Argitalpenak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

8/21 IRIZPENA KIROLEKO DOPINAREN AURKAKO LEGEAREN BIGARREN ALDAKETAREN LEGE AURREPROIEKTUA

I.- AURREKARIAK

2021eko uztailaren 27an Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren idazkia jaso genuen. Horren bitartez, eta Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen maiatzaren 17ko 8/2012 Legearen 3.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, “Kiroleko dopinaren aurkako legearen bigarren aldaketaren lege aurreproiektuari” buruzko txostena eskatu ziguten.

Galdetutako legeria ekimenaren xedea indarrean dagoen Kiroleko dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legea 2021eko urtarrilaren 1ean indarrean jarri zen Dopinaren Aurkako Munduko Kode berrira egokitzea da; azken hori Katowice-n 2019an egin zen Dopinaren Aurkako Munduko V. Konferentzian hartutako erabakien ondoren jarri zen indarrean.

Berehala bidali zitzaien dokumentuaren kopia Kontseiluko Batzordeko kide guztiei haiek proposamenak eta iritziak eman zitzaten eta horiek, aldi berean, zegokion Lan Batzordeari helaraz ziezaioten, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamendu Araubidean ezarritakoarekin bat etorriz. 2021eko irailaren 10ean Gizarte Garapeneko Batzordea bildu zen eta hartutako erabakietan oinarrituta Irizpen Proiektu hau sortu zuten. Ondoren, Kontseiluaren Osoko Bilkurara eraman zuten eta irailaren 16an aho batez onetsi zen

II.- EDUKIA

Kiroleko dopinaren aurkako legearen bigarren aldaketaren lege aurreproiektua” izeneko agirian zioen azalpenak, 12/2012 Legearen hainbat xedapen aldatzen dituen artikulu bakarra, xedapen iragankor bat eta azken xedapen bat daude.

Zioen azalpenean adierazten da Eusko Legebiltzarrak ekainaren 21eko Kiroleko Dopinaren Aurkako 12/2012 Legea onetsi zuela alor horretako nazioarteko erakunde aurreratu guztiek onartutako printzipioetan oinarrituta.

Lehiaketa kirolaren piramide egitura eta kirol lehiaketak lurraldeetako alor eta mailetan duen interrelazioa direla-eta, baterako esparru juridikoa ezarri behar da kiroleko dopinaren aurka borrokatzeko. Horregatik, 2003an Dopinaren aurkako Munduko Agentziak Dopinaren Aurkako Munduko Kodea eta kode hori osatzen duten nazioarteko estandarrak sortu zituen. Testu horien bitartez, nazioarteko kirolean derrigorrez bete beharreko eta dopinaren aurkako erakunde publikoek erreferentzia gisa erabili beharreko arauak eta zuzentarauak eratu ziren.

Kiroleko Dopinaren Aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legea lehen aldiz aldatu zuen ekainaren 7ko 1/2018 Legeak, hain zuzen ere, lehenengoaren edukia 2013an Johannesburgen egin zen Dopinaren Aurkako Munduko IV. Konferentzian onetsitako Dopinaren Aurkako Munduko Kodera egokitzeko.

2019an Katowicen egin zuten Dopinaren Aurkako Munduko V. Konferentzian 2021eko urtarrilaren 1ean indarrean jarri zen Dopinaren Aurkako Munduko Kode berria onetsi zuten. Hauek izan ziren kode berrian ezarritako aldaketa garrantzitsuenak:

  • Legea interpretatzeko oinarritzat hartu behar dira Dopinaren Aurkako Munduko Kodean jasota dauden arauak eta irizpideak, Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak onetsi eta argitaratutako Nazioarteko Estandarrak eta erakunde horrek une bakoitzean ezarrita dituen agiri teknikoak barne.

  • Kirolariak mota ezberdinetan sailkatzen dira kirol-mailaren, nazioartekoa izatearen eta federatua izatearen arabera. Hain zuzen ere, kirolariei eska dakizkiekeen betebehar eta erantzukizunen artean oinarritzat hartzen da tipologia.

  • Dopinaren alorrean ez-zilegitzat jotzen diren jokaeren katalogoan zenbait arau-hauste aldatu eta beste batzuk gehitu ziren.

  • Kirolariei dopin kontroletan hartzen zaizkien laginak bitan azpibanatzeko aukera ezarri zen, horrekin, arau-hauste posibleen preskripzio epearen barnean analisi berriak egin ahal izateko.

  • Pasaporte biologikoak dopinaren arau jakin batzuetako arau-hausteak gauzatu diren edo ez zehazteko tresna baliozko eta onargarri gisa duen bideragarritasuna indartu zen.

  • Abusuzkoak diren substantzia jakin batzuk agente dopatzaileen zerrendan gehitu ziren; substantzia horiek dira batzuetan gizarte alor jakinetan erabiltzen direnak, baina, kirol errendimendua hobetzeko interesik edo helbururik ez dutenak.

  • Tratamendu zigortzaile espezifikoa ezarri zen arau-hausleak dopinaren aurkako agintaritzak proposatutako zigorra bere gain hartzen duen kasuetarako.

Horregatik, EAEk, gainerako estatu edo herrialdeetako kirol erakundeek bezala, berriz ere ahal bezain pronto aldatu behar du egun indarrean dagoen ekainaren 21eko 12/2012 Legea, 2021eko Dopinaren Aurkako Munduko Kode Berrira egokitu dadin, hain zuzen ere.

Lege aurreproiektuaren artikulu bakarrak 12/2012 Legearen honako artikuluak aldatzen ditu:

1. art. Dopinaren kontzeptua eta aplikazio eremua

3. art. Kirolarien erantzukizunak

6. art. Kirol erakundeen erantzukizunak

13. art. Kontrolen bermeak eta legezko ondorioak (11. apartatua)

13. art. Kontrolen bermeak eta legezko ondorioak (12. apartatua)

13. art. Kontrolen bermeak eta legezko ondorioak (13. apartatua)

13. art. Kontrolen bermeak eta legezko ondorioak (14. eta 15. apartatuak)

14. art. Betebehar osagarriak eta erabilera terapeutikoetarako baimenak

16. art. Dopin kontrolak eta osasun kontrolak

18. art. Kontrolak egiteko eskumena (3. apartatua)

18. art. Kontrolak egiteko eskumena (7. apartatua)

19. art. Kirolean debekatuta dauden substantzien eta metodoen publizitatea (1. apartatua)

19. art. Kirolean debekatuta dauden substantzien eta metodoen publizitatea (3., 4. eta 5. apartatuak)

22. art. Kirolarien eta beraien inguruaren erantzukizuna

23. art. Arau-hausteen sailkapena (1-m apartatua)

23. art. Arau-hausteen sailkapena (1-n apartatua)

23. art. Arau-hausteen sailkapena (4. apartatua)

24. art. Kirolariei ezarritako zigorrak (2. apartatua)

24. art. Kirolariei ezarritako zigorrak (8. eta 9. apartatuak)

24 bis. artikulua. Hainbat arau-hausteengatiko zigorrak (1. apartatua)

24 bis. artikulua. Hainbat arau-hausteengatiko zigorrak (8. eta 9. apartatuak)

26. art. Teknikariei, epaileei, arbitroei eta kirol lizentzia duten gainerakoei, zuzendaritzako kideei, kirol federazioetako, liga profesionaletako, kirol lehiaketa ofizialak eta ez ofizialak antolatzen dituzten erakundeetako, klubetako edo kirol taldeetako zuzendariei edo langileei ezarritako zigorrak.

27. art. Medikuei eta klubetako edo taldeetako gainerako osasun langileei ezarritako zigorrak.

28. art. Dopinaren alorrean zigorrak ezartzeko irizpideak

30. art. Arau-hausteen eta emaitzak aldatzearen ondorio osagarriak

31 bis. artikulua. Lizentzia eteteetan jasotzen den estatusa

38. art. Diziplina prozedura

42. art. Kiroleko dopinari buruzko informazio sistema


III.- GOGOETAK

Eusko Legebiltzarrak dopinaren aurkako lehenengo autonomia erkidegoko legea onetsi zuen 2012an (Kiroleko dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legea), eta lege horrekin garatu zituen EAEko ekainaren 11ko 14/1998 Legearen Kiroleko dopinaren xedapenak. Gainera, gure autonomia erkidegoari esparru juridikoa eman zion kirolean debekatutako substantzien erabileraren aurka borrokatzeko, eta hori guztia, Dopinaren aurkako Munduko Kodearekin eta Kiroleko Dopinaren aurkako Nazioarteko Hitzarmenarekin bat etorriz. Lege horrek kirolaren berezko izaera babesten laguntzen du, hau da, “gizakien bikaintasuna bilatzea pertsona bakoitzaren talentu naturalak hobetzearen bidez1; dopinak, era berean, zuzenean horren guztiaren aurka egiten du.

Horri buruz aritu ginen arauaren aurreproiektuari buruzko 10/2011 Irizpenean ere; bertan aipatzen genuen kirola interes publikoko gizarte jarduera bat dela eta pertsonen prestakuntza eta garapen integrala sustatzen dituela, beraien bizi kalitatea eta ongizate indibiduala eta soziala hobetzen dituela eta dopina kirolaren balioen eta oinarrien antonimia dela, eta, horregatik, dopinaren aurka egin behar dela.

2015ean lehen aldiz aldatu zen 12/2012 Legea, 2013an egin zuten Dopinaren aurkako Munduko IV. Konferentzian onetsitako Dopinaren Aurkako Munduko Kodeari egokitzeko. Halaber, araua Euskal Autonomia Erkidegoko estatu-administrazioko lankidetza administrazioko bi aldeko batzordearen erabakiaren edukiari egokitu zitzaion Kiroleko Dopinaren Aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearekin lotuta eta Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia EAEko dopinaren aurkako erakunde izendatu zuten. Lehenengo aldaketa horren alde agertu zen Batzorde hau 14/2015 Irizpenean, adieraziz legeria aldatzeko aukera zegoela.

Orain, 12/2012 Legearen bigarren aldaketa aztertu behar dugu 2019an egin zuten Dopinaren Aurkako Munduko V. Konferentzian sortutako Dopinaren Aurkako Munduko Kode berrira egokitzeko, eta, beraz, berriz ere araudia aldatu behar da.

Dopinaren Aurkako Munduko Kode berria 2021eko urtarrilean indarrean jarri zen, eta beste gauza batzuen artean, dopinean legez kanpokoak diren jokaeren katalogoko arau-hausteak eta agente dopatzaileen zerrenda eguneratu ziren; gauza horiek biak egitea oso beharrezkoa zen, izan ere, araubidea oso azkar aldatzen da. Horregatik, kontsultatu zaigun legearen aurreproiektuaren aukera egokia eta oso positiboa da.

Era berean, gura ustez positiboa da kirolariek dituzten behar eta erantzukizunak bakoitzaren kirol-mailaren, nazioartekoak direnaren edo ez direnaren eta federatuak daudenaren edo ez daudenaren arabera mailakatzea, izan ere, horrela, zehapen araubidea modu bidezkoagoan aplikatzen da.

IV.- ONDORIOAK

Euskadiko EGABek egokitzat jotzen du “Kiroleko dopinaren aurkako legearen bigarren aldaketaren Lege Aurreproiektua” izapidetzea, kontsulta organo honek egin dituen gogoetak aintzat hartuta.





Bilbon, 2021eko irailaren16an




O.E. Presidentea

Idazkari nagusia

Emilia M. Málaga Pérez

Lorea Soldevilla Palazuelos



1 Dopinaren aurkako Munduko Kodea, 2015.