Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
astelehena, 13 abenduak 2021
  • EGABen ustez, irizpenean jasotako gogoetak kontuan hartuta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako “Osasun Publikoaren Lege Aurreproiektuaren” izapidetzea egokia da, eta modu “irekiegian” idatzitako legearen alderdi batzuk gehiago zehaztea gomendatzen du
  • Kontseiluaren iritziz, legegintza-ekimen hori egokia eta beharrezkoa da euskal osasun publikoa kontzeptuaren hedadura osoan jorratzeko, osasun publikoa, neurri handian, osasunaren esparrutik kanpoko faktoreek zehazten dutela, eta horretan gobernuko politika-arloek eta -sektoreek esku hartu behar dutela ulertuz.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen azken osoko bilkurak kontsulta-organo horren hauei buruzko aldeko hiru irizpen berretsi ditu: “Euskadiko Osasun Publikoaren Legearen aurreproiektua”, Garapenerako Lankidetza-programetarako laguntzak arautzen dituen dekretu-proiektua eta Adikzioen eta Droga-Mendetasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirileko 1/2016 Legea ez betetzeagatiko zehapenak ordezteko sistema arautzen duen dekretu-proiektua.

Etorkizunerako euskal gizarte osoarentzat duen garrantziagatik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako Euskadiko Osasun Publikoaren Legearen aurreproiektuari buruzko 12/21 Irizpena da zabalena; izan ere, Batzordeak, aurreproiektuaren izapidetzea egokitzat jotzen badu ere, gogoeta espezifiko batzuk sartzen ditu aztertutako testua hobetzeko proposamen gisa, eta modu “irekiegian” idatzitako alderdi batzuetan zehaztasun handiagoa sartu behar dela azpimarratzen du, norbanakoen eskubideak zaintzeko, herritarren parte-hartzea bermatzeko eta antolaketaren egitura definitzeko, besteak beste.

Kasu honetan, osasunaren kontzeptuetan eta praxian izandako bilakaera eta aurrerapenak euskal araudian txertatzen dituen aurreproiektua da. Helburua, funtsean, euskal biztanleriaren ahalik eta osasun-maila handiena babestea eta sustatzea da, interes handieneko ondasun publiko gisa, eta pertsonen eskubideak bermatzea, osasunaren, aukera-berdintasunaren eta ekitatearen arloetan. Funtsezko elementu gisa, eta Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) oinarri hartuta, Osasunaren ikuspegia sartzen du politika eta ekintza publiko guztietan, dagokion definizioarekin eta antolamenduarekin, herritarrek ahalik eta osasun-mailarik handiena lortu eta duen izaera integraleko Osasun Publikoko Sistema sortzeko.

Gaur egun indarrean dagoen ekainaren 26ko Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legea da osasunaren babeserako eskubidea Euskadin eraginkor egitea ahalbidetzen duten jarduerak arautzea ahalbidetu duen esparru juridikoa, Euskadiko osasun-sistema osatzen duten egituren eta baliabideen bidez prebentzio-neurriak, osasuna sustatzeko neurriak eta osasun-prestazioen hornidura bermatuz. Eraiki den osasun-sistema publiko eta unibertsalari eta gauzatutako politika publikoei esker, euskal herritarren beharrei eta itxaropenei aurre egiteko, eta Euskadin bizi-itxaropena autonomia erkidego gehienen eta munduko altuenen gainetik egotea lortzeko kalitate-sistema eduki ahal izan da.

Hala ere, Antolamendu Sanitarioaren Legea aldarrikatu zenetik, osasunaren babesaren antolamenduaren inguruko behar, erronka eta ikuspegietan bilakaera garrantzitsua eman dela ikus daiteke. Osasuna, neurri handian, osasun-esparrutik kanpoko faktoreek baldintzatzen dutela onartzearen ondorioa, osasun publikoko politika eraginkorrak sektore publiko guztiak interpelatzea, eta gobernu-estrategietan Politika Guztietan Osasun-ikuspegia aplikatu behar izatea da.

ARAUAREN EGOKITASUNA

Horregatik guztiagatik, euskal Kontseilu aholku-emaileak, euskal osasun publikoari kontzeptu osoan heltzeko lege-testu bat egiteko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren ekimena oso egokia eta beharrezkoa dela uste du, eta osasun publikoa, neurri handian, osasun-eremutik kanpoko faktoreek mugatzen dutela eta gobernuaren politika-sektore eta -arlo guztiek esku hartu behar dutela uste du.

“Bat gatoz lege-testu berri baten beharrarekin; izan ere, osasun-antolamendua osasunerako eskubidearen babesaren funtsezko alderdia da, eta horri heltzeko, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak eskaintzen duen egungo erregulazioa gainditzen duen eta jarduera-eremu zabalago bat artikulatzea eskatzen duen modu zabalagoa behar da, osasunarekin erlazionatutako gaietan eskumenak dituzten autonomia erkidegoko erakunde, bitarteko eta baliabide desberdinak, eta inplikatutako eragile ugari, bilduko dituena”, azaldu dute.

Horrela, EGABek positibotzat jotzen du aurreproiektua. Balorazio orokor gisa, uste du ondo kohesionatutako eta egituratutako testua dela, garapen tekniko egokia duela, eta, behar bezala inplementatzeko eta eraginkorra izateko, testuaren erregelamendu bidezko premiazko garapena gomendatzen du. “Atsegin handiz ikusten dugu aurreproiektuak adierazitako helburuetako bat osasun arloko desberdintasun sozialak murriztea dela”, azpimarratu du EGABek.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen irizpenak, gainera, hobetzeko dozena erdi bat arlo jasotzen ditu, eta horiek berariazko gogoetetan zehazten dira. Lehenengoak osasun-larrialdi egoera deklaratzearekin du zerikusia. Izan ere, EGABek uste du aurreproiektuak, indarrean dagoen COVID-19ak sortutako osasun-krisiaren eta osasun-larrialdien kudeaketa errazten duten tresnak sartzeko borondatearen eragin handia duela. EGABen ustez, beharrezkoa da “larrialdia, pandemia edo osasun-krisia” kontzeptuen eta egoera bakoitzaren irismenaren artean dauden aldeei eta egoera horiek zehazteko ardura duen organoari buruzko testuan argitasuna eta zehaztasuna sartzea. Baita osasun-arlokoak ez diren larrialdi-egoeretatik bereizteari dagokionez ere.

Horri guztiari dagokionez, eta osasun-agintariek banakako eskubideak mugatzeko neurri bereziak hartu ahal izango dituztenez, honako hau adierazi dute: “Bereziki sentikorra den eta ahalik eta zorroztasun eta argitasun handiena eskatzen duen eremuan gaude, eta, ahal den neurrian, katalogazioa egitea komeni da”. Hobetzeko arloen artean, hauek ere aipatzen dira: Osasun Sistema Publikoaren gobernantzaren egitura osoaren eskumen eta funtzioei buruzko formulazio zehatzagoa, erakunde pribatuentzat aurreikusitako lankidetza-egoera eta -modalitateei buruzko zehaztasun handiagoa eta herritarrek osasun publikoko jarduketetan parte hartzeko bideei buruzko argibide gehiago, bai eta genero-ikuspegia lege-gorputz osoan zeharka integratzea ere.

DROGA-MENDETASUNAK ETA LANKIDETZA

Horrez gain, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Adikzioen eta Droga-mendetasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legea ez betetzeagatiko zehapenak ordezteko sistema arautzen duen Dekretu Proiektuari buruzko txostena eman du. Dekretuaren xedea zehapenak ordezteko sistema arautzea eta 93. artikuluan xedatutakoa garatzeko prozedura ezartzea da. Artikulu horretan, isun-zehapenak beste neurri alternatibo batzuekin ordezteko aukera ezartzen da. Bere 13/21 Irizpenean, kontsulta-batzordeak uste du berau aproposa eta egokia dela.

Era berean, Garapenerako lankidetza-programetarako laguntzak arautzen dituen Dekretu Proiektuaren izapidetzea egokitzat eta positibotzat jotzen da, 14/21 Irizpenean garatutako gogoeta orokor eta espezifiko batzuekin. Proiektu horren helburua ikuspegi lokal-globala programa horien bereizgarri gisa kokatzea da, bai eta aurkeztutako ekimenetan ikuspegi hori behar bezala txertatzen dela bermatzeko kudeaketa-sistema ezartzea ere.