Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
asteazkena, 31 urtarrilak 2018

Euskadiko eta Akitania Berria eskualdeko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeek bukatu egin dute bi eremuek osatzen duten Euroeskualdearen esparruko berrikuntza eta transferentzia teknologikoari buruzko txostena. Lan hau bi batzordeek 2001etik garatzen duten lankidetza harremanaren barruan kokatzen da, 2011n handitu eta indartu zena Euskadi-Akitania Euroeskualdea sortuz; Euroeskualdearen estatutuetan ageri denez, Euroeskualdeko Biltzarrak bi EGABi kontsulta egiteko aukera dauka.

Txostena urrian bukatu da, eta bi batzordeen bilkurek baliozkotu dute 2017ko azaroan eta abenduan; hala, bi batzordeek 2015etik elkarrekin garatu duten lana osatzen da, Euskadi-Akitania Euroeskualdeko Plan Estrategikoaren enpresa lehiakortasunari, ezagutzari eta berrikuntzari eskainitako ardatza garatzeko elementu zehatzak proposatze aldera abiarazitakoa. Horrela, bi eskualdeetan transferentzia teknologikoan esku hartzen duten berrikuntza sistemei eta organizazioei dagokienez elkar ezagutzea indartu da, eta bi eskualdeen artean elkar osatzeko eta sinergiak sortzeko potentziala daukaten sektoreei berariaz erreparatu zaie, zehazki esateko, fabrikazio aurreratuaren sektoreari. Azken helburua bi gobernuei proposamenak eta gomendioak plazaratzea izan da, bi eskualdeetako zientzia, teknologia eta berrikuntza eragileen arteko lankidetzan dinamismo handiagoa eraginez eta aktibazioan lagunduz, baita existitzen diren osagarritasunak eta elkarren artean sor daitezkeen sinergiak aprobetxatzea ere.

Lortu nahi diren helburuen izaera dela medio, lan metodologia oso praktikoa izan da uneoro, bi eskualdeetako berrikuntza sistemetako erakundeen ordezkarien agerraldiak eta elkarrizketak antolatuz, eta lan bisitak eginez arlo horretan enpresa eta eragile esanguratsuenetan. Horrela, bi sistemetako bakoitzeko eragileen funtzionamendu eta elkarrekintzaren errealitatetik oso gertu dagoen informazioa lortu da.

Txostenean, lehenik eta behin, Euskadi eta Akitania Berriko ikerkuntza, garapen eta berrikuntza esparruko politikak aztertu dira; horren aurretik, Europar Batasunetik zein kasuan kasuko estatu mailako erakundeetatik arlo horretan bultzatu diren ekimen eta politikek daukaten eragina aztertu da. Atal honetatik ondorioztatu da bi eskualdeen artean desberdintasun nabarmenak daudela. Euskadik jarduteko gaitasuna du eskumen eta finantzaketa autonomia maila handia duelako, bertako borondate politikoan oinarrituz; Akitania Berriaren kasuan, ostera, esku hartzeak estimulu eta akonpainamendukoak dira, eta neurri handi batean estatutik sustatu eta eskualdeetan maila progresiboan aplikatutako politiken mende daude. Lanak, ondoren, bi eskualdeetako berrikuntza ekosistemen ikuspegiari egiten dio tartea, baita horien arteko konparazioari ere; eskualde bakoitzaren ezaugarri bereizgarrietatik, eta kultura, antolaketa, osaera, funtzionamendu eta gobernantza desberdintasunetatik haratago, eraginkorra dela frogatzen du; horri esker bi sistemek lehentasunezko kokalekua lortu dute kasuan kasuko herrialdeko eskualde berritzaileen artean, eta kokaleku aurreratua Europa mailan, European Regional Innovation Scoreboard delakoan azaltzen den moduan.

Berrikuntzako sistemak eta kasuan kasuko eragileak azaldu eta aztertu ondoren, eta bi eskualdeetako espezializazio adimendunen estrategiak analizatu eta gero, txostenak fabrikazio aurreratuaren esparru zehatzari heltzen dio, Euskadik eta Akitania Berriak arlo horretako I+G+b beharrizanei aurre egiteko dituzten moduen ikuspegi zehatzagoa eskaintze aldera. Bukatzeko, jardunbide onak identifikatu eta gomendioak proposatu dira. Euskal ekonomian industria oso garrantzitsua da, eta fabrikazio aurreratuko arloan oso ekimen handiak abiarazi dira; Akitania Berriko bizitza ekonomikoan, berriz, industriak protagonismo txikiagoa dauka, Frantzian oro har ikus daitekeen moduan. Hala ere, azken urteetan Frantzia berrindustrializatzearen aldeko mugimenduak izan dira, eta Akitania Berria eskualdea ez dago horretatik erabat kanpo. Egitasmo hori “Usine du Futur” Planak (Etorkizuneko Fabrika) irudikatzen du, eta plan horretan eskualdeak ekonomia digitalaren atalean dituen ahalmenek ezinbesteko betebeharra izango dute.

Euskadiko eta Akitania Berriko berrikuntza sistemen arteko aldeak nabarmenak diren arren, txostenean agerrarazi denez zenbait ahulgune partekatzen dituzte, esaterako enpresei bideratutako I+G transferentzia ez dela aski, I+G jarduerak are gehiago orientatu behar direla merkatura, eta enpresa txikiek ez dutela aski gaitasun ezagutza barneratzeko; ahulgune garrantzitsuak dira bai Euskadiko, bai Akitania Berriko enpresa sarean. Bidenabar, gehitu denez, Euskadi eta Akitania Berria geografikoki gertu dauden arren, eta mugaz gaindiko izaera izan arren, berrikuntza eta transferentzia teknologikoaren arloan garatzerakoan bi sistemek elkarrekiko lankidetza, elkarrekintza eta ezagutza maila baxua daukate.

Horrez gain, bi sistemen arteko lankidetza sustatzeko zenbait proposamen ere jaso ditu txostenak, eta horien artean Euskadiko eta Akitania Berriko zenbait jardunbide egoki azpimarratu behar dira, beste eskualdeari enpresei ezagutza transferitzea hobetzeko elementu erabilgarriak eskaini ahal dizkiolako, esaterako lanbide heziketa duala, klusterrak eta teknologia transferentziaren gobernanatza publikoa Euskadiren kasuan, eta lehiakortasun poloak, Teknologia Transferitzea Bizkortzeko Sozietatea eta Etorkizuneko Fabrika egitasmoa Akitania Berriaren kasuan.