Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
astelehena, 18 martxoak 2013
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Eusko Jaurlaritzaren lege-aurreproiektuei edo dekretu-proiektuei buruzko 27 irizpen eman zituen guztira, guztiak ere oso gai ezberdinei buruzkoak. Irizpenen % 80ak oso harrera-maila ona eta balorazio positiboa izan zuen.

Euskadiko EGABek Euskadin energia berriztagarriak garatzeari buruz bere ekimenez prestatutako azterlana aurkeztu zuen joan den urtean, eta aurten aurkeztuko diren beste bi lan hasi zituen, familien gehiegizko zorpetzeari buruzkoa bata eta EAEko lurraldeen arteko desorekei buruzkoa bestea. 

2012an Batzordea agerikoagoa izan zen Europan, Estrategia Atlantikoaren Ekintza Planaren prestakuntzan parte hartu eta Eskualde Atlantikoko EGABekin eta Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearekin lankidetzan jardun baitzuen.

Bilbon, 2013ko martxoaren 18an. Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen buru den Juan Mª Otaeguik 2012. urteko Jardueren Memoria aurkeztu du gaur goizean. Joan den ekitaldia urte positiboa izan zen Euskadiko EGABentzat, kontsultarako batzorde gisa inoiz baino irizpen gehiago eman baitzituen. Lege-aurreproiektuei zein dekretu-proiektuei buruzko 27 irizpen prestatu zituen, orain arte arlo horretan urterik emankorrena izan zen 2011n baino hiru gehiago. 

Asko eta asko izan ziren euskal kontsulta-organoaren iritzia eskatu zuten gaiak: mugikortasun iraunkorra, portuak, kulturako zentroak, euskararen inguruko tituluen erregistroa, gizarteratzea, lanbide-heziketa, artxiboak, adin txikikoen adopzioa, emakume nekazariak, gizarte zerbitzuak, lurzoruaren kutsadura, osasuna, minusbaliotasun intelektuala, hirugarren sektorea, establezimendu turistikoak...  

Aipatu beharra dago EGABek emandako irizpenak proiektuen tramite arruntean sartzeko garaiz iritsi zirela eta, gainera, horien % 80k harrera ona edo nahiko ona izan zutela. Oro har balorazio positiboa izan zuten.

Erakundeek eskatuta egindako aholkularitza-jarduera da EGABen zeregin nagusia, baina Batzordeak bestelako lanak ere egiten ditu, hala nola EAEko urteko Memoria Sozioekonomikoa -jarduera ekonomikoari, bizi-kalitateari edo gizarte-babesari buruzko datuak biltzen ditu, besteak beste- edo bere ekimeneko azterlanak. 

Berriztagarriak, familien gehiegizko zorpetzea eta lurraldeen arteko desorekak
Azken horiek, hau da, bere ekimeneko azterlanek, gaur-gaurko gai jakinak lantzen dituzte. Adibidez, EGABek “Energia Berriztagarrien Garapena Euskal Autonomia Erkidegoan” izeneko azterlana aurkeztu zuen joan den urteko ekainean. Energiaren eta ingurumenaren inguruan Batzordeak eginiko azterketa aitzindari horrek agerian utzi zuen EAEn potentzial berriztagarri eta industria-garapenerako potentzial ugari dagoela oraindik garatzeke. 

2012. urtean, baita ere, Batzordea bere ekimeneko beste bi azterlan egiten hasi zen, eta lan horiek abian dira une honetan. Lehenengoaren gaia “Familien gehiegizko zorpetzea: EAEn oinarritutako azterketa” da, eta bigarrena “EAEko lurraldeen arteko desorekak krisi ekonomikoaren baitan” deritzon gaiari buruzkoa da. Azterlan biak aurten amaituko dira eta 2013an aurkeztuko dira.

Europako lankidetza
Amaitu berri den urtea bizia izan zen Europarekiko lankidetzari dagokionean ere. Estrategia Atlantikoari buruzko Ekintza Plana egiteko Europako Batzordeak abian jarri dituen urratsen ondorioz, Euskadiko EGABek dedikazio handiagoa izan du arlo horretan.

Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearekiko lankidetzari eta Euskadiko EGABek Foro Atlantikoan izandako inplikazioari esker bi ekitaldi handi antolatu ziren Bizkaiko hiriburuan, martxoan bata eta azaroan bestea, eta Europako erakundeetako ordezkariez gain eskualde atlantikoetako ekonomia eta gizarte arloko eragile ezberdinak ere bildu ziren bertan. 

Nazioz Haraindiko Sare Atlantikoa
Euskadiko EGAB Nazioz Haraindiko Sare Atlantikoa -RTA/ATN- deritzonaren, hau da, eremu atlantikoko eskualdeetako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeen eta antzeko erakundeen plataformaren kide da. Sare horren ordezkari legez, eta Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak eskuordetuta, Europako Batzordeak Estrategia Atlantikoaren Ekintza Plana egiteko sortu dituen maila goreneko Batzorde bietan hartzen du parte Euskadiko EGABek.

Akitaniarekiko aldebiko lankidetza
Arlo horri dagokionean, garrantzi berezia du eskualde bietako Gobernuek hala eskatuta euroeskualdeko plan estrategikoa garatzen laguntzeko xedez Akitaniako CESER batzordearekin hitzartutako lankidetzak. 2004az geroztik erakunde bien artean dagoen harreman estuari esker, eskualde bietako turismoari, Europaz haraindiko sareei eta garraioari buruzko txostenak egin izan dituzte batera.