Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak (EGAB) Costa Ricako ordezkaritza bat hartu zuen atzo, hilak 13, Bilboko egoitzan. Costa Ricako ordezkaritza Erdialdeko Amerikako herrialde horretako arlo sozioekonomiko, laboral, finantzario eta unibertsitarioko ordezkariek osatzen dute, eta Euskadi bisitatzen ari dira egunotan, besteak beste, lankidetza sistema publiko-pribatuak, kooperatibismoaren ereduak, talentuaren kudeaketa eta berrikuntza proiektuak ezagutzeko.
Topaketaren buru Javier Muñecas Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko presidentea eta Izaskun Astondoa idazkari nagusia izan ziren. Saioan zehar, ordezkaritzak interes berezia erakutsi zuen EGABek Euskadiko politika sozial eta ekonomikoen diseinuan euskal gizarte zibilaren parte-hartzea instituzionalizatzeko funtsezko organo gisa duen eginkizunean.
EGABez gain, aste honetan, besteak beste, Mondragon Korporazioko edo Kutxabankeko zentroak bisitatuko dituzte, baita Euskadiko parke teknologikoen sarea ere.