Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
asteartea, 19 uztailak 2016
  • EGABren iritziz “Gizarte Larrialdiko Laguntzen Dekretuari buruzko aldaketa” egokia da, hainbat gogoeta kontuan hartzen badira. Aldaketek gizarte-larrialdiko egoera berriak eransteko (besteak beste, pobrezia energetikoa) legebiltzarraren eskeari erantzuten diote.
  • Irizpenak orokorrean aldaketak positibotzat jotzen ditu, nahiz eta hurrengoa ondorioztatu: “Egiaz gure Erkidegoan egiteke dagoen eztabaidari aurre egin behar zaiola, hain zuzen ere, gizarte larrialdiko laguntzak eskubide subjektiboak al diren ala ez eta aurrekontuetan urriak izateari”.

Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ustez “Gizarte Larrialdiko Laguntzen Dekretuari buruzko Aldaketaren Dekretu Proiektua” izapidetzea egokia da, kontsulta-organo honek bere irizpenean sartzen dituen gogoetekin. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailak aurkeztu du.

Gobernuaren proiektuak indarreko Gizarte Larrialdiko Laguntzak ez ditu zalantzan jartzen, dagoen dekretua (urtarrilaren 18ko 4/2011 Dekretua) aldatu baizik, bere legeria-esparrua administrazio-kudeaketaren antolaketa hobera moldatzeko. Gobernuaren proposamenak Eusko Legebiltzarraren errekerimenduan du bere jatorria. Ildo horri eutsiz, gizarte-baztertze eta pobreziari dagokionez estali gabeko errealitate eta behar berriak kontuan hartzeko joan den martxoan aho batez onartu zuen proposamena.

EGABren iritziz, berraztertzea “berandu iristen da Eusko Legebiltzarraren aginduari erreparatuz”. Izan ere, 2015. urtean lantzea eta 2016. urtean aplikatzea eskatu zuen. “Dena den, proposatutako aldaketek indarreko araua hobetzen dute", beraz, testuaren balioztapen orokorra Euskadiko kontsulta-organoarentzat positiboa da. 

Pobrezia energetikoa

Arau berriak dituen aldaketen artean krisi ekonomikoaren ondorioz kasuistika berriak sartzea dago, hala nola pobrezia energetikoa. Nolanahi ere, aldaketa bultzatu zuen arrazoietako bat izan zen. Halaber, etxebizitzarako prestazio orokorra baliabideak eta ondarea zehazteko zenbat daitekeen diru-sarrera bezala kontuan hartzeari buruz, eskaintzen duen segurtasun juridikoa azpimarra daiteke –“alde batera utzita egiten den balioztapena”-. Gauza bera gertatzen da sartu diren terminologia-aldaketekin (“desgaitasuna” “minusbaliotasunaren” ordez) eta datuak babesteari buruzko auditoriak egindako eskearekin.

Modu berean, laguntzak lor daitezen modulatzeko, oinarrizko gizarte-zerbitzuen adituek protagonismo handiagoa izatearekin ados da EGAB, “baliabideak ez badaude edota baztertzea badago, prestazioa lortzeko baldintzak betetzeak halabeharrez ez baitute eragiten laguntza baliabide egokia denik egoera zehatzei arreta eskaintzeko”.

Eztabaida egiteke

Irizpenak ohartarazitakoaren arabera, “denboran hutsuneak” daude eta modu iragankorrean zail dezakete araua aplikatzea. Hori da, adibidez, etxebizitzaren arloari dagokiona, Etxebizitzaren Lege berria (ekainaren 18ko 3/2015 Legea) garatzen ez den bitartean. Ildo horri jarraiki, Batzordeak alokairuko gastuetarako gizarte-larrialdiko laguntzen eta etxebizitzaren lege berrian aurrez ikusten den prestazio ekonomikoaren bateraezintasuna babesten du eta, aldi berean, alderdi horrek hurrengoa argi eta garbi uzten duela azpimarratzen du: “sistema guztia berraztertu behar dela, batetik, legeria aplikagarria argitzeko eta, bestetik, laguntza bakoitza bere helburura bideratzen dela bermatzeko. Horrez gain, behar-egoera bakoitzak erantzun zehatza izan beharko du”.

Hala eta guztiz ere, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ustez, “egiaz gure Erkidegoan egiteke dagoen eztabaidari aurre egin behar zaio, hain zuzen ere, gizarte larrialdiko laguntzak eskubide subjektiboak al diren ala ez eta aurrekontuetan urriak izateari”.