Agiriak eta lanak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

5/20 Irizpena

5/20 Irizpena

5/20 Irizpena Euskal Autonomia Erkidegoko itsasoko eta ur kontinentaletako arrantza turismoari eta arrantza erakustaldiei buruzko Dekretu Proiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

Bilbao

1

I.- AURREKARIAK

2020ko otsailaren 4an Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren idatzia jaso zen, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasoko eta ur kontinentaletako arrantza turismoari eta arrantza erakustaldiei buruzko Dekretu Proiektuari buruzko txostena eskatuz, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzko maiatzaren 17ko 8/2012 Legearen 3.1.c) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak prestatutako dekretu proiektu bat da; Gernikako Estatutuaren 10.10 artikuluak barne uretako arrantza, itsaski bilketa eta arrain hazkuntza, ehiza eta ibai aintziretako arrantza arloko eskumen esklusiboa aitortu zuen, eta 11. artikuluak, berriz, lurralde barruan oinarrizko legegintzaren aurrerabide legegilea eta beronen betearaztea eman zuen arrantza sektorea antolatzeari dagokionez; bidenabar, 10.36 artikuluan eskumen esklusiboa aitortu zen turismo arloan; aipatutakoak baliatuz, dekretu proiektuaren helburua itsas arrantzarekin eta akuikulturarekin erabat edo partzialki lotutako jarduerak arautzea da, arrantza sektorearen jarduera osagarri modura, arrantza sektorea osatzen duten pertsonen errentak hobetu edo osatzeko aukera ematen badute.

2020ko otsailaren 4an dekretu proiektuaren berri eman zitzaien Batzordeko Osoko Bilkurako kideei, kasuan kasuko proposamenak eta iritziak bidal zitzaten; aipatutako proposamen eta iritzi horiek jakinarazi zitzaizkion kasuan kasuko Lan Batzordeari, Ekonomiaren Garapenaren Batzordeari, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamendu Araudian ezarritakoarekin bat etorriz. Ekonomiaren Garapenerako Batzordeak lan saioko batzarra egin zuen 2020ko otsailaren 17an, irizpen aurreproiektuaren proposamena eztabaidatzeko, eta irizpen proiektua ematea adostu zuen; Euskadiko EGABeko Osoko Bilkurara bideratu zen 2020ko otsailaren 26an, eta han aho batez onartu zen.

II.- EDUKIA

Euskal Autonomia Erkidegoko itsasoko eta ur kontinentaletako arrantza turismoari eta arrantza erakustaldiei buruzko Dekretu Proiektuaren testuak zioen azalpena, zazpi artikulu, xedapen gehigarri bat eta bi azken xedapen ditu.

Zioak azaltzeko atalean, hasteko, dekretu proiektua Euskal Autonomia Erkidegoko Arrantza eta Akuikulturako 2020 Plan Estrategikoaren testuinguruan kokatu da, horri baitagokio; are zehatzago, lurralde kohesioa eta enplegua areagotzeko plan horren ardatz lehenetsian dago kokatuta; horretarako arrantzaren esparruan egindako jarduerak dibertsifikatu nahi dira, eta itsas ekonomiaren beste sektore batzuei dagokienez, nabarmenduz itsas turismoak ekarpena egin dezakeela ekonomia dibertsifikatzen itsas zonetan eta Itsas eta Arrantzako Europako Funtsa arautzeko araudian hala aitortu dela.

Jarraian, zioen azalpen atalean dekretu proiektua egiteko gaitasuna ematen duten eskumen tituluak azaldu dira, Gernikako Estatutuaren 11.1.c) artikuluan bilduz, legegintzaren aurrerabide legegilea eta beronen betearaztea eman zuena arrantza sektorea antolatzeari dagokionez, baita 10.36 artikuluan ere, eskumen esklusiboa aitortu zuena turismo arloan.  Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko 20/2016 Dekretuan, funtzioak zehazteari zegokionez, arrantza jaso zen Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko jardun eremu modura, eta sailaren egitura dekretuak, 74/2017 Dekretuak, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren esku utzi zuen arlo hori.

Zioen azalpenean, bidenabar, nabarmendu da dekretuan genero ikuspegia bildu dela, eta foru aldundiei eta sektoreko erakunde ordezkariei kontsulta egin zaiela dekretua prestatzean.

Xedapen atala

Dekretu proiektuaren xedapen atalean honako xedapen hauek bildu dira:

1. artikulua.-Xedea

2. artikulua.- Helburuak

3. artikulua.- Definizioak

4. artikuluak.- Jarduerak egiteko baldintza orokorrak

5. artikulua.- Ontzien betekizunak

6. artikulua.- Jardueren komunikazioa

7. artikulua.- Jarduerak egitea

8. artikulua.- Jardueren jarraipen eta kontrol administratiboa

Xedapen gehigarria . Turismo arrantzaren, arrantza eta akuikultura turismoaren eta arrantza erakustaldien erregistroa sortzea.

Azken xedapenak. Lehena. Garapena

Azken xedapenak. Bigarrena. Indarrean sartzea

III.- GOGOETA OROKORRAK

Kontsultak hizpide duen dekretu proiektuaren helburua itsas arrantzarekin eta akuikulturarekin erabat edo partzialki lotutako jarduerak arautzea da, arrantza sektorearen jarduera osagarri modura, arrantza sektorea osatzen duten pertsonen errentak hobetu edo osatzeko aukera ematen badute eta arrantza turismoa eta arrantza erakustaldiak jarduera zehatz gisa aurreikusi ditu dekretu proiektuaren aplikazio eremuan.

Ekimen interesgarri eta positiboa da jardueren, diru sarreren eta enpleguaren iturri gehigarria emateko, hain zuzen ere jarduera ekonomiko berrien eta dibertsifikazioaren premia duen sektore batean, azken hamarkadetan arrantza jarduerak pairatu duen beheranzko gogorraren ondoriozko egoera sozio-ekonomikoari erantzuna emateko.

Arrantza erakustaldi eta arrantza turismoko jarduerak ez dira arrantza izaera hutseko jarduerak; aitzitik, hainbat dimentsio biltzen dituzte, eta horietan ere ondorio positiboak eragiten dituzte. Arrantza izaeradunak izateaz gain, turistikoak ere badira, eta arrantzari lotutako turismo baliabide berrien balioa nabarmentzeko aukera ematen dute, arrantzaren tradizioari eta kulturari lotutakoak, Euskadiko turismo eskaintza dibertsifikatzen lagunduz eta bisitariari turismo iraunkorreko esperientzia paregabea eskainiz. Kultura eta hezkuntza izaeradunak ere badira, gizartea arrantzaren mundura, arrantzari lotutako ofizioetara eta ohituretara gerturatzeko abagune bikaina eskainiz. Arrantza turismoa eta arrantza erakustaldiak bide ezin hobea dira arrantza eta itsas ondarea eta itsas ingurumena ezagutzera emateko, baita itsas gastronomia eta kultura, itsasoko ofizioak, arrantza metodoak edota sektorearen bilakaera teknologikoa ezagutzera emateko ere; horrez gain, itsasoko kultura eta pertsonei aurpegia jarri eta protagonismoa ematen die.

Ideia ez da berria eta azken urteetan hainbat ekimen sortu dira, baina horrelako jarduerei dagokienez lege estaldurarik ezak eragindako segurtasun juridiko faltak ekarritako oztopoek geldiarazi dituzte, lanean ari diren arrantza itsasontzietan pertsona ez profesionalak sartzeari eta segurtasunari lotutako auziak tarteko.

2014. urtean Estatuko Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 26ko 3/2001 Legean sartutako aldaketen ondorioz bide legal bat ireki da arrantza erakustaldiak eta arrantza turismoko jarduerak martxan jartzeko, eta Arrantza turismoko jarduerak garatzeko baldintzak ezarri zituen apirilaren 5eko 239/2019 Errege Dekretuak oinarrizko erregulazioa finkatu du.Aztergai dugun dekretu proiektu hau sortzeko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren ekimenaren inguruan balorazio positiboa egiten dugu; hala, oinarri juridiko finkoa emango zaio eta Euskadin arrantza erakustaldiak eta arrantza turismoko jarduerak egiteko erregulazio propioa garatuko da, erregulatzeko premia baitzegoen; izan ere, horri esker arrantzaren sektorean diru sarrera osagarriak emango dituen jarduerak martxan jartzea ahalbidetuko da, potentzialki baztertuta egon diren arren, eta kostaldeko herrietako turismo sektorean dinamismo handiagoa sortuko da.

Termino zehatzagoetan, dekretu hau indarrean sartzeak ekarpena egingo du Euskal Autonomia Erkidegoko Arrantza eta Akuikulturako 2020 Plan Estrategikoari dagokion ardatza gauzatzeko, dekretuak argi eta garbi jaso duelako arrantza erakustaldiko eta arrantza turismoko jardueren araubide juridikoa eta erraztu egingo duelako lurralde kohesio eta enplegua areagotzeari buruzko jardun lehenetsiko ardatzean bildutako proiektuak egitea, berariaz jaso baita arrantzaren esparruan egindako jardueren dibertsifikazioa. Arrantzaren esparruan egindako jardueren dibertsifikazioa Itsas eta Arrantzako Europako Funtsaren lehentasunetako bat ere bada, arrantzako politika europarraren eta itsas politika integratuaren finantzaketa tresna zehatza den baita; finantzaketa ardatz horiek kontuan hartu dira plana prestatzean. Programazio aldi honetan, Itsas eta Arrantzako Europako Funtsaren Araudiak diru laguntzak ematea aurreikusi du tokiko garapen parte hartzaileari dagokionez planteamenduari jarraiki, Arrantzako Toki Ekintzako Taldeen bitartez, Toki Garapeneko kasuan kasuko Estrategiarekin. Euskadiko Arrantzako Tokiko Garapen Estrategiaren bigarren ardatza turismoari buruzkoa da, eta bertan aurreikusi da dibertsifikazio alternatibak eskaintzen dituzten proiektuak garatzea errazteko jarduerak egin eta finantzatzea, arrantza eta jarduera akuikoloaren sektorea zein arrantza garatzen duten udalerriak laguntzeko, oro har, turismoari lotutako jardueren bitartez, errenta osagarriak sorraraziz, eta, berariaz, arrantza turismo proiektuan jasotakoak. Horrenbestez, dekretu berriak tresna juridiko egokia ere ematen du Itsas eta Arrantzako Europako Funtsaren programazioan aurreikusitako arrantza turismoko proiektuak egitea errazteko eta jarduera horietarako emandako laguntza europarrak baliatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoan itsasoko eta ur kontinentaletako arrantza turismoari eta arrantza erakustaldiei buruzko Dekretu Proiektua prestatzeko ekimenari dagokionez gure balorazio positiboa azaldu ondoren, oro har dekretu proiektuaren ikuspegiarekin eta edukiarekin bat gatozelako, jarraian zenbait ohar orokor zein zehatz azalduko ditugu hobetu beharreko gai jakin batzuei dagokienez:

Zalantzak sortzen zaizkigu, ez baitugu argi ikusten dekretuak helburutzat dituen arrantza sektorearen jarduera osagarriak zein diren. Hirugarren artikuluaren arabera badirudi bi baino ez direla: arrantza turismoa eta arrantza erakustaldiak; hala ere, xedapen gehigarrian, dekretuak arautzen dituen jardueren erregistroa sortzen zuena, beste bat dakar: “arrantza turismoa eta turismo akuikoloa”. Itxurazko distortsio hori argitzea komenigarria litzateke: “Arrantza turismoa eta turismo akuikoloa” barne hartzen baldin badu “arrantza turismoak”, orduan erregistroaren izenetik desagertu egin beharko litzateke; jarduera bereizi bat baldin bada, berariaz aipatu beharko litzateke, eta edukia hirugarren artikuluan deskribatu beharko litzateke.

“Definizioak” izenburua duen hirugarren artikulu horri dagokionez, gaineratu behar dugu bi definizio ezarri direla, eta artikuluaren izenburua gorabehera, gure ustez, badirudi dekretuak arautzen duen jardun eremua dela. Horren haritik, hobe izango litzateke artikulu horrek “Aplikazio eremua” edo “Arrantza sektorearen jarduera osagarriak” izenburua hartzea, gaur egungo izenburua eduki beharrean.

Ohar orokor hauekin bukatzeko, gure ustez, aipatu behar da arrantza erakustaldi eta arrantza turismoko jarduerak martxan jartzeko beharrezko segurtasun elementuek kostuak eragin ahal dituztela, eta, horrenbestez, laguntza lerroak ahalbidetzea proposatzen dugu, horri esker arrantza jarduerak eta arrantza turismoko jarduerak bateragarri egin ahal izateko ontzietan beharrezko egokitzapenak egitearekin, segurtasun elementu berriak diruz lagunduz arrantza jarduera arruntari lotutako ontzien ezaugarriak aldarazi gabe.

IV.-  GOGOETA BEREZIAK

Zioen azalpena

Dekretu proiektuaren testuingurua osatzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Arrantza eta Akuikulturako 2020 Plan Estrategikoaren helburua enplegua eta ongizatea sortzea denez, dekretu proiektuaren zioen azalpen atalean lanpostuak sortzeari erreferentzia egitea faltan botatzen dugu, itsas turismoa sustatzeak eragin ditzakeen helburuak zerrendatzean. Horregatik, zioen azalpeneko hirugarren paragrafoaren amaieran jartzea proposatzen dugu.

 

Zioen azalpena, hirugarren paragrafoa gehitzea“Itsas turismoa lagungarria izan daiteke arrantza zonetan ekonomia dibertsifikatzeko, diru sarrera berriak eragin, arrantza produktuak sustatu eta ogibide horiei lotutako kultura, ohitura eta ondarea berreskuraraziko dituzten jarduera osagarrien bitartez, baita lanpostuak sortuz ere.”

2. artikulua. – Helburuak

Arau berriaren helburuei dagokienez, eta, zehatzago esateko, akuikultura eta arrantza jarduerari lotutako objektu oroigarriak eta arrantza produktuak eskuratzea errazteari dagokionez, “dibulgazio materiala” gehitzea proposatzen dugu; izan ere, oroigarriak eskuratzeaz gain, dekretuaren helburuen testuinguruan xede garrantzitsua da akuikultura eta arrantza jarduerari buruzko dibulgazio materiala eskuratzea erraztu ahal izatea.

 

d) Akuikultura eta arrantza jarduerari lotutako objektu oroigarriak eta arrantza produktuak eskuratzea erraztea, baita dibulgazio materiala ere.

3. artikulua.- Definizioak

Artikulu honi dagokionez hiru ohar egin behar ditugu:

Ohar orokorren atalean egindako iruzkinen haritik, gure ustez artikulu honen edukiak lotura handiagoa dauka arauaren aplikazio eremua osatzen duten jarduerekin, definizio hutsen artikuluarekin baino, eta hala islatu beharko luke artikuluaren izenburuak:

 

3. artikulua.- Aplikazio eremua.

Bigarrenik, hirugarren artikuluan, definizioei buruzkoan, dekretu berriaren ondorioetarako “arrantza turismoa” eta “arrantza erakustaldia” kontzeptuekin ulertu behar dena definitu da.  Hala ere, “arrantza turismoari” dagokionez “kontraprestazio ekonomikoaren bitartez” arrantza profesionalaren jarduera osagarria dela berariaz adierazi den arren, ez da gauza bera esaten “arrantza erakustaldiei” dagokienez, eta hori harrigarria iruditzen zaigu.  Baliteke omisio hori gertatu izana definizio horrekin “arrantza turismoaren” aurreko definizioan jasotako termino bat zehazten delako, baina argigarriagoa izango litzateke berariaz barne hartzea “Arrantza erakustaldien” definizioan.

Hirugarrenik, dekretu proiektuaren xedapen gehigarriak sortutako erregistroaren esparruan bildutako jarduerei buruzko ohar orokorren atalean ere adierazi dugun iruzkina plazaratu nahi dugu. Dekretu proiektu hau arrantza turismoari eta arrantza erakustaldiei buruzkoa denez, erregistroak, hala ere, hirugarren jarduera bat ere aipatu du, behintzat izenez, “arrantza turismoa eta turismo akuikoloa”.  Hirugarren jarduera hori arrantza turismoaren barruan jaso behar den argitzeko eskatzen da, edo beste jarduera bereizi bat ote den; azken kasu horretan edukia hirugarren artikuluan deskribatu beharko litzateke. 

4. artikulua.- Jarduerak egiteko baldintza orokorrak

Lehen atalean, teknika juridikoko arrazoiak direla medio, b) letraren amaieran aldaketa bat egiteko gomendioa plazaratu nahi dugu, eta “aurreko atalak aipatutako” dioen pasartearen ordez “a) atalak aipatutako” esapidea jartzea gomendatzen dugu.

 

4.1. b) artikulua: Arrantzale kofradiek, elkarteek, armadoreen kooperatibek edo ekoizleen elkarteek osatutako merkataritza erakundeek a) atalean aipatutako baimen, emakida edo lizentzien titularrekin batera.

4. artikuluko 2. atalean ezarri dira arrantza turismo eta arrantza erakustaldien jarduerak egin nahi dituzten pertsona fisiko edo juridikoek bete beharko dituzten betekizunak, horien artean aipatuz, b) letran, egingo diren jardueren eta erabiliko diren bitarteko tekniko eta baliabideen deskribapen memoria. Halaber, seigarren artikuluak, kasuan kasuko jarduera hasi aurretik aurkeztu beharreko jarduerak hasteari buruzko aldez aurreko komunikazioari buruzkoak, betekizunen artean garatuko diren jardueren aurreikuspena aipatu du b) letran, baita horretarako bitarteko teknikoak eta baliabideak ere, berariaz aipatu gabe 4. artikuluan xedatu dugun memoria. Jardueraren aldez aurreko komunikaziorako eskatutako edukia antzekoa denez, egokiagotzat jotzen da, desadostasunak saihesteko, 4. artikuluan aipatutako deskribapen memoria b) letran eskatzea.

 

6.3.b) art. Deskribapen memoria, 4.2.b) artikuluan aipatutakoa

Bestalde, laugarren artikuluko c) letran jarduerak egiteko bete beharreko beste betekizun orokor bat ezartzen da, aseguru bat kontratatuta izateari dagokiona:

 

4.2 c) art.: Jarduerak eragin ditzakeen kalte eta galerak estaltzeko aseguru bat kontratatuta izatea, baita aipatutako jarduerak egingo dituzten pertsona erabiltzaile guztien kalte pertsonalak estaliko dituen aseguru bat ere, biktimako honako gutxieneko kapital hauekin: 30.000,00 euro heriotza kasuan, 3.005,06 euroko azpimugarekin 14 urtetik beherako norbait zenduz gero; kopuru hori hileta gastuak ordaintzera bideratuko da; 60.000,00 euro baliaezintasun kasuetan, eta 6.000,00 eurora arte sendatu, erreskatatu eta lekualdatze gastuetarako…”

Aurreko atalari dagokionez argudiatu denaren hari beretik, seigarren artikuluan aurreikusitako jarduera hasteari buruzko aldez aurreko komunikazioak aurreikusi du betekizunen artean “Dekretuan aurreikusitako erantzukizun zibilaren estaldura izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena…”; hala, zehatzago idazteko eta bat ez etortzeak saihesteko, eskatutako aseguru tipologia 4.2.c) artikuluan zehaztea proposatzen da, eta “erantzukizun zibila” gehitzea.

 

4.2 c) art.: Jarduerak eragin ditzakeen kalte eta galerak estaltzeko erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatuta izatea, baita aipatutako jarduerak egingo dituzten pertsona erabiltzaile guztien kalte pertsonalak estaliko dituen erantzukizun zibilekoaseguru bat ere, biktimako honako gutxieneko kapital hauekin: 30.000,00 euro heriotza kasuan, 3.005,06 euroko azpimugarekin 14 urtetik beherako norbait zenduz gero; kopuru hori hileta gastuak ordaintzera bideratuko da; 60.000,00 euro baliaezintasun kasuetan, eta 6.000,00 eurora arte sendatu, erreskatatu eta lekualdatze gastuetarako…”.

Horrez gain, kalte pertsonalen estaldurarako zehaztutako gutxieneko kapitalen zifrak dekretuaren testutik kentzeko proposatzen dugu, eta dekretua garatzeko agindu batean modulatzea; hala, egokitzea eta tarteka eguneratzea erraztuko da. Horrez gain, egokitzat jo da, halaber, kalte pertsonaletatik haratago kalte eta galeren erantzukizun zibilerako estaldurako gutxieneko kapital eta ratioak ere finkatzea, kasu honetan kalte eta galera ez pertsonalak, jarduerak eragin ditzakeenak, eta garapen agindu batean egitea.

6. artikulua.- Jardueren komunikazioa

Artikulu horren laugarren atalari dagokionez, eraikuntzari eta izaeraren inguruko zalantzak agertu nahi ditugu.

 

6.4. art.: Jarduera hasteko komunikazioan edozein datu garrantzitsu zehaztuta ez badago, faltsua bada edo adierazten ez bada, komunikazio izapidea ondoriorik gabe geratuko da, eta horren berri izan den unetik jarduera gauzatzea debekatuko du; nolanahi ere, pertsona interesdunari aldez aurreko entzunaldia eman ondoren, jarduerarekin jarraitzea debekatuko duen ebazpena eman beharko da.

Lehenik eta behin, “garrantzitsu” terminoa “edozein daturekin” lotu behar dela uste dugu, eta testuaren bertsioan “edozein daturen” atzetik jarri behar da (gaztelaniazko bertsioan). Bestalde, harrigarria da aldez aurreko entzunaldiaren ondoren eman daitekeen ebazpen bakarra jarduerarekin jarraitzea debekatzeko ebazpena izatea, eta omisio bat horretarako emandako epe barruan zuzentzeko aukerarik ez aurreikustea ere harrigarria da.

7. artikulua.- Jarduerak egitea

Zazpigarren artikuluaren bigarren atalean ezarritako jarduerak egiteko betekizunei dagokienez, ezarri da ontzietan igotako turistek ezingo dutela arrantza jarduerarik egin. Dekretu proiektuak arautzen dituen jardueren izaera dela eta, arrantza jardueren hainbat modalitate irekiz turismo produktu baten esparruan turistentzat erabilgarriak izateko, komenigarria izango litzateke turistei baimendutako eta baimendu gabeko jarduerak zehatzago zedarritzea. Horregatik, garrantzitsutzat jotzen dugu turistentzat debekatutako eragiketen inguruan azalpen zehatzagoak ematea, “arrantza jarduera” bezalako termino orokor baten ordez, zehaztuz arrantza tresnak edo arteak soilik tripulazio kideek manipulatu ahalko dituztela.

 

7.2 artikulua:  Ontzian doazen turistek ezingo dute arrantza jarduera egin, eta arrantza tresnak edo arteak tripulazio kideek baino ezingo dituzte erabili.

Xedapen gehigarria . Arrantza turismoaren, arrantzako eta akuikulturako turismoaren eta arrantza erakustaldien erregistroa sortzea.

Xedapen honetan aurreikusitako arrantza turismoaren, arrantzako eta akuikulturako turismoaren eta arrantza erakustaldien erregistroa sortzeari dagokionez, dekretu proiektua egiteko prozeduraren memorian bildutako iruzkinarekin bat egiten dugu, erregistro berrira atxikitako organoaren omisioari dagokionez, eta paragrafo berri bat gehitzea iradokitzen da:

 

Xedapen gehigarria

Arrantza turismoko jardueretan eta arrantza erakustaldietan arituko diren arrantza ontzien, pertsonen, enpresen edo entitateen erregistroa sortuko da.

Erregistroa Eusko Jaurlaritzaren arrantza arloko zuzendaritza eskudunera atxikita egongo da, eta fitxategiaren arduraduna izango da datu pertsonalak babesten duen araudi erregulatzailean aurreikusitako ondorioetarako, eta horren aurrean datuetara sarbidea izateko, zuzentzeko, baliogabetzeko edo horien aurka egiteko eskubideak gauzatu ahalko dira.

Aipatutako erregistroa sortze hutsa badirudi ez dela aski eta dekretua balia daiteke erregistroaren funtsezko ezaugarriak erregulatzeko; nolanahi ere, datu zehatzagoak maila baxuagoko garapen araudira bideratu ahalko dira.

V.- ONDORIOAK

EGABek egokitzat jo du  Euskal Autonomia Erkidegoko itsasoko eta ur kontinentaletako arrantza turismoari eta arrantza erakustaldiei buruzko Dekretu Proiektua izapidetzea, irizpen honetan bildutako oharrekin.

Bilbon, 2020ko otsailaren 26an.

OE Presidentea

Emilia M. Málaga Pérez

Idazkari Nagusia

Lorea Soldevilla Palazuelos