Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
asteazkena, 02 martxoak 2022
  • Euskadiko EGABen iritziz, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak egindako Dekretu-proiektuaren izapidetzea egokia da.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak, Etxebizitza legez okupatzeko eskubide subjektiboari buruzko Dekretu-proiektuaren gaineko txostena egin du, eta egokitzat jo du proiektu horren izapidetzea.

Dekretuaren helburua etxebizitza legez okupatzeko eskubide subjektiboa arautzea da, dela alokairu-erregimeneko etxebizitza bat esleituz, dela kanona duen zuzkidura-bizitoki bat esleituz, dela etxebizitzarako prestazio ekonomiko baten bidez, etxebizitza edo zuzkidura-bizitokia esleitzea ezinezkoa denean.

Dekretu-proiektua izapidetzeko beharra baloratzeko, hura txertatzen den testuinguru ekonomiko-soziala eta juridikoa aztertu ditu Kontseiluak. Lehenengoan, EGABek herritarrek etxebizitza bat eskuratzeko duten zailtasuna aipatu du, eta adierazi du gai horren eragina ez dela maila pobretuenetara mugatzen. Esparru juridikoari dagokionez, nabarmendu du etxebizitza bat izateko eskubidea aitorpen goreneko eskubidea dela, baina eskubide hori benetan eta eraginkortasunez gauzatzeak gure gizarte osoaren erronka gisa irauten duela, eta, beraz, aginte publikoek era positiboan jokatu behar dutela.

2015eko Etxebizitzaren Euskal Legea jauzi kualitatibo garrantzitsua da etxebizitza duina izateko eskubidea praktikan gauzatzeko bidean, eta Dekretu-proiektua da Lege horren xedapenak erabat eraginkorrak izateko beharrezko osagarria. Kontseiluak positibotzat jotzen du hori.

Kontseiluak adierazi duenez, Dekretuak erregelamendu bidez garatzen ditu etxebizitza legez eskuratzeko eskubide subjektiboari buruz Euskadiko Etxebizitzaren Legean jasotako xedapenak, eskubide horren titulartasuna eskuratzeko baldintzei aplikazio praktikorako beharrezko zehaztapena ematen die, eta eskubide hori aitortzeko, egiaztatzeko eta betetzeko prozedura egokiak ezartzen ditu.

Gainera, EGABek atseginez ikusten du Dekretu-proiektua ez dela etxebizitzaren edo zuzkidura-bizitokiaren esleipenarekin lotutako alderdiak garatzera mugatzen, baizik eta ohiko bizilekurako etxebizitza edo bizitokia esleitzerik ez dagoenean, etxebizitzarako prestazio ekonomikoa emateari buruzkoa ere barne hartzen duela. Horrela, EGABek ohartarazi du prestazio ekonomikoa ohiko etxebizitzaren esleipenaren alternatiba izan behar dela, horrela, etxebizitzaren esleipena lehentasunezko neurria izan dadin beti.

Era berean, irizpenak, egungo DSBEren Etxebizitzarako Prestazio Osagarriaren ordez etxebizitzarako prestazio ekonomikoa emateko ahalegina balioesten du, horrek egiturazko tresnak ematen dizkielako etxebizitza-premiei aurre egiteko baliabide nahikorik ez duten kolektibo guztiei, eta bi prestazioen arteko igarobide koordinatua eta baketsua diseinatzeko ahalegina ere balioesten du.

Euskadiko EGABren iritziz, dekretuaren edukiari dagokionez, zioen azalpena araudiaren berezko gaietan oinarritu beharko litzateke, eta hori egiteko barne-prozesuari buruzkoak saihestu. Gainera, Kontseiluak uste du beharrezkoa dela araudi berria eratzeko hartutako irizpideak azaltzea, inkoherentziak murrizteko eta helburua lortzeko, hau da, gizarte-bazterkeria saihesteko.

Irizpenak azaldu beharreko hainbat gai azpimarratzen ditu, hala nola eskubide subjektiboa eta prestazio ekonomikoa eskuratzeko ezarritako gutxieneko adina, eskubide horren hileko gehieneko zenbatekoa, edo Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan urtebeteko benetako bizilekua edo 3 urteko antzinatasuna izatea eskatzen duten arrazoiak. Horri dagokionez, Kontseiluak uste du eskatutako baldintzetako batzuek inkongruentziak dituztela eta ez datozela bat Dekretu-proiektuaren helburuarekin.

Azkenik, EGABen iritziz, dokumentua konplexua da, eta beharrezkotzat jotzen du horren arkitektura berrikustea, arau argia, zehatza eta osoa izan dadin, eta interesdunei behar den informazioa behar bezala helaraz diezaien.