Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
asteartea, 15 abenduak 2015

  • Euskadiko EGABren ustez “Euskal Autonomia Erkidegoko Diru-laguntzen Araubideari buruzko Legearen Aurreproiektua” izapidetzea egokia da, irizpen honetan egiten diren oharrekin. Aurreproiektuak diru-laguntza publikoak arautzeko esparru juridiko zehatz eta propioa eratu nahi du. 
  • Kontseilua harrituta dago, aurreproiektuak “euskal administrazio publiko guztietarako erregimen arautzaile homogeneo bat ezartzea ukatzen duelako” eta ez dituelako Foru Aldundiak eta tokiko erakundeak barne hartzen. EGAB ez dator bat planteamendu horrekin, ez baitu euskal administrazio guztientzako araudi komun bat posible egiten. 
  • Irizpenak gogorarazten duenez, legezko betebehar batzuk errespetatzea ezin da izan esleipenerako irizpide bat, eta irizpide sozialei buruzko hausnarketa globala proposatzen du, “gidalerro argietan hezurmamitzen dena”, diruz lagun daitezkeen arau sektorialetara gehitu behar diren kasuetarako.   


Euskadiko Ekonomi eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ustez “Euskal Autonomia Erkidegoko Diru-laguntzen Araubideari buruzko Legearen Aurreproiektua” izapidetzea egokia da, irizpen honetan egiten diren oharrekin. Aurreproiektua Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak aurkeztu du. 

Euskadiko herri administrazioak ematen dituen diru-laguntzak arautzea da testuaren xedea, argia eta segurua den esparru juridikoa emateko, arau espezifikoekin. Euskadiko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioen Legetik aparte joango lirateke arau horiek, egun azken horren tituluetako baten menpe daudelarik. Diru-laguntzei buruzko 83/2008 Lege Orokorrera egokituko lirateke. 

Gastu publikoaren modalitate bat dira diru-laguntzak eta aldi berean administrazioak esku hartzeko modua dira, interes publikoko jarduera eta jarrera jakin batzuk sustatzeko. Azken urteotan haziz joan dira etengabe eta 2016ko aurrekontuan ia 1.900 milioi euroko zenbatekoa izatera iritsi dira. 

EGABren ustez, “EAEko sektore publikoan diru-laguntzen jarduera antola dadin hainbeste denboraz luzatu denari aurre egiteko ekimena beharrezkoa eta positiboa da”. Hori kaltetu gabe, Kontseiluak hobe daitezkeen aspektueu buruzko hainbat gogoeta adierazi ditu bere irizpenean. 

Lehenik eta behin, Kontseiluaren aburuz diru-laguntzen kudeaketaren ebaluazio bat eta orain arte hauteman diren arazoen diagnostiko bat barne hartu beharko zituen aurreproiektuak; izan ere, “oraingo araudia indarrean egon den bitartean diru-laguntzen kudeaketaren inguruan sortuz joan diren zalantzak zeintzuk izan diren eta aurreproiektuak zeintzuei erantzuteko bokazioa erakutsi duen azaltzea falta izan zaio”. Horrez gain, EGABek zorionak eman ditu aurreproiektuak bere artikuluetan beharrezkoa den emaitzen ebaluazioa biltzen duelako, eta baita diruz lagundutako programen erabilgarritasun eta eragin sozial eta ekonomikoa ere. EGABek “irizpenetan behin eta berriro gomendatu du diruz lagun daitezkeen programak eta laguntzarako neurriak barne hartzeko” eta azken arau honetan sartu izana aitortu nahi du. 

 

EAE osorako erregimen homogeneorik gabe 

Ekonomi eta Gizarte Arazoetarako Batzordea harrituta dago aurreproiektuak “Euskadiko herri administrazio guztietarako erregimen arautzaile homogeneoa ezartzea ukatzen duelako ahal den neurrian” eta EAEko sektore publikora mugatzen delako, Lurralde Historiko bakoitzak horretarako foru arau egokia duela onartuz. 

EGAB “ez dator bat planteamendu horrekin, legegilea aurreproiektuaren irismenaren automugatze politiko batetik abiatzen delako, Foru Aldundiek eta tokiko erakundeek emandako diru-laguntzak kanpoan utziz”. Jarrera horren aurrean, EGABren ustez Euskadiko herri administrazio guztietan aplika daitekeen araudi komun batek “arlo honetako arau berri batek lortu beharreko egoera egokia” osatuko luke. 

 

Irizpide sozialen inguruko hausnarketa 

Aurreproiektuak diru-laguntza jasotzeko eskubidea arau jakin batzuk betetzearekin lotzen duenez, honako galdera generikoa otu zaio EGABi: “zein puntutaraino erabil daiteke eta erabili behar da legezko betebeharrak errespetatzea sustatzeko eskumena?”. Gaiari helduz, aurreproiektuak betebehar jakin batzuk errespetatzeari lehentasuna ematea eztabaidatzen du (zehazki, honakoei: hizkuntza politika, genero berdintasuna, zergen arloko betebeharra eta Gizarte Segurantza). Horiek bezain komenigarriak izan daitezkeen beste betebehar batzuen aurretik jartzen ditu (irisgarritasuna, ezgaitasuna, ingurumena, lan-arriskuen prebentzioa, etab.), eta ez da egindako aukeraketa arrazoitzen. 

Zentzu horretan, EGABek gogorarazi du legeria errespetatzea ezin dela esleipenerako irizpidea izan – “legeria bete egin behar da eta ez dago besterik”- eta irizpide sozialen inguruko hausnarketa egitea proposatu du, “diruz lagun daitezkeen arau sektorialetara zein kasutan eta nola gehitu behar diren dioten gidalerro argi batzuetan hezurmamituko litzatekeena”. Kontseiluak adierazi duen legez, gidalerro orokor horiek falta direnez, “diru-laguntza sektorialei buruzko arau bakoitzean tratamendua zatitua eta ausazkoa da eta gizarte-irizpideak modu desberdinean tratatzen dira, herri-aginteek guztiak bultzatu behar dituztenean”.   

Azkenik, lege honek EAEko administrazioaren organo eta erakundeetan parte hartzen duten gizarteko eragileen finantzaketarako araubidea berariaz barne hartzen duen xedapen gehigarri bat egiteko ematen duen aukera aprobetxatzea gomendatu du EGABek. Autonomi Erkidego gehienek jada landu duten gaia da eta horrelakorik ezean, diru-laguntzei buruzko erregimen orokorraren menpe jarraitu beharko dute, horrek planteatzen dituen muga eta eragozpen guztiekin.


20/15 Irizpena Euskal Autonomia Erkidegoko Diru-laguntzen Araubidearen Lege Aurreproiektuari buruzkoa