Argitalpenak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

Irizpena 2/20

Irizpena 2/20

1

I.- SARRERA

2019ko abenduaren 23an, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren idazki bat sartu zen Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean, “Industria-segurtasunari buruzko dekretu-proiektuari” buruzko irizpena eskatzeko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen maiatzaren 17ko 8/2012 Legearen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Arau honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legea garatzea da, industria-segurtasunari dagokionez.

Berehala bidali zitzaien dokumentuaren kopia Kontseiluaren Osoko Bilkurako kide guztiei, beren proposamenak eta iritziak bidal zitzaten eta dagokien Lan Batzordeari helaraz ziezazkioten, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduari buruzko Erregelamenduan ezarritakoaren arabera.  2020ko urtarrilaren 20an, Ekonomiaren Garapenerako Batzordea bildu zen, eta, hartutako erabakietatik abiatuta, irizpen-proiektu hau egin zen, Kontseiluaren 2020ko urtarrilaren 27ko osoko bilkurara eramateko, eta aho batez onartu zen.

II.- EDUKIA

“Industria-segurtasunari buruzko dekretu-proiektuak” zioen azalpena, bost kapitulutan banatutako 72 artikulu, 4 xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta bost azken xedapen ditu.

Zioen azalpenean azaltzen denez, lehenik eta behin, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legea indarrean sartzeak euskal industria-sektorearen etorkizuneko antolamenduaren eta, horren barruan, industria-segurtasuneko instalazioen eta jardueren segurtasunaren oinarriak ezarri zituen.  Bereziki garrantzitsuak izan ziren bertan azken arlo horri buruz jasotako aurreikuspenak; aurreikuspen horiek, dekretu honen bidez, osatu eta garatu nahi dira, bereziki eragindako sektore ekonomikoaren eta, oro har, euskal gizartearen joera, dinamika eta aldaketek ezartzen duten norabidean.

Aipatutako 8/2004 Legea indarrean egon den bitartean, hainbat arau-tresna bideratu dira lege hori garatzera, bertan jasotako gaikuntzaren babesean.  Horrela hedatutako jarduketa antolatzailea, bere izaeran estatuko eta Erkidegoko botere publikoek eremu horretan hasitako erregulazio-eragiketen antzekoa, antolamendu-sektore espezifikoetara tolestuta egoteagatik ezaugarritu da funtsean, eta horren ondorioz, zatiketa- eta sakabanatze-maila handia duen testuinguru juridiko bat eratu da.  Industria-segurtasunaren arloko araudiaren ohar bereizgarri horiek dekretu honen onarpenaren bidez gainditu nahi dira, zeinak egonkortasun-, koherentzia- eta ulergarritasun-maila handiagoak emango baitizkio arau-esparruari.

Hobekuntza horrek berekin dakar, beraz, 8/2004 Legean finkatutako printzipioen eta balioen sustapenean aurrera egitea, ez bakarrik erregulazio-teknikaren arazketaren ondorioz, baita funtsezko berrikuntzak sartzearen ondorioz ere, betiere administrazio-kargak murrizteko eta sinplifikatzeko konpromisoa eta eragile ekonomikoen jarduketa eta erabakiak hartzea errazteko asmo paraleloa aintzat hartuz, bai eta Eusko Jaurlaritzaren esku dauden giza baliabideen eta baliabide materialen kudeaketaren arrazionalizazioan sakontzeko xedea ere.

I. kapituluak xedapen orokorrak ezartzen ditu, besteak beste, arauaren xedeari eta aplikazio-eremuari buruzkoak, definizio operatiboen zerrenda bat eta interesdunek administrazioarekin dituzten harremanei buruzko alderdien erregulazioa. Horrela, alde batetik, arauaren hartzaile ia guztiek bete behar duten bitarteko elektronikoen bidezko harremana arautzen da, eta, bestetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 6.7 artikuluan aurreikusitako ordezkaritza gaituaren figura, zeinetara interesdun guztiek jo ahal izango duten, nortasun juridikoa izan ala ez, bai eta hura aurkezteko modalitate desberdinak ere.

II. kapituluak hiru atal ditu, eta horietako lehenengoaren helburua da industria-segurtasuneko jardueren eta instalazioen hasiera eta abiarazpena arautzea. Atal honek hiru artikulu ditu, eta aipatutako 8/2004 Legearen 4. eta 9. artikuluetan jasotako aurreikuspenak garatzen ditu. Arlo horretako erkidegoko betetze-arauetan jasotako agindua betez, araubide orokor bat hedatzen du, kokatzeko askatasuna eta zerbitzuak emateko askatasuna nagusi dituena, eta erantzukizunpeko adierazpenaren erakundearen inguruan egituratua. Araubide hori 8/2004 Legean eta bete beharreko oinarrizko arautegiak xedatutakoaren arabera arautu da.

2. atalak industria-segurtasuneko jardueren eta instalazioen garapenaren eta funtzionamenduaren araubide juridikoa jasotzen du.  Hala, industria-segurtasuneko jarduera edo instalazio guztien titularrei, oro har, eska dakizkiekeen betekizunen eta betebeharren zerrenda bat ezartzen da.  Araubide orokor horrekin batera, industria-segurtasuneko jarduera jakin batzuen titularrei soilik eska dakizkiekeen betekizun eta betebehar espezifikoen araubide bat aurreikusten da.  Bi araubideak 8/2004 Legean eta Estatuko oinarrizko araudian jasotako aurreikuspenen ondoriozkoak dira, eta Dekretuaren izaera generiko eta transektorialarekin bat datoz; horri dagokionez, bete beharreko araudi sektoriala osatzen duten xedapenekin bateragarri izan beharko du

Hirugarren atalak industria-segurtasuneko jarduera eta instalazio horien kontrola arautzen du, eta, ondorio horietarako, xedatzen du kontrol horrek ikuskapenak edo berrikuspenak hartuko dituela nagusiki, eta sektoreko araudira igorriko duela erregelamendu bidez aurreikusten diren kontrol-eragiketek hartu behar duten izena..

III. kapituluaren izenburua “Industria Segurtasunaren Administrazioa” da, eta bi ataletan egituratzen da.  Lehenengo atalak Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluaren erregulazioa jasotzen du. Oro har, Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluari buruzko abenduaren 9ko 208/2008 Dekretuaren xedapen-edukiak integratuz egin da, baina horietako batzuk aldatu egin dira.

Bigarren atalak, bestalde, “Industria-segurtasuneko instalazioen erregistroa” sortzeko eta arautzeko arauak jasotzen ditu. 8/2004 Legearen 5. artikuluan aurreikusitako Industria Erregistroaren antzera, erregistro elektroniko, publiko eta bakarra da Euskal Autonomia Erkidego osorako.  Halaber, industria-arloan eskumena duen sailari atxikitzen zaio, eta haren helburuak eta aplikazio-eremua zehazten dira.  Inskriba daitezkeen datuen jatorria ere arautzen da, eta horien artean “datu osagarrien” definizioa nabarmentzen da. Definizio horrek erantzukizunpeko adierazpena, jakinarazpena edo baimen-eskaera aurkeztu zen datari eta agintaritzari buruzko datuak, erantzukizun zibil profesionaleko aseguruei buruzko datuak edo gauzatu diren kontrol-jarduketei buruzko datuak hartzen ditu.

IV. kapituluak Dekretuak arlo horretan arautzen duen zehapen ahalaren erregulazio osoa jasotzen du, eta lau ataletan banatzen da.  Lehenengoak xedapen orokorrak jasotzen ditu, eta horien artean daude lehiari, zehatzeko ahala arautzen duten printzipioei eta erantzukizunaren eta egiletzaren araubideei buruzkoak.  Horrekin lortu nahi da corpus berean harmonizatzea eta biltzea autonomia-erkidegoko eta estatuko legeria betetzean bildutako aginduak, eta, aldi berean, ahal den neurrian mugatzea eta aurreratzea atal honetan araututako gaietan eragina izan dezaketen maila bereko edo handiagoko beste xedapen batzuei eman behar zaizkien espazioak.

2. atalak 8/2004 Legearen VI. kapituluan aurreikusitako dekretuak arautzen duen arloko arau-hausteen araubide juridikora jotzen du, Hirugarren Atalak egiten duen bezala, zeinak lege-arauaren hainbat manu bateratzen eta berrantolatzen baititu, eta, aldi berean, bertan aurreikusitako alderdiak erregelamendu bidez garatzen baititu.

Laugarren atalak dekretu honen arabera abiarazten diren zehapen-prozeduren oinarrizko alderdi batzuk arautzen ditu, eta, horri dagokionez, zehapen-arloko autonomia-erkidegoko legeriatik eta Estatuko legeriak onartutako oinarrietatik eratorritako aginduak jasotzen ditu.

V. kapitulua, bestalde, 8/2004 Legearen erregelamendu bidezko garapenari buruzkoa da, hertsapen-isunaren (lehen atala) eta betearazpen subsidiarioaren (bigarren atala) bidezko nahitaezko betearazpenari dagokionez.  Hertsatzeko isunei buruzko atalak, indarrean dagoen arau-esparruarekin alderatuta, honako berritasun nagusi hauek ditu: kasuan kasuko egintzak agindutakoa betetzeko gutxieneko aldia zehaztea, isunen zenbatekoa zehazteko irizpidea berariaz aipatzea, eta isunak ezartzeko prozeduren ebazpena emateko eta jakinarazteko epea finkatzea.

Bigarren Atalak hertsapen-isunei buruzko atalean ikusten denaren antzeko egitura du.  Hala, 70. artikuluak xedapen orokorrak jasotzen ditu, 71. artikuluak organo eskudunari buruzko aurreikuspenak biltzen ditu, eta 72. artikuluak dekretu-proiektuak araututako arloan emandako administrazio-egintzen betearazpen subsidiarioa arautu behar duten arauak zehazten ditu.

III.- GOGOETA OROKORRAK

“Industria-segurtasunari buruzko dekretu-proiektua” aurkeztu da gure iritzia eman dezagun, eta, 1.1. helburuan zehaztu bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legea garatzea du xede, industria-segurtasunari dagokionez.

Hori legean jasota dago, 7. artikuluan, hain zuzen ere, honelako sistema gisa: “arriskuak prebenitzea eta mugatzea xede duen nahitaezko xedapenen sistema, bai eta pertsonei, ondasunei edo ingurumenari kalteak eragiteko gai diren istripuen aurkako babesa ere, industria-jardueraren ondorioz, edo instalazioak edo ekipoak erabiltzearen, funtzionatzearen eta mantentzearen ondorioz, eta industria-produktuak ekoiztearen, erabiltzearen edo kontsumitzearen, biltegiratzearen edo desegitearen ondorioz”.

Lehenik eta behin, eta gure balorazioa egin aurretik, adierazi nahi dugu ezen, arau honen izapidetzearen zati gisa, enpresen eraketan, abiaraztean eta funtzionamenduan duen eraginaren ebaluazio-txostena egin bada ere, Euskal Autonomia Erkidegoko ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko ekainaren 28ko 16/2012 Legeak agintzen duena, ez dagoela irizpen eskabidearekin batera aurkeztu beharko litzatekeen memoria ekonomikorik, horrek balorazio osoagoa egitea ahalbidetuko lukeen arren.

Oro har, Kontseilu honek Industria Segurtasunari buruzko Dekretuaren proiektuaren egokitasuna balioesten du, arlo horretan dauden prozedurak ordenatzen, bateratzen eta sistematizatzen dituelako.  Era berean, dagoeneko eguneroko jardunean garatzen ari diren administrazio-prozedurak formalizatzen dira, eta horrek segurtasun juridiko handiagoa dakar.

Bereziki, oso egokia iruditzen zaigu prozeduren finkapen eta arrazionalizazio hori betebehar berririk sortu gabe eta “erantzukizunpeko adierazpenaren” sistema baimenarenaren aldean finkatuz artikulatzea.

Aurrekoari kalterik egin gabe, legegintza-teknikaren hobekuntza batzuk iradokitzen ditugu jarraian, adibidez, logika zirkularreko paradoxa bat sortuz erabiltzen den “industria-segurtasuna” terminoa definitzerakoan, zeren 3.a) artikuluak honela definitzen du: Industria-segurtasuneko jarduera edo instalazio baten garapenak edo funtzionamenduak pertsonei, gauzei edo ingurumenari eragindako arriskuak eta kalteak prebenitzea eta mugatzea xede duten indarreko arau-xedapenen multzoa”.

Definizio horrek eztabaida sortzen digu; izan ere, “Industria-segurtasuneko instalazioak” arautzen dituzten xedapenak direla esanez amaitzen du. Agian, industria-segurtasuneko arauek araututakoak izango dira.  Ondorio horietarako, EAEko Industriari buruzko 8/2004 Legearen 7. eta 10. artikuluek, dekretu-proiektuaren definizio honen ulermena hobetu dezaketenek, ez dute gehiegi zehazten.

Laburbilduz, EAEko Industriari buruzko 8/2004 Legea garatzeko dekretu-proiektu honen definizioen atala hobeto berrikustea eta zehaztea iradokitzen dugu; bereziki, lege horren anbiguotasunak premiaz garatzea eta kontzeptuak argitzea eskatzen duenean, proposatutako testua nahiko konplexua baita.

Horretara itzuliko gara aurrerago, berariazko kontsiderazioetan, besteak beste, aipatutako 3. artikuluan jasotako definizioen ordena aldatzea proposatzen dugunean.

Bestalde, kontraesana dago Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legearen nomenklaturaren eta proposatutako lege-testuaren artean:  Legearen 14. artikuluak “agente laguntzaileak” aipatzen ditu; Dekretuak, berriz, ez ditu aipatzen, baina itxuraz deskribatzen ditu (agente gaituak, agente ikuskatzaile gaituak eta kontrol-erakundeak, 17, 18 eta 19. artikuluaKontrol-erakundeak Administrazioaren agente laguntzaileak dira industria-segurtasunaren arloko arauzko eskakizunak egiaztatzeko. Haren funtzioak araututa daude, funtsean, industria-instalazioek, -produktuek eta -ekipoek erregelamendu teknikoetan ezarritako segurtasun-baldintzak betetzen dituztela egiaztatzean oinarrituta. Gaur egun badira kontrol-erakundeak, erregistro propioa dutenak (https://www.euskadi.eus/informacion/organismos-de-control-ocas/web01-a2indust/es /).). Bestalde, langile horien ahalmenak ez dira arautzen, arau hori horretarako egokiena izan arren.

Halaber, martxoaren 17ko 29/2015 Dekretuak, industria-jarduerak hasteko araubideari eta industria-erregistroari buruzkoak, aipatutako industria-erregistroa arautzen du (13. artikulua eta hurrengoak), eta kontrol-erakundeak ere sartzen dira. Erregistro honetan sartuko ote diren zalantza sortzen da (agente gaituak, agente ikuskatzaile gaituak), proposatutako testuak ez baitu indargabetzen.

Oro har, azpimarratu nahi dugu beharrezkoa dela dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legearen arabera koordinatzea eta igortzea, lege hori erregelamendu bidez garatzen baita, eta, zehazki, aurrerago adieraziko dugun bezala, industria-segurtasunean esku hartzen duten agenteei eta arrisku-kasuetan kautelazko neurriak hartzeari dagokienez.

Uste dugu, bestalde, desiragarria litzatekeela aipatutako 29/2015 Dekretua aurkeztu zaigun berrian txertatzea, horrekin bi erregistro batera egotea saihestuko litzatekeelako (alde batetik, Industria Erregistroa, eta, bestetik, Industria Segurtasuneko Instalazioen Erregistro berria) eta horrek sor ditzakeen arazoak, batez ere, dirudienez, Dekretu-proiektuaren 58, artikuluaren arabera industria-segurtasuneko zehapenetarako hirugarren erregistro bat sortuko baita.

Azkenik, Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuraren izaera, eginkizunak eta osaera ikusita (32. artikulua), adierazi nahi dugu ez gaudela ados EAEko ordezkaritza handieneko sindikatu-erakundeetako ordezkaririk ez egotearekin, erakunde horietako bakoitzeko kide batek, gutxienez, ordezkatuta egon beharko lukeelako.

Industria-segurtasuna arriskuen prebentzioaren funtsezko zati bat da, eta, bertan, prebentzio-delegatuen bidez, sindikatuek LAPLak aitortutako lan-kontratudun bat egiten dute.  Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluan ez egoteak sindikatu-eskubideak mugatzen ditu, eta diskriminatzailea da industria-segurtasunean esku hartzen duten beste eragile batzuekiko; beraz, ez du funtsik.

Gainera, adierazi nahi dugu sindikatu-erakundeek kontseilu horretan parte hartzeko baldintza parekideak bete beharko dituztela enpresa-ordezkaritzarekiko, eta ordezkaritza hori, berariazko gogoetetan errepikatuko dugun bezala, termino juridiko egokiaren arabera jaso beharko dela, hau da, “EAEko enpresa-antolamendurik adierazgarrien gisa”.

IV.- GOGOETA BEREZIAK 

I. kap: xedapen orokorrak

3. art. Definizioak

Lehenik eta behin, industria-segurtasunaren definizioa argitzeko beharrari buruzko gogoeta orokorretan azaldutakoa errepikatu behar da.

Bigarrenik, egokiagoa iruditzen zaigu lehenik eta behin “industria-segurtasuneko instalazioaren” definizioa jasotzea, eta ez e) atalean, egiten den bezala; izan ere, jasotzen den lehen definizioan, “a) industria-segurtasuna”, bai eta aurreko 2. artikuluan ere, termino hori erabiltzen da.

Azkenik, komenigarritzat jotzen dugu artikuluari “pertsona interesduna” terminoaren definizioa gehitzea.  Esamolde hori lehen aldiz erabiltzen da 5. artikuluan, eta Dekretuan zehar behin eta berriz erabiltzen da, antza denez, “Titularra” terminoa ez den beste zentzu batekin, eta hori bai definitu egiten da. 

II. kap.: industria-segurtasuneko jardueren eta instalazioen araubide juridikoa

8. art. Araubide orokorra

Oro har, artikulu honen idazketa nahasi samarra da.  Argiagoa izan dadin, 2. ataleko lehen paragrafoa letra lodiz adierazitako testuarekin osatzea iradokitzen da.

“2. Beharrezkoa da Industria Segurtasuneko Administrazioari erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztea industria-segurtasuneko jarduera bat hasteko edo industria-segurtasuneko instalazio bat martxan jartzeko.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ez da aplikatuko instalazio jakin batzuetan, baldin eta instalazio horien erregulazio espezifikoak xedatzen badu instalazio horiek zerbitzuan jartzeko ez dela beharrezkoa industria-segurtasuneko administrazioari horren berri ematea.

Era berean, ez da aplikagarria izango paragrafo honen lehen lerrokadan ezarritakoa, baimen-araubidearen mendeko industria-segurtasuneko jarduera eta instalazioei dagokienez; izan ere, jarduera eta instalazio horiek, hasierari edo zerbitzuan jartzeari dagokionez, beren araudi espezifikoaren mende egongo dira.

Gehitutako bigarren gehikuntzari dagokionez, uste dugu hirugarren paragrafoan argitu behar dela aipatzen den “lehen paragrafoa” ez dela artikuluarena, baizik eta 2. paragrafoarena berarena.

12. art. Baldintza orokorrak

Gure ustez, hemen ezarritako baldintzez gain, titularra aurrez zehatua izan bada Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko 8/2004 Legean edo Gizarte Arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legea onartzen duen 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, beharrezkoa da, erantzukizunpeko adierazpena aurkezteko betebeharraz gain, industria-segurtasuneko jarduera edo instalazioa martxan jarri aurreko ikuskapena egitea.

Ikuskapen hori gehienez ere hiru hilabeteko epean egin beharko da, eta industria-segurtasuneko administrazioak, horretarako sortutako organoak edo gaitutako kontrol-erakundeak egin ahal izango du, betiere aldez aurreko zehapen horiek preskribatu ez badira.

Horregatik, artikulu honi beste atal bat gehitzea gomendatzen da, honela:

“… f) Titularra aurrez zehatua izan bada Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko 8/2004 Legean edo Gizarte Arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legea onartzen duen 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, industria-segurtasuneko jarduera edo instalazioa martxan jarri aurreko ikuskapena egin beharko da.

Ikuskapen hori industria-segurtasuneko administrazioak egingo du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, horretarako sortutako organoak edo gaitutako kontrol-erakunde batek, eta zehapenak preskribatu gabe daudenean egingo da.

13. art. Baldintza orokorrak

f) idatz-zatiak honako betebehar hau ezartzen du: “Industria-segurtasuneko administrazioari jakinaraztea, gertatzen direnetik bost eguneko epean eta jakinarazpenaren bidez, titulartasunpeko jarduera edo instalazioaren ondorioz ezagutzen dituen egitate hauek”. Gertakari horiei zazpiren bat gehitzea proposatzen da, eduki honekin:

“f.7.  Aurreikusi gabeko arriskuren bat ekar dezaketen aldaketak ekoizpen-prozesuan edo -jardueran”.

Justifikazioa:  aurreikusi gabeko arriskuak eragin ditzaketen ekoizpen-prozesuaren aldaketetarako hondar-klausula gisa jarduten du, horiek aztertzeari begira.

17. art. Gaitutako agenteak

Artikulu honen 4. paragrafoak honakoa ezartzen du, gaitutako agenteen betebehar espezifikoen artean: “f) industria-segurtasuneko administrazioaren eskura edukitzea aurreko bost urteetan egin dituzten diseinu-, instalazio-, mantentze-, konponketa-, ikuskapen- eta kontrol-jarduketei buruzko dokumentazioa, eta urtebetekoa mantentze-lanetako bajen kasuan, non eta araudi sektorialak ez duen epe desberdinak ezartzen”.

Ez dugu bereizketa hori ulertzen. Nolanahi ere, badirudi komenigarria litzatekeela bi kasuetarako epeak berdintzea.

18. art. Kontrol-erakundeak

Lehenik eta behin, artikulu horren 3. paragrafoak honako hau ezartzen du: “Aurreko paragrafoan aipatutako araubide orokorra osatzen duten betebeharrez gain, kontrol-erakundeek jarraian aurreikusten diren berariazko neurriak bete beharko dituzte:  … d) Organo eskudunari proposatzea, istripu- edo larrialdi-arrisku larria dagoenean, beharrezko behin-behineko neurriak har ditzala…”

Gure iritziz, kontrol-erakundeek istripu- edo larrialdi-arrisku larriko kasuetan behin-behineko neurriak hartzeko proposamenaren barruan, berariaz adierazi beharko litzateke jarduera geldiarazi dela, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 17. artikuluak17. artikulua. Industriari buruzko 8/2004 Legearen arrisku-kasuetan kautelazko neurriak hartzea:1.- Industria-jarduera edo -instalazio baten funtzionamenduari dagokionez, industria-arloan eskumena duen sailak beste edozein kautela-neurri geldiarazi edo hartu ahal izango du, betiere haren funtzionamenduak pertsonei edo ondasunei kalteak eragiteko arriskua dakarten akatsak baditu. Hartutako neurriak arriskuaren proportzionalak izango dira, eta arriskua ez gauzatzeko behar-beharrezkoak direnak.2.- kautelazko neurriak erregelamendu bidez ezartzen den prozeduraren arabera hartuko dira. Ondorio horietarako, araudi horrek irizpide hauek hartuko ditu kontuan:a) Hartutako neurriek iraungo dute neurri horiek eragin zituen arriskua desagertu arte, eta ezin izango dute gainditu akatsak konpontzeko edo bestelako jarduketak egiteko behar-beharrezkoa den denbora.b) Teknikari ikuskatzaileek eta agente laguntzaileek zuzenean hartu ahal izango dituzte neurri horiek, industria-segurtasunarekin lotutako eginkizunak betetzen ari direnean.Neurri horiek berehala berretsi edo ezeztatu beharko ditu organo eskudunak.c) Nolanahi ere, kautela-neurri jakin bat hartzeko, teknikoki arrazoituta egon beharko da, eta agerian utzi beharko da zer lotura edo lotura kausal dagoen instalazioaren edo jardueraren funtzionamenduaren eta arriskuaren artean.d) Instalazioaren funtzionamenduak kalteak gertatzeko arrisku larria eta berehalakoa dakarrenean bakarrik hartu ahal izango da geldiarazteko neurria. Geldiarazpen hori erabatekoa edo partziala izan daiteke, eta partzialki geldiaraztea erabaki beharko da, baldin eta, helburu bera betez gero, teknikoki posible bada.3.- Lege honen VI. kapituluan xedatutakoarekin bat etorriz, kautelazko neurriak hartuko dira egindako arau-hausteagatik ezar daitezkeen zehapenei kalterik egin gabe.. ezarritakoaren arabera.  .

Bestalde, 5. zenbakiak honako hau xedatzen du: “Paragrafo honetan xedatutakoaren arabera hasitako prozeduren ebazpena emateko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, erreklamazioa izapidetzeko eskumena duen administrazioaren erregistroan sartu den egunetik kontatzen hasita”.

Epe hori luzeegia izan daitekeela uste dugu, are gehiago jarduera geldituz gero edo kautelazko etendurak gertatuz gero. Beraz, gomendagarria dirudi epe hori ahalik eta gutxienera murriztea, aipatutako 8/2004 Legearen 17. artikuluak xedatzen duen bezala:  “Organo eskudunak berehala berretsi edo baliogabetu beharko ditu neurri horiek”.

19-bis artikulu bat gehitzea, gaitutako agente ikuskatzaileei buruzkoa (19. art.) eta kontrol-erakundeei buruzkoa (18. art.)

Artikulu berri bat gehitzea proposatzen da; edukia honakoa izango da:

“1.- Industria-segurtasunean esku hartzen duten agenteek eta kontrol-erakundeek industria-segurtasunaren arloan eskumena duen Industria Saileko organoari lagundu behar diote, eta jarduerari berari buruz garrantzitsua den informazio guztia eman behar diote, hark bere eginkizunak behar bezala bete ditzan, lege honetan ezarritako prebentzio-helburuak bermatzeko.

2.- Industria-segurtasunean esku hartzen duten agenteak eta kontrol-erakundeak ikuskatzeko eta zehatzeko ahalmenaren mende daude industria-segurtasunaren arloan eskumena duen Industria Saileko organoa, hargatik eragotzi gabe bere jarduketek hirugarrenen aurrean izan dezaketen erantzukizun zibila”.

Justifikazioa:  funtzio publikoak egiten dituzten erakunde pribatuak direnez, kontrol eta erantzukizun mekanismoak egon behar direla uste dugu.

24. artikulua. Ikuskapen-aktak. Eta 25. artikulua. Berrikuspen-ziurtagiriak

Gure ustez, lehenik eta behin, bi artikulu horietan adierazitako guztiaz gain, segurtasun juridikoagatik, akatsa zuzentzeko oinarri den araudiko artikuluaren aipamena sartu beharko litzateke.

Bigarrenik, 24. artikuluaren 3. atalak honako hau ezartzen du: “Akten kopia bat igorriko zaio industria-segurtasuneko jardueraren edo instalazioaren titularrari edo gaitutako ordezkariari, eta, hala badagokio, enpresa mantentzaileari, gehienez ere hamabost eguneko epean, ikuskapena egin den egunetik zenbatzen hasita.  Akats oso larrien kasuan, aktaren kopia dagokion ikuskapena amaitzen den unean bidali beharko da, eta, nolanahi ere, hura amaitu eta hogeita lau ordu igaro baino lehen”.

Akats oso larrien kasuan, aktaren kopia industria-segurtasuneko administrazioari ere bidali behar zaiola iradokitzen dugu

26. art. Industria-diziplina

Gure ustez, egokiagoa litzateke “industria-segurtasuna administratzeko diziplinari” buruzko artikulua, edo haren edukiarekin zehaztasun handiagoz lotzen duen antzeko edozein adierazpen.

III. kap.: Industria-segurtasuneko administrazioa

1. atala. Industria Segurtasunerako Euskal Kontseilua

32. art. Osoko Bilkuraren osaera

Lehenik eta behin, erakunde sindikalek Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuran parte hartzeari buruz ohar orokorretan azaldutakoa errepikatzen dugu, eta betebehar hori termino paritarioetan egin behar dela, enpresa-arloari dagokionez

Era berean, gogorarazi nahi dugu f) idatz-zatiaren idazketak ez duela behar bezala jasotzen termino juridikoetan enpresa-ordezkaritza.

Horregatik guztiagatik, artikulu honen 3. paragrafoan, letra lodiz adierazitako aldaketak gomendatzen dira:

“3. Hauek dira Industria Segurtasuneko Kontseiluaren Osoko Bilkurako bokalak:f) EAEko enpresa-erakunde adierazgarrienaren lau ordezkarig) Konfekoop – Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren ordezkari bath) EAEko erakunde sindikal adierazgarrienetako lau pertsona

…”

 2. Sekz. Industria Segurtasuneko Instalazioen Erregistroa

44. art. Inskripzioa

Artikulu honen 3. idatz-zatian, hirugarren paragrafo bat gehitzea proposatzen da, eduki honekin:

“Era berean, instalazioaren baja jasoko da eta bertan jasotako datuak erregularizatuko dira, egiaztatzen bada, edozein bitartekoz eta egokientzat jotzen diren informazio-sistemak erabiliz, Erregistroko datuak errealitatearekin bat ez datozela”

Justifikazioa:  gure ustez, garrantzitsua da erregistroan altak ez ezik bajak ere jasotzea.

Eta, gehikuntza horrekin bat etorriz, artikuluaren izenburua “inskripzioa eta baja” izatea iradokitzen da.

IV. kap.: zehatzeko ahala

49. art. Gaiaren araberako eskumenari buruzko erregelak

Artikulu horren 2. zenbakiak honako hau ezartzen du: “Dekretu honek arautzen duen arloan arau-haustea dakarten egite eta ez-egiteak, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan arau-haustea dakartenak, gai horiek arautzen dituen araudian aurreikusitakoaren arabera zehatuko dira”.

Gure ustez, argitu egin beharko litzateke “gai horiek arautzen dituen araudia” zer den, lan-arlokoa edo industria-segurtasunaren arlokoa, biek arautzen baitute gaia.

58. art. Zehapenak argitaratzea

Lehenik eta behin, artikulu honen 1. paragrafoan letra lodiz adierazitako gehikuntza gomendatzen da:

“1. Arau-hauste oso astunengatik ezarritako zehapen administratibo edo judizialak publiko egiteko prozedura ofizioz hasiko da, ebazpen-egintzan jasotako proposamenaren bidez.  Proposamen horretan, bai eta ebazteko eskumena duen organoaren ebazpenean ere, adierazi beharko da zehapen hori artikulu honetan aurreikusitako moduan argitaratuko dela.”

Bigarrenik, artikulu horren 4. atalak hau xedatzen du: “Organo eskudunak artikulu honetan aipatzen diren iragarkietako datuak sartuko ditu kontsulta publikoko erregistro batean, zeina sailburu eskudunaren agindu bidez sortuko baita …”

Lehenik eta behin, erregistroak ugaritu beharrari buruzko gogoeta orokorretan azaldutakoa errepikatuz, ez dugu ulertzen zehapenak argitaratzeko beste erregistro publiko bat sortzeko beharra.

40. artikuluan jada aipatzen da “industria-segurtasuneko instalazioen erregistroa” sortzea.  Gure iritziz, horrela, industria-segurtasunari buruzko informazioa bi erregistrotan banatuko da.  Beraz, iradokitzen dugu zehapenak 40. artikulu horretako industria-segurtasuneko instalazioen erregistroan ere inskribatzea.

Kasu horretan, eduki hori osatu beharko da (zehapen-ebazpenak) 45. artikuluan, industria-segurtasuneko instalazioen erregistroaren edukia deskribatzen baitu.

61. artikulua. Hasiera

Artikulu horren 3. zenbakiak honako hau xedatzen du: “Prozedura hasteko erabakia interesdunei jakinarazi beharko zaie“.

“Pertsona interesdunak” nortzuk diren galdetzen diogu geure buruari, dagoeneko definitu den “titularren” inguruko kontzeptuaz bestaldekoa baita.

Horregatik, gure ustez, kontzeptu hori dekretu honen 3. artikuluan ere definitu behar da, artikulu horri buruzko kontsiderazioan azaldu dugun bezala.

63. artikulua. Prozeduren konkurrentzia

Artikulu horrek honako hau ezartzen du: “Ofizioz etengo da zehapen-prozeduraren ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea, xede berarekin zigor-arloko jurisdikzioan prozedura bat dagoela jakiten denean.  Etenaldi hori interesdunei jakinarazi beharko zaie”.

Beraz, prozeduren konkurrentzia aipatzen da, baina zigor-arloko jurisdikzioko prozedura batekin batera gertatzen denean soilik aurreikusten da etetea.

Geure buruari galdetzen diogu zer gertatzen den orduan lan-jurisdikzioko batekin lehiatuz gero, adibidez, segurtasun-neurrien faltagatik.  Badirudi prozedura ere eten egin beharko litzatekeela, eta, beraz, artikulu hau berrikustea gomendatzen da.

Hirugarren Azken Xedapena. Industria-segurtasunari buruzko araudia bete behar duten instalazioen eta ekipoen aldizkako ikuskapenak kudeatzeko prozedurari buruzko urtarrilaren 16ko 5/2018 Dekretua aldatzea

Xedatzen da urtarrilaren 16ko 5/2018 Dekretuaren (industria-segurtasunari buruzko araudia bete behar duten instalazioen eta ekipoen aldizkako ikuskapenak kudeatzeko prozedurari buruzkoa) 3. artikuluko bigarren paragrafoa honela idatzita geratuko dela:

“2. Aldian behingo ikuskapen orori buruzko ziurtagiria, txostena edo ikuskapen-akta egingo da, kasuan kasuko erregelamendu sektorialek agindutakoaren arabera, eta agiri horien kopia entregatu beharko zaio instalazioaren edo ekipoaren titularrari, eta, hala badagokio, enpresa mantentzaileari, gehienez ere 15 eguneko epean, ikuskapena egiten denetik zenbatzen hasita, salbu eta akats oso larriak daudenean, orduan bidali beharko baita dagokion ikuskapena edo berrikuspena amaitzean, eta, nolanahi ere, amaitu aurreko hogeita lau ordu igaro aurretik”.

24. artikuluari buruz (ikuskapen-aktak) adierazitakoarekin bat etorriz, iradokitzen dugu eranstea, akats oso larrien kasuan, aktaren kopia industria-segurtasuneko administrazioari ere bidali beharko zaiola.

Xedapen gehigarri bat gehitzea

Xedapen gehigarri bat gehitzea proposatzen da, eduki honekin:

“6. Xedapen Gehigarria:  erantzukizunpeko adierazpenen ereduakIndustria Sailaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/industria) erantzukizunpeko adierazpenaren ereduak eskuratu ahal izango dira”

Halaber, eredu horiek lege-testu honen eranskin batean jaso beharko dira.

V.- ONDORIOA

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak uste du egokia dela “industria-segurtasunari buruzko dekretu-proiektua” izapidetzea, kontsulta-organo horrek egindako gogoak aintzat hartuz.

a

Bilbo, 2020ko urtarrilaren 27a

O.E. Presidentea  Idazkari Nagusia
Emilia M. Málaga Pérez Lorea Soldevilla Palazuelos