Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
astelehena, 28 abenduak 2015

  • Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen iritziz “Euskadin kokatutako osasun-zentro eta -zerbitzuetan osasun-laguntza jasotzen duten gaixoen segurtasun-neurriei buruzko dekretu-proiektua” izapidetzea egokia da, kontsulta-organoak egin dituen gogoetekin. 
  • Europan ospitaleratuak dauden pertsonen %8 eta %12 bitartean osasun-arretaren prozesuan zehar kontrako ondorioren bat jasaten du. Erdia praktika seguru errazekin prebeni daiteke eta horien eraginkortasuna frogatuta dago. 
  • Batzordeak segurtasun-planean talde ahulen edo ezaugarri bereziak dituztenen (adinduak, gaixo kronikoak…) behar espezifikoak sartzea proposatzen du, baita “segurtasunaren erreferentea” izeneko irudia gehiago zehaztea eskatu ere.


Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen iritziz “Euskadin kokatutako osasun-zentro eta -zerbitzuetan osasun-laguntza jasotzen duten gaixoen segurtasun-neurriei buruzko dekretu-proiektua” izapidetzea egokia da, kontsulta-organoak egin dituen gogoetekin. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bidali du.

 

Gaixoen segurtasuna oinarrizko eta funtsezko eginkizuna da osasun-praktikan. Hala eta guztiz ere, herrialde garatuetan osasun-laguntza geroz eta handiagoa nahiz konplexuagoa da eta, ondorioz, arreta eskaintzen zaien pertsonengan kontrako ondorioak ditu. Ildo horri jarraiki, Europar Elkartean ospitaleratutako pertsonen %8tik %12ra bitartean osasun-arretaren prozesuan zehar kontrako ondorioak jasaten ditu. Erdia praktika seguru errazekin aurreikus daiteke eta eraginkortasuna egiaztatuta dago.

 

Arazo horrek osasun-agintariak eta nazioarteko erakundeak (OME, ELGE, Kontseilu Europarra, Europar Batzordea…) kezkatzen ditu eta inpaktua murrizteko estrategiak eta programak ezartzea gomendatzen dute. Osasunaren Mundu Erakundeak, adibidez, oinarri zientifikoa duten sistemak finka daitezen eskatu du, gaixoaren segurtasuna eta osasun-arretaren kalitatea hobetzeko beharrezkoak baitira. Arreta berezia jarri nahi diote sendagaien zaintzari, talde medikoari eta teknologiari. Bestalde, Europar Kontseiluko Osasun Batzordeak, baita nazioarteko beste agentzia eta erakunde batzuek ere azkeneko urteetan plan, ekintza eta neurri legegileak proposatu dituzte, praktika klinikoan desiragarriak ez diren kontingentziak mugatzeko

 

Euskadin Osakidetzak 1992az gero kalitate-politika esplizitua du eta segurtasunaren arloan hartutako neurriei esker, “2013-2016 denboraldirako Gaixoaren Segurtasun Estrategia” argitaratu da. Euskal Herrian osasun-laguntza pribatuari dagokionez, eremu horretan aurrerapenak izan dira, nahiz eta modu heterogeneoan suertatu.

 

Testuinguru horretan, EGABren ustez “gutxienekoen dekretu malguaren bitartez eta etorkizunean garatzeko xedez, osasunaren laguntza eskaintzean segurtasuna hobetzeko baldintza teknikoak xedatzen dituen” araudia egitea positiboa da. Beste neurri batzuen artean, dekretuak osasun-zentro bakoitzean segurtasun-plana eta kalterik gabeko gorabeherak jakinarazteko sistema ezartzea aurrez ikusten du.

  

Talde kalteberak eta segurtasunaren erreferentea 

Bere gogoetetan Batzordeak testu arautzailean arestian aipatu den OMEren gomendioa esplizituki jasotzea iradoki du. Halaber, gaixoaren segurtasunari buruzko kontzeptua definitzeko orduan, Estatuko legea eta jurisprudentzia kontuan hartu behar dira.

 

Halaber, EGABk aipatutakoaren arabera, osasun-arretan segurtasun-planak, jasotzen den moduan, emakumeen eta gizonen behar eta zehaztapen desberdinak kontuan hartzeaz gain, “talde kalteberen edo ezaugarri bereziak dituztenen (adindu, gaixo kroniko, etab.) egoerei” erreparatu behar die. Ildo horri jarraiki, testuan gorabehera hori berariaz jasotzea kontuan hartzen du.

 

Azkenik, “Segurtasunaren Erreferentea” irudia hobe zehaztea eskatzen du. Dekretu-proiektuak borondatezko lanpostu honetarako behar den prestakuntza-mota ez du zehazten eta behar izanez gero, ordezkatzea ere ez du aurrez ikusten. Hala, “praktikan aukera-ahalmen handia uzten dio zentroko zuzendaritzari”. Gainera, izendatzeko gaitasuna ematen zaio.

 

22/15 Irizpena Euskadin kokatutako osasun-zentro eta -zerbitzuetan laguntza jasotzen duten pazienteen segurtasun-neurriei buruzko Dekretu Proiektuaren gainekoa.