Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
ostirala, 28 otsailak 2020

EGAB-EN IRIZPENA, ARRANTZA-TURISMOARI ETA ARRANTZA-ERAKUSTALDIEI BURUZKO DEKRETUAREN PROIEKTUARI BURUZKOA

  • EGABen iritziz, ekimen interesgarri eta positiboa da jardueren, diru-sarreren eta enpleguaren iturri gehigarri bat emateko jarduera ekonomiko berriak eta dibertsifikazioa hainbeste behar dituen sektore batean
  • Iradoki du eskuragarri jartzea arrantza-turismoko eta arrantza-erakustaldietarako jarduerak abian jartzeko arrantza-ontziek behar dituzten egokitzapenetarako laguntzak

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jo du Euskal Autonomia Erkidegoko itsasoko eta ur kontinentaletako arrantza-turismoari eta arrantza-erakustaldiei buruzko dekretuaren proiektua izapidetzea, irizpen honetan bildutako oharrekin. Testua Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren Sailak prestatu du.

Arauaren bitartez arrantza-turismoa eta arrantza-erakustaldiak arautzen dira, arrantza-sektorearen osagarri izan daitezen; izan ere, itsas arrantzarrekin eta akuikulturarekin zerikusia duten jarduerak dira, eta arrantza-sektorea eratzen duten pertsonen errentak hobetu eta osatzeko aukera ematen dute. EGABen iritziz, ekimen interesgarri eta positiboa da jardueren, diru-sarreren eta enpleguaren iturri gehigarri bat emateko jarduera ekonomiko berriak eta dibertsifikazioa hainbeste behar dituen sektore batean

Batzordeak gogorarazi nahi du azken urteetan antzeko beste ekimen batzuk abiarazi direla, baina arrantza-itsasontzietan pertsona ez profesionalak sartzeari eta segurtasunari buruz existitzen den ziurgabetasun juridikoak geldiarazi dituela. Dena den, alor horretako legedian gehitutako aldaketei esker, gaur egun, bidea ireki da jarduera horiek abian jartzeko. Hori dela eta, EGABek modu positiboan baloratu du erkidegoko gobernuaren ekimena, eta hainbat gogoeta erantsi dizkie. Besteak beste, honako hau iradoki du: arrantza-jarduerak eta arrantza-turismoa, ontzietan beharrezkoak diren egokitzapenak eginda, bateragarriak izateko aukera emango duten laguntza-lerroak gaitzea, eta segurtasun-elementu berriak diruz laguntzea, betiere, ontzien arrantza-jarduera arruntaren ezaugarriak aldatu gabe.