Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
asteazkena, 21 azaroak 2018

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburua Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Osoko Bilkuraren aurrean agertu da gaur, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrei buruzko Lege Proiektua aurkezteko.

Eusko Jaurlaritzaren Aurrekontuen Proiektua 11.784,1 milioi eurokoa da. Azpiazuk azaldu duenaren arabera, guztizko hazkundea 297,7 milioi eurokoa da, hots, 2018an baino % 2,6 gehiago. Bestalde, zorraren amortizazioa eta “Y”-ren eta trenbidearen hegoaldeko saihesbidearen efektua kontuan izan gabe, aurrekontu-azterketaren ondorioetarako hazkundea 371 milioi eurokoa dela eta horrek, iazko datuekin alderatuta, % 3,6ko hazkunde erreala suposatzen duela gaineratu du sailburuak.

Osasun Sailak izango du aurrekontu handiena, 3.800,1 milioi eurokoa, hau da, 2018an baino 122,8 milioi euro gehiago. Partida nagusiak Osakidetzakoak eta Farmazia eta itsaspen-laguntzetakoak dira, 2.874,6 eta 530,2 milioi eurorekin, hurrenez hurren.

Hezkuntzak 2.845,4 milioi euroko aurrekontua du, 2018an baino % 4,5 gehiago (122,6 milioi euro gehiago). Aurrekontuan jasotako hirugarren saila Enplegu eta Gizarte Politiken Saila da, 1.028,8 milioi euroko aurrekontua duena. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 223,5 milioi euro inguru izango ditu eta gehien hazi den saila da, 2018arekin alderatuta, % 8,4ko hazkundearekin.

Une honetan, Aurrekontu Proiektua izapidetze prozesuan dago Eusko Legebiltzarrean, eta datorren abenduaren 21ean testuaren behin betiko bozketa egingo da.

Azpiazurekin batera Alberto Alberdi Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordea, Hernando Lacalle Aurrekontu Zuzendaria eta Yurdana Burgoa Kabinete eta Komunikazio Zuzendaria joan dira EGAB-CESen Osokora.