Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
asteazkena, 20 urriak 2021
  • Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen (EGAB) iritziz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako “Euskadiko Gobernantza Soziosanitarioaren Dekretu Proiektuaren” izapidetzea egokia da, irizpenean egindako gogoetak kontuan izanda.
  • Kontseiluak egokitzat eta beharrezkotzat jotzen du, Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundien eta EAEko udalen politikak bateratuko dituen eredu baten araberako sistema bat ezartzea esparru soziosanitarioan lankidetzarako eta koordinaziorako.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako “Euskadiko Gobernantza Soziosanitarioaren Dekretu Proiektuari” buruzko txostena eman du. Bere erantzunean, Kontseiluak egokitzat jotzen du izapide hori gogoeta espezifiko batzuekin egitea, aztertutako testua hobetzeko proposamenekin, besteak beste.

“Euskadiko Gobernantza Soziosanitarioaren Dekretu Proiektuaren” helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko gobernantza soziosanitarioa lurraldeka definitzea eta egituratzea, gizarte- eta osasun-politiken, lurralde-mailen, plangintza- eta antolamendu-mailen, zerbitzuen eta profesionalen arteko egiturazko harremanak eta harreman funtzionalak eratzeko eta formalizatzeko premiari erantzuteko. Hori guztia, erakundeen arteko harmonizazio-eredu baten eta arreta soziosanitarioaren koordinazio funtzional eta diziplina anitzekoaren barruan.

Une honetan Euskadin lankidetza eta koordinazio soziosanitarioaren esparruan erakunde, organo eta profesionalen arteko harremanak egituraren eta funtzionaltasunaren ikuspegietatik egituratzen dituen araudirik ez dagoenez (Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren apirilaren 5eko 69/2011 Dekretua izan ezik), agerian geratzen da beharrezkoa dela arreta soziosanitarioaren maila desberdinek parte hartzen duten harreman organiko eta funtzionalak formalizatzeko egituraketa soziosanitarioa. Egituraketa horrek, arlo sozialak eta osasunarekin erlazionatutakoak bat egiten duten herritarren beharrei erantzuteko plangintza eta antolamendu, antolakuntza eta laguntza mailatan ematen diren zerbitzuetan inplikatuta dauden organoen eta erakundeen partaidetza, harremanak, egitekoak eta tresnak definituko ditu.

BALORAZIO POSITIBOA

Horregatik guztiarengatik, euskal aholku-batzordeak positibotzat jotzen du ekimen hau, eta egokitzat eta beharrezkotzat jotzen du, Eusko Jaurlaritzak gizarte- eta osasun-zerbitzuen arloan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek gizarte-zerbitzuen arloan eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalek gizarte-zerbitzuen arloan, baita ere, dituzten politikak bateratuko dituen eredu batean oinarrituta esparru soziosanitarioan lankidetzarako eta koordinaziorako sistema bat ezartzea. Horrela, beren eremuetan dauden premia soziosanitarioko egoerei erantzun diezaieketen sistemen eta politiken arteko lankidetza- eta koordinazio-espazioak sortuko dira.

Era berean, organo aholku-emaileak nabarmendu duenez, laguntza soziosanitarioak barne hartzen dituen esparruetako baliabide eta profesionalen koordinazioan egindako aurrerapenetatik eratorri behar diren asistentziaren kalitatea eta bikaintasuna hobetzeko modu bakarra, sortzen ari diren egiturazko beharrei eta behar berriei aurre egin ahal izateko baliabide ekonomiko nahikoak erabiltzea izango da.