Argitalpenak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

IRIZPENA 12/21 EUSKADIKO OSASUN PUBLIKOAREN LEGEAREN AURREPROIEKTUARI BURUZKOA

I.- AURREKARIAK

2021eko azaroaren 11n, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren idazki bat sartu zen Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean, Euskadiko Osasun Publikoaren Legearen aurreproiektuari buruzko txostena eskatzeko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen maiatzaren 17ko 8/2012 Legearen 3.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako lege aurreproiektu bat da, euskal araudian osasunaren kontzeptuetan eta praxian izandako bilakaera eta aurrerapenak biltzen dituena, eta helburu hauek dituena:

Euskal herritarren ahalik eta osasun mailarik handiena zaintzea eta sustatzea, interes goreneko ondasun publikoa den aldetik, pertsonek osasunaren, aukera-berdintasunaren eta ekitatearen arloan dituzten eskubideak bermatuta betiere.

Garapen jasangarriko helburuetan eta horiek Euskadirako duten artikulazioan oinarrituta, osasunaren ikuspegia txertatzea politika eta ekintza publiko guztietan.

Osasun publikoaren arloko eskumenak, prestazioak eta zerbitzuak definitzea eta antolatzea; osasun-agintaritzaren eskumenak eta jarduerak zehaztea; eta oinarriak ezartzea osasun publikoaren arloko eginkizunak dituzten administrazio publikoen arteko eta parte hartzen duten beste gizarte-sektore batzuekiko koordinaziorako eta lankidetzarako.

Euskadiko Osasun Publikoaren Sistema sortzea, erantzukizun publikoko sare artikulatu gisa eratua. Horren helburua, Osasuna Politika Guztietan paradigma oinarri hartuta, jarduera, prestazio eta zerbitzu integralen multzoa eskaintzea da, biztanleek ahalik eta osasun mailarik handiena lor eta manten dezaten.

2021eko azaroaren 11n, legearen aurreproiektua helarazi zitzaien Kontseiluko Osoko Bilkurako kide guztiei, proposamenak eta iritziak bidal zitzaten. Horiek guztiak dagokion Lan-batzordeari helarazi zitzaizkion, Gizarte Garapenerako Batzordeari, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduaren Erregelamenduan ezarritakoarekin bat. Gizarte Garapenerako Batzordea 2021eko abenduaren 1ean bildu zen lan-bileran, irizpen aurreproiektuaren proposamen bat eztabaidatzeko, eta irizpen proiektua ematea erabaki zuen. EGABren Osoko Bilkurari aurkeztu zitzaion 2021eko abenduaren 9an, eta aho batez onartu zen.

2021eko azaroaren 16an Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Osasun Sailaren idazkia sartu zen, eta irizpena eskatzen zuen Adikzioen eta Droga-mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legea ez betetzeagatiko zehapenak ordezteko sistema arautzen duen Dekretu Proiektuari buruz, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzkoak, 3.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Dekretuaren xedea da zehapenak ordezteko sistema arautzea eta 1/2016 Legeak 93. artikuluan xedatutakoa garatzeko prozedura zehaztea. Horren arabera, isunak zehatzearen ordez beste aukerako neurri-mota batzuk izan daitezke.

Berehala agiriaren kopia Batzordearen Osoko Bilkurako kide guztiei bidali zitzaien, proposamenak eta iritziak igorri eta guztiak lan batzordeari helarazteko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen funtzionamenduari buruzko araudiak xedatutakoari jarraiki. Gizarte Garapenerako Batzordea 2021eko abenduaren 1ean bildu ostean, hartutako erabakietatik abiatuta, Irizpen Proiektu hau egin da Batzordearen Osoko Bilkurak abenduaren 9an lan dezan. Bertan aho batez onartu da.

II.- EDUKIA

Euskadiko Osasun Publikoaren Legearen aurreproiektuaren testuak honako hauek ditu: zioen azalpena, zazpi kapitulutan banatutako 99 artikulu, bi xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen.

Zioen azalpenean, lehenik eta behin, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea aipatzen da, funtsezko tresna baita euskal botere publikoek herritarrekin duten konpromisoa bideratzeko, osasuna babesteko eta zaintzeko eskubidea garatu eta aplikatzeari dagokionez.

Osasun-politikak eta euskal osasun-sistema garatzea, gizartearen bizi-kalitatearen eta ongizatearen funtsezko zutabeak diren aldetik, lehentasunezkoa izan da ekintza publikoan. Horren ondorioz, euskal biztanleriak osasunaren arloan dituen beharrak behar bezala betetzea lortu da, eta emaitza positiboak lortu dira, baita herritarrek osasun-eredua behar bezala baloratzea ere, nahiz eta oraindik ere osasunaren arloko desberdintasun sozialek irauten duten.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legeari esker, Euskadiko osasun-sistema sortu eta eratu ahal izan da, eta haren helburu nagusia da euskal herritarren osasun publikoa mantentzea, berreskuratzea eta hobetzea.

Denbora horretan, Euskadiko osasun-sisteman sartutako osasun publikoaren kontzeptuak bilakaera izan du.

Osasun publikoaren arloko zereginen parte izatera igaro da osasunaren determinante sozialen gaineko jarduera, osasunaren arloko emaitza orokorrak hobetzeko eta desberdintasunak gutxitzeko. 2002. urteaz geroztik, Osasunaren Mundu Erakundeak gaiari buruzko batzorde espezifikoa du, eta aholkuak ematen ditu ekintza posibleei buruzko informazio zientifikoa biltzeko eta lantzeko moduaren gainean.

2013an, osasuna sustatzeko munduko konferentziak agerian utzi zuen osasuna osasun-esparrutik kanpoko faktoreek zehazten dutela neurri handi batean, eta osasun-politika eraginkorrak sektore publiko guztiei erantzun behar diela. Hartara, agintariei eskatu behar zaie Osasuna Politika Guztietan deritzon ikuspegia hartzeko politika guztietan.

Zioen Azalpenak onartzen duenez, gaur egun ikuspegi horrek erakunde publikoen esku-hartzeak barne hartzen ditu, eta aukera ematen du modu erabakigarriagoan eta eraginkorragoan txertatzeko osasunari buruzko kontsiderazioak hainbat sektore eta politika arlotan erabakiak hartzerakoan.

Hala, gaur egun, osasun publikoak berekin dakar hura aplikatzean parte hartzen duen eragile askoren lana, eta Euskadiko Osasun Sistemaz gain, osasun publikoaren eremuan eragina duten gaietan eskumena duten Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuek ere esku hartzen dute. Era berean, beste eremu batzuk ere sartzen dira hala nola unibertsitatea, osasun pribatua, aldundiak, udalak, herritarrak, gizarte zibila eta sektore pribatua.

Aurrekari horiek izanik, Zioen Azalpenak ondorioztatzen du ezinbestekoa dela lege-testu berriaren bidez sistema berriari ekitea, osasun publikoaren arloan esku hartzen duten eragile ugari bilduko dituena eta Euskadiko osasun-sistematik harago joango dena.

Hala, lege berriak Euskadiko Osasun Publikoaren Sistema sortu eta eratzen du, eta sare artikulatu gisa antolatzen da. Sistema horren helburua, Osasuna Politika Guztietan paradigma oinarri hartuta, zerbitzu integralen multzoa eskaintzea da, biztanleek ahalik eta osasun mailarik handiena lor eta manten dezaten.

COVID-19aren pandemiak balioa eman dio osasun publikoari osasun-sistemaren funtsezko pieza den aldetik, eta azpimarratu du osasun publikoaren zeharkakotasunak eta osasun-agintarien eta osasunean eragina duten sektore, erakunde eta gizarte-eragileen eta ekonomia osoaren arteko beharrezko koordinazioak duen garrantzia, zertarako-eta beharrezko jarduerak eraginkortasun eta efizientziarik onenarekin gauzatzeko. Era berean, COVID-19aren pandemiak agerian utzi du araudiaren bidez indartu behar direla osasun-larrialdiei erantzun hobea emateko mekanismoak, tresnak eta neurriak, hala nola pandemiei eta bestelako osasun-alertei.

Zioen Azalpenak Euskadiko Babes Zibileko Plana ere aipatzen du, larrialdiei aurre egiteko EAEko antolamendu-esparru orokorra ezartzen duena, baldin eta larrialdien izaeragatik, hedaduragatik edo administrazio desberdinak koordinatzeko beharragatik autonomia-zuzendaritza behar bada.

Ikerketaren zeregina ere nabarmentzen da, bai osasun publikoan, bai I+G+b biomedikoan, eta, amaitzeko, arau berriak lortu nahi dituen helburuen zerrenda egiten da.

Xedapenen atala

Legearen aurreproiektuaren xedapenen atalak xedapen hauek ditu:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK.
II. KAPITULUA: HERRITARRAK ETA OSASUN PUBLIKOA
Lehenengo atala. - Herritarren eskubideak osasun publikoari dagokionez
Bigarren atala. – Herritarren eskubideak osasun publikoari dagokionez
III. KAPITULUA. EUSKADIKO OSASUN PUBLIKOAREN SISTEMA
Lehenengo atala. - Euskadiko Osasun Publikoaren Sistema
Bigarren atala. - Osasun publikoko profesionalak
Hirugarren atala. – Plangintza
IV. KAPITULUA EUSKADIKO OSASUN PUBLIKOAREN SISTEMAREN ANTOLAMENDUA ETA KOORDINAZIOA
Lehenengo atala. Osasun publikoaren arloko eskumenen banaketa
Bigarren atala. - Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemaren antolaketa instituzionala
Hirugarren atala. - Administrazio publikoen arteko koordinazioa, lankidetza eta elkarreragina
Laugarren atala. - Osasun Publikoaren Sistemaren eta Osasun Sistemaren arteko koordinazioa, lankidetza eta interakzioa
Bosgarren atala. - Kontsulta, aholkularitza eta partaidetzarako organoak
V. KAPITULUA. OSASUN PUBLIKOKO PRESTAZIOAK ETA JARDUERAK
Lehenengo atala. - Osasun publikoaren prestazioak
Bigarren atala. - Osasunaren zaintza
Hirugarren atala. - Osasun-arazoen prebentzioa eta horien determinatzaileetan jardutea
Laugarren atala. - Herritarren osasuna babestea
Bosgarren atala. - Herritarren osasuna babestea osasun-larrialdietan, epidemietan edo pandemietan
Seigarren atala. - Eskola-osasuna
Zazpigarren atala. - Lan-osasuna
Zortzigarren atala. - Osasun publikoko laborategia
Bederatzigarren atala. - Osasunaren sustapena
Hamargarren atala. – Adizioak
VI. KAPITULUA. OSASUN PUBLIKOAREN ARLOKO INFORMAZIOA EMATEKO ETA EZAGUTZA KUDEATZEKO SISTEMAK
Lehenengo atala. - Euskadiko Osasun Publikoko Informazio Sistema
Bigarren atala. - Euskadiko Osasun Behatokia
Hirugarren atala. - Prestakuntza, ikerketa, berrikuntza eta ebaluazioa
VII. KAPITULUA ERANTZUNKIDETASUNA ETA ADMINISTRAZIOAREN ESKU-HARTZEA OSASUN PUBLIKOAREN ARLOAN
Lehenengo atala. - Administrazioaren esku-hartzearen printzipio informatzaileak
Bigarren atala. - Osasun publikoaren arloko erantzunkidetasuna eta lankidetza
Hirugarren atala. - Osasun-agintaritza
Laugarren atala. - Administrazioaren esku-hartzea
Bosgarren atala. - Arau-hausteak eta zehapenak
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengo xedapen gehigarria. Datu pertsonalen tratamendua
Bigarren xedapen gehigarria. Hizkuntza ofizialen erabilera
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenengo xedapen iragankorra. Indarrean dauden planak
Lehenengo xedapen iragankorra. Zehapen-espedienteak
XEDAPEN INDARGABETZAILEAK
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea
AZKEN XEDAPENAK
Azken xedapenetako lehenengoa. Egitura eta antolaketa instituzionala egokitzea
Azken xedapenetako bigarrena. Arauak emateko gaikuntza
Azken xedapenetako hirugarrena. Indarrean sartzea.

III.- GOGOETA OROKORRAK

Legegintza ekimenaren egokitasunari buruzko balorazioa

Gaur egun indarrean dagoen Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legea, ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Euskadin osasuna babesteko eskubidea gauzatzea ahalbidetzen duten jarduerak arautzea ahalbidetu duen esparru juridikoa da, eta, horretarako, prebentzio-neurriak hartzea, osasuna sustatzea eta prestazio sanitarioak ematea bermatu da, Euskadiko osasun-sistema osatzen duten egituren eta baliabideak erabiliz.

Eraikiz joan den osasun-sistema publiko eta unibertsalari eta garatutako politika publikoei esker, kalitate-sistema eduki ahal izan da, euskal herritarren beharrei eta itxaropenei aurre egiteko eta Euskadin bizi-itxaropena autonomia erkidego gehienen eta munduko altuenen gainetik jarri ahal izateko.

Hala ere, Antolamendu Sanitarioaren Legea promulgatu zenetik hogei urte baino gehiago igaro dira, eta osasunaren babesaren antolamenduaren inguruko behar, erronka eta ikuspegietan bilakaera garrantzitsua izan dela ikus daiteke.

Aztertzen ari garen legearen aurreproiektuaren zioen azalpenak eta justifikazio-memoriak behar bezala azaltzen dituzte osasun publikoaren kontzeptuak izan dituen aldaketak, osasun publikoaren inguruko politika publikoak zuzendu behar dituzten printzipio berriak eta haren gobernantza modalitate berriak.

Osasuna, neurri handi batean, osasunaren esparrutik kanpoko faktoreek zehazten dutela onartzearen ondorioz, osasun publikoko politika eraginkorrak sektore publiko guztiak barne hartzen ditu, eta Osasuna Politika Guztietan deritzon ikuspegia aplikatu beharra dago gobernuaren estrategietan.

Herritarren osasuna eta ongizatea hobetzea ez da jada osasun sailen zeregin esklusiboa, eta botere publikoak eta hainbat politika sektorial inplikatzen dituzte, osasunari buruzko kontsiderazioak erakunde eta politika arlo guztien esku-hartzeetan txertatuta. Zeregin horren ardura duten eragileen kopuruak eta agente horiek ahalik eta osasun mailarik handiena lortzera bideratutako zerbitzu integralak emateko jomuga duen sarean antolatzeak berekin dakarte paradigma-aldaketa, orain arte osasunaren segmentua ardatz izan duen osasun publikoaren ereduan, betiere helburu hori lortzeko lankidetzan eta koordinazioan eraginkortasunez lan eginda.

Ikuspegi horretatik, agerikoa da antolamendu juridikoa eguneratu behar dela, antolamendu sanitarioaren ingurukoa, eta osasun publikoko sistema moderno baten eskakizunetara egokitu behar dela, osasun publikoaren kontzeptu zabalago batek dakartzan erronka berriekin bat etorriz, nazioartean eta Europan nagusi diren ikuskerekin eta foro horietan hartutako konpromisoekin bat datorrena.

Kontseilu honek uste du oso egokia eta beharrezkoa dela Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren ekimena, euskal osasun publikoa kontzeptuaren hedadura osoan lantzeko lege-testu bat egiteko, betiere osasun publikoa, neurri handi batean, osasun-esparrutik kanpoko faktoreek zehazten dutela eta gobernuaren politikako sektore eta arloek esku hartu behar dutela ulertzeak dakartzan ondorioei helduta. Bat gatoz lege-testu berriaren beharrarekin. Izan ere, antolamendu sanitarioa osasunerako eskubidearen babesaren funtsezko alderdia denez, ikuspegi zabalago batetik heldu behar zaio, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legeak gaur egun eskaintzen duen erregulazioa gaindituta, eta jarduera-eremu zabalago bat egituratzea eskatzen du, osasunarekin, bitarteko eta baliabide ugariekin eta beste hainbat gairekin lotutako eskumenak dituzten Autonomia Erkidegoko erakunde-maila guztiak biltzen dituena.

Hala, positibotzat jotzen dugu aurreproiektua, Euskadiko Osasun Publikoaren Sistema eratzen duena hain zuzen, egituratutako sare gisa antolatua eta Osasuna Politika Guztietan ikuspegian oinarritua, zerbitzu integralak emateko, herritarrek ahalik eta osasun-mailarik handiena lor eta goza dezaten.

Aurreproiektuaren edukiaren balorazioa

Aurreproiektuaren edukiari dagokionez, badira printzipio eta eduki batzuk, Kontseilu honen ustez argi eta garbi sartu behar direnak osasun publikoa arautzen duen antolamendu juridikoan, osasun publikoaren ikuskera berriekin bat datorrena eta sistema arin, eraginkor eta ekitatiboak bultzatuko dituena, osasuna babesteko mundu globalizatu honetan. Hauexek dira:

  • Esparru moderno eta malgua izatea, osasun publikoaren ikuspegi integrala izango duena, babesa, osasunaren sustapena eta gaixotasunaren prebentzioa jorratuko dituena, pertsonek osasunerako eta osasun-ekitaterako dituzten eskubideak bermatuta.

  • Osasun publikoaren kontzeptu berria aplikatzea, Osasuna Politika Guztietan ikuspegia aintzat hartuta eta osasun publikoaren sistemaren eraginkortasuna, ekitatea eta kalitatea lortzeko beharrezko ekintza, giza baliabide eta baliabide material guztiak inspiratu eta bideratuko dituena.

  • Paradigma berrian aurrera egitea, non hauexek izango baitira ardatza: prebentzioa, hezkuntza eta osasun-politikak “osasunaren determinanteeta”ra eta osasuna banaezina den osotasuntzat hartzeko ikuspegira bideratzea, giza osasunean eragina izan dezaketen baldintzatzaileei balioa emanez, pandemiak erakutsi digun bezala.

  • Informazioa, parte-hartzea eta gardentasuna, osasun publikoko jarduera guztiak gidatu behar dituzten printzipio etikoen eta demokratikoen funtsezko oinarria den aldetik. Bertan, gizarte zibilak behar bezalako informazioa izan behar du osasunari dagokionez, eta osasunarekin zerikusia duten politiken plangintzan eta kontrolean parte hartzeko bide egokiak izan behar ditu.

  • Osasun-sistema publikoa defendatzea, osasunerako giza eskubidearen aitorpenak botere publikoei ezartzen dizkien betebeharren bermatzailea den aldetik, osasun publikoaren babes orokorra bermatuta, prebentzioa, osasunaren sustapena eta osasun-prestazioak emateko baliabideak erabiliz.

Testuinguru horretan, eta balorazio orokor gisa, Kontseilu honek uste du Euskadiko Osasun Publikoaren Legearen aurreproiektua testu ondo kohesionatua eta egituratua dela, eta garapen tekniko egokia duela.

Plana behar bezala ezartzeko eta eraginkorra izateko, ezinbestekotzat eta premiazkotzat jotzen dugu testua erregelamendu bidez behar bezala garatzea:

  • Hala, Euskadiko osasun-sistema berrorientatu ahal izango da. Sistema horrek asistentziarako ekintza izango du ardatz, baina arreta jarriko du ere osasunaren determinanteetan (hezkuntza, ingurumena, enplegua, lan-osasuna, etab.) eragina duten eta horiek aldarazten dituen politiketan eta osasungarriak ez diren portaeren prebentzioan eta horiek saihestean.

  • Osasun arazoen babesa eta prebentzioa herritarrei bermatzeko oinarriak finkatzea ahalbidetuko duela bermatuta, batez ere osasunaren determinanteekin zerikusia duen guztiari dagokionez. Hala, asistentzia politikak osasunaren determinanteetan eragina izan dezaketen gainerako politikekin lotuko ditu osasun publikoak.

Atsegin handiz ikusten dugu aurreproiektuak adierazitako helburuetako bat dela osasunaren arloko desberdintasun sozialak gutxitzea. Era berean, gauzatzen diren eta osasunarekin nolabaiteko erlazioa duten politika guztiek osasunean dituzten inpaktuak neurtzea, inpaktu positiboak lortzen ez dituztenak birbideratu ahal izateko. Aurreproiektuaren bi elementu horiek oso egokiak direla uste dugu .

Era berean, bere garapenean zehar funtsezko bi kontzeptu sartzea: zeharkakotasuna eta integraltasuna. Lehenengoa, administrazio guztien inplikazioari buruzkoa, eta bigarrena, arreta-maila guztiak (Lehen mailatik espezializatura, soziosanitarioa, lanekoa, ingurumenekoa, etab.) sartzeari buruzkoa.

Hobetu beharreko arloak:

1.- Osasun-larrialdiko egoeraren adierazpena

Aurreproiektu honetan eragin handia dute COVID-19aren ondoriozko osasun-krisiaren esperientziak eta osasun-larrialdien kudeaketa erraztuko duten neurriak, tresnak eta mekanismoak sartzeko borondateak. Hala ere, testuan zehar larrialdi, pandemia edo osasun-krisiaren kasuak aipatzen dira, horien edo gertatzen ari den egoeraren tipologia zehazten duten organoen arteko desberdintasunak zehaztu gabe. Gainera, ezohiko neurriak hartzea ahalbidetzen duten egoerak dira, eta, beraz, beharrezkotzat jotzen dugu aurreproiektuaren testua argia eta zehatza izatea, kontzeptu desberdintasunei eta jasotzen duen egoera bakoitzaren norainokoari buruz, baita egoera horiek zehazteko ardura duen organoari buruz ere. Era berean, gure ordenamendu juridikoko beste tresna batzuetan (Larrialdiak Kudeatzeko Legean, adibidez) arautzen diren larrialdi-egoera ez-sanitarioetatik bereizten ditu.

Aurreko gogoetaren ildotik, aurreproiektuko zenbait xedapenek, larrialdi, pandemia edo osasun-krisi horiei buruzkoek, eragina dute osasun publikoaren esparruko langileen funtzioetan, zereginetan eta lan-baldintzetan. Gure ustez, ezinbesteko kasuetan hartu behar diren neurriak dira, eta salbuespenezko egoera horietan, lan-legeriak lan-baldintzen aldaketari eta langileen legezko ordezkaritzaren parte-hartzeari buruz ezarritakoaren arabera ere formulatu behar dira.

2.- Eskubideak mugatzen dituzten xedapenak

Oro har, adierazi behar dugu testuan zehar zenbait artikulu daudela, eta horietan zenbait eskubideren erabilera mugatzen duten xedapenak ezartzen direla. Eskubideok, duten izaeragatik, hertsiki mugatuak eta justifikatuak izan behar dute.

Aipatu berri ditugun lan-eremuko eraginez gain, aurreproiektuan pertsonengan esku hartzeko hainbat neurri zehatz aurki ditzakegu hala nola mugitzeko askatasunaren murrizketak, lanbide-jardunekoak, pertsonaren edo pertsona-taldeen gaineko kontrol indibiduala, etab. (90. art.), isolamendukoak edo berrogeialdikoak (91. art.), neurri mota horren adibide batzuk aipatzearren. Bestalde, 16. artikuluan, osasun publikoarekin lotuta herritarrei aitortzen zaizkien eskubideak ukitzeko aukera ere ezartzen da, osasun publikoaren arloko neurri berezien bidez, baita klausula orokorrago bat ere. Klausula horren bidez, lehen aipatutako larrialdi, pandemia edo osasun publikoko krisi larriko kasuetan, osasun-agintariek neurri bereziak hartu ahal izango dituzte norbanakoen eskubideak mugatzeko, indarreko araudian eta osasun publikoaren legean bertan oinarrituta.

Bereziki sentikorra den eremu+an gaude, ahalik eta zorroztasun eta argitasun handiena eskatzen duena, eta horren gainean, ahal den neurrian, katalogazioa egitea komeni da. Hori dela eta, komenigarria izan liteke aurreproiektuak eskubideak mugatzen dituzten xedapenen kategoria horretan sartzen diren kasu guztiak berrikustea, multzo zehatz, argi eta koherenteenaren formulazioa ezarriz, eraginkortasun eta segurtasun juridikoaren mesederako.

3.- Antolamendu-sare irekiegia

Osasun Sistema Publikoaren gobernantzaren egituraren konfigurazioari buruzko gogoeta ugari egin dira gogoeta espezifikoen atalean, arau berrian sortzen eta/edo arautzen diren figurak bereizita.

Aztergai dugun aurreproiektuan gai horrek duen zentraltasuna kontuan hartuta, puntu honetan gogoeta orokor batzuk azpimarratu behar dira zenbait alderdiren inguruan, gure ustez testua idatzi dutenek egin beharrekoa hain zuzen ere. Aurreproiektuak, IV. eta VI. kapituluetan, hainbat figura jasotzen ditu, baina, gure ustez, figura horiek ez daude behar bezala definituta, haien eskumenei, eginkizunei, gobernantzako egituraren barruan sartzeari eta sarea osatzen duten gainerakoekiko harremanari dagokienez.

Aurreproiektuan organo ugari ezartzen direla ohartzeko, honako hauek aipa daitezke: Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemaren erakunde-antolamenduaren eta administrazio publikoen arteko koordinazioaren, lankidetzaren eta interakzioaren eremuetan, osasun publikoaren organo zentrala (35. art.), osasun publikoaren lurralde-unitateak (37. art.) eta Osasun Publikoaren Erakundearteko Batzordea (39. art.) ditugu. Kontsulta, aholkularitza eta partaidetzako organoei dagokienez, Osasun Publikoaren Euskal Kontseilua (44. art.) eta osasun publikoaren arloko informazio-sistemen eta ezagutzaren kudeaketaren esparruan, Euskadiko Osasun Behatokia (72. art.). Osasun publikoaren arloko erantzunkidetasunaren eta lankidetzaren eremuan, 81. artikuluan, Osasun-agintaritza arautzen da, hain zuzen, eskumen-eremuaren arabera, bost instantzia edo organok osatua.

Figura horien guztien formulazioa oso irekia da, eta uste dugu beharrezkoa dela legegileak arreta handiagoa jartzea figurak ordenatzeko, haien inguruak, eskumenak eta funtzioak zehazteko, eta beharrezko erregelamendu-garapenaren oinarriak ezartzeko, argiago ikus daitezen proiektatzen den antolamendurako eta jarduketarako egitura osoa, figura bakoitzak bertan betetzen duen lekua eta ezartzen diren lurralde-administrazio publiko desberdinentzat eta bikoiztasun desberdinentzat ezartzen diren erlazioak, bai administrazio orokorraren ikuspegitik, bai EAEko Administrazio Orokorraren ikuspegitik.

Aurreikusitako askotariko instantzien barruan, guztiak euskal administrazioei edo haien mendeko organoei atxikiak, eta aztertzen den gaiaren (osasunaren) izaera kontuan hartuta, ikerketa, analisi eta informazio tekniko eta zientifikoko instantzia bat sartzeko aukera planteatzen dugu. Instantzia horrek, modu independentean, aholkularitza aditua eta zientifikoa eman ahal izango du, eta informazio eta ebidentzia zientifikoa emango die organo administratiboei eta politikoei, gaixotasunen kontrolaren eta prebentzioaren eremuetan erabakiak hartzeko. Testuinguru horretan, eta helburu horietarako, honako hau proposatzen dugu: izaera tekniko-zientifikoko agentzia independente baten sorrera aztertu ahal izatea, edo, bikoiztasunak saihesteko, Euskadiko Osasun Behatokia egokitzea, printzipio horien arabera. Izan ere, aurreproiektuan Osasun Sailari organikoki atxikitako zerbitzutzat hartu da, baina proposatzen dugun agentzia independentearen figurarekin homologa daitezke haren eginkizunak.

4.- Erakunde pribatuen esku-hartzea

Erakunde pribatuei dagokienez, Euskadiko Osasun Publikoaren Sisteman duten parte-hartzea aurreikusita dago aurreproiektuan, eta ohar bera egin behar da osasun publikoaren sistemaren esparruan aurreikusitako lankidetzaren inguruabarrei eta modalitateei buruzko zehaztasunik ezari dagokionez eta kasu horietan zehaztasun handiagoa eman beharrari dagokionez.

5.- Parte hartzea

Parte hartzeko bideak, hainbat artikulutan aipatzen badira ere, ez dira argiak. Oso beharrezkoa iruditzen zaigu gehiago argitzea, oso garrantzitsua baita herritarrek edo gizarte zibileko erakundeek modu batera edo bestera osasunean eragina duten politikak diseinatu, garatu eta kontrolatu ahal izatea.

6.- Genero-ikuspegia

Gure ustez, genero-ikuspegia zeharka txertatu beharko litzateke lege osoan, baina xedapen gutxi batzuetan baino ez da aipatzen.

IV.- GOGOETA ESPEZIFIKOAK

2. artikulua.- Eremua

2. artikuluan ezartzen denez, arauaren aplikazio-eremuak hauexek hartuko ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, bertan kokatutako foru eta toki administrazioak, horien guztien mendeko edo horiei lotutako erakundeak, eta osasun publikoan eragina duten ekintzak gauzatzen dituzten erakunde pribatuak.

Egokia iruditzen zaigu argitzea zer hartzen duen “osasun publikoan eragina duten ekintzak gauzatzen dituzten entitate pribatu” terminoak. Izan ere, “aurreproiektuko beste xedapen batzuetan osasun-zerbitzuak ematen dituzten erakunde pribatuei” buruz egiten diren aipamenak baino zabalagoa dirudi. Hori guztiz argitzeko, 5. artikuluan, definizioak jasotzen dituenean, osasun publikoan eragina duten ekintzak gauzatzen dituzten erakunde pribatuen definizioa sartzea proposatzen dugu.

3. artikulua.- Printzipio gidariak

Gure ustez, baliabideen nahikotasuna osasun publikoaren arloko jardueren, prestazioen eta zerbitzuen oinarri izan behar duten printzipio gidarien artean agertu beharko litzateke. Ezinbesteko elementua da aurreproiektuak ezarritako helburuak eta jarduketak eraginkortasunez betetzeko, eta, aurreproiektuan funtsezko izaera aitortu arren, hori ez da gertatzen 20.3 artikulura arte. Artikulu horretan jasotzen denez, “lege honetako aginduak eraginkortasunez betetzeko, administrazio publikoek osasun publikoko funtsezko baliabideak izango dituzte, bai instituzionalak, bai materialak eta giza baliabideak”. Horrenbestez, proposatzen dugu s) letran sartzea printzipio gidari gisa. Baliabideen nahikotasuna: instituzionalak, materialak eta giza baliabideak.

3: art.
s) Baliabideen nahikotasuna: instituzionalak, materialak eta giza baliabideak.

4. artikulua.- Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemaren funtsezko funtzioak

Artikulu honek Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemaren funtsezko funtzioak biltzen ditu, antolamendu sanitarioko araudian ezarritako jardueretatik harago. Oro har, beharrezko zehaztasunik eza ikusten dugu, jasotzen diren funtzioen benetako edukia eta osasun-sisteman duten funtzionamendua transmititzen dituena.

Besteak beste, hauexek aipatzen dira:

e) letran, “Osasuna Politika Guztietan printzipioan oinarrituta, sektore, administrazio eta gizarte-eragileen arteko sinergiak garatzea”. Zeregin zabala da, eta, garapen handirik gabe, zelan, nork esku hartzen duen eta zer baliabide dituen aztertu gabe, zaila da edukiaren norainokoa ikustea.

i) letran, “Biztanleriaren osasuna eta ongizatea sustatzea, pertsonen ezagutzak eta gaitasunak areagotzeko esku-hartzeen bidez, baita gizarte, lan, ingurumen eta ekonomiaren arloko baldintzak aldatzeko esku-hartzeen bidez ere, baldintza horiek osasun indibidualean eta kolektiboan duten eragin positiboa bultzatzeko”. Funtzio horri dagokionez, inplementaziorako behar diren inbertsioen diseinuaren zehaztapen falta sumatzen dugu, baita lehenespen ordena, epea eta abar ere.

"j)" letran, "Osasun publikoa bermatzea, baita osasuneko programak eta esku-hartzeak diseinatu eta ezartzea ere, horien aplikazio eraginkorra eta kalitatezkoa kudeatuta, osasunaren arloko desberdintasunak gutxitzea lortu nahian". Azken helburu horrek azalpena merezi du, ez baitu esanahirik erabiliko diren bitartekoak zehaztu gabe.

k) letran, “Osasun publikoaren arloan eskumena duten osasun-langileen bermea, osasun publikoko arazoei aurre egiteko prestakuntza emanez”.

Uste dugu puntu honek garapen kontzeptuala eta estrategikoa eskatzen duela, baita legegileak hauexen inguruan duen definizioa, besteak beste: "bermea", "osasun langile gaituak", eta "horien prestakuntza erraztuz".

l) letran, “Gobernantza, finantzaketa eta kalitatearen ebaluazioa, osasun publikoa hobetzeko”. Ohar berberak egin behar dira zehaztasun handiagoari buruz.

m) letran, lehenik eta behin, osasun publikoaren arloko araudia aplikatzeko eskumena duen osasun-agintaritza erabiltzearen funtzioa jasotzen da. Funtzio hori formulatzeak, agintea zelan erabiliko den gehiago zehaztu gabe, asmo onen adierazpen hutsa baino ez dakar, eta arau-garapen handiagoa beharko luke, osasun-estandarrak betearazteko eta zaintzeko tresnak eta bitartekoak zehaztuta.

Bigarren puntuari dagokionez ("eskubide indibidualak eta kolektiboak mugatzea proposatzea, herritarren eskubideen mesedetan"), jarduketaren eskubideen izaera mugatzailea dela eta, egokia iruditzen zaigu aukera hori salbuespenezko egoeretara mugatzea; 16.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, larrialdi, pandemia edo osasun publikoko krisi larrien kasuetara, edo, edozelan ere, eskubide indibidualen eta kolektiboen muga hori zer kasutan gauzatu daitekeen zehaztea.

4. art.:
m) Osasun publikoaren arloko araudia aplikatzeko eskumena duen osasun-agintaritza erabiltzea; eskubide indibidualak eta kolektiboak mugatzea proposatzea larrialdi, pandemia edo osasun publikoko krisi larriko egoeretan herritarren eskubideen mesedetan, 16.2 artikuluaren arabera; …..

7. artikulua.- Berdintasunerako eta ekitaterako eskubidea

Eskubide hori aldarrikatzeko, berau ezartzeko moduak zehaztu behar dira. Izan ere, eskubide horrek aintzatespen formal zabala du, baina praktikan eskubidea ez betetzeak oraindik ere bere adierazpenak ditu. Osasun publikoaren arloan, lehentasunezkoa da legea ekitatezkoa izatea eta aplikatzea.

9. artikulua.- Informazioa jasotzeko eskubidea

1. atalean, honelaxe idatzi da eskubide hori: “Euskal herritarrek osasun publikoaren arloko informazioa eskuratzeko eskubidea dute, eta administrazio eskudunek informazio hori zabalduko dute, osasuna sustatzeko eta babesteko behar beste, erraz eskuratzeko moduan, ulertzeko moduan eta modu egokian, indarreko araudian ezarritakoaren arabera”.

Formulazioak jasotzen dituen kalifikazio adjektiboez gain, uste dugu euskal herritarrek eskubidea dutela osasun publikoaren arloko informazioa egiazkoa eta osoa izan dadin, eta, beraz, adjektibo horiek artikuluaren idazketan sartu beharko lirateke.

9. art.):
Herritarrek osasun publikoaren arloko informazio egiazkoa eta osoa eskuratzeko eskubidea dute, eta administrazio eskudunek informazio hori zabalduko dute, osasuna sustatzeko eta babesteko behar beste, erraz eskuratzeko eta ulertzeko moduan eta modu egokian, indarreko araudian ezarritakoaren arabera.

10. artikulua.- Osasun publikoko jardueretan benetan parte hartzeko eskubidea.

Aurreproiektuak, puntu honetan, euskal herritarrek osasun publikoko jarduketetan benetan parte hartzeko duten eskubidea aitortzen du, zuzenean edo elkartzen diren edo ordezkatzen dituzten erakundeen bitartez, administrazio eskudunak horretarako ezartzen dituen prozeduren arabera. Ondoren, parte hartzeko eskubidea zer jarduketatan aitortzen den zehazten du, baina ez du ezer adierazten osasun publikoko jarduketetan parte hartzeko moduari eta bitartekoari buruz, eta hori konpondu beharreko gai garrantzitsua dela uste dugu.

16. artikulua.- Eskubideak mugatzea osasun publikoa babesteko.

2. atalean ezarritakoari dagokionez, hots, larrialdi, pandemia edo osasun publikoko krisialdi larriren bat gertatuz gero, osasun-agintariek neurri bereziak hartu ahal izango dituzte norbanakoen eskubideak mugatzeko, hain zuzen ere indarrean dagoen araudian eta aurreproiektuan ezarritakoaren arabera, ezinbestean gogoratu behar dugu COVID-19aren pandemia honetan bizitako esperientzia. Izan ere, bertan ikusi ditugu horrelako neurri mugatzaileei buruz autonomia erkidego batzuetako auzitegien erabaki judizialak, eta eskubideak mugatzeko horrelako neurriak ez direla eraginkorrak aurretik alarma-egoera adierazi ezean.

Arauaren formulazio zehatzari dagokionez, hauxe gomendatzen dugu: “Larrialdi, pandemia edo osasun publikoaren krisialdi larriren bat izanez gero” barik "Osasun-larrialdia deklaratuz gero …" jartzea. Izan ere, gure ustez, osasun-larrialdiaren aldez aurreko adierazpena ekarri behar du berekin lortu nahi den eskubide-murrizketak.

16. art.:
2. Larrialdi, pandemia edo osasun publikoko krisialdi larriren bat izanez gero, Osasun-larrialdia deklaratzen bada, eta osasun publikoa babesteko eta hura galtzearen edo okertzearen kontrako aurre-zaintza egiteko, osasun-agintariek banakako eskubideak mugatzeko neurri bereziak hartu ahal izango dituzte, indarreko araudian eta lege honetan ezarritakoaren arabera.

17. artikulua.- Herritarren betebeharrak osasun publikoari dagokionez

Xedapen horrek betebehar gehigarriak ezartzen dizkie osasun-sistemaren antolaketari eta kudeaketari eta osasun politika espezifikoei buruzko araudiak euskal herritarrentzat ezarritako betebeharrei. Zerrendatzen diren betebeharren artean, uste dugu f) letran jasotakoa, osasun-administrazio eskudunaren bulegoetan agertu beharrari buruzkoa, arrisku errealaren kasuan osasun publikoa babesteko beharrezkoa denean, eskura dagoen ebidentzia zientifikoaren arabera, osasun-larrialdiko egoera deklaratu den egoeretan ere bete beharreko betebeharra dela.

18.- artikulua.- Osasuna Politika Guztietan

Osasuna Politika Guztietan printzipioa da Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemaren euskarri nagusietako bat, eta aztertzen ari garen aurreproiektuaren elementu inspiratzaileetako bat. 18. artikuluan, osasun publikoaren arloan garatu eta bultzatu beharreko ekintza guztien oinarrian kokatzen du aurreproiektuak, modu integral eta jasangarrian, eta 2. atalean, berriz, bere esparruan bultzatuko diren jarduketa batzuk zehazten ditu, horien artean, c) letran, komunitateak, gizarte-mugimenduak eta gizarte zibila sartzea esku-hartzeen plangintzan, garapenean eta ebaluazioan.

Uste dugu bat datorrela politika Osasuna Politika Guztietan printzipioaren esanahiarekin, gizarte-eragileak ere esku-hartzeen plangintzan, garapenean eta ebaluazioan sartzea.

18. art.
c) Komunitateak, gizarte-mugimenduak, gizarte-eragileak eta gizarte zibila esku-hartzeen plangintzan, garapenean eta ebaluazioan sartzea.

19. artikulua.- Euskadiko Osasun Publikoaren Sistema

Horixe da Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemari berariaz eskainitako aurreproiektuaren xedapena, osasun publikoaren arloko aurreproiektu baten funtsezko elementuetako bat, sistema hori sortzea helburu duena. Uste dugu aurreproiektuaren funtsezko elementu horri heltzeak zabalagoa eta argiagoa izan beharko lukeela haren garapenean, bereziki 2. atalean, zeren eta Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemaren jarduerak antzeko beste sistema eta politika batzuekin koordinatzea eta lankidetzan aritzea aurreikusten baitu.

20. artikulua.- Herri administrazioen betebeharrak osasun publikoari dagokionez.

Administrazio publikoek osasunaren arloan dituzten betebeharrei dagokienez, artikulu horretan ezarri da, besteak beste, “lege honetako aginduak benetan betetzeko, administrazio publikoek funtsezko baliabideak izango dituztela osasun publikoan, bai instituzionalak, bai materialak eta bai giza baliabideak.” Premisa hori funtsezkoa da aurreproiektuak arautzen duen Osasun Publikoko Sistemaren funtzionamendu eraginkorrerako, garapen eta zehaztasun handiagoa merezi eta eskatzen baitu, eta, hori gabe, osasun-sistemak ezingo du arrakastarik izan bere helburuak lortzeko.

21. artikulua.- Emaitzen balorazioa eta osasunean duen eragina

Emaitzen eta osasunean duten eraginaren balorazioari dagokionez, hura arautzen duten ataletan aldaketa hauek egitea proposatzen dugu:

1. atalean, emaitzen eta osasunean duen eraginaren balorazioaren definizioa jasotzen da, baita Osasuna Politika Guztietan printzipioarekin aplikatzea ere, esku-hartze sektorialen diseinuan eta ezarpenean osasunaren babesa eta sustapena txertatzeko helburuarekin. Hala, bada, hau gehitzea proposatzen dugu: balorazio hori herritarren parte-hartze osoarekin egitea, eta, horretarako, lege honetan parte hartzeko ezarritako bideak erabiltzea”.

2., 4. eta 5. ataletan, osasunaren gaineko eraginaren balorazioaren zenbait alderdi arautzen dira, hala nola xedea eta osasunaren gaineko eraginaren balorazioaren mende jarri beharreko esku-hartze sektorialak identifikatzeko irizpideen erregelamendu bidezko garapena, baita emaitzak eta osasunaren gaineko eragina baloratzeko prozedura, metodologia eta edukiak ere. Gure ustez, ezarritako erregelamendu bidezko garapenerako datak edo epeak sartzeak eta balorazio-jarduera horietarako erabiliko diren bitartekoak zehazteak aukera emango lukete benetako eraginkortasuna izan dezaten jarduerok. Interesgarria litzateke, halaber, jarduera horietan parte hartzeko foroak sartzea, hala nola herritarren parte-hartzea, sozietate zientifikoak, etab.

22. artikulua.- Osasun publikoko profesionalak

Osasun publikoko profesionalei dagokienez, 22. artikuluan zehazten da nork osatzen duten eta zer baldintza bete behar dituzten haien gaikuntzarako eta etengabeko prestakuntzarako, lanbidean behar bezala jardun dezaten. Osasun publikoko lanbide-profilen beharra ere aipatzen da, osasun publikoa diziplina anitzekoa delako. Komenigarria litzateke diziplina aniztasunak osasun publikoko lanbide-profiletan dakartzan ondorioak gehiago garatzea.

Osasun publikoko larrialdi-egoeretarako aurreikuspenak (osasun-krisiak eta pandemiak barne), 4. atalean egiten denak hain zuzen ere, aukera ematen du langileei eginkizun eta zeregin berriak esleitzeko, baita Eusko Jaurlaritzako sailetan, Osakidetzan eta osasun-egiturari laguntzeko osasun-egiturak eta osasun-zerbitzuak ematen dituzten erakunde pribatuetan daudenak aldatzeko eta birbideratzeko ere, eta langileen legezko ordezkaritzari aldez aurreko informazioa eman beharko lioke, ez bakarrik erabakiak jada hartuta daudenean, betiere langileen eskubideak zainduta.

23. artikulua.- Gaitasun profesionalak.

23. artikuluan oinarrizko gaitasun profesionalak nola arautzen diren aztertzen dugu. Artikulu horrek zehatz-mehatz deskribatzen ditu Euskadiko osasun publikoko profesionalek behar bezala eta asmo handiz bete beharko dituzten eginkizunak eta funtzioak.

Balorazio positibo horretaz gain, xedapen horrek hausnartu egiten du haren inplikazioei buruz, eta legegileak ez ezik, Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemaren kudeatzaileek ere kontuan hartu beharko dituzte, aurreikusitako kontratatu beharko diren profil profesionaletarako kualifikazio altuko pertsonen kopuruari dagokionez. Horrek esan nahi du plangintza egin behar dela, langileen beharrak, kontratatzeko finantzaketa-beharrak eta lanbidean jarduteko baliabideak zenbatetsita.

24. artikulua.- Euskadiko Osasun Plana

Euskadiko Osasun Plana Euskadin osasunaren arloko politikak, estrategiak eta jarduerak planifikatzeko, antolatzeko, lehenesteko eta koordinatzeko mailarik handieneko tresna da.

Gaur egun indarrean dagoen Osasun Antolamenduaren Legeak ezarritako figura horrek Euskadiko osasun publikoaren hobekuntzan bete duen zeregina balioesten dugu. Hori dela-eta, galdetzen dugu ea egokia den aldizkakotasuna 4 urtetik 8 urtera igotzea, aurreproiektuak dakarren moduan, eta Planaren helburuak eta jarduerak ebaluatzeko epea 1 urtetik 4 urtera igotzea, baita frogatutako eraginkortasuneko tresna bat desitxuratzeko arriskuari buruz ere.

Era berean, Euskadiko Osasun Planak osasun politikaren arloan duen dokumentu guztiz giltzarria denez, uste dugu indartu egin beharko liratekeela plan hori egiteko parte-hartzeari buruzko aurreikuspenak, eta zehaztasun handiagoa sartu beharko litzatekeela partaidetza eta koordinaziorako organoek eginiko proposamenak zelan jasoko diren, zer irizpideren arabera sartuko diren planean, eta zer irismen izango duen, “proposamenak kontuan hartzea” eta abar, bertan benetan parte hartzeko bideak irekita gera daitezen.

Azkenik, Planaren helburuak eta jarduerak indarrean sartu eta 4 urtera ebaluatu beharko dira. Ebaluazio horri dagokionez, komenigarria litzateke erabiliko diren irizpideak zehaztea, planaren ebaluazioa benetako betebeharra izan dadin eta benetako esanahi praktikoa izan dezan.

25. artikulua.- Foru, toki eta eskualdeko osasunerako estrategiak edo planak

Artikulu horretan xedatzen da toki, eskualde eta foru erakundeek beren osasunerako estrategia edo plana diseinatzeko eta onartzeko ahalmena dutela, beren ingurunearen eta biztanleriaren berezitasunak kontuan hartuta.

Uste dugu koherenteagoa dela aurreproiektuak ezartzen duen erregulazioarekin. Horren arabera, foru eta tokiko erakundeek kudeaketarako baliabideak eta tresnak bideratu beharko baitituzte, osasun-plan bat diseinatu eta onartzea nahitaezkoa izatea, eta ez aukerakoa soilik, betiere Euskadiko Osasun Planarekin koherente izanik eta baliabideak eta tresnak modu eraginkorrean antolatzea ahalbidetuta. Bestela, tokiko erakundeentzat, planaren nahitaezkotasuna biztanleria jakin batera mugatu liteke, adibidez.

2. atalean, osasuneko tokiko, eskualdeko eta foruko planak edo estrategiak definitzen dira, eta komenigarria iruditzen zaigu plan eta estrategia horien mugak zehaztea, baita Euskadiko Osasun Planarekin nola erlazionatzen diren ere, harekin bat etorri behar baitute.

27. artikulua.- Euskal administrazio publikoen eskumenak eta 29. artikulua.- Udalerrien eta nazioz gaindiko erakundeen eskumenak

Artikulu biak aurreproiektuaren osasun publikoaren arloko eskumenen banaketari buruzko atalean sartzen dira, eta osasun publikoaren eremuan inplikatutako euskal administrazio bakoitzaren eskumenak oso modu orokorrean mugatzen dituzte, askotariko esparru materialak biltzen baitituzte.

Eskumenen egituraren konplexutasuna eta erakunde bakoitzaren eskuduntza eta ahalmenen ezagutza zehatza izateko beharra kontuan hartuta, askoz argigarriagoa eta operatiboagoa iruditzen zaigu legeen eta/edo erregelamenduen mailako tresna juridikoa egitea, erakundeen arteko eskumenen mugaketa zehatza bilduko duena, eta hori lagungarria izango da, era berean, erakundeen arteko lankidetza-hitzarmenak izenpetzerakoan. Eskumenen eta legeen arloko mapa horrekin batera, finantza-baliabideak, giza baliabideak eta baliabide teknikoak zehaztu behar dira, aurreproiektuak eraiki nahi duen Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemaren egituraren pieza instituzional guztiak eraginkor bihurtzeko.

31. artikulua.- Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemaren antolaketa instituzionala

Euskadiko Osasun Publikoaren Sistema osatzen duten administrazio publiko bakoitzak osasun publikoaren arloan dagozkion eskumenak erabiltzeko baliabideak eta tresnak barnean antolatuko dituela xedatu ondoren, 2. atalean osasun publikoko larrialdi-egoeretarako, pandemiarako edo osasun-krisirako aurreikuspena egiten da, betiere giza eta aurrekontu-baliabideak eta langileen funtzioak eta zereginak birbideratzeko aukera emanda.

Gai honen inguruan hartutako erabakien berri, “ahal den neurrian”, tartean diren eragile sozial eta sindikalei emango zaiela aurreikusten da.

22. artikuluari dagokionez adierazi dugun bezala, orain aztertzen ari garen xedapenean aurreikusitako egoeretan, adierazi behar dugu gaiarekin zerikusia duten eragile sozial eta sindikalei eman beharreko informazioa erabakiak hartu aurretik eman behar dela. “Ahal den neurrian” informazio hori emango dela aurreikusteak informazioa ez emateko aukera ematen du. Hori dela-eta, proposatzen dugu adierazpen horren ordez "ahal den denboran eta moduan" jartzea. Adierazpen hori egokiagoa da, eta, antzeko egoera batean, 22. artikuluan erabiltzen da.

31. art.
2. Osasun publikoko larrialdi-egoeren, pandemien edo osasun-krisien ondoriozko jarduera guztietan, eta osasun publikoaren egiturari laguntzeko, osasun publikoaren arloan eskumenak dituzten administrazioetan, baita laguntza-ingurune publiko eta pribatuan ere, aldi baterako eta lanaren eta ordainsarien funtsezko baldintzak errespetatuta, giza baliabideak, aurrekontu-baliabideak eta langileen eginkizunak eta zereginak birbideratzeko estrategiak definitu eta ezarri ahal izango dira. (Ahal den neurrian) Ahal den denboran eta moduan, larrialdi aitortuko egoeretan, tartean dauden eragile sozial eta sindikalei jakinaraziko zaie, erabakiak hartu aurretik (gai horren inguruan hartutakoak).

35. artikulua.- Osasun publikoko organo nagusia

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren osasun publikoko organo nagusia, 35. artikuluak jorratzen duena, izango da administrazioko eta administrazio orokorreko osasun publikoko dispositibo eta baliabide guztien zuzendaritza eta koordinaziorako unitatea, eta, beraz, funtsezko garrantzia izango du organo zuzentzailea den aldetik Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemaren esparruan bilduta dauden organo eta funtzioen sare zabalean.

Figuraren garrantzia kontuan hartuta, komenigarritzat jotzen dugu arau espezifikoa ematea, haren osaera, eginkizunak, betebeharrak, bitartekoak eta eskura dituen tresnak jasoko dituena, hau da, figuraren erregulazio integrala, pisu espezifikoak eskatzen duen xehetasuna izanik.

36. artikulua.- Osasun publikoaren lurralde-egitura eta 37. artikulua.- Osasun publikoko lurralde-unitateak

Bi artikulu horiek berrikustea gomendatzen dugu, Euskadiko Osasun Publikoaren lurralde-antolamenduaren erregulazioa errazago uler dadin, eta diskrezionalitate-maila handiegia ematen duten esamoldeak ken daitezen. Esate baterako, ”hala onuragarritzat jotzen bada” edo “egoki irizten bazaio”, baina ez da ondorio horiek ateratzeko irizpiderik jaso.

38. artikulua.- Euskadiko Osasun Publikoaren Sistema osatzen duten administrazioen arteko lankidetza

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta foru eta tokiko administrazioen arteko lankidetza eta jarduera koordinatuak, Osasun Publikoaren Sistemaren kohesioa eta baliabideen erabileraren efizientzia bermatzeko, erronka handia dakar, eta garapen zehatzagoa eskatzen du, sistema hori ezartzeaz harago, funtzionamendua arautuko duten printzipioak eta irizpideak zehaztuta. Osasun Publikoko Erakundearteko Batzordea, eskumen-gainjartzeak galarazteko, informazioa partekatzeko eta koordinazio eraginkorra bermatzeko aurreproiektua eratzen duena, gure ustez, 35. artikuluko osasun publikoko organo nagusiak bezala, garapenerako tresna juridiko espezifikoa behar du.

40. artikulua.- Estatuko Administrazio Orokorrarekin eta beste administrazio eskudun batzuekin koordinatzea, osasun-arriskua edo -larrialdia dagoenean

Arrisku, larrialdi edo krisi sanitarioko eta pandemiako egoeretarako aurreikusita dago osasun publikoaren arloan eskumena duten administrazio publikoen arteko lankidetza eta koordinazioa indartzea, eta horren esparruan, aldi batez, langileen mugikortasuna administrazio desberdinen artean errazteko aukera, betiere ordainsariak eta lanaren funtsezko baldintzak errespetatuta.

Beste artikulu batzuetan, osasun-larrialdiko egoerei aurre egiteko eginkizunak eta zereginak berriz orientatzen zirenean, gizarte-eragileei eta sindikatuei informazioa ematea aurreikusten zen, baina artikulu honetan ez da horri buruzko aipamenik egiten. Horrexegatik, uste dugu beharrezkoa dela informazio hori gehitzea, eta, aurreko gogoetetan adierazi dugun legez, langileen mugikortasunari buruzko erabaki horiek hartu aurretik.

Era berean, badirudi beharrezkoa dela artikulu honetako aurreikuspenak aipatzea, arrisku-egoeretarako eta osasun-larrialdietarako ez ezik, osasun-larrialdia deklaratu den egoeretarako ere.

43. artikulua.- Euskadiko Osasun Sistemaren betebeharrak Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemari dagokionez

Artikulu horren h) idatz-zatian, Euskadiko Osasun Sistemaren jarduera aurreikusten da osasun publikoko larrialdietan, pandemian eta/edo osasun-krisian. Horien aurrean, aurreproiektuak aurreikusten du Euskadiko Osasun Sistemak erantzuteko estrategia bat ezarri behar duela, eskura dagoen ebidentzia zientifiko onenean oinarrituta. Ikus dezakegunez, estrategia horretan osasun-langileek zereginak birbideratu ahal izango dituzte, baita zeregin berriak ere, euskal osasun-sistemak erantzun eraginkorra eta koordinatua eman diezaion osasun publikoko larrialdiari.

Berriz ere, halako jarduketetarako proposatzen dugu, lehenik eta behin, deklaraturiko osasun-larrialdian sar daitezela, eta, bigarrenik, horiei buruzko informazioa sar dezatela gizarte-eragileentzat eta sindikatuentzat, erabakiak hartu aurretik, langileen eskubideak zaindu ahal izan ditzaten eta zeregin berriak birbideratzeko edo esleitzeko planteamenduei buruzko gogoetak egin ditzaten hain zuzen.

44. artikulua.- Osasun Publikoaren Euskal Kontseilua

Gure ustez, hainbat arlo gehitu behar dira Osasun Publikoaren Euskal Kontseiluaren osaeran. Gizarte zibilak parte hartzeko organo gorena eta osasun publikoaren arloko lege-proiektuei, erregelamenduei eta planei buruzko aholku-emailea den aldetik, hauexen falta sumatzen dugu: alde batetik, osasunaren arloko elkarte zientifikoak eta teknikoak, baita sektorekoak ere, osasunarekin lotura estua duten arloetan, hala nola elikaduran, nekazaritzan edo abeltzaintzan.

Bestalde, sektoreko enpresaburuen elkarte eta sindikatu nagusiak.

Horregatik, organoaren osaeran, horiek guztiak erregelamendu bidezko garapenean edo, ahal dela, Euskadiko Osasun Publikoaren Legearen aurreproiektuaren testuan bertan sartzea proposatzen dugu. Hartara.

45. artikulua.- Koordinazio, kontsulta, aholkularitza eta partaidetzako beste organo batzuk

Xedapen horren 2. atalean ezarri denez, Eusko Jaurlaritzak eta foru eta tokiko administrazioek kontsultarako organo edo batzorde espezializatuak sor ditzakete, gai espezifikoetarako, sailarteko edo erakundearteko izaerakoak, eta erakunde hauek ere barne har ditzakete: Xedapenak ez du informazio gehiagorik ematen erakunde pribatuek sailarteko eta erakundearteko batzordeetan parte hartuko luketen egoera eta baldintzei buruz, eta hori zehaztea komeniko litzateke.

49. artikulua.- Osasun Publikoaren Zaintzarako Sarea

m) letran jasotako Osasun Publikoaren Zaintzarako Sarearen funtzioak genero-ikuspegia gehitzea proposatzen dugu.

49. art.
m) Genero-ikuspegitik begiratuta, laneko arriskuak eta osasunean dituzten ondorioak zaintzea.

56. artikulua.- Ingurumen-osasuna

c) letrako jarduerak genero-ikuspegia kontuan hartuko duela gehitzea proposatzen dugu.

56. art.
c) Herritarren osasunean eragina izan dezaketen ingurumen-arriskuak zaintzeko sistema garatzea, esposizioaren eta ondorioen etengabeko balorazioa egin ahal izateko eta genero-ikuspegia kontuan hartzeko.

55. artikulua.- Elikagaien segurtasuna, 56. artikulua.- Ingurumen-osasuna, 60. artikulua.- Eskola-osasuna eta 61. artikulua.- Lan-osasuna

Aurreproiektuak artikulu bat eskaintzen dio osasunean eragina duten gai horietako bakoitzari. Gure ustez, erregulazioa laburregia eta eskasegia da, eta kontuan hartu behar da jorratutako arlo bakoitzaren zabaltasuna, edukia zabaltzea merezi baitu. Hala badagokio, osasun publikoari dagokionez, eremu bakoitzean jarduteko modua eta eragina bideratu beharko lituzke.

57. artikulua.- Osasun Publikoaren Sistemari erantzuteko eta hura egokitzeko neurriak osasun-larrialdietan edo pandemian.

Aurreko xedapenetan adierazi dugun legez, uste dugu garrantzitsua dela osasun-larrialdiko deklarazioa aipatzea eta gizarte-eragileei eta sindikatuei informazioa ematea erabakiak hartu aurretik.

Osasun publikoko larrialdi baten aurrean eraginkortasunez erantzuteko langileak kontratatzeko aukera dagoenez, ez dirudi beharrezkoa denik osasun-larrialdian edo pandemian zereginak betetzeko funtzionario berriak izendatzea.

60. artikulua.- Eskola-osasuna

Euskadiko Osasun Planak edo dagokion tokiko planak xedatzen duena baino ez du aipatzen, eta ez du aipatzen egin daitekeen eskualde edo foru plana, 25. artikuluan posibletzat jotzen dena.

61. artikulua.- Lan-osasuna

Xedapenak genero-ikuspegia txertatu beharko luke laneko segurtasunaren, osasunaren, higienearen eta ingurumenaren arloko politikak kudeatzeaz arduratzen den Eusko Jaurlaritzako organoak egiten dituen jarduketetan, laneko epidemiologiaren eta lanbide-patologien kontrola ahalbidetuko duen osasun-informazioko sistema bat ezartzeari dagokionez eta lan-ingurunean osasuna sustatzeko, aurre-zaintza egiteko eta hura babesteko ekintzak egiteari dagokionez.

64. artikulua.- Beste laborategi batzuen jarduerak osasun publikoaren arloan

1. atalean ezarrita dagoenez, osasun publikoko beharrei erantzuteko, Osasun Publikoko Laborategiak titulartasun publiko edo pribatuko beste analisi-eremu batzuetako laborategiak izan ditzake. Osasun Publikoko Laborategiak behar bezala egiaztatutako erreferentziako teknika analitiko espezifikoak egiteko egoitza zehaztu ahal izango du.

Lehen adierazi dugunez, ez da zehazten erakunde pribatuek Euskadiko Osasun Publikoaren Sisteman zer egoeratan lan egingo duten, eta xedapen hori horren adibidea da. Pentsa daiteke, jakina, titulartasun pribatuko laborategiek esku hartuko dutela sistema publikoa gai ez denean unean uneko eskari guztiari erantzuteko salbuespenezko inguruabarrak gertatzen direnean, hala nola osasun-larrialdiaren adierazpenean.

3. atalean honako hau dio: “Euskal Autonomia Erkidegoko, beste autonomia erkidego batzuetako edo Estatuko Administrazioko agintari eskudunek, beren eskumenen esparruan betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko laborategi publikoak edo pribatuak izendatuko dituzte elikagaien kontrola ofiziala egin ahal izateko”.

Atal honetan, laborategi pribatuek, printzipioz, laborategi publikoei esleitutako zeregin batzuetan esku hartzeko inguruabarrei buruzko zehaztugabetasunen beste kasu bat dugu.

72. artikulua.- Euskadiko Osasun Behatokia

Beren beregi aipatu dugu garrantzitsua dela osasun publikoko sistemari informazio garrantzitsua eta kalitatezkoa emango dion erakunde bat izatea, osasun arloko plangintzarako, kudeaketarako, ebaluaziorako eta ikerketarako behar den informazioa sortzea, osasun arloko egoerari eta joerei eta horien determinatzaileei buruzko datuak, analisiak, ikerketak eta informazioak biltzea eta zabaltzea eta ikerketa, azterketa eta prestakuntzarako ildoak bultzatzea. Arestian esan dugu funtzio horiek dituen erakundeak, eraginkorra izan ahal izateko, independentea izan beharko lukeela, funts publikoekin finantzatua, baina aginte-kate politikotik independentea, eta funtzionamendu tekniko hutsa izan beharko lukeela.

86. artikulua.- Osasun publikoaren arloko komunikazioa

Artikulu horren 1. idatz-zatiak honako hau dio: “Osasun publikoaren arloko jarduerak egiten dituzten administrazio publikoek zainduko dute beren informazio eta publizitate ekintzek irizpide hauek errespetatzen dituztela: inklusioa, gardentasuna, zehaztasuna, nahikotasuna, egiazkotasuna, eraginkortasuna eta irisgarritasuna. Komunikazio ulergarria izango da xedeko biztanleria-sektoreentzat, pertsonen osasunari edo segurtasunari kalte egin diezaiokeen edo osasun publikoaren arloan informazio zuzena eta zehatza izateko bidezko igurikapenei kalte egin diezaiekeen edozein joera saihestuta.

Testuinguru horretan, ezin dugu ulertu osasun publikoaren arloko informazio zuzen eta zehatzaren bidezko igurikapenen esanahia, eta, horregatik, adierazpen hori argitzeko eskatzen dugu.

89. artikulua.- Neurri bereziak eta kautela-neurriak.

Badirudi beharrezkoa dela, 3. puntuko d) letran, agenteek zuzenean hartzen dituzten neurri bereziak eta kautela-neurriak osasun-agintaritzak berretsi edo berrikusi behar dituela aipatzen denean, horretarako epemuga ezartzea, neurriok larriak izan daitezkeelako eta kalteak saihesteko gero berresten ez badira. Izan ere, ez da agindurik aipatzen ondoren ez berrestearen ondorioz.

97. artikulua.- Erantzukizuna

2. puntuan, “establezimenduaren jabe diren pertsonen” erantzukizun solidarioa ezartzen da; ez dirudi egokia denik. Erantzukizun solidarioak negozioaren titularrena izan behar du bere enplegatu edo menpekoekin. Gure buruari galdetzen diogu zergatik erantzun behar duen negozioaren titularrak, baldin eta, adibidez, lokala negozioaren titularrari eman badio errentan.

Azken xedapenetako lehenengoa.- Erakundeen egitura eta antolamendua egokitzea.

Hona hemen xedapen horren edukia: “Osasun publikoaren arloko politikaren plangintza, koordinazioa, kudeaketa eta betearazpena osasun publikoaren organo nagusiak eta haren lurralde-unitateek egingo dituzte, gainerako organoekin batera, osasunaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren zuzendaritzapean eta tutoretzapean. Osasun publikoko eginkizunak betetzeko eta osasun publikoko euskal sistema benetan garatzeko, Eusko Jaurlaritzak bere araubideko lanbide eta administrazioko egitura eratuko du”.

Logikoa iruditzen zaigu Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila izatea planifikatzeko, koordinatzeko, kudeatzeko eta abarrerako eskumena eta ardura duena. Hala ere, araua batere zehaztugabe dago idatzita, alegiazko ahaleran dauden aditzak erabiliz, aurretik adierazi ditugun beste xedapen batzuen joerari jarraituz. Izan ere, horiei buruzko premiazko erregelamendu-garapena egiteko eskatu dugu, lege honetan irekiegi geratzen diren alderdi guztiak zehazteko.

Xedapen indargabetzaile bakarra

Xedapen hau dela bide, indargabetu egiten da Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 6ko 8/1997 Legearen 13. artikulua, Euskadiko Osasun Plana arautzen duena. Planaren erregulazioa egokitu egin behar dela ulertzen dugu, Antolamendu Sanitarioaren Legea egin zenean indarrean zegoena baino zabalagoa den osasunaren kontzeptu batera. Hala ere, nabarmendu nahi dugu osasun planak ekarpen handia egin duela euskal herritarren osasun- eta ongizate-maila hobetzea bermatzeko ahaleginetan, funtsezkoa baita legeria berriaren arabera egin beharreko osasunaren arloko jarduketan babestea, eta, era berean, eremu horretako ibilbidean jardun positiboa izan dutela erakutsi duten elementuak babestea.

V.- ONDORIOA

Euskadiko EGABek egokitzat jotzen du Euskadiko Osasun Publikoaren Legearen aurreproiektua izapidetzea, irizpen honetako oharrak kontuan hartuta.

Bilbon, 2021eko abenduaren 9an

O.E. Presidentea

Idazkari nagusia

Emilia M. Málaga Pérez

Lorea Soldevilla Palazuelos