Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
ostirala, 08 azaroak 2019
  • Batzordeak era positiboan baloratzen du "errealitate berrietara egokitzeko eta bilakaera teknologikoak eta digitalizazioak argi eta garbi gainditutako araudia eguneratzeko ekimen hau".
  • Irizpenean EGABek ohartarazten du berriki Euskal Kultura Ondarearen Legea onetsi ondoren aholkularitzarako kide anitzeko organo bat baino gehiago egon daitezkeela eta garbiketa-prozeduretan agirien balorazioa eta hautespena kontu handiz egitea gomendatzen du.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ustez egokia da Euskadiko Dokumentu Kudeaketa Integralari eta Dokumentu Ondareari buruzko Legearen aurreproiektua izapidetzea, organo aholku emaileak irizpenean egindako oharrekin. Testua elkarrekin landu dute Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak.

Aurreproiektuak dokumentuen kudeaketaren eta agiri horien ondarearen erronkei erantzun nahi die gizarte digitalaren testuinguruan. Azken hamarkadetako iraultza digitalak dokumentuen sorkuntza, transmisioa, sailkapena eta biltegiratzea berritu eta arindu ditu, eta, horregatik, EGABek era positiboan baloratzen du "errealitate berrietara egokitzeko eta bilakaera teknologikoak eta digitalizazioak argi eta garbi gainditutako araudia eguneratzeko ekimen hau". Era berean, Legearen ikuspegia babesten du, "dokumentuen kudeaketa integralaren ikuspegi orokor batetik, herritarrek dokumentazioa eskuratzeko duten nahia eta asmoa ere barne hartzen duena", eta hobetu daitezkeen alderdiei buruzko zenbait gogoeta eransten ditu.

Organo bat baino gehiago egoteari dagokionez

Hala, EGABek ohartarazten du zenbait arlotan aholkularitza emateko kide anitzeko organo bat baino gehiago egon j daitezkeela berriki Euskal Kultura Ondarearen Legea onartu ondoren (6/2019 Legea, maiatzaren 9koa). Lege horren arabera EAEko Kultura Ondarearen Kontseiluak eta Euskal Kultura Ondarearen Erakunde Arteko Organoak eragina izan dezakete agirien artxibo historikoetan. Halaber, dokumentuen ondarea babesteko garbiketa-prozeduretan agiriak baloratzean eta hautatzean arreta handiz jokatzea gomendatzen du, bai eta dokumentu-ondareko agiri horiek babesteko neurri gehigarriak hartzea ere, hala nola nahitaezko gordailutza edo desjabetzapena.

Bestalde, Batzordeak aurreproiektuan zergatik notariotzak – "notarioak fede-emaile publikoak dira"– eta erregistro publikoak ez diren sartu galdetzen du; bi horiek jasota zeuden aurreko aurreproiektu baten, 2012koan alegia; kontua da aurreproiektu horrek ez zuela aurrera egin baina euskal organo aholku-emaileak horri buruzko irizpena eman zuen. Azkenik, EGABek aurreproiektuan "dokumentu interesgarria" kontzeptuaren definizioa sartzea gomendatzen du, funtsezko terminoa baita dokumentu bat, titulartasun publikokoa zein pribatukoa, kultura-ondare gisa katalogatu ahal izateko.