Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
osteguna, 13 otsailak 2020
  • Aurreproiektua izapidetzea bereziki egokia dela uste du EGABek, baina irizpenean erantsitako oharrekin. Horrela, Bidezko Trantsizio baten esparruan eragin gehien duten sektoreak eta jarduerak babesteko anbizio handiko programa bat defendatu du
  • Kontseiluak Ekintza Klimatikorako Itun Sozial bat sustatzea proposatu du, zeinak Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat datorren herrialdearen konpromisoa islatuko duen
  • Nabarmendu du Klima Aldaketari buruzko Euskal Legeak beste lege batzuen jarraibide itxurako erreferentziazko araua izan behar duela, besteak beste, jasangarritasun energetikoari, mugikortasun jasangarriari edo landa-garapenari buruzko legeen kasuan
  • Horrez gain, zerga-sistema berde harmonizatua garatzearen eta ezartzearen komenigarritasuna eta garrantzia nabarmendu dira, zeina ibilbide luzeko enpresa lehiakortasun egonkorrera bideratuko den

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ustez, bereziki egokia da Klima Aldaketari buruzko euskal Lege-aurreproiektua izapidetzea, bere irizpenean egindako oharrak kontuan hartuta. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak prestatu du testua, eta helburua da klima-aldaketaren eraginak murrizteko eta horretara egokitzeko neurriak hartzeko arau-esparru bat ezartzea, bai eta klimaren aldetik erresilientea eta karbonorik gabekoa den ekonomian aurrera egitera 2050. urterako.

EGABek modu oso positiboan baloratu du ekimena, eta, oro har, ados dago, erantzunean erantsi dituen gogoetak gorabehera. Hori horrela, gogorarazi du eredu ekonomikoaren eraldaketaren ondorioz bereziki ukitutako sektoreak daudela, eta proposatu du aurreproiektuan jasota dagoen bidezko trantsizioaren printzipioari garrantzi handiagoa ematea legean, bai eta eragin gehien jasotzen duten sektore eta jarduerak babesteko anbizio handiko programa bat jasotzea ere.

Klimaren aldeko ituna

Irizpenean jasotako gogoeten artean, Ekintza Klimatikorako Gizarte Ituna bultzatzeko iradokizuna nabarmendu behar da, non konpromiso kolektiboa eta lankidetza estua islatuko dituen klimaren aldetik erresilientea eta karbonorik gabekoa den lurralde bat lortzeko, bai eta herrialdeak Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat egin dezan ere. Ekintza Klimatikorako Gizarte Ituna esparru-itun bat izango litzateke, eta sektoreko edo gaikako beste hitzarmen batzuk barne hartuko dira bertan, besteak beste, energia edo mugikortasuna.

Trantsizioan lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia sendotzeko premia azpimarratu da irizpenean, eta euskal enpresek, langileek eta sektoreko profesionalek ingurumen-politikaren ezarpenean egindako ahalegina eta ekarpenak zehaztasun gehiagorekin nabarmentzeko eskatu da; izan ere, ekonomiaren eta gizartearen eraldaketan egiten jarraituko dute, lege berriak eskatzen duen bezala.

Zerga-sistema berdea

EGABek, halaber, tresna bultzatzaileen garrantzia azpimarratu du: «hainbat euskal administrazioren adostasuna behar duen gaia da, eta proposatutako herrialdearen esparruan garatu ahal izango litzateke». Alor horri dagokionez, zerga-sistema berde harmonizatua ezartzeko egokitasunari eutsi dio Kontseiluak, ibilbide luzeko enpresa lehiakortasun egonkorrari begira. «Horrela, seriotasunez eta errealismoz egin ahal izango diogu aurre euskal enpresa deskarbonizazioari buruzko Europako legedi berrira egokitzeari». Prozesuari dagokionez, kontsulta-organoak eskatu du isuriak murrizteko helburuetan Europar Batasunak ezarritako jarraibideak aplikatzea, eta horiek «errealistak eta pixkanakakoak izatea, euskal enpresa-ehunaren errealitatearekin bat etorriz».

Amaitzeko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak esan du aurreproiektuan garatutako Klima Aldaketari buruzko Legea beste lege batzuen jarraibide itxurako erreferentziazko araua izango dela, besteak beste, Jasangarritasun Energetikoari buruzko Legearen, Mugikortasun Jasangarriari buruzko Legearen edo Landa Garapenari buruzko Legearen kasuan. Alabaina, horietako batzuk aldez aurretik izapidetu dira «egokiena izan ez den izapidetze-sekuentzia batean», EGABen iritziz.