Argitalpenak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

Irizpena 4/20

Irizpena 4/20

4/20 Irizpena, Landa-ingurunearen Garapeneko Lege-aurreproiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

1.- SARRERA

2019ko abenduaren 20an, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren idazki bat sartu zen Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean, “Landa-ingurunearen Garapeneko Lege-aurreproiektuari” buruzko txostena eskatzeko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen maiatzaren 17ko 8/2012 Legearen 3. artikuluak ezarritakoaren arabera.

Lege horren xedea da euskal landa-ingurunearen garapen jasangarrirako jarduerak arteztuko dituen arau-esparrua arautzea eta ezartzea, lurraldearen gainerako eremuarekiko berdintasunez finka dadin, herrialdearen garapenerako eta ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesiorako funtsezko eragile gisa. Era berean, EAEko landa-eremuen arloko politikak aplikatzeko erakundeen arteko gobernantza eta lankidetza-mekanismoak ezartzea du helburu, lurralde-garapenaren esparruan ekintza publiko koordinatua eta osagarria lortzeko.

Agiriaren kopia berehala bidali genien Kontseiluaren Osoko Bilkurako kide guztiei, proposamenak eta iritziak bidal zitzaten eta Lan Batzorde egokiari helaraz ziezazkioten, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduari buruzko Araudiak ezarritakoari jarraiki. 2020ko urtarrilaren 30ean, Ekonomiaren Garapenerako Batzordea bildu zen, eta, hartutako erabakietatik abiatuta, irizpen-proiektu hau egin zen, Kontseiluaren otsailaren 12ko Osoko Bilkurara helarazteko, eta Osoko Bilkurak aho batez onartu du otsailaren 12an.

 II.- EDUKIA

 Lege-aurreproiektuak zioen azalpena, 4 titulutan egituratutako 17 artikulu, xedapen indargabetzaile bat eta 4 azken xedapen ditu.

Zioen azalpenean argudiatzen da, lehenik eta behin, Landa Garapeneko estrategia berria ezarri behar dela, Landa Garapenari buruzko apirilaren 8ko 10/1998 Legeak jasotakoa ordezteko, aldaketa sozioekonomiko eta politiko batzuen ondorioz eta lege horretan araututako proposamen batzuek ez baitute aurreikusitako eragina izan.

Beste estrategia bat garatu nahi da, besteak beste, honako alderdi hauek aintzat hartzen dituena:

  • Landatartasunaren kontzeptua aitortu eta, EBk bultzatzen duen Lurralde Kohesiorako Politikaren ildoaren bat etorriz, lurralde-garapenaren alderdia lantzen duen ikuspegia,
  • Lurraldean jarduten duten politika publiko guztien koordinazio, bateratze eta elkarreragin handiagoa,
  • Nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-arloetako jarduera ekonomikoak modu iraunkorrean eta berariazkoan bultzatzea, landa-eremuei atxikitako eta berezko jarduera gisa,
  • Landa-ingurunean zeharka jarduten duen gobernantza aurreratu berria ezartzea, paradigma berri horietara egokitzeko asmoz,
  • Indarrean dauden tresnak garatzea edo aldatzea (finantzabidea, antolaketa, plangintza, zonifikazioa eta arauak), eta estrategia berri hori garatzeko tresna berriak sortzea, besteak beste, indarrean dagoen Landa Garapeneko Legea gainditzea, helburu estrategikoak, helburu orokorrak eta sektorialak birdefinitzea.

Estrategia horren helburua dugu euskal landa-ingurunea funtsezko giltzarri gisa kokatzea herrialdearen garapenean eta ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioan, landa-ingurunea berdintasunez ager dadin lurraldearen gainerako eremuetan, berrikuntzari, modernitateari eta ekintzailetzari dagokienez, eta, horrela, herrialdearen ikuspegi berria eta osoagoa lortzen lagundu du. Hori guztia, nekazaritza-jarduerak Euskadiko lurralde- eta ingurumen-kudeaketan duen eginkizun estrategikoa bazter utzi gabe, bai eta berebiziko eginkizun ekonomikoa duela eta elikagaien hornitzailea ere badela aintzat hartuta.

I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK izeneko atalean (1. artikulutik 6. artikulura), legearen xedea, landa-garapenari atxikitako printzipioak, landa-garapenaren helburu estrategikoak, orokorrak eta arlokoak eta zenbait definizio ematen dira.

2. artikuluak landa-garapeneko politikak eta jarduerak zer printzipiori egokitu behar zaizkien ezartzen du, hau da, eremu horretako politikak eta jarduerak arteztu behar dituzten balioen multzoa. Balio horien artean, nabarmentzekoak dira, besteak beste, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna, landa-eremuko emakumeen ahalduntzea, euskal landa-ingurunearen kultura-nortasuna babestea eta euskararen erabilera bultzatzea.

3, 4 eta 5. artikuluetan, landa-garapenaren helburu estrategikoak, orokorrak eta arlokoak agertzen dira. Helburu estrategikoetan, hauexek ditugu:

a)     Euskal landa-eremua babestea, bereziki, nekazaritza-jarduerak garatzen direnekoa eta mendialdeak dituenekoa.

b)     EAEko landa-eremuetan jarduera ekonomikoa sustatzea eta dibertsifikatzea, herrialdearen garapen ekonomikoa bultzatzeko eta bertako biztanleria eta zerbitzuak finkatzeko.

c)     Euskal landa-eremuko biztanleriaren ongizate-maila hobetzea, bai eta despopulazioa geldiaraztea ere, Euskadiko gizarte- eta lurralde-kohesiorako funtsezko faktorea den aldetik.

Helburu orokorrak, funtsean, hiru dira: euskal landa-eremua babestea, Euskal Herriko landa-eremuetan jarduera ekonomikoa sustatzea eta dibertsifikatzea, eta euskal landa-eremuko biztanleriaren ongizate-maila hobetzea eta despopulazioa geldiaraztea.

Eta arlokoak, berriz, 10 gairen inguruan egituratzen dira: lurraldearen antolamendua; nekazaritza, basogintza eta elikagaigintza; natura-ondarearen eta ingurumenaren kontserbazioa; landa-ingurunearen ekonomia-ehuna dibertsifikatzea eta enplegua sortzea; landa-eremuetako/-erakundeetako oinarrizko azpiegiturak; etxebizitza; hezkuntza, kirola eta kultura; osasuna eta gizarte-ongizatea; IKT eta berrikuntza. Azkenik, 6. artikuluak legea aplikatzeko definizioak ematen ditu, terminologia erkidea erabiltzeak haren aplikazioa argiago eta seguruagoa ahalbidetuko duelakoan.

II. TITULUA. ZONIFIKAZIOA ETA PLANGINTZA-TRESNAK izeneko atalean (7. artikulutik 11.era) euskal landa-eremuaren zonabanatze berria proposatzen du, bai eta tokiko proiektuak eta ekimenak bultzatu beharreko erakunde-politikekin lerrokatzeko aurreikusi diren plangintza-tresna nagusiak ere.

Legeak, 8. artikuluan, funtsezko bi tresna jasotzen ditu euskal landa-ingurunearen plangintzari ekiteko: Lurralde Garapenerako Planak (LGP) eta Landa Garapeneko Eskualde Programak (LGEP). Tresna horiek landa-garapeneko politikaren funtsezko elementuak dira, landa-eremuen tipologia desberdinak garatzeko egin beharko diren jarduketak tresna horien inguruan egituratuko baitira.

9. artikuluan arautzen diren Lurralde Garapenerako Programek (LGP) erantzuten diote, gerora zehaztuko diren landa-eremuetako tipologia bakoitzari gagozkiola, legean ezarritako helburu orokorrei buruzko diagnostikoa ezartzeko beharrari, eta argi eta garbi adierazi behar dute arloko helburuak, jarduera-ardatzak eta garapenean esku hartzen duten eragile instituzionalak zein diren. Horrez gain, Lurralde Garapenerako Programek men egin beharko diete bakoitzaren jarduera-eremu geografikoari eragiten dioten lurralde-antolamenduko tresnei.

Lurralde Garapenerako Programek landa-ingurunearen lurralde-garapenerako ekintza politiko instituzionalaren eta sektore anitzekoaren ibilbide-orri gisa jardungo dute, eta Landa Garapeneko Eskualde Programak eta, hala badagokio, Tokiko Garapeneko Estrategiak egiteko eta lerrokatzeko gida izango dira.

Bestalde, 10. artikuluan zehazten diren Landa Garapeneko Eskualdeko Programek (LGEP) eskualde-eremu bakoitzean ezarri beharreko jarduera-ildo eta proiektu nagusien zehaztapenak eta lehenespenak nabarmentzen dituzte, goranzko ikuspegia (“bottom-up”) zainduz, bai horiek egitean, bai hedatzean, bakoitzean eragiten duten LGPen gidalerroak betez.

Era berean, borondatez ezartzen dira Toki Garapenerako Planak (11. artikulua) EAEko landa-eremuak dituzten udalerri eta kontzejuentzat, bultzatu beharreko premiei eta proiektuei buruzko hausnarketa- eta plangintza-tresna bat izan dezaten, gauzatu beharreko jarduketen programazio zehatzagoa izateko helburuz, kasuan kasuko udalerriaren eremuari dagokionez, betiere eragiten dieten Landa Garapeneko Eskualdeko Programekin bat etorriz eta horiekiko koherentziaz.

III. TITULUAK (12. artikulutik 15. artikulura) euskal landa-eremuetan bultzatu beharreko jardueren gobernantza garatzen du, eta bi kategoria bereizten ditu: ikuspegi instituzionalaren gobernantza, batetik, eta ikuspegi publiko-pribatuaren gobernantza, bestetik.

Gobernantza instituzionala (13. artikulua) Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek beren eskumenen esparruan egindako jarduera estrategikoei buruzkoa da. Gobernantza instituzionalaren maila horretan, Legeak politika instituzional eta sektorialak zaintzeari lotutako landa-zaintzaren ikuspegia azpimarratu nahi du, landa-garapeneko politiketan aurreikusitako helburu eta jardueretara egokitzeari dagokionez. Dagoeneko, ikuspegi hori ezarrita dago EBko herrialde batzuetan.

Horregatik, Legeak xedatzen du EAEko Administrazio Orokorrak edo foru-administrazioek sustatutako plan, programa eta ekimen instituzional guztiei gagozkiela, lege honetan xedatutako landa-eremuetan eragina duten helburu orokorrei eta/edo sektorialei eragiten badiete, erakunde sustatzailearen barruan landa-garapenaren arloan eskumena duen sailak txostena egin beharko duela onartu aurretik.

Landa-garapeneko politiken eta jarduketen kontrola, jarraipena eta ebaluazioa egiteko, egungo tresnak baino kontrol- eta jarraipen-mekanismo bizkorragoen eta errazagoen alde egiten da, landa-garapenaren arloan eskumena duten zuzendaritzek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Foru Administrazioko lau erakundeetan egin beharreko jarduera eta eginkizun berrien bidez, erakunde bakoitzaren eskumen-esparruak zaindurik.

Maila horretan, gobernantzaren koherentzia, eraginkortasuna eta koordinazioa ziurtatzeko, legeak funtsezko eginkizuna ematen dio Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapeneko Batzordeari. Batzorde hori Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen bidez sortu zen, eta lege hau dela medio aldatu egiten da, honako honek landa-garapenari buruz ematen dizkion funtzio berriak har ditzan. Hala, batzorde horrek funtsezko zeregina izango du lehen aipatutako plangintza-tresnak aldez aurretik onartzean eta ikuskapen-txostenak onartzean.

Tokiko ikuspegiko gobernantzari dagokionez, arauak egungo ereduaren funtsezko aldaketa proposatzen du, lankidetza publiko-pribatuko formula berri baten bidezkoa (14. artikulua), bereziki, Landa Garapeneko Elkarteen (LGE), Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien arteko harremanetan oinarriturik, lehenengoek lege honen helburuak modu eraginkorragoan betetzen lagun dezaten.

Horregatik, Landa Garapeneko Elkarteen eginkizun garrantzitsuarekin bat etorriz, administrazio publikoaren agente laguntzaile diren aldetik, Legearen helburuak lortze aldera, bereziki, LGPEen kudeaketa, aurreko Legean araututako lankidetza-hitzarmenaren ordez, atxikimendu-hitzarmen bat ezarri da, Eusko Jaurlaritzak beste eremu batzuetan lehendik ezarri duenaren modukoa.

Era berean, kudeaketa-zerbitzu berria sortu da HAZI fundazioaren barruan, LURRALDE izenekoa, eta erakunde hori atxikitako LGEekin koordinatuko da 14.6 artikuluak xedatutakoari jarraiki, landa-garapenaren arloko jarduketen koherentzia bermatu eta indartzeko helburuz.

IV. TITULUAK LANDA-GARAPENERAKO JARDUKETAK FINANTZATZEKO zenbait arau eta printzipio ezartzen ditu (16. eta 17. artikuluak). Arau horiek lurralde-kohesioaren ikuspegitik abiatzen dira, eta Europako Egitura eta Inbertsio Funtsei (EEIF) lotutako EAEko programa operatiboek finantza-esparru horretan batera parte hartzea ezartzen dute. Era berean, landa-eremu edo -gune jakin batzuetan, sakoneko ikuspegia aplikatzeko aukera sustatzen eta zabalik uzten du, hori komeni eta egingarria denean.

III.- GOGOETA OROKORRAK

“Landa Garapenari buruzko Lege Aurreproiektua” aurkeztu digute irizpena eman dezagun. Aurreproiektu horrek, lurralde-kohesioaren ikuspegitik, helburu estrategikoak eta sektorialak birdefinitzen ditu, landa-ingurunearen gobernantza-eredua berregituratzen du eta plangintza-, kudeaketa- eta finantzaketa-tresna berriak txertatzen ditu, horietako batzuk EBk berak bultzatutakoak, indarrean dagoen Landa Garapenari buruzko apirilaren 8ko 10/1998 Legea ordezkatzen duela.

Arau horren izaera dela eta, zeharo garrantzitsua da parte hartzen duten eragile eta sektoreekin ahalik eta gehien hitz egitea.

Halaber, gure balorazioa egin aurretik, lege-aurreproiektu honen inguruan eztabaidatzeko indarraldiari buruzko gogoeta bat egin nahi dugu:

 Gure iritziz, komenigarria litzateke legegintza-proposamen garrantzitsu honen eztabaida beste denborazko eremu batean ezartzea, Erkidegoko Nekazaritza Politika (ENP) berriaren garapena Europar Batasunaren esparruan definitu eta gero; izan ere, zalantzarik gabe, ENPren bigarren zutabea, hau da, Landa Garapena, garatu beharko den finantza-, zuzenbide- eta arau-esparru berria taxutuko du.

Jaso dugun testuaren balorazioaz den bezainbatean, gaur egun landa-inguruneak duen ezaugarririk behinenak despopulazioa, zahartze-tasa handia, biztanleria aktiboaren etengabeko beherakada, ekoizpen-dibertsifikazio urria eta gazteentzako eta emakumeentzako aukerarik eza dira.

Proposatutako lege-aurreproiektuaren helburua da Euskadin Lurraldeko Landa Garapena sustatzea, aukera-berdintasuna eta kohesio ekonomiko eta soziala bermatzeko xedez, landa-inguruneko baldintza ekonomiko, sozial eta ingurumen-baldintza berezietara egokituta, Europako politiken eta ohiko politika sektorialen aplikazioa osatu ahal izateko, landa-ingurunearen garapen jasangarria lortzeko. Horregatik, balioetsi egiten dugu araua.

Era berean, euskal landa-ingurunean bertan eta hiri-ingurunearekiko elkarreraginean garrantzia duten zenbait eraldaketa garrantzitsu eta joera berri batzuk uztartzeari erantzun nahi izatea balioesten da. Aurreproiektuan jasotzen den bezala, EBren eremuko izaera sozioekonomiko eta ikuspegi politikoko eraldaketez ari gara.

Alde horretatik, gure iritziz, aurreproiektuak landa-eremuen garapenari eta hiriguneekiko elkarreraginari lotutako bi alderdi behar bezala hobetu nahi ditu:

•      Alde batetik, ingurunearen garapen ekonomiko eta soziala, eremu horietako jarduera ekonomiko tradizionalei balioa emanez, modernizatuz eta profesionalizatuz (hala nola nekazaritza, basozaintza edo basogintza, esaterako), bai eta herritarrek espazio horien kontserbazio eta gozamenarekin bateragarriak diren jarduera ekonomiko berriak sortuz eta bultzatuz ere (esaterako, landa-turismoa, aisialdi-zerbitzuak…). Era berean, azpimarratzekoa da ikuspegi sozioekonomikotik garrantzitsuak diren bi gairi eman nahi zaien bultzada:

  1.  Eremu horietan, ekintzailetza, barne-ekintzailetza eta enpresa-dinamismoa sustatzea, bai eta lana antolatzeko eredu berriak garatzen laguntzea ere, Europako ingurumen- eta gizarte-politikekin bat datozenak, esate baterako, ekonomia zirkularra edo elkarlaneko ekonomia. Halaber, enpresa txiki eta ertainak (ETEak) eta mikroETEak finkatzeko ingurune erakargarria bultzatzea.
  2.  Jarduera ekonomiko horietan eta enpresa kooperatiboen, elkarteen eta, oro har, landa-ingurunean dauden erakundeen erabaki-organoetan emakumearen presentzia handiagoa sustatzeko neurriak.

Hala ere, landa-inguruneko ekonomia-ehuna dibertsifikatzeko eta enplegua sortzeko neurrietan, lan-ildo baten falta sumatzen dugu, jarduera horietako profesionalek laneko segurtasunari eta osasunari buruz duten ezagutza hobetzea, hain zuzen ere. Gogora ekarri behar da lan-istripuek gehien eragiten duten sektoreetako bat lehen sektorea dela Euskadin, eta landa-eremuetako jarduera ekonomiko tradizionalak barne hartzen dituela (esaterako, basogintza edo nekazaritza).

•      Bestalde, lurralde-kohesioa lortu nahi da, funtsean, gobernantza koordinatuagoa eta hobeto planifikatua garatuz eta, era berean, landa-eremuen eta hiri-eremuen arteko lotura handiagoa eta hobea sustatuz. Eremu horiei dagokienez, honako hau aipatu behar da:

  1. Egoki deritzogu lankidetza publiko-pribatua gobernantza berriaren zutabeetako bat izateari. Hala ere, zalantzak sortzen dizkigu zioen azalpenean lankidetza hori irabazi-asmorik gabeko elkarteei soilik mugatzeak, lege-aurreproiektu honen 8. orrialdean jasotzen den bezala: “Euskal administrazioak, horrela, tresna berri bat du landa-garapenaren eremuan, irabazi-asmorik gabeko sektore publiko eta pribatuaren arteko lankidetza ahalbidetzen duena, bere baliabideak antolakuntzan modu eraginkorragoan eta eragingarriagoan txertatuz”. Ez dugu ulertzen beste parte-hartze mota bat baztertzea. Nolanahi ere, artikuluetan ez da islatzen nola garatuko den lankidetza hori irabazi-asmorik gabeko elkarteekin (ez da zehazten zioen azalpenean adierazten den bereizketa); horrek, bada, segurtasun juridikorik eza sortzen du.
  2. Interkonexioari dagokionez, badakigu landa-eremuetako despopulazioa gaur egungo gertakaria dela eta hainbat ondorio kaltegarriak dituela (hala nola natura-inguruneaz ez arduratzea, kaltetutako biztanleria isolatzea, etab.). Alde horretatik, Euskadik, kalitatezko interkonexio fisiko eta digitala bilatuta, mota horretako egoerak saihestu ditzake, eta, are gehiago, landa-eremuen kalitatea eta ongizatea hobetu. Horregatik, lege-aurreproiektuan jasotzen diren digitalizazio-neurriak nabarmendu behar dira, hiri-ingurunearekiko interkonexio hori ahalbidetzen baitute. Era berean, eremu horietako ingurune sozioekonomikoa modernizatzen eta profesionalizatzen laguntzen dute. Hala ere, orain izapidetzen ari den Euskadiko Mugikortasunaren Legearen aurreproiektuari buruzko aipamenen baten falta sumatu dugu, bi legeak koordinatu ahal izateko eta, horrela, datozen urteetan landa-eremuen eta hiri-eremuen arteko lotura fisikoa hobetzeko oinarriak ezartzeko.

Aurrekoari kalterik egin gabe, hobetu eta/edo gehitu beharko liratekeen zenbait gai aipatu nahi ditugu proposatutako testuan:

 I. Arauaren hasieratik, nekazaritza-abeltzaintzako eta basogintzako sektoreak landa-garapenaren ardatz egituratzaile gisa duen ezinbestekokasuna nabarmendu beharko litzateke; izan ere, garapen teknologikoari, hiri-ingurunearen eta landa-ingurunearen arteko hurbilketari, edo landa-eremuetako biztanleen bizi-kalitatearen hobekuntzari berari lotutako helburu askok, harrigarria bada ere, tradizioz tokikoak eta landa-eremukoak izan diren jardueren kalterako izan daitezkeen “hiri-politikak” gauzatu ditzakete. Asmo horrekin bat, aurreproiektuaren 1. artikulua (Legearen xedea) osatzea proposatuko dugu berariazko gogoetetan.

Era berean, plangintza-tresnetan, arau honetan jasotako landa-eremuen tipologiak garatzeko politika instituzionalak programazioaren gaineko oinarrizko bi tresnaren inguruan egituratuko dira: Lurralde Garapenerako Programak (LGP) eta Landa Garapeneko Eskualde Programak (LGEP).

Adierazi nahi dugu aipaturiko tresnak landa-garapenaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailak, foru-aldundiek, HAZIk, LURRALDEk eta EUDELek (lehenengo kasuan) prestatzen dituztela, baina ez dute horietan parte hartzen nekazaritzako eta basogintzako lanbide-arloetako zuzeneko ordezkaririk (nekazaritzako sindikatuetako eta baso-elkarteetako ordezkaririk, esan nahi da). Horrenbestez, arauan proposatzen denden bezala, parte hartzeko organo bakarrak udalerriek prestatzen dituzten borondatezko planak izango lirateke, hots, Tokiko Garapen Planak (TGP) eta Tokiko Garapeneko Estrategia Parte-hartzailea (TGEP).

Hala, Euskadiko Nekazaritza, Elikagaigintza eta Landa Garapeneko Kontseiluan baino ez litzateke kontsultarik egingo. Erakunde berri horren xedea dugu nekazaritza-arloko eragile esanguratsuenei eta euskal administrazioei entzutea, biak koordinatzea, kontsultak egitea eta aholku teknikoak ematea Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-politikak eta landa-garapeneko politikak diseinatzeko, baina ez dago argi nekazaritzaren eta basogintzaren sektorearen ordezkaritza kontseilu horretan; izan ere, kontseilu horretako ordezkaritza eta zereginak oraindik ere garatu gabe dago.

Eta, ildo horretan, berariazko gogoeten atalean, aldaketak proposatuko ditugu Lege-aurreproiektuaren 9. eta 10. artikuluetan (Lurralde Garapenerako Programez eta Landa Garapeneko Eskualde Programez dihardute artikuluok).

II. Aztergai dugun lege berriak, azken xedapen batean, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 92. eta 93. artikuluak aldatzen ditu, Euskadiko Nekazaritza, Elikagaigintza eta Landa Garapeneko Kontseiluari eta Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapeneko Batzordeari buruzkoak, hurrenez hurren.

Gure ustez, aldaketa hori baliatu beharko litzateke elkargune horiei dagozkien esparruetan gure erkidegoko enpresa- eta sindikatu-erakunde adierazgarrienei presentzia eta parte-hartze handiagoa emateko, parekidetasun-baldintzetan. Ildo horretan, iritzia emango dugu berariazko gogoetetan.

III. Landa-garapenaren eta ekintza klimatikoaren arteko lotura sendoago ez azaltzearen falta sumatu dugu, horrek trantsizio ekologiko nabarmena ekarriko baitu gizarte osoarentzat. Egia da ondarearen zaintzari buruzko neurriak jasotzen direla, eta ekonomia zirkularra ere aipatzen da, baina kontu horiek apur bat lausoturik ageri dira.

Horren haritik, berriz ere gogorarazi nahi dugu izapidetzen ari diren legeak behar bezala koordinatu behar direla. Kasu zehatz honetan, aurreproiektu hau, bereziki, klima-aldaketaren lege-aurreproiektuarekin, natura-ondarearen lege-aurreproiektuarekin eta mugikortasun jasangarriaren lege-aurreproiektuarekin batera koordinatzea iradokitzen dugu.

IV. Zioen azalpenean, egungo Legean araututako zenbait proposamen (Landaberri, Landaraba, Landagipuzkoa, Landabizkaia, Landa Garapeneko Aholku Kontseilua eta, oro har, nekazaritza-arlotik kanpoko sailen eta sare publikoen esku-hartzea), funtzionatu ez izanaren arrazoien deskribapenaren hutsunea igarri dugu; izan ere, aurrekoa dela eta, disfuntzioak sortu dira legearen aplikazioan (esate baterako, Landa Garapeneko Elkarte batzuen zereginen bilakaera heterogeneoari dagokionez).

Aztergai darabilgun Legearen 4. orrialdean, disfuntzio batzuk egon direla besterik ez da adierazten, baina ez dira horiek deskribatzen eta azalpen hori eman beharko litzateke, proposamenak eta aurreproiektu honen proposamen berria hobeto ulertze aldera.

V. Legeak arautzen dituen garapen-programen iraupenari gagozkiola, argitu beharko litzatekeen nahasmen bat adierazi nahi dugu, testua berrikustea komeniko litzatekeela eta.

Hala, Lurralde Garapenerako Programetan (LGP) adierazten da horietan azalduko dela zenbat denboran egongo diren indarrean, eta gero esaten da EBko egitura-funtsetarako indarrean dauden urte anitzeko finantza-esparruekin bat etorriko direla (9.3 artikulua). Landa Garapeneko Eskualde Programetan (LGEP) (10.5 artikulua), bestalde, adierazten da Lurralde Garapenerako Planen indarraldi bera izango dutela, baina indarrean hasi eta hiru urtera bitarteko ebaluazio bat egingo da; horrek esan nahi du LGPek hiru urtetik gorako iraupena izango dutela (dirudienez, sei urtekoa izango da indarraldia, berariaz esaten ez bada ere).

11.2 artikuluan, aldiz, adierazten da Tokiko Garapen Planek (TGP) LGPekin eta LGEPekin bat etorri beharko dutela eta, gutxienez, bi urteko plangintza-aldia izango dutela… Beste alde batetik, 15. artikuluan, LURRALDEren funtzioak arautzen direnean, e) atalean urteko kudeaketa-planak aipatzen dira.

Nolanahi ere den, gure ustez, araudiaren garapenari doakio beren-beregi eduki hori, Legeari berari baino gehiago.

IV.- GOGOETA BEREZIAK

Zioen azalpena

Lehenik eta behin, zioen azalpenean ideia hauek sartzea gomendatzen da:

  • Landa-garapeneko planen gobernantza indartzeko beharra azpimarratu behar da, administrazioen koordinazio handiagoa landuz eta landa-lurraldeetara bideratzen diren inbertsioen sinergia handiagoa bilatuz.
  • Administrazioen arteko lankidetza bertikalean eta horizontalean aurrera egin beharko litzateke landa-garapena sustatzeko.
  • Toki administrazioek zeregin nabarmena izango lukete arlo honetan, eta administrazioen arteko mekanismoak ere jar ditzakete martxan, jarduerak abian jartzen eta finantzatzen laguntzeko. Landa-politiken gobernantzarekin batera, politika horien jarraipena egiteko tresnak garatu eta abian jarri beharko lirateke, gizarte- eta ekonomia-esparruetako eragile esanguratsuek eta gizarte zibilak ere parte hartzen dutela, gastuaren gauzapenaren kontrola bermatzeaz gain, landa-garapena hobetzea xede duten politika publikoen arrazionaltasuna, eraginkortasuna eta eragingarritasuna areagotzeko; hori guztia, EAEko aurrekontu baten bidez oinarritu beharko litzateke, EBren nekazaritza-politikatik datozen funtsak behar bezala osatuta.
  • Landa-garapena kontzeptu horizontaltzat hartu behar dugu, berariaz nekazaritzakoa ez den arren, nekazaritza erabiltzen baitu landa-garapen anitza eta jasangarria bultzatzen duen aberastasuna
  • Enplegua sustatzeari eta landa-inguruneko aktiboei eusteari lotutako landa-garapena behar dugu; horretarako, funtzio-aniztasuna sustatu behar du, eta enplegu-tasa handienak sortzen dituzten sektore eta jarduera ekonomikoak bultzatu.
  • Landa-eremuak biziberritzea, gaur egun, funtsezko lehentasuna da, eta garapen inklusibo, justu eta jasangarriaren eredua eraikitzeko beharrezkoa dugun lurralde-orekan oinarritzen eta justifikatzen da. Oinarri horren gainean, landa-garapeneko zutabeak landa-eskualde eta -lurraldeak gizartea eta ekonomia suspertzen lagundu behar du argi eta garbi, eta, horretarako, funtsezkoa da ekonomia dibertsifikatzeko estrategiak bultzatzea eta ekoizpen-eredu baten trantsizioak ekar dezakeen ekonomia- eta enplegu-potentzial guztia garatzea.

Era berean, Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapeneko Politikaren Kontseiluari EAEn ordezkaritza handiena duten enpresaburuen eta sindikatuen ordezkaritza parekotasun-baldintzetan txertatzearen komenigarritasunari buruzko gogoeta orokorretan azaldutakoa berriro adierazita, gomendatzen da, zioen azalpenaren 7. orrialdean, 7. paragrafoaren ondotik, testu hau gehitzea:

“Abenduaren 23ko 17/2008 Legearen bidez sortu zen Nekazaritza, Elikagaigintza eta Landa Garapeneko Kontseiluaren osaera aldatzeari ekin zaio, EAEn ordezkaritza handiena duten enpresa- eta sindikatu-erakundeek bertan parekotasun-baldintzetan parte hartuko dutela bermatzeko”.

1. artikulua. Legearen xedea

Artikulu horren 1. atalak honako hau xedatzen du: “Lege honen xedea da euskal landa-ingurunearen garapen jasangarrirako jarduerak artezten dituen arau-esparrua arautzea eta ezartzea, lurraldearen gainerako eremuarekiko berdintasunean koka dadin, herrialdearen garapenerako eta ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesiorako funtsezko faktore gisa”.

Letra lodiz nabarmendutako aldaketak egitea eta gehitzea gomendatzen da, testua honela gera dadin:

“1. Lege honen xedea da euskal landa-ingurunearen garapen jasangarrirako jarduerak gidatzen dituen arau-esparrua arautzea eta ezartzea, lurraldearen gainerako eremuarekiko berdintasun-mailan koka dadin, herrialdearen garapenerako eta ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesiorako funtsezko faktore gisa. Horretarako, ezinbestekoa da nekazaritza-abeltzaintzako eta basogintzako jarduerak gogoan izatea, landa-lurraldea sortu eta egituratzen baitu. Jarduera hori sustatzea oinarrizko tresna da landa-eremuko biztanleria eta lurraldea mantentzeko eta garatzeko”.

Justifikazioa: lehen bi aldaketak gorago azpimarratutako adierazpenen hobekuntzen ondorio dira.

Gehitutako testuari dagokionez, nekazaritza-abeltzaintzako eta basogintzako sektoreak landa-garapenaren ardatz egituratzaile gisa duen ezinbesteko garrantzia azpimarratzeko beharrari erantzuten dio, gogoeta orokorretan adierazi dugun moduan.

3. artikuluari (Landa-garapeneko politiken helburu estrategikoak) eta 4. artikuluari (Landa-garapeneko politiken helburu orokorrak) buruzko gogoeta formala

Bi artikulu horietan xedatutakoa aztertu aurretik, idazketari buruzko kontu bat adierazi nahi dugu:

5 artikuluak (Landa-inguruneko politika instituzionalen arloko helburuak) ez bezala, non helburuak infinitiboan emanda dauden (sustatu, indartu, bultzatu…), 4. artikuluak Landa-garapeneko politiken helburu orokorrak ematen ditu izenak erabiliz:

Hala, adibidez, VII. atalean aipatzen da “Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) erabilera landa-eremuetako biztanleen bizi-kalitatea eta lana hobetzeko eta landa-ingurunearen isolamendua arintzeko”. Komenigarria dirudi zehaztea “erabilera indartzeaz” edo “erabilera errazteaz” ari den, edo bi helburuez.

VIII. atalean, honako hau aipatzen da: “Landa-ingurunean etxebizitza eskuratzea, eremu bakoitzaren ezaugarri sozioekonomikoak, paisaiakoak eta ingurumenekoak errespetatzen dituen hirigintza aintzat hartuta”. Komenigarria dirudi, kasu honetan, “eskuratzen laguntzea” jartzea.

Beste alde batetik, 3. artikuluak landa-garapeneko politiken helburu estrategikoak izenak erabiliz ematen ditu (babesa, sustapena…), baina, agian, komenigarriagoa litzateke helburu guztiak infinitiboan emandako aditzak erabiliz ematea.

3. artikulua. Landa-garapeneko politiken helburu estrategikoak

Lehenik eta behin, artikulu honetako a) atalean, letra lodiz azpimarratutakoa gehitzea gomendatzen da:

“a) Euskal landa-eremua babestea, bereziki, nekazaritza-abeltzaintzako jarduerek eta mendi-eremuek hartzen dutena, EAEko lurraldea egituratzen duen eta haren paisaiarik adierazgarriena eratzen duen funtsezko elementu gisa”.

Justifikazioa: Euskal nekazaritza-paisaia formula nahiko uniformeari jarraiki egituratzen da: belardi iraunkorrak eta askotariko laboreak eremu txikietan: artoa, lekadunak eta bazka-laboreak, baratzea eta fruta-arbolak; malda handiagoa den lekuetan, lurraren baso-erabilera aukeratzen da. Belardiak abeltzaintzaren ondorio dira eta, beraz, jarduera horrek paisaia itxuratzen du.

Bestalde, komenigarritzat jotzen dugu “Nekazaritza-abeltzaintzako jarduera” gehitzea lege-aurreproiektuaren 6. Artikuluan jasotako definizioetan, artikulu horri buruzko gogoetan azalduko dugun bezala.

Bigarrenik, b) atala aldatzea iradokitzen da, honela:

“b) EAEko landa-eremuetan jarduera ekonomikoa sustatzea eta dibertsifikatzea, landa-eremuen eta herrialdearen garapen ekonomikoa bultzatzeko eta bertako biztanleria eta zerbitzuak finkatzeko”.

Justifikazioa: landa-garapeneko politiken helburu estrategikoetako bat landa-eremuen eta herrialdearen garapen ekonomikoan laguntzea dela nabarmendu nahi dugu, babes nagusia eremu horiek direla azpimarratuz.

4. artikulua. Landa-garapeneko politiken helburu orokorrak

Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuetan jarduera ekonomikoa sustatu eta dibertsifikatzeari dagokionez, IV. helburuan letra lodiz azpimarratuta dagoena gehitzea gomendatzen da:

“IV. Ekintzailetza eta barne-ekintzailetza sustatzea euskal landa-ingurunean, barruko enpresa-dinamismoaren sustapena bilatuz eta berrikuntzari lotutako ekintzailetza-agertoki berriak aurreikusiz, bereziki lurralde adimenduneko testuinguru digitaletan (“smart territory”), bai eta landa-balioko kate berriak ere, bioteknologiaren, gizarte-ekonomiaren eta ekonomia zirkularraren esparrutik abiatuta, enplegu egonkorrak eta kalitatezkoak sortu eta gizarte-onura argiak eman ditzaten”.

5. artikulua. Landa-inguruneko politika instituzionalen arloko helburuak

Lehenik eta behin, artikulu horren lehenengo paragrafoak honako hau ezartzen du: “Eskumena duten erakunde eta organismoek artikulu honetan ezarritako helburu sektorialak lortzera bideratuko dute beren jarduna, landa-eremuen tipologien ondoko definizioan sartutako lurralde-eremuetako bat hartzen duten landa-eremuetan, osorik edo zati batean”.

Gure ustez, testu honen idazketa berrikustea komeni da, edukia argitze aldera.

1. atalean, Lurraldearen antolamenduari dagokionez, b) atalean letra lodiz azpimarratuta dagoena gehitzea gomendatzen da:

“b) Nekazaritza eta Basozaintzako LAPen eta Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen bigarren titulutik eratorritako araudian ezarritako nekazaritza-lurzoruaren defentsarako tresnak garatzea eta aplikatzea, nekazaritza-lurzorua uztea eta artifizializatzea eta espekulazioa saihesteko oinarrizko elementu gisa”.

2. atalean, Nekazaritza, basogintza eta elikaduraren arloan, letra lodiz nabarmendutakoa gehitzea gomendatzen dira, honako atal hauetan:

“a) Nekazaritza-sektorearen lehiakortasuna sustatzea, produktuak kalitatearen, ingurumen-jasangarritasunaren eta elikagaien segurtasunaren arabera bereiz daitezen sustatuz, ekoizpen naturala eta ekologikoa sustatuz, elkartegintzaren eta kooperatibismoaren bidez sektore-egituraketa sustatuz, eta haren produktibitatea eta ekoizpen-kostuak optimizatzen dituen merkataritza-sustapena sustatuz, arreta berezia jarriz garapen endogenoko jarduketei eta hurbileneko merkatuetako sustapenari.

b) Basogintza oso-osorik eta basogintzako zur-jarduera sustatzea, jarduera tradizionala osatzen duten aukera berriak sustatuz, enplegu egonkor eta kalitatezkoak mantenduz eta sortuz.

d) Nekazaritza-errentari eusten laguntzea, Erkidegoko Nekazaritza Politikaren (ENP) finantza-baliabideak egokiro optimizatuz eta kudeatuz, eta irizpide soziolaboralak ezartzea finantza-baliabide horien birbanaketan”.

…”

Justifikazioa: lehenengo kasuan (a atala), elementu diferentziala delako gehitu da, eta elementu horrek berezko “Label” bat izan beharko luke.

3. atalean, Natura-ondarea eta ingurumena zaintzeari dagokionez,  letra lodiz nabarmendutako aldaketak egitea gomendatzen da honako atal hauetan:

“a) Ekosistemak eta haien zerbitzuak mantentzen eta leheneratzen laguntzea, bereziki Natura 2000 Sareko eremuak eta habitatak, bai eta abian jartzen diren ekintza-planetan katalogatutako paisaiak ere, kudeaketa-planak eta -tresnak basozaintzako eta ekonomiako jarduera tradizionalei eustearekin bateragarri eginez, eta herritarrek eremu horiek arduraz kontserbatu eta gozatzearekin bateragarriak diren jarduera ekonomiko berriak garatuz, betiere Euskal Herriko natura babesteari buruzko 1/2014 Legeak ezarritako esparruaren barruan.

b) Naturagune babestuak eta, bereziki, Natura 2000 sarea landa-lurraldeetarako aukera-tresna bihurtzea, EAEko ingurumen-helburuei eta landa-eremuetako jarduera ekonomikoari lagunduz.

e) KLIMA 2050 Estrategian, klima-aldaketaren arloan zehazturiko EAEko helburuekin bat etortzea.

…”

Azkenik, 4. atalean, Landa-inguruneko ekonomia-sarea dibertsifikatzeari eta enplegua sortzeari dagokienez, letra lodiz nabarmendutakoak gehitzea gomendatzen da, honako atal hauetan:

“a) Landa-eremuetako biztanleen aukera-berdintasuna errazten duen enplegu egonkor eta kalitatezkoaren sorkuntza sustatzea eta babestea, arreta berezia jarriz emakumeentzako, gazteentzako eta enplegua lortzeko zailtasunak dituzten beste kolektibo batzuentzako programa espezifikoen garapenean.

b) Ekintzailetza eta landa-ingurunean eta enplegu egonkor eta kalitatezkoak mantentzen eta sortzen dituzten enpresak sortzen laguntzeko funts, programa eta jarduera instituzionalak koordinatzea.

d) Euskal landa-ingurunean ETEak eta mikroenpresak erakartzeko eta finkatzeko tresna eta ekipamendu erakargarriak ematea, oinarrizko zerbitzuak sartuz, hala nola finantzak, aseguruak, aholkularitza eta kudeaketa, enpresa-sareari lan egiteko testuinguru estu eta fidagarria ziurtatzeko.

i)   Landa-ingurunean dauden enpresa, elkarte eta erakundeen erabaki-organoetan, emakumeen presentzia handiagoa sustatzeaingurune horretan emakumearen ahalduntzea indartzeko elementu gisa”.

6. artikulua. Definizioak

Lehenengoz eta bat, egokiagoa eta argigarriagoa iruditzen zaigu artikulu honetan jasotzen diren definizioak aurreko artikulu batean agertzea, adibidez, 2.ean, Legearen xedea 1. Artikuluan aipatu ondotik.

Gure ustez, berrantolaketa soil horrek erraztu egingo luke 6. artikulutik aurreko artikuluen ulermena.

Bigarrenik, 3. Artikuluaren inguruko gogoetan esan den legez, proposatzen da “nekazaritza-abeltzaintzako jardueraren” definizioa sartzea; horretarako, idazketa hau edo antzekoren bat iradokitzen da:

  • “Nekazaritza-abeltzaintzako jarduera: ekonomiaren lehen sektoreko jarduera, bi jarduera nagusitan banatuta: nekazaritzan edo nekazaritza-sektorean eta abeltzaintza edo abeltzaintza-sektorean”.

Bestalde, artikulu horretan bertan, nekazaritza- eta basozaintza-sektoreak sortutako ondasun publikoen edo kanpo-balio positiboen artean, letra lodiz adierazitakoa gehitzea gomendatzen da, “Nekazaritza eta basozaintzako sektorearen funtzio-aniztasuna” definizioaren zati gisa:

“Nekazaritza eta basozaintzako sektorearen funtzio-aniztasuna: nekazaritzako eta basogintzako sektoreak gizarteari egindako ekarpenen multzoa. Merkatuetarako elikagaiez eta lehengaiez gain, merkatuek ordaindu gabeko beste ondasun eta zerbitzu publiko batzuk edo kanpokotasunak ere hartzen ditu. Nekazaritzako eta basogintzako sektoreak sortutako ondasun publikoen edo kanpo-balio positiboen artean, honako hauek aipa daitezke:

- Klima-aldaketa arintzen eta egokitzen laguntzea.

Biztanleria landa-eremuan finkatzea”.

8. artikulua. Plagintza-tresnak

Artikulu honetan, letra lodiz adierazitako testua gehitzea gomendatzen da:

“Arau honetan jasotako landa-eremuen tipologiak garatzeko politika instituzionalek bultzatu eta lagundu beharreko jarduerak programazioari lotutako oinarrizko bi tresnaren inguruan egituratuko dira: Lurralde Garapenerako Programak (LGP) eta Landa Garapeneko Eskualde Programak (LGEP); horien prestaketan, EAEren eremuan ordezkaritza handiena duten enpresa- eta sindikatu-erakundeen benetako parte-hartzea bermatuko da”.

Justifikazioa: gogoeta orokorretan adierazi dugun bezala, eragile sozioekonomikoek, oro har, eta, bereziki, nekazaritza eta basozaintzako sektoreko ordezkariek, parte hartu behar dute LGPen eta LGEPen diseinuan.

9. artikulua (Lurralde Garapenerako Programak) eta 10. artikulua (Landa Garapeneko Eskualde Programak)

Nekazaritzako eta basogintzako sektoreetako ordezkariek garapen-programetan duten parte-hartzeari buruzko gogoeta orokorretan azaldutakoa berriro adierazita, letra beltzez nabarmendutakoa gehitzea gomendatzen da 9.5 eta 10.3 artikuluetan:

Art. 9.5. “Lurralde Garapenerako Programak landa-garapenaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak eskatuta egingo dira. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako sail egokien, hiru foru-aldundien eta EUDELen bidez ordezkatutako udalerrien parte-hartzea eta lankidetza izango dira, bai eta HAZI fundazioaren, LURRALDEren, Nekazarien Sindikatuen eta Baso Elkarteen kudeaketa-zerbitzuaren laguntza ere, lege honen 14. eta 15. artikuluetan xedatutakoaren arabera”.
 10.3 artikulua. “Landa Garapeneko Eskualde Programak landa-garapenaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailaren eskariz egingo dira; HAZI fundazioaren, LURRALDEren, Nekazarien Sindikatuen eta Baso Elkarteen kudeaketa-zerbitzu berriaren kontura egingo dira, lege honen 14. eta 15. artikuluetan xedatutakoaren arabera, Landa Garapeneko Elkarteekin (LGE) lankidetzan”.

Halaber, 9. artikuluaren 6. paragrafoan, letra lodiz nabarmendutako aldaketa egitea gomendatzen da:

“6. Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapenaren Batzordeak onartuko ditu Lurralde Garapenerako Planak. Batzorde hori lege honen azken xedapenetako lehenengoan xedatutakoaren arabera sortu zen, Euskadiko Nekazaritza, Elikagaigintza eta Landa Garapenaren Kontseiluari kontsulta egin ondoren, Lege honen azken xedapenetako lehenengoan xedatutakoaren arabera, eta Gobernu Kontseiluaren eta lurralde horietako foru-diputatuen kontseiluaren akordioen bidez berretsi beharko dira. Eusko Jaurlaritzako eta foru aldundietako sail guztietara eta EUDELera helaraziko dira nahitaez eta, era berean, Euskal Administrazioaren bitarteko informatiko ofizialetan argitaratuko dira”.

Azkenik, 10. artikuluaren 4. eta 5. ataletan, letra lodiz nabarmendutako aldaketak egitea iradokitzen da:

“4. Landa Garapeneko Eskualde Programak landa-garapenaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuaren agindu bidez eta ukitutako lurraldeetako aldundietako Diputatuen Kontseiluaren foru-dekretuen bidez onartuko dira, Euskadiko Nekazaritza, Elikagaigintza eta Landa Garapenaren Kontseiluari kontsulta egin eta gero, Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapenaren Batzordearen erabaki bidez.5.  LGEPen indarraldia Lurralde Garapenerako Planen berdina izango da, baina indarralditik hiru urtera, euskal administrazioaz besteko erakunde batek programa bakoitzaren tarteko ebaluazioa egingo du. Ebaluazio horretatik erator daitezke aldaketak, erakunde ebaluatzaileak hala gomendatzen badu, eta egokitzat jotzen baditu Eusko Jaurlaritzako sailetatik eta landa-garapenaren arloan eskumena duten hiru foru-aldundietatik, Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapenaren Batzordeak aldez aurretik hala adostuta. 

Aldaketak, halaber, landa-garapenaren arloan eskumena duten sailen agindu eta foru-dekretuen bidez onartuko dira, bai Eusko Jaurlaritzarenak, bai eragindako lurraldeetako foru-aldundienak ere”.

13. artikulua. Ikuspegi instituzionalaren gobernantza

Artikulu horren 2. atalak xedatzen duenez, “EAEko Administrazio Orokorrak edo foru-administrazioek sustatutako plan, programa eta ekimen instituzionalak, lege honetan araututako landa-eremuetan eragina duten helburu orokorrei eta/edo sektorialei eragiten dietenak, erakunde sustatzaileari atxikitako landa-garapenaren arloan eskumena duen sailak txostena egin beharko du onartu aurretik, araudi bidez ezartzen den prozeduraren arabera eta artikulu honek xedatutakoari jarraiki.

Gure iritziz, berariaz adierazi beharko litzateke txosten horiek nahitaezkoak direla, 7.1 eta 13.5 artikuluek diotenaren arabera.

14. artikulua. Tokiko ikuspegi publiko-pribatuaren gobernantza

Artikulu horren 4. atalean xedatzen denez, “Gobernantzaren eskualde-ikuspegia Landa Garapeneko Elkarteen (LGE) bidez bideratuko da, baldin eta, borondatez lotuta eta LURRALDErekin koordinatuta egonik, administrazio publikoaren agente laguntzaile gisa aitortzen badira”.

Irizpenaren aurreproiektuarekin batera doan memoria ekonomikoan adierazten da LGE direlakoak kenduko zirela eta bertako langileak LURRALDEn sartuko zirela. Hala ere, igorritako aurreproiektuak, artikulu honetan eta beste batzuetan, LGEekiko hitzarmenak egitea jasotzen du; izan ere, izapidetzearen alegazioen txostenean adierazten den bezala, azkenean elkarte horiek jardunean jarraituko dute.

Beraz, komenigarria dirudi memoria ekonomikoa aldatu eta egoera horretara egokitzea. 

15. artikulua. Tokiko ikuspegi publiko-pribatuaren gobernantza

Artikulu horren 1. atalak xedatzen duenez, “LURRALDEren eginkizunak dira eskualdez gaindiko eremuan: … i) Lurralde Garapenerako Planak ex post ebaluatzea”; d) atalean, berriz, hau ezartzen da: “Sektoreko eragile, elkarte, entitate eta erakunde nagusiekin koordinatzea eta sinergiak eta proiektuak bilatzea, LGP eta LGEPak bultzatu eta garatzeko”.

Egokiagoa dirudi, gobernu onaren arrazoiak tarteko, eginkizun hori lokabea den eta interes-gatazkarik gabekoa den beste erakunde bati esleitzea.

16. artikulua. Landa-garapenaren arloko jardueren finantzaketa instituzionala

Artikulu honen 3. atalean letra lodiz adierazitakoa gehitzea gomendatzen da:

“3. Landa-garapenaren kudeaketarekin lotutako euskal erakundeek finantza-tresna espezifikoak abiaraztea bultzatuko dute, Euskadiko landa-eremuetan garatzen diren ekimenei laguntzeko. Finantza-tresna horiek bat etorri beharko dute arlo horretako Erkidegoko xedapenekin eta EBk ezarritako gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-adierazleak betetzearekin”.

AZKEN XEDAPENA. Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legea aldatzea

Xedapen horrek aldatu egiten ditu Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 92. eta 93. artikuluak, Euskadiko Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapenaren Kontseiluari eta Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapenaren Batzordeari buruzkoak, hurrenez hurren.

Foro edo elkargune horietan, EAEko enpresa- eta sindikatu-erakunde adierazgarrienen ordezkaritza parekidetasun-baldintzetan sartzeko egokitasunari buruzko gogoeta orokorretan azaldutakoa berretsi egiten dugu.

Eta, orain aztertzen ari garen arauan, azken xedapenetako lehenengoan iradokitzen da letra lodiz adierazitakoa gehitzea, 17/2008 Legearen 92. artikuluaren 2. atalaren idazketa berrian:

“92. artikulua.- Euskadiko Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapenaren Kontseilua”

 

 “2.- Euskadiko Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapenaren Kontseiluaren ordezkaritza eta eginkizunak geroago zehaztuko dira, araudi bidez. Nolanahi ere, EAEn ordezkaritza handiena duten enpresaburuen elkarteen eta sindikatuen ordezkaritza parekidea izango du”.

V. ONDORIOAK

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jotzen du “Landa-ingurunearen Garapeneko Lege-aurreproiektua” izapidetzea, organo aholku-emaile honek egindako gogoetak aintzat hartuta.

 

Bilbon, 2020ko otsailaren 12an

 

O.E. Presidenteak Idazkari Nagusia
Emilia M. Málaga Pérez  Lorea Soldevilla Palazuelos