Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
asteartea, 03 azaroak 2015

Euskadiko eta Akitaniako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako batzordeak berriro bildu ziren urriaren 27an eta 28an Bordelen, euren aldebiko kooperazio harremanaren esparruan. Berrikuntza eta teknologiaren transferentzia oinarritzat hartuta, bi batzordeen arteko kooperazioaren aro berri honen helburua Euskadi-Akitania Euroeskualdearen Estrategia Planaren garapenari elementu zehatzak ematea da, ikerketa eta enpresari eskainitako ardatzean. Horrez gain, sinergia eta elkarren osagarritasun gaitasuna duten sektoreak identifikatu eta horietan sakondu nahi da.

 

Helburua hori izanik, arlo horietan lanean diharduten erakundeen elkarrekiko ezagutza sendotuko dute. Hala, gobernantza, antolaketa, funtzionamendua eta egitura sektoreen arabera bereizi nahi dira; horrez gain, egite-modalitateetan, eraginkortasunean eta baliabideetan sakondu nahi da, osagarritasuna eta posizio-aukera erkideak dituzten sektoreetan. Xedea Euskadiko eta Akitaniako erakunde nahiz enpresen artean arlo horietan kooperazioa bideratzeko proposamenak eta gomendioak jasotzea da.Elkarrekin lan egiteko bi eguneko saioari ekiteko, batzorde bietako ordezkariek lan-bisita egin zuten optika eta laserra lantzen dituen Alphanov Teknologia Zentroan.

 

Frantziako Gobernuak Megajoule laser erraldoia Akitanian instalatzea erabaki du, Bordeletik 30 kilometrora, laborategian bonba nuklear baten pareko baldintza termodinamikoak sortzeko; gobernuak entsegu nuklearrak eta PETAL laserra debekatu ostean, fotonikaren eta laser zibilaren industria sektorea sortzeko aukera bat da honako hau, lehenengo mailako zientzia ekipamendu honen inguruan.   Testuinguru honetan, Akitaniako gobernuak laserraren lehiakortasun poloa sustatu du,  oinarrizko ikerketako eta ikerketa aplikatuko zentroak eta hezkuntza ikerketarako erakundeak sortzea bultzatuz; sektorearen enpresa txiki eta ertainak bertan instalatzearen aldeko ingurunea sortzea ere sustatu du, 1.400 lanpostu eta 100 enpresa eratuz. Alphanov zentroa ezagutzeko aukera izan zuten eta polo horretan zentroa funtsezko osagaia da; izan ere,  berrikuntza industriala babesten du, ikerketari balio enpresariala ematen dio fotonikaren alorrean, eta enpresak sortzen eta garatzen laguntzen du, irtenbide berritzaileekin. Bi erakundeetako ordezkariek zentroko zenbait laborategi bisitatu zituzten, eta Alphanov zentroak ETEekin eta enpresa talde handiekin dituen lankidetza proiektu batzuk ezagutzeko aukera izan zuten.

 

Zentro garrantzitsu hori bisitatzeaz gain, Akitaniako Ekonomia, Gizarte eta Ingurumen Batzordearen egoitzan hainbat aurkezpen egin ziren, Akitanian berrikuntzan eta teknologiaren transferentzian inplikatuta dauden erakundeen ezagutzan sakontzen jarraitzeko. Lehendabizi, Aquitaine Science Transfer sozietatea mintzatu zen, teknologiaren transferentzia bizkortzen duten hamalau enpresa frantsesetako bat; jabetza intelektualeko 400 profesionalekin, teknologia proiektuen ingeniaritzarekin, zuzenbidearekin, marketinarekin eta merkataritza garapenarekin, enpresa horren misioa ikerketa publiko frantsesetik eta jarduera ekonomikotik sortutako ideiak merkatura azkarrago iristea da, lizentziak ustiatuz eta enpresak sortuz. Akitaniako SAT 2012an sortu zen, eta 48 milioiko finantza-zuzkidura du hamar urterako. Gaur egun arte, 8,5 milioi euro inbertitu dira 64 proiektutan, eta horietako hamalau dagoeneko amaitu dira. Enpresentzako transferentzia gauzatzen duten 21 lizentzia sinatu dira, sei start-up sortu dira, hiru produktu eta zerbitzu berritzaile merkaturatu dira, ikerketan 1500 kooperazio kontratu baino gehiago sinatu dira eta jabetza industrial eta intelektualeko 143 titulu eman dira. Jarraian, INRIA-Burdeos Institutuko ordezkariak hartu zuen hitza, estatu mailako erakunde honek egiten dituen berrikuntza eta teknologiaren transferentzia jarduerak azaltzeko. Jarduera horiek informazioaren zientzien sektore espezifikoan egiten dituzte, Akitaniako eskualdean dituzten bi instalazioetan, Bordelen eta Pauen, hain zuzen ere. 350 pertsonek osatutako taldearekin, ikerketa garatzen du kooperazioaren bidez, garapen teknologikoa antolatzen du, ondare teknologikoa babesten eta kudeatzen du, start-up enpresak sortzen ditu eta teknologiaren eta eskumenen transferentzia errazten du. 30 urteko jardueraren balantzea hauxe da: 120 start-up (horietako % 75 aktibo daude) eta 3000 enplegu sortu dira. Akitaniako Eskualde Batzordeko ordezkariek eskualde honen Espezializazio Adimentsuaren Estrategia azaldu zuten, eta Euskal Espezializazio Adimentsuaren Estrategian jasotako interes komuneko arloak identifika daitezke: mugikortasun garbia eta adimentsua, materialen industrializazioa eta kimika, biomasa, osasunaren alorrean, zainketa integralak eta pazientea laguntzeko teknikak, eta fabrika lehiakorra giza faktorean oinarritua.   

  

Azkenik, Akitania eskualdea Poitou-Charantes eta Limousin eskualdeekin bat egitea jorratu zen, Frantziako lurralde berrantolaketaren esparruan. 2016ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean berrantolaketa hori, aurtengo abenduan egingo diren eskualde hauteskundeen ostean. Bat-egite prozesu honen inguruan galdera eta zalantza asko daude, antolakuntza alderdiei buruz, bai eskualde mailan, bai Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen mailan ere. Alderdi horiek urtarriletik aurrera argituko dira, hauteskundeetan aukeratzen diren agintari berriak euren karguaz jabetu ostean.  Eskualde berriak 6 milioi biztanle izango ditu ia-ia, eta 85.000 km2-ko azalera; horrez gain, bere industria profila murriztuko da eta nekazaritza profila areagotuko da, Europar Batasuneko nekazal eskualde nagusia bihurtuz.Euskadiko eta Akitaniako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeen hurrengo bilera abenduan egingo da, bat-egitearen bezperan. Bilera horren helburua egindako lanen aroko txosten bat egitea da, batzordekide berriak batzordean sartzean lan horiekin jarraitzeko.