Uztailaren 15ean, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen (EGAB) ordezkaritza batek, Javier Muñecas presidentea buru zela, erakundearen osoko bilkurak aho batez onartutako 2024ko Memoria Sozioekonomikoa eman dio Imanol Pradales lehendakariari. Ekitaldia Lehendakaritzaren egoitzan izan da.
EGABen izenean, Izaskun Astondoa idazkari nagusia eta Jon Barrutia Memoria Sozioekonomikoaren batzordeko burua izan dira. Bestalde, lehendakaria Ogasun eta Finantzetako sailburu Noel D'Änjourekin batera egon da.
Bileran, EGABeko arduradunek EAEren 2024ko egoera ekonomiko eta sozialari buruzko dokumentuan adierazten diren eduki eta gogoeta nagusiak azaldu dizkiete lehendakariari eta sailburuari.
EGABen memoria sozioekonomikoa erradiografia zabala da, iturri ofizialekin soilik egina, eta batzordeak urtero-urtero prestatzen du, legeriak hala aginduta, Euskadiren urte bakoitzeko egoeraren berri emateko.
Gai sozioekonomiko ia guztiei buruz (lan-merkatua, bizi-baldintzak, gizarte-babesa, osasuna, ingurumena, hezkuntza, zientzia, teknologia eta berrikuntza, batzuk aipatzearren) dauden datu eta estatistika nagusien bilduma oso ordenatua eta egituratua izateaz eta testuinguruan kokatzeaz gain, memoriak hainbat gogoeta biltzen ditu, EGAB osatzen duten eragile ekonomiko eta sozialen elkarrizketaren eta akordioaren emaitza direnak; hala, analisia aberastu eta dimentsio praktikoa ematen zaio.