Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
osteguna, 25 otsailak 2016

 

  • Euskadiko EGABek 22 irizpen eman zituen 2015ean, eta, 2014an 15 egin zituela aintzat hartuta, horrek esan nahi du lanerako esparru horretan %30 baino gehiago handitu zela jarduna. Eusko Jaurlaritzaren onarpen maila, EGABen gomendioak onartzekoa, “erdi aldera edo goiko aldera dago, eta hori aski ontzat jo daiteke".
  • 2015ean, bere ekimenezko azterlan hau eman zuen argitara EGABek: “Enpresen dinamikotasuna, aberastasun-sorkuntza eta enplegua: EAEren analisi konparatiboa”. Eta antzeko azterlan bati ekin zion, “EAEko gazteen enplegagarritasuna eta lan-merkatura sartzea Europako eskualdeko ikuspuntu konparatzailetik” izenburua duena.
  • Eskualdeen arteko lankidetzako jardueren barnean, Euskadiko EGABek, Akitaniako erakunde homologoarekin batera, mugaz haraindiko enpleguari eta haren potentzialtasunari buruzko azterlan bat prestatu zuen eta parte hartu zuen, txostengile gisa, Estrategia Atlantikoa ezartzeari buruzko txostena Bruselan aurkeztean; Nazioz Gaindiko Sare Atlantikoak egindako txostena, hain zuzen. 


Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak “2015eko Jardueren Txostena” aurkeztu du; hain zuzen, kontsulta erakunde honek aurreko urtean gauzatutako jarduketak biltzen dituen oroitidazkia. Txostenaren aurkezpenean, Euskadiko EGABeko lehendakari Francisco José Huidobrok hau adierazi du: “2015a aldaketen urtea izan zen eta bizitasun handikoa jarduera esparru desberdinetan; ekitaldi horretan, gainera, kontseilu berria berritu zenetik lehen urtea egin zen”. Izan ere, urtearen hasieran Emilia Málaga EGABeko idazkari nagusi izendatu zuten eta lan-komisioak eratu ziren, EGABeko Osoko Bilkurak hamar saio ohiko eta beste hiru ezohiko egin zituen ekitaldiari ekiteko. Erakundeetan egindako agerraldiekin batera, Batzordeak ekitaldi askotan parte hartu zuen, autonomietako eta Europako eskualdeetako beste EGAB batzuekin batera, eta hainbat jardunaldi, hitzaldi eta biltzarretan esku hartu zuen, 2015eko Jardueren Txostenean jasota gelditu den moduan.

  

Kontsulta jarduera handiagoa

 Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak 22 irizpen eman zituen 2015ean, eta, 2014an 15 egin zituela aintzat hartuta, horrek esan nahi du lanerako esparru horretan %30 baino gehiago handitu zela jarduna. Oso gai askotarikoak jorratu zituzten irizpen horiek (1) eta, era berean, Jaurlaritzak emandako erantzunak ere desberdinak izan ziren, egindako jarraipen txostenetan jasota gelditu den moduan. 2015ean, aurretik EGABek irizpena emandako 16 arau onartu ziren; haietatik 15ek Batzordearen aldeko txostena izan zuten, haien izapideak bideratzea egoki jo baitzuen.

 Arau bat onartu ondoren, EGABek egiaztatu egiten du irizpenetan sartu dituen gogoetak kontuan hartzen diren edo ez lege berrian. 2015ean onartutako 16 arau horietan, onarpen maila hau izan zen: %20 baino txikiagoa hamarretan; %20 eta 50 artekoa bostetan; eta %50 baino handiagoa batean. Ratio horiek esan nahi dute, ia-ia, hamar arautatik lauk (%37,5) “maila ertain edo handian” hartzen dituztela kontsulta erakundeak egindako gogoetak, “Jaurlaritzaren onarpen maila erdi aldera edo goiko aldera dago, eta hori aski ontzat jo daiteke”, Txostenean ageri denaren arabera.

 

 Txosten sozioekonomikoa eta bere ekimenez egiten dituen azterlanak

 Eusko Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren eskariz egiten duen kontsulta lanaz gain, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak gauzatzen duen jarduera nabarmenetako bat urtero txosten sozioekonomikoa eta bere ekimenez egiten dituen azterlanak egitea da. Arlo horretan, 2015ean azterlan hau eman zuen argitara: “Enpresen dinamikotasuna, aberastasun-sorkuntza eta enplegua: EAEren analisi konparatiboa”: Maiatzean onartu zen. Horrez gain, aurreko urteko laugarren hiruhilekoan, EGABek beste azterlan bat hasi zuen, hura ere bere ekimenezkoa, "EAEko gazteen enplegagarritasuna eta lan-merkatura sartzea Europako eskualdeko ikuspuntu konparatzailetik" izenburua duena.

  

Mugaz haraindiko lankidetza

Euskadiko EGABek aktiboki parte hartzen du lurralde lankidetzarako Europako hainbat forotan. Izan ere, 2001az geroztik, alde biko kooperazio harremana du Akitaniako CESER erakunde homologoarekin. Lankidetza harreman horrek aukera eman die elkarrekin planak eta azterlanak egiteko zenbait gairen gainean. 2015ean, “Euroeskualdearen azterketa-diagnostikoa, mugaz gaindiko enpleguari buruz, eta horren potentzialtasunen azterketa” lantzen aritu ziren –Euskadi-Akitania Euroeskualdeak aurkeztuko du– eta bai “Euskadiko eta Akitaniako berrikuntzari eta teknologia transferentziari” buruzko txosten bat ere.

Euskadiko EGAB Nazioz Gaindiko Sare Atlantikoko kidea da, RTA/ATN, Eremu Atlantikoko eskualdeak biltzen dituena eta Atlantikoko eremuari dagozkion interes komuneko gaien gaineko azterlanak koordinatzen dituena. Egun, Estrategia Atlantikoan eta hori ezartzean jarrita du arreta Sareak. Horren gaineko txostena egin zuen 2015ean, eta EGABek aurkeztu zuen (txostengile gisa) Bruselan, joan den urteko irailean. Euskadiko EGABek, RTA/ATN sarearen ordezkaritzan, arlo hauetako lan-taldeetan parte hartzen du: garraioa, itsasoko energia berriztagarriak eta Arku Atlantikoko Batzordearen Estrategia Atlantikoa eta Europar Batasuneko Estrategia Atlantikoko taldea.

  

 

 (1) Batzordeak 2015ean emandako irizpenak:

 Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Lege Aurreproiektuari buruzkoa; Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen hauteskunde-prozedura eta haien gobernu-organoen osaera arautzen dituen Dekretu Proiektuari buruzkoa; Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio- eta zerbitzu-zorroaren dekretu-proiektuari buruzkoa; Suaren Prebentzio eta Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuen Lege Arauemailearen Aurreproiektuari buruzkoa; EAEko Aurrezki-kutxen eta Banku-fundazioen Legearen Aurreproiektuari buruzkoa; Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareari dagokion konposizioa arautu eta eguneratzen duen dekretu-proiektuari buruzkoa; Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko 5/2012 Legearen Araudia onartzen duen Dekretu Proiektuari buruzkoa; Euskal Autonomia Erkidegoko Portu eta Itsas Garraioaren Legearen Aurreproiektuari buruzkoa; Euskal Enplegu Publikoaren Lege Aurreproiektuari buruzkoa; Ingurumena babestera bideratutako inbertsioetarako enpresei diru-laguntza ematea arautzen duen Dekretu Proiektuari dagokiona; Euskal Autonomia Erkidegoan kirol-ogibideetara iritsi eta horietan jarduteko Lege Aurreproiektuari buruzkoa; Euskal sektore publikoaren gardentasunaren, herritarren parte hartzearen eta gobernu onaren Lege Aurreproiektuari buruzkoa; Euskal Sektore Publikoko Antolamendu eta Funtzionamenduaren Lege Aurreproiektuari buruzkoa; Dopinaren aurkako legeria Dopinaren Aurkako Munduko Kodeari egokitzearen gaineko Legearen Aurreproiektuari buruzkoa; Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko Lege Aurreproiektuaren gainekoa; Enplegu politika aktiboen esparruan izaera orokorreko xedapen batzuk indargabetzen dituen Dekretu Proiektuari buruzkoa; Turismo Legearen Aurreproiektuari buruzkoa; Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela arautzen duen dekretu proiektuari buruzkoa; Euskadiko Kultur Ondarearen Legearen Aurreproiektuari buruzkoa; Euskal Autonomia Erkidegoko diru-laguntzei buruzko araubidea erregulatzen duen Legearen aurreproiektuari buruzkoa; Euskadin kokatutako osasun-zentro eta -zerbitzuetan laguntza jasotzen duten pazienteen segurtasun-neurriei buruzko Dekretu Proiektuaren gainekoa.