Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
ostirala, 18 otsailak 2022
  • Euskadiko EGABek egokitzat jotzen du Enpleguaren Plan Estrategikoa 2021-2024 izapidetzea, proposatutako oharrekin. Testua Lan eta Enplegu Sailak egin du.
  • EGABek positibotzat jotzen du planaren helburua enplegu gehiago sortzea izatea, eta azpimarratzen du oso garrantzitsua dela kalitatezkoa izatea eta gizarteratzearen eta laneratzearen alde egitea.
  • Egungo egoera soziosanitarioaz gain, irizpenak beste hiru erronka aipatzen ditu: trantsizio teknologiko-digitala, trantsizio energetiko-klimatikoa, eta lan-eskaerari erantzutea zailduko duen defizit demografikoa.
  • EGABek Gizarte Elkarrizketarako Mahaiari presentzia handiagoa ematea proposatu du, gizarte-eragileek planaren lanketari buruzko informazioa izan dezaten, eta plana gauzatzeko proposamenak sortu eta planaren jarraipenean parte har dezaten.
  • Planak jarraipen-adierazleei ez diela behar bezalako arretarik ematen adierazi du, eta are nabarmenagoa dela enpleguaren kalitateari, Planaren xedearen osagai nagusietakoari, erreferentzia egiten zaionean.
  • Esandakoaren arabera, planaren oinarri den aurretiazko diagnostikoak ez ditu hainbat gai jaso, hala nola Gizarte Elkarrizketarako Mahaiak plana egiten parte hartzea, AMIA matrizea behar bezala definitzea, edo langabeen azterketa egitea, haien kualifikazioa barne.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Enplegu Plan Estrategikoa 2021-2024ri buruzko txostena egin du, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari berari buruzko maiatzaren 17ko 8/2012 Legearen 3.1.b) artikuluan ezarritakoan oinarrituta, eta, bertan, egokitzat jo du plan horren izapidetzea.

Enplegu Plan Estrategikoa 2021-2024ren xedea enplegu gehiago sortzea eta “enplegu hori kalitatezkoa izatea da, pertsona guztien erabateko gizarteratzea eta laneratzea ahalbidetuko duten baldintzetan”, eta egungo testuinguru soziosanitariotik eratorritako erronkak onartzea, bai eta gaur egun bizi ditugun eraldaketa digital, energetiko-klimatiko eta demografiko-sozialetatik eratorritakoak ere. Horrela, Planak, lan-merkatuan sortu diren eskakizun berriei erantzunez eta langileek enplegua mantentzeko edo lortzeko dituzten premiei erantzunez egiten die aurre erronka horiei, Plana barne hartzen duen Estrategiak (EEE 2030) egiten duen bezala.

Hori dela eta, Batzordeak Enplegu Plan Estrategikoa 2021-2024 babesten du, eta era positiboan baloratzen du pandemiaren osteko suspertze sozioekonomikoari, hiru trantsizioen (digitala, berdea eta demografikoa) ezarpenari eta kontratu sozial berrirako enplegu inklusibo eta kalitatezkoa sustatzeari laguntzea.

KOHERENTZIA BESTE ESTRATEGIA ETA PLAN BATZUEKIN

Irizpenean, EGABek gogoeta egiten du lau urteko plan horrek sektoreko plan eta estrategia hurbilenekin batera duen eginkizunari buruz, hala nola 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiarekin. Estrategia hori enplegua pertsonen eta gizartearen funtsezko ardatz gisa jartzeagatik, kalitatera, gizarteratzera eta berdintasunera bideratutako enplegu-politiken alde egiteagatik eta lankidetza-politika bat ezartzeagatik nabarmentzen da.

Ildo horretan, Batzordeak adierazi du Plana Estrategiatik urrundu egiten dela, horrek bere helburu estrategikoak eta operatiboak aldatu egiten dituelako, baita bere jardun-eremuetan eta ildo estrategikoetan ere EEE 2030en helburu, bektore eta gako estrategikoen aurrean.

Gainera, EGABen iritziz, ez da behar bezala islatzen Berpiztu programak nabarmendutako 3 trantsizioen garrantzia (digitala, berdea eta demografikoa); izan ere, adierazi duenez, enpleguan duten garrantzia kontuan hartuta Planean jasotako ekintzak ez dira nahikoak. Adibidez, trantsizio teknologiko digitalean, adierazi du prestakuntzak oinarrizko gaitasun digitalei heltzea baino haratago joan behar duela, eta ohartarazi du ez dela arazo guztien konponbidea, eta enplegua sortzeko eta hobetzeko inpaktua neurtu beharko litzatekeela. Trantsizio demografiko-sozialean, aldiz, ekintzak enpresen zahartzean oinarritzen direla adierazi du, eta ez dutela kontuan hartzen langabe kopuru handia duen, eta enpresek duten langile kualifikatuen eskariari erantzuten ez dion egungo lan-egoera paradoxikoa.

LANKIDETZA PROIEKTUA

EEEk erakunde arteko eta sailen arteko politika bereganatzen eta gizarte-eragileen lankidetza bultzatzen duen bezala, Batzordeak proposatu du Gizarte Elkarrizketarako Mahaiak parte-hartze handiagoa izan beharko lukeela Planaren faseetan, lankidetzan aritzeak ekonomiaren, gizartearen, lanaren eta osasunaren errealitatean gertatzen diren aldaketen aurrean duen garrantzia kontuan hartuta. Era berean, Administrazio Publikoari ematen zaion leku eskasa azpimarratzen du, enplegua sortzean eta enpleguaren kalitatean duen zeregin garrantzitsua kontuan hartuta. Azkenik, planak beste sailen ekintzak jaso behar dituela adierazi du, enplegu-politikarako berariaz prestatutakoak, eta ez enplegu-politikan bigarren mailako eragina duten eta politika ekonomikoetatik datozen ekintzak. Ildo horretan, EGABek Planak lankidetzarako orientazioa har dezala bultzatzen du, Enpleguaren Euskal Estrategiak hartutako orientazioaren antzekoa.

ERRONKAK ETA AHULEZIAK

Horien artean, lehenik eta behin, planaren ekintzen egoerari buruzko ebaluazio eta jarraipen egokia egitea gomendatzen du, helburuen lorpena neurtzeko balio duten adierazle kuantitatiboak barne. EGABen ustez, halaber, diagnostikoak ahulezien, mehatxuen, indarguneen eta aukeren analisi deskribatzaileagoa jasotzen du, eta ez dator bat ondorengo AMIA matrizearen arazoekin eta indarrekin. Azkenik, Batzordeak jasotzen duenez, aukera-berdintasunari buruzko zeharkako bektorea lausotu egin daiteke, ez baitu zuzkidura ekonomiko espezifikorik esleitzen berdintasunaren arloan programatzen diren ekintzetarako.

DEMOGRAFIA ETA LAN-ERREALITATEA

Bide horretan, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak uste du bi erronka demografiko gehiago daudela, eta enplegu-politika ona gauzatzeko horiei aurre egin behar zaiela. Lehenengoa lan-merkatuan kualifikatutako pertsonen eskaria betetzeko dagoen defizitarekin erlazionatuta dago; bigarrena, berriz, biztanleriaren zahartzearekin dago erlazionatuta, eta horrek lanpostuak betetzeko eskulanaren eskasia ere sortzen du.

Ildo horretan, batzordeak adierazi du ez dagoela planteamendu egokiagorik enpresek enpleguaren eta kualifikazioaren arloan dituzten beharrei erantzuteko, batez ere mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei dagokienez, horiek izango baitira lan-merkatuaren eraldaketaren eragin handiena jasoko dutenak.