Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
astelehena, 30 abuztuak 2021
  • Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak eskatu du baloratu dadila ea egokia den kable bidezko garraioa arautzeko arau espezifiko bat egitea, irizpenean egindako gogoeten arabera.
  • Egun, kable bidezko garraioa Euskadin lau funikularretara murrizten dela gogorarazi du EGABek (Igeldo, Larreineta, Artxanda eta Santurtzi), "dimentsio oso apalak eta beste erkidego batzuek dituztenetatik oso urrun daudenak", eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari eskatu dio sektore hori lege-mailarekin arautzera bultzatzen duten arrazoien azalpenean sakontzeko.
  • Arauketa hau zergatik ezin den arau orokorrago baten zati izan argitzeko eskatu du, hala nola Mugikortasun Jasangarriari buruzko Legearen zati, zeina izapidetze-egoera aurreratuan baitago, eta horrek "lagunduko bailuke, halaber, lege-ugaritasuna saihesten eta lotuta dauden gaietan eragina duten arauak hobeto antolatzen".

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak irizpena eman du Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak prestatutako “Kable bidezko garraioaren lege-aurreproiektua”ri buruz. Erantzunean, Kontseiluak proposatu du baloratzea ea egokia den kable bidezko garraioa arautzeko arau espezifiko bat egitea, irizpenean egindako gogoeten arabera.

Kable bidezko garraioa garraiobide bereizitzat hartzen da, malda handia edo orografia zaila gainditu behar duten distantzia txikietako joan-etorrietarako egokia. Klase askotariko elementuak biltzen ditu (teleferikoak, telekabinak, teleaulkiak, teleskiak...), eta, besteak beste, igogailuak, tranbia arruntak edo kable bidezko trakziodun ontziak baztertzen ditu. Euskadin, garraio publikorako lau funikular daude, hiru Bizkaian eta bat Gipuzkoan: Igeldokoa, Donostian; Larreinetakoa, Trapagaranen (biak kultura-ondasun gisa kalifikatuak, monumentu-multzo kategoriarekin); Artxandakoa, Bilbon; eta Mamarigakoa, Santurtzin. Oro har, hiru milioi bidaiari baino pixka bat gehiago dituzte urtero, horietako asko Santurtziko metro-geltokien arteko anezka modura erabiltzen duten azken azpiegitura horren erabiltzaileek.

Aurreproiektuaren xedea da pertsonak kable bidez garraiatzeko Autonomia Erkidegotik igarotzen diren instalazioen proiekzioa, eraikuntza, martxan jartzea eta ustiapena arautzea. Kable bidezko garraioa Estatuko araudiak arautzen du (1987/16 Legea, uztailaren 30ekoa, Lurreko Garraiobideen Antolamenduari buruzkoa, eta 1964/4 Legea, apirilaren 29koa, Teleferikoen Emakidari eta haren Erregelamenduari buruzkoa). Eusko Jaurlaritzaren ustez, Europako erregelamenduan jasotako berrikuntza teknologikoen ondorioz ez dira nahikoa, eta, beraz, lege-mailako arau bat egiteko beharra ikusten du, aztertutako aurreproiektuan islatu duena.

Arauaren egokitasunari buruzko gogoetak

Euskal proiektuak teleferikoak eta teleskiak erregulatzea ere aurreikusten duen arren -beste autonomia-erkidego batzuetan kable bidezko garraio-instalazio gehienak dira–, EGABek uste du "ez duela ematen instalazio mota horien hedapen handirik izango denik", eta, ondorioz, arauaren egungo benetako aplikazio-eremua EAEko lau funikularretara murrizten dela gogoratu du. Kontseiluaren ustez, erregulazioaren irismen txikia "bereziki garrantzitsua da ekimenaren egokitasuna baloratzeko, eta, beraz, horren justifikazioa guztiz beharrezkoa da". Kontseiluak uste du, kable bidezko garraioaren sektorea Euskadin lege-mailarekin arautzera bultzatu duten arrazoietan sakondu egin beharko lukeela Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, “sektorea oso dimentsio apaletan mantentzen baita, eta arlo hori arautu duten beste erkidegoetatik oso urrun". EGABek azpimarratzen duenez, "egungo idazketan, legegintza-ekimenaren justifikazioa oso labur aurkezten da, eta horretan sakontzeak elementu gehiago eta hobeak izatea ahalbidetuko luke, ekimen honen beharra eta aukera baloratzeko".

Kontseiluak galdetu du, halaber, ea kable bidezko garraioaren erregulazioa "ezingo litzatekeen egin Euskadiko mugikortasunaren antolamendu orokorraren barruan". EGABek horri buruzko iritzia eman zuen duela bi urte, "Euskadiko Mugikortasun Jasangarriari buruzko Legearen Aurreproiektuari" buruzko irizpena argitaratu zuenean.  Aurreproiektu horrek bazuen kable bidezko garraioari buruzko kapitulu bat, eta horrek lagunduko luke "lege-ugaritasuna saihesten eta lotuta dauden gaietan eragina duten arauak hobeto antolatzen".