Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
ostirala, 30 urtarrilak 2015

Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantzen arloko sailburu Ricardo Gatzagaetxebarriak goizeon aurkeztu ditu, Bilbon, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2015. urteari dagokion ekitaldirako Aurrekontu Orokorren gairik garrantzitsuenak Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Osoko Bilkuran.

 

2015. urterako Aurrekontu Orokorren guztirako zenbatekoa 10.639 milioi eurokoa da. “Euskal ekonomiak hazkundean egonkortasuna eta nolabaiteko hobekuntza erakusten dituen profila”ri dagokion agertokiari egokitzen zaizkio aurrekontu horiek. Aurkezpen-ekitaldian, Eusko Jaurlaritzak aurrekontu hauetan jasotzen diren edukiekin duen konpromisoa berretsi du Gatzagaetxebarria sailburuak, pertsonen oinarrizko beharrak estaltzen direla bermatu eta EAEren ongizateari eta gizarte-kohesioari doakien ereduari euste aldera.

 

Sailburuarekin batera, ondoko agintari hauek izan dira 2015eko Aurrekontuak EGABri aurkezteko ekitaldian: Ekonomia eta Aurrekontuen arloko sailburuorde Pedro María Hernando, Aurrekontuen zuzendari Hernando Lacalle eta Ekonomia eta Plangintza arloko zuzendaria den José María Barrutia.