Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
asteazkena, 10 irailak 2025

Donostiako Miramar Jauregian antolatu du Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak (EGAB) bere udako ikastaroa. Bertan, 2024. urteko Euskadiren egoera ekonomiko eta sozialari buruzko memoria aurkeztu dute. 2025eko irailaren 10ean izan da topaketa eta Euskal Herriko Unibertsitatearen 2025eko udako ikastaroen programaren baitan kokatzen da egitasmoa.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak urtero egiten du Euskal Autonomia Erkidegoari buruzko Memoria Sozioekonomikoaren txostena. Bertan, batzordea osatzen duten agente ekonomiko eta sozialek erkidegoaren egoera sozioekonomikoaren inguruko haien ikuspuntu partekatua adierazten dute.

Ikastaroaren helburu nagusia da memoria sozioekonomiko hori eta Euskadiko EGABen lana jendarteratzea, instituzio honek gizartearekin elkartzeko dituen espazioak zabaltzeko.

EGABeko presidente Javier Muñecasek, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosak eta Eusko Jaurlaritzako presidente Bakartxo Tejeríak inauguratu dituzte jardunaldiak.

Aurkezpen instituzionalaren ostean, Jon Barrutia EHUko katedradunak eta Euskadiko EGABeko Gizarte eta Ekonomia Txostenerako Batzordeko presidenteak txostenean azaltzen diren eduki eta gogoeta nagusien inguruko azalpena egin du.

Ondoren,mahai-inguru bat antolatu da Memoria sozioekonomikoan landutako zenbait gairen inguruan. Mahai-ingurua Joseba Madariaga EGABeko aholkulari adituak eta Deustuko Unibertsitateko Ekonomien Zientzia eta Enpresa-ikasketen Fakultateko Finantza eta Ekonomia Saileko Katedradunak moderatu du. Bertan honako aditu hauek parte hartu dute: Arantxa Elizondo, Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Politikoak Saileko irakaslea; Arantza Ugidos, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakaslea, eta Marisa Arriola, BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzailea.

Jardunaldiei itxiera emateko, Orkestrako zuzendari nagusi (Lehiakortasunerako Euskal Institutua) eta Deusto Business School-eko irakasle James Wilsonek honela izendatutako konferentzia magistral bat eskaini du: Euskadiren lehiakortasuna eta ongizatea testuinguru aldakor baten aurrean”.