Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
osteguna, 30 urtarrilak 2020
  • Arauaren xedea da Industriaren Legea garatzea industria segurtasunaren arloan. EGABek egokia deritzo proiektuari, “arloan lehendik dauden prozedurak antolatu, bateratu eta sistematizatu egiten dituelako”.
  • Proiektuan dauden definizioen hobekuntza proposatzen du irizpenak, eta koordinazio estuagoa Industriaren Legearekin, zeinaren erregelamenduzko garapena baita proiektua.
  • EGAB ez dago ados Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuran sindikatuek ordezkaririk ez edukitzearekin, eta “enpresen pareko ordezkaritza” izan dezatela proposatzen du.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jotzen du “Industria Segurtasunari buruzko Dekretuaren proiektua” izapidetzea, kontsulta-organo horrek bere irizpenean egindako gogoetak kontuan hartuta. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak egin du proiektua, eta beraren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko Industriaren Legea (8/2004 Legea, azaroaren 12koa) industria segurtasunaren arloan garatzea.

Edukia baloratu aurretik, EGABek azpimarratzen du igorritako testuan ez dagoela memoria ekonomikorik. “Horrelako memoria batek arauaren balorazio osoagoa ahalbidetuko luke”. Oro har, EGABek egokitzat jotzen du proiektua, “arloan lehendik dauden prozedurak antolatu, bateratu eta sistematizatu egiten dituelako”. Bereziki aproposa iruditzen zaio nola dagoen antolatuta prozeduren sendotze eta arrazionalizatze hori, “betebehar berririk sortu gabe eta erantzukizunpeko adierazpenaren sistema finkatuz, baimenaren sistemaren kaltetan”.

Definizioak zehaztu

Hala ere, irizpenak legegintzako teknikaren hobekuntza batzuk iradokitzen ditu; besteak beste, hobeto zehaztu daitezela proiektuan jasotako definizioak, eta dekretua estuago koordinatu dadila Industriaren Legearekin, zeinaren erregelamenduzko garapena baita.

Bestalde, irizpenaren arabera, komenigarria zatekeen arau berrian sartzea beste dekretu bat, gaiarekin zerikusia duena (“29/2015 Dekretua, martxoaren 17koa, industria-jarduerak hasteko erregimenari eta Industria Erregistroari buruzkoa”), ez edukitzeko bi erregistro batera (industria erregistroa eta industria segurtasuneko instalazioen erregistroa), “are gehiago kontuan hartzen badugu hirugarren erregistro bat sortuko bide dela industria segurtasunaren arloko zehapenetarako”.

Sindikatuek ordezkaririk ez

Azkenik, EGAB ez dago ados sindikatuek ordezkaririk ez edukitzearekin Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuran. Beraren iritziz, hutsune horrek “eskubide sindikalak mugatzen ditu, eta diskriminatzailea da”, eta horregatik proposatzen du sindikatuek kontseilu horretan “enpresen pareko ordezkaritza” izan dezatela.