuna koordinatzeko estrategiaren ildotik.

Hitzaurrearen amaieran, dekretu-proiektuaren eduki nagusia deskribatzen da, eta farmazia-zerbitzua edo sendagai-biltegia derrigorrez ezarri behar diren kasuak zehazten ditu, bai eta instalazioei buruzko araudia, lokalak jartzeko baldintzak eta baimenen araubide juridikoa ere.

 Xedapenak

Dekretu-proiektuaren xedapen zatian honako hauek jaso dira:

1. artikulua.- Xedea

2. artikulua.- Aplikazio-eremua

3. artikulua.- Botika eta osasun-produktuak agintzea, banatzea eta finantzatzea

4. artikulua.- Arreta farmazeutikoa ehun ohe edo gehiago dituzten zentro soziosanitarioetan4. artikulua.- Arreta farmazeutikoa ehun ohe edo gehiago dituzten zentro soziosanitarioetan

5. artikulua.- Arreta farmazeutikoa ehun ohe baino gutxiago dituzten zentro soziosanitarioetan

6. artikulua.- Farmazia-zerbitzuen eta sendagai-biltegien jardunerako arau komunak

7. artikulua.- Zentro soziosanitarioetako farmazia-zerbitzuen jarduna

8. artikulua.- Zentro soziosanitarioetako farmazia-zerbitzuen instalazioa, lokaletako baldintzak, materiala eta tresneria

9. artikulua.- Zentro soziosanitarioetako sendagai-biltegien jarduna

10. artikulua.- Sendagai-biltegiaren eginkizunak

11. artikulua.- Zentro soziosanitarioetako sendagai-biltegien instalazioa, lokaletako baldintzak, materiala eta tresneria

12. artikulua.- Baimen sanitario motak

13. artikulua.- Adinekoentzako egoitzetarako baimenaren nahiz erregistroko inskripzioaren eta egoitzetan farmazia-zerbitzuak edo sendagai-biltegiak ezarri eta martxan jartzeko baimenaren arteko koordinazioa

14. artikulua.- Farmazia-zerbitzuetarako eta sendagai-biltegietarako baimenen xedapen komunak

15. artikulua.- Baimen sanitario guztiak bide elektronikoz izapidetzeko arauak

16. artikulua.- Sorrerako baimena

17. artikulua.- Funtsezko aldaketak egiteko baimena

18. artikulua.- Funtsezko aldaketak egiteko baimen-eskaera

19. artikulua.- Farmazia-zerbitzuen eta sendagai-biltegien jardunerako eskaera egiteko arau komunak

20. artikulua.- Farmazia-zerbitzu baten jardunerako baimen-eskaera

21. artikulua.- Sendagai-biltegi baten jardunerako baimen-eskaera

22. artikulua.- Jardunerako baimena egiaztatzeko eta ebazteko akta

23. artikulua.- Jardunerako baimenaren baliozkotasun-epea eta berriztatzea

24. artikulua.- Funtsezkoak ez diren aldaketen jakinarazpena

25. artikulua.- Farmazia-zerbitzua edo sendagai-biltegia aldi baterako edo behin betikoz ixtea

26. artikulua.- Baimenak amaitzea

27. artikulua.- Baimenak baliogabetzea

28. artikulua.- Farmazia-zerbitzuen eta sendagai-biltegien erregistroa

29. artikulua.- Erregistroaren funtzioak

30. artikulua.- Zehapen-araubidea

Xedapen iragankor bakarra. Farmazia-zerbitzua edo sendagai-biltegia sortzeko eskaera egiteko epea

Xedapen gehigarri bakarra. Dekretuaren aurreikuspenen aplikazioa mendekotasuna duten pertsonentzako egoitzetan eta gaixotasun mentalak dituzten pertsonentzako egoitzetan

Azken xedapenetako lehenengoa. Adintsuentzako etxeetako gizarte-zerbitzuei buruzko 41/1998 Dekretuaren II. eranskineko 8. zehaztapen teknikoari (osasun-eremua) gehitu zaizkionak

Azken xedapenetako bigarrena. Dekretua indarrean sartzea

III. GOGOETA OROKORRAK

Ekimenaren balorazioa

Aztergai dugun dekretu-proiektu honek helburu du adinekoentzako egoitzetako farmazia-zerbitzuak eta sendagai-biltegiak arautzea, beroriek ezarri eta martxan jartzeko betekizunak ezarrita eta baimenen prozedurak araututa.

Dekretu-proiektuaren hitzaurrean aipatu bezala, EAEko gizartearen bizi-itxaropena nabarmen handitu da azken hamarkadotan, eta gaixotasun kronikoak epidemiologia-patroi nagusia dira. Gainera, prebalentzia nabari areagotzen da hirugarren adinekoen artean. Testuinguru horretan, farmazia-arretak gero eta hedadura eta garrantzi handiagoak dauzka adinekoentzako egoitzetan, eta, beraz, beharrezkoa da prestazio hori modu jasangarrian eta eraginkorrean emateko araudi bat bermatzea.

Lege mailan, autonomia-erkidego honetako herritarrei egiten zaien arreta farmazeutikoa 1994tik geroztik araututa dago Euskal Autonomi Elkarteko Ordenazio Farmazeutikorako Legean. Bertan zehazten dira, besteak beste, farmaziak eta arreta farmazeutikoko zerbitzuak, zentro soziosanitoariak tartean; eta azken horien barruan sartzen dira irizpen honetan hizpide ditugun adinekoentzako egoitzak, zeinek, hala badagokie, farmazia-zerbitzuak eman beharko dituzten.

Zehazkiago, lege horren 27. artikuluak ezartzen du zentro soziosanitarioetako arreta farmazeutikoa ospitaleko farmaziako zerbitzuen eta sendagai-biltegien bitartez eskaini behar dela. Ildo horretan, modalitate bata ala bestea ezartzera behartzen ditu, establezimenduaren eta arreta egiten zaien pertsonek behar duten osasun- eta farmazia-laguntzaren arabera arauz ezartzen diren baldintzetan.

Aurrekari horietatik ondorioztatzen da, hain zuzen, aztergai dugun dekretu-proiektuak adinekoentzako egoitzetako farmazia-zerbitzuaren modalitateak arautuko dituela, bai eta Ordenazio Farmazeutikorako Legea argitara eman zenetik (orain dela hogeita bost urte) egiteke dagoen araudia ere garatu egingo duela. Horrez gain, dekretu-proiektuak euskal araudiari gehitu dio apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuak, Osasun-sistema nazionalari eusteko eta haren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko urgentziazko neurriei buruzkoak, xedatutakoa; alegia, gizarte-laguntzako zentroetako (adinekoentzako egoitzak, besteak beste) arreta farmazeutikoari buruzko neurriak. Horretarako, zehaztu egin du zentro horiek zein kasutan izan beharko duten derrigorrez berezko ospitaleko farmazia-zerbitzua, eta zeinetan, aldiz, nahikoa izango duten sendagai-biltegi batekin.

Testuinguru horretan, Batzordeak pozik hartu du araudi-proiektu hori, derrigorrezkoa zein beharrezkoa baita Euskadiko Ordenazio Farmazeutikorako Legea argitaratu zenetik, aspaldi, garatzeke geratu zen araudia benetan prestatzeko, baita estatu mailako legedia garatzeko ere (16/2012 Errege Lege Dekretua, Osasun-sistema nazionalari eusteko eta haren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko urgentziazko neurriei buruzkoa).

Halere, aipatu nahi dugu dekretu-proiektu hau abagune ona zela aldi berean mendekotasuna eta gaixotasun mentalak dituzten pertsonentzako egoitzetako arreta farmazeutikoa ere jorratzeko; izan ere, dekretu-proiektuaren hitzaurrean azaltzen den bezala, zentro horiek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoko egoitzen barruan sartzen dira. Beraz, horiek ere kontuan har zitzakeen, Ordenazio Farmazeutikorako Legearen 27. artikuluak zentro soziosanitarioetarako aurreikusitako arreta farmazeutikoaren araudia garatze aldera eta gehiago ez atzeratzearren.

Zentro soziosanitarioetako arreta farmazeutikoaren alorreko araudirik ezari eta lehiaren defentsako legediari buruzko gogoeta

Zentro soziosanitarioetan sendagaiak banatzeko zerbitzuari buruzko araudirik garatu ez izanaren ondorioz, urte hauetan guztietan ezin izan da Ordenazio Farmazeutikorako Legeak gai horren inguruan aurreikusitakoa martxan jarri, ez eta farmazia-arretarik egin ere Legeak ezarritako figuren bitartez, hots, ospitaleko farmazia eta sendagai-biltegien bitartez. Harik ezean, adinekoentzako egoitzetan hainbat jarduketa egin dira arreta farmazeutikoa eskaintzeko ahaleginetan, baina zehapen-espedienteak ekarri dituzte lehiaren euskal agintaritzen aldetik5/2010 espedientea, Egoitzetako Farmazia Zerbitzuak Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiaren aurrean, eta 10/2012 espedientea, Egoitzetarako Farmazia Zerbitzuak 2 Lehiaren Euskal Kontseiluaren aurrean..

Jardunbide hori lehia murrizten duen jardunbidetzat jo zenez gero, zehapen-espedientea ireki zen, salaketa bat zela bide. Zehazkiago, Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailak, Arabako Sendagaigileen Elkargo Ofizialak, Bizkaiko Farmazilarien Elkargo Ofizialak eta Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteak 2008ko urriaren 28an sinatu zuten “Aldatzeko hirugarren akordioa” delakoan jasotako jardunbideak funtsatu zuen zehapen-espedientea; izan ere, akordio horren arabera, farmazia-bulegoak arduratu behar dira adinekoentzako egoitzetako arreta farmazeutikoa emateaz, euren bitartekoak erabiliz. Horrek baztertu egin zuen zerbitzu osagarriak emateko farmazia-zerbitzuetako enpresak eta farmazialari autonomoak azpikontratatzeko aukera, ordura arte egoitza askok errotuta eta atsegin zuten formula bat. Halaber, berezko bitarteko nahikoak ez zituzten farmazia-bulegoei eragotzi zien zerbitzuak ematea edo azpikontratatua izatea.

Zehapen-espediente hori, ordea, epeak gainditzearen ondorioz iraungi zen; horrenbestez, Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiak eskatuta, beste zehapen-espediente bat hasi zen ofizioz 2012an, lehenengo espedientea motibatu zuen akordio berean oinarrituta. Bigarren espediente hori ohiko bidetik burutu zen, hots, inplikatutako alderdiek hartutako konpromisoak modu loteslean onartuta.

Horri dagokionez, garrantzitsua da Osasun Sailak esparru horretan bere gain hartu dituen konpromisoak aipatzea, aztergai dugun irizpen-proiektuaren arloari guztiz eragiten dio eta.

Hain zuzen ere, konpromiso horiek zehapenak ekarri zituzten hitzarmenak indargabetzeko eta farmazia-prestazioa emateko eredu berri bat eratzeko jarduketetan oinarritzen dira, Ordenazio Farmazeutikorako Legearen 27. artikuluaren araudia garatuta, antzemandako lehia-arazoak argi eta zalantzarik gabe konpontze aldera. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Konpromisoaren testuakLehiaren Euskal Kontseiluaren Ebazpena, Egoitzetarako Farmazia Zerbitzuei buruzko 10/2012 espedientearena, I. eranskina. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Konpromiso Proposamena. honela dio, zehazki:

Euskal Autonomia Erkidegoaren Ordenazio Farmazeutikoari buruzko 11/1994 Legeak 27. artikuluan xedatutakoaren arau-garapena bultzatzea, zentro soziosanitarioetan farmazia-prestazioekin eta horien ordenazioarekin lotutako alderdiak arautuko dituen Dekretu bat onartuz, azken buruan farmazia-prestazioaren berrantolaketa ezarriko duena, betiere, apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuak, Osasun sistema nazionalari eusteko eta haren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko urgentziazko neurriei buruzkoak, 6. artikuluan xedatutako irizpideekin bat etorrita. Dekretu horrek lehiari buruzko araudia errespetatu beharko du. Horretarako, sektoreko eragileek merkatura modu askean jotzeko aukera izatea bermatuko du, bai eta horien arteko lehia askea ere, araututako sektore honetan legeak ezarritako mugen barruan, betiere”.

Kontuan izanik espedienteen garrantzia eta hartutako konpromisoen irmotasuna, deigarria da dekretuaren hitzaurrean dekretu-proiektuaren aurrekari horren esanguratsua ez aipatzea, bai eta sektoreko eragileei modu zuzenean edo azpikontratazioen bitartez arreta farmazeutikoko zerbitzua bermatzeko konpromisoa beteko dela berariaz ez jasotzea ere.

Lotura sendagai-biltegiaren eta titulartasun pribatuko ospitalearen artean, irabazi-asmorik gabekoa eta, batik bat, geriatriako pazientei eta egonaldi luzea egin behar dutenei arreta egiten diena

Indarreko legediaren irizpideen arabera, ehun ohe baino gehiago dituzten adinekoentzako egoitzek derrigorrez ezarri behar dute berezko farmazia-zerbitzua; dena dela, Osasun Sailak betebehar horretatik salbuets ditzake, ospitaleekin hitzarmenak edo akordioak sinatuta, baldin eta sendagai-biltegia eskaintzen badiete, erreferentzia-guneko sare publikoko ospitaleko farmazia-zerbitzuari lotuta.

Hala ere, dekretu-proiektuak, 4.2. artikuluan, ehun ohetik gora dituzten zentroetarako aukerazko sendagai-biltegirako beste aukera bat arautzen du; hain zuzen ere, sendagai-biltegi hori titulartasun pribatuko ospitale bati lotuta egotea, irabazi-asmorik gabe, eta, batik bat, geriatriako pazientei eta egonaldi luzea egin behar dutenei arreta egiten diena.

Gure ustez, alderdi hori ezabatu beharra dago, 16/2012 Errege Lege Dekretuak ezarritako irizpideei beste elementu bat gehitzen die-eta 4.2. artikuluaren bitartez; gainera, ez du horri buruzko azalpenik ematen proiektu arauemailearekin batera aurkeztu diren eta dekretu-proiektuaren arautze-baldintzak berariaz jasotzen dituzten dekretu-proiektuaren zioen azalpenean, txosten juridikoan edota memoria ekonomikoan.

Memoria ekonomikoa

Positiboa deritzogu memoria ekonomikoan egindako esfortzuari, dekretuak ezarri nahi duen araudiak dakartzan kostuak argi eta zehatz aztertzeari dagokionez. Dena dela, Batzorde honek horri buruzko zenbait gogoeta egin nahi ditu:

  • Dekretu-proiektuak adinekoentzako egoitzetako farmazia-zerbitzuak kudeatzeko aurreikusi duen ereduaren arabera, hainbat aukera egin eta konbinatu daitezke eta, beraz, hainbat egoera suerta daitezke, horietako bakoitzak zenbatespen ekonomiko batekin. Memoria ekonomikoak, ordea, balizko egoera horietako batean oinarritu da soilik, sendagai-biltegia aukeratzekoan, hain zuzen; beraz, ez du berezko farmazia-zerbitzua ezartzeko aukera aztertu. Gainera, baloratu dituen kontzeptuak, batik bat, Osakidetzaren ikuspuntutik gehitu dira, eta ez titulartasun pribatuko zentro baten ikuspuntutik. Horri dagokionez, komeni da aipatzea badirela azterketan aintzat hartu ez diren beste hainbat gastu. Adibide modura, honako hauei lotutakoak aipa daitezke: e-rezeta; Osakidetzaren informatika-sistema nahitaez erabili behar izateari, datuen inportazio masiboari eta informatika-sistemak aplikazio berriekin (PRESBIDE, RESIPLUS…) txertatzeari lotutako inbertsioak; eta pazienteen historia eskura izateko datuen ustiapena eta zentroa kudeatzeko software batean integratzea. Ez dira kontuan hartu ezta ere osasun-sistema publikoaren salbuespeneko egoerak: MUFACEko egoiliarrak, esaterako.
  • “Arreta farmazeutikoko funtzioak garatzeko behar diren farmazialarien zenbatespena” izeneko atalari erreparatuz gero, ikusiko dugu Osakidetzak xede horretarako txertatu beharko dituen Farmazia lizentziatuen eta graduatuen kopurua beste autonomia-erkidego batzuetan aplikatzen den ratiotik oso gora dagoela. Gure ustez, 830 egoiliarreko Farmazia tituludun banako ratioa aplikatzeko eman diren arrazoiak baino sakonagoak behar dira; ez bakarrik batzuek dagoeneko eskarmentua dutelako dekretu-proiektuak ezarri nahi duen sistemaren antzekoetan, baizik eta ikusi dugulako, halaber, langileen beharretan eragiten duten zenbait faktore ohartu ditugulako eta, gure iritziz, ez direlako behar beste baloratu.  Adibidez, astero hiru entrega egitea ez da nahikoa zerbitzu egokia bermatu eta egoitzetako eguneroko gorabeherak asetzeko (sarrera berriak, aldaketak diagnostikoetan etab.). Egonaldi ertain eta luzeko ospitaletan, farmazialari eta ohe kopuruen arteko erlazioak ere ratio txikiagoa iradokitzen du, farmazia-arretako eginkizunak gauzatzeko behar diren farmazialariak zenbatesteko orduan.
  • Halaber, aipatu nahi dugu memoriaren zenbait atal xehetasun eta zehaztapen handiz egin direla; hala, 6. orrialdean, 3.2. puntuan, honako hau azaltzen da: egoitzetarako sendagaien hornidurak “dosi pertsonalizatuetan egingo dira, Osakidetzako sareko ospitale bateko farmazia-zerbitzuan zentralizatutako kudeaketa-sistema baten bitartez”. Sendagaien hornidurarako formula dekretu-proiektuaren zatian hainbeste zehaztu ez bada ere, formula horixe desiragarritzat jo dugu eta, memoria ekonomikoaren edukia dela bide, ulertzen dugu testuaren dekretuan inplizitu dagoela.

 Araubide berrira egokitzeko zailtasunak

Dekretu-proiektuan, urtebeteko epea ezarri da farmazia-prestazioko eredu berrira egokitzeko. Gure ustez, zenbait egoitzek, batez ere txikiek, zailtasunak izan ditzakete beharrezko tokiak ezarri eta prestatzeko, bai eta lokalek, instalazioek eta hornidurek dekretu berria betetzeko behar dituzten inbertsioei aurre egiteko ere. Ondorioz, iradokigarria iruditu zaigu Eusko Jaurlaritzak partida ekonomiko bat prestatzea, beharrezko egokitzapen-obrak egiteko zailtasunak dituzten egoitzei laguntze aldera.

IV.- GOGOETA BEREZIAK

6. artikulua, b) atala. “Farmazia-zerbitzuen eta sendagai-biltegien jardunerako arau komunak”

Xedapen horretan jasotzen da farmazia-zerbitzuek eta sendagai-biltegiek sendagaien eta osasunerako produktuen hornidura nahikoa eta egokia izango dutela, arreta egiten dieten pertsonen patologia arruntak kontuan izanik. Hala ere, ez du zehazten zer ulertzen den “patologia arrunta”tzat; baliteke ohiko patologiez ari izatea. Komeni da, beraz, esanahia zehaztea araua argiagoa izan dadin.

8. artikulua. “Zentro soziosanitarioetako farmazia-zerbitzuen instalazioa, lokaletako baldintzak, materiala eta tresneria” 4.b) eta 5.a) atalak

 Adinekoentzako egoitzetako farmazia-zerbitzuen instalazioek eduki behar dituzten eremu bereiziak 8.4. artikuluan zehaztuta daude; zehazkiago, b) atalean, honako hau jasotzen da: sendagaiak eta osasun-produktuak hartzeko, aztertzeko eta biltegiratzeko gunea, eta hortik bereizitako beste eremu bat, iraungita, egoera txarrean, kenduta edo ibilgetuta dauden sendagai eta farmazia-produktuetarako. Zenbait sendagairen kasuan, kontrolpeko substantzia deritzenen kasuan (estupefazienteak, esaterako), segurtasun- eta babes-neurri bereziak hartu beharko dira. Ildo horretan, honako hau gomendatzen da jardunbide egoki gisa: “segurtasun-kontrol bereziak, zorrotzagoak, behar dituzten produktuetarako eremu bat egotea, bereizita eta ondo mugatuta, sarrera mugatua eta sarrailarekin, eta giltza behar duena. Izan ere, modu horretan indarreko araudiak beteko dira, nazio mailakoak zein nazioartekoak”. Aurrerago, 8.5.a) artikuluan, segurtasuneko armairu bat izateko beharra ezartzen da, baina ez gu hizpide dugun kasurako. Bestalde, arauak berariaz jaso beharko luke substantzia horien behaketa arreta handiaz egin behar dela. Hortaz, ohar hori gehitzea iradokitzen dugu.

8.4.b) artikulua. “Sendagaiak eta osasun-produktuak euren nolakotasun eta arrisku mailaren arabera (bereziki estupefazienteen kasuan) hartzeko, aztertzeko eta biltegiratzeko gunea, eta hortik bereizitako beste eremu bat, iraungita, egoera txarrean, kenduta edo ibilgetuta dauden sendagai eta farmazia-produktuetarako”.

14.6. artikulua. “Farmazia-zerbitzuetarako eta sendagai-biltegietarako baimenen xedapen komunak”

Artikuluaren 6. atalaren arabera, dekretu honek aurreikusitako baimen-eskaerak ebatzi eta ebazpenaren berri emateko epea hiru hilabetekoa izango da, gehienez. Halaber, zehazten du epe horren barruan ebazten ez diren eskaerak ezetsitzat joko direla.

Ulertzen dugu farmazia-zerbitzuetarako eta sendagai-biltegietarako baimen-eskaeren kasuan ebazpen-erabaki bat hartu beharra dagoela, baina Administrazioaren isiltasuna ez da herritarren eskaeretarako erantzun egokia. Izan ere, Administrazioak derrigorrez erantzun behar izatea izan beharko luke araua.

17.2. artikulua. “Funtsezko aldaketak egiteko baimena”

Atentzioa eman digu 2.c) atalean “funtsezkoa ez den aldaketa”tzat jotzea jardunerako baimena duen farmazia-zerbitzu edo sendagai-biltegi batean, jarduna, osorik edo zati batean, aldi baterako etetea, hilabetez baino gehiagoz. Izan ere, iruditzen zaigu hilabete epe luzeegia dela zerbitzua ixtea funtsezkotzat ez jotzeko, hizpide dugun prestazio farmazeutikoaren kasuan.

23. artikuluan, “Jardunerako baimenaren baliozkotasun-epea eta berriztatzea”, 4. atala gehitzea:

23. artikuluko ataletan, jardunerako baimenaren baliozkotasun-epeari eta berriztatzeari lotutako hainbat alderdi arautzen dira, baina ez da baimena emateko edo berriztatzeko eperik zehazten. Segurtasun juridikoko arrazoiak direla eta, komeni da epe bat finkatzea zentroek zalantzarik izan ez dezaten. Horrenbestez, 23. artikuluari 4. atal bat gehitzea proposatzen da, non hiru hilabeteko epea ezartzen den, baimen-eskaerarako ezarritakoarekin bat etorriz.

23.4. artikulua. “Jardunerako baimen sanitarioa berriztatzen den ala ez hiru hilabeteko epean ebatziko da, eskaera aurkezten den egunetik zenbatzen hasita” 

28.2. artikulua. “Egoitzei emandako farmazia-zerbitzuen eta sendagai-biltegien erregistroa” 

28. artikuluaren bitartez, Euskadiko zentro soziosanitarioetan baimendutako farmazia-zerbitzuen eta sendagai-biltegien erregistroa sortzen da, eta bigarren atalean zehazten dira horretan inskribatu beharko diren jarduketak. Dekretu-proiektuarekin batera aurkeztu den txosten juridikoak, gure aburuz, ondo azpimarratu du baimenak amaitu, baliogabetu eta eteteari buruzko ebazpenak ez daudela jasota inskribatu beharreko jarduketen artean eta komeni litzatekeela horiexek jasotzea. Guk ere uste dugu farmazia-zerbitzuen eta sendagai-biltegien egoeran horrenbesteko garrantzia duten ebazpenak inskribatu beharra dagoela; hori dela eta, 28.2. artikuluan d) letra gehitzea proposatzen dugu, ondoko testuarekin: 

28.2. d artikulua.- Baimenak amaitu, baliogabetu eta eteteari buruzko ebazpenak.

V.- ONDORIOAK

EGABk egokitzat jotzen du Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoentzako egoitzen farmazia-zerbitzuei eta sendagai-biltegiei buruzko dekretu-proiektua izapidetzea, irizpen honetan jasotako oharrekin.

 

Bilbon, 2018ko otsailaren 16an.

 

Batzordeburuak O.E.  Idazkari nagusia
Francisco José Huidobro Burgos Emilia Málaga Pérez