Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
astelehena, 20 irailak 2021
  • Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ustez, egokia da Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak egindako “Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Lege Aurreproiektua” izapidetzea, irizpenean jasotako gogoetekin.
  • Aurreproiektuak mugikortasun jasangarri eta seguru baten garapen integrala lortu nahi du, ikuspegi soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa landuta. Europako hitzarmenek mugikortasun-eredu berria baldintzatzen dute, jasangarria, adimentsua eta erresilientea izan dadin.
  • Kontseiluaren iritziz, aztertutako gaien konplexutasunak, haien arteko lotura biziak eta esparru bakoitzeko legegintza-erritmo desberdinek "bereziki beharrezkoa" egiten dute ordenatzea eta koordinatzea, eta hori gauzatzeko "mekanismo zehatzagoren bat" ezartzea proposatzen du, "gainjartzeak saihesteko eta araugintza eta plangintza hobetzeko".
  • Lantokirako mugikortasunaren garrantzia ere azpimarratzen du, eta enpresen arteko mugikortasun-planak kontuan hartzea iradokitzen du. Bai eta lanerako mugikortasun-programa, agentzia edo bulego espezifiko bat sortzea, enpresei laguntza teknikoa eta aholkularitza emateko mugikortasun planak egiteko orduan.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jotzen du "Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Legearen aurreproiektua" izapidetzea, bere irizpenean erantsi dituen gogoetekin. Aurreproiektua Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak egin du.

Aztertutako testuak pertsonen eta salgaien garraioak bete behar dituen printzipioak eta helburuak ezartzen ditu, mugikortasun jasangarri eta seguruaren garapen integrala lortzeko, ikuspegi soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa kontutan hartuta. Ildo horretan, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak gogorarazi du Europako hitzarmenek (Europako Itun Berdeak eta Europako Mugikortasun Estrategiak) eredua baldintzatzen dutela, jasangarria, adimentsua eta erresilientea izan dadin. Batzorde aholku-emailearen arabera, ereduaren aldaketak "pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta industria, balio-kate guztietan, modernizatzeko, kalitatezko lanpostuak sortzeko, produktu eta zerbitzu berriak garatzeko eta haien lehiakortasuna indartzeko aukera argiak eskaintzen dizkigu".

Mugikortasun-eredu berriak arau-garapenak egitea eskatzen du, eta lan horri aurre egin dio irizpenean aztertutako testuak, eta egin ere, "premiaz eta Europako mugikortasun eredu berriaren (jasangarria eta adimenduna) ikuspegia eta oinarriak txertatuz egin du lan hori”. Hori dela eta, EGABek  legegintza-ekimen hau “egokia eta komenigarria" dela uste du. Hala ere, gogoetarako zenbait gai eta aurreproiektuan jaso ez diren gabezia batzuk ere gaineratu ditu bere irizpenean.

Koordinazio-mekanismo zehatzagoa

Hala, trantsizio klimatiko-energetikoak, teknologiko-digitalak eta sozio-sanitarioak dakartzaten eraldaketa sakonek lege eta plangintza arloetan zurrunbilo handia sortarazten dutela adierazten du eta, horren ondorioz, "bereziki beharrezkoa da horretan guztian ordena eta koordinazioa ezartzea".

Gaien konplexutasuna, haien arteko lotura bizia eta esparru bakoitzean dauden legegintza-erritmoak kontuan hartuta, "ez ote litzatekeen beharrezkoa izango koordinazio eta antolamendu mekanismo konkretu eta zehatz bat ezartzea” galdetzen du Kontseiluak, “gainjarriak ekiditeko eta beharrezkoa den integrazio eta antolamendua hobetzeko”. Horregatik, beharrezkotzat jotzen du erakunde-maila guztietako garraio eta azpiegituretan, plangintzan eta hirigintzan, energian, ingurumenean, barnealdean (trafikoan) edo hezkuntzan, eskumena dutenek elkarrekin lan egiteko aukera izatea, beren politikak bat etor daitezen, mugikortasun jasangarri eraginkorra lortzeko bidean.

Lantokirako mugikortasuna

Batzorde aholku-emailearen arabera, Mugikortasun Jasangarriaren Planak duen hamar urteko indarraldia "gehiegizkoa izan daiteke, araututako gaien ingurune aldakorra kontuan hartuta". Halaber, eskubideen eta betebeharren erregulazio osoagoa ere proposatzen du, "eskubide eta betebehar gisa konfiguratuko lituzkeena, eta ez mugikortasun-politiken oinarri inspiratzaile huts gisa".

Azkenik, EGABek lantokirako mugikortasunaren garrantzia azpimarratzen du, nahiz eta alderdi horietako batzuk jada araututa egon Jasangarritasun Energetikoaren Legean. Hala ere, izaera sistemikoa duen Mugikortasun Jasangarriaren Legeak eremu horri dagozkionak ere kontuan hartu beharko lituzkeela dio, hala nola enpresen arteko lantokien mugikortasun-planak (enpresa anitzekoak) edo lantoki berri baten ezarpenak sortutako mugikortasuna. Eta hori guztia, eragile ekonomiko eta sozialek gobernantza-ereduan parte hartuz eta "lanerako mugikortasun-programa, agentzia edo bulego espezifiko bat sortuz, enpresa horien mugikortasun-planei euskarri teknikoa eta aholkularitza emateko".