Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
asteazkena, 05 urriak 2022
  • Euskadiko EGAB-ek egokitzat jo du arauaren izapidetzea, eta ontzat eman du Euskal Autonomia Erkidegoko haur eta nerabeei buruzko gai guztien arauketa eta garapena lege-testu bakar batean jasotzea.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak egindako “Haurren eta Nerabeen Lege-aurreproiektuari” buruzko txostena egin du. Erantzunean, Kontseiluak egokitzat jo du izapidetzea, eta ontzat eman du izaera integraleko arau-esparru berria; izan ere, euskal ordenamendu juridikoan sakabanatze txikiagoa egoten lagunduko du, eta adingabeengan eragina duten bai estatu, bai autonomia mailako arauak interpretatzea eta aplikatzea erraztuko du.

Legegintza-ekimenaren xedea, haurren eta nerabeen gaiari, orokorrean, dagokionez Euskal Autonomia Erkidegoan erreferentzia-esparru juridiko berri bat eratzea da, EAEn bizi diren edo dauden adingabe guztiei antolamendu juridikoak (nazioartekoa, Europakoa eta estatukoa) aitortzen dizkien eskubide eta askatasun guztiak erabiltzeko aukera bermatzeko helburuarekin.

EGABen ustez, arau bermatzailea, integrala eta zeharkakoa da, haurrak eta nerabeak zuzenbideko subjektu gisa kontuan hartzen dituelako, eta hainbat termino biltzen dituelako, hala nola maila guztietako sustapena, lege-proiektu guztietan haurren gaineko eraginari buruzko txostenen nahitaezkotasuna edo haurren parte-hartzea. Hala ere, irizpenak dokumentua hobetzeko zenbait gogoeta jasotzen ditu.

Edukiari dagokionez, euskal organo aholku-emaileak haren hedadura murriztea gomendatzen du, erredundantziak saihestuz eta edukiaren zati bat erregelamenduzko garapenera baztertuz, zehaztu ez diren eta geroago arautu behar diren gaiekin egingo den bezala. Era berean, Haurren eta nerabeen betebeharrei buruzko Kapitulua kentzea proposatzen du, ez duelako logika juridikorik. Aldiz, beharrezkotzat jotzen du erreferentzia zehatzak eta haurrekin eta nerabeekin zerikusia duten beste lege batzuekiko loturak txertatzea, bai eta nerabezaroko berezitasunak kontuan hartzen dituen artikuluren bat sartzea ere.

Araua egiteari dagokionez, EGABek beharrezkotzat jotzen du haurren eta nerabeen benetako parte-hartzea sustatzea. Horretarako, berariazko gogoeta-, prestakuntza- eta eztabaida-guneak sartzea gomendatzen du, bai eta haiei laguntzeko behar diren baliabideak ere. Gainera, babes-sisteman dauden edo egon diren haurren parte-hartzea kontuan hartzea iradokitzen du.

Era berean, EGABen ustez, komenigarria eta gomendagarria da familia-, komunitate- eta hezkuntza-esparruetatik haurren eta nerabeen artean euren eginkizunak, betebeharrak eta erantzukizunak ezagutzea eta betetzea sustatzea, eta instantzia guztien erantzukizunak indartzea, erabateko autonomia lortu arte ondoan egoteko.

Haurrekin eta nerabeekin jarduten duten eragileak aipatuta, kontseiluak arauan eragileen arteko koordinazioa bermatzea gomendatzen du, ulermen eta aplikazio hobea lortzeko, eta dokumentuan jasotako figuren izenen bikoiztasuna berrikustea iradokitzen du, baita antzeko funtzioak dituzten organoen ugaritasuna ere. Sartutako figurei dagokienez, beharrezkotzat jotzen du Arartekoaren Haurren eta nerabeen bulegoari indar handiagoa ematea Legean.

Administrazio publikoari dagokionez, EGABek egokitzat jotzen du edozein motatako desgaitasun-kasu zehatzei laguntzeko behar diren baliabideak aurreikustea, desgaitasuna duten adingabeek administrazio publikoarekin berdintasunean harremanak izateko aukera izan dezaten. Era berean, prebentzioaren ikuspegitik, beharrezkotzat jotzen du administrazioen babes-ekintzaren barruan babes-politikak eta espazio seguruak diseinatzea, haurren eta nerabeen aurkako indarkeria-mota guztiak hautematea, jakinaraztea eta horien aurrean erantzutea bermatzeko. Horrez gain, haurren hazkuntzarekin eta pobreziaren aurkako borrokarekin erlazionatutako prestazioen unibertsaltasuna aitortzea eta legean sartzea eskatzen du, eta irisgarritasunarekin eta osasun-hazkundearekin zerikusia duten gizarte-baliabideekin lotutako arazoak sustatu beharko lituzkeela uste du.

Erabilitako hizkuntzari dagokionez, kontsulta-organoak hizkuntza inklusiboa erabiltzea eta aniztasunari arreta jartzea gomendatzen du, haurren eta nerabeen gaitasun, erritmo eta ikasteko estilo, motibazio, interes, egoera sozioekonomiko, kultural, linguistiko eta osasuneko desberdinei erantzuteko.

Era berean, kontseiluak ohartarazi duenez, hezkuntzarako eskubidea arautzen denean, ez dira gaitasun handiak dituzten adingabeak aipatzen, eta horiek ere berariazko egokitzapenak behar dituzte hezkuntza-arloan, desgaitasuna duten eta gizarteratzeko zailtasunak dituzten adingabeen premiak kontuan hartzen diren bezala.

Azken puntu horrekin lotuta, irizpenak ohartarazten du lege-aurreproiektuak ez duela neurri espezifikorik aurreikusten familia-erreferenterik gabeko jatorri migratzaileko haurren beharrei erantzuteko, eta, gainera, ez dituela landa-eremuan zerbitzuak eskuratzeko dauden oztopoak aipatzen. Gainera, kezkagarria da haur eta nerabe transen eskubideei eta askatasunei buruzko gaia nola jasotzen den, ez delako askatasun hori nola artikulatuko eta bermatuko den zehazten.

Azkenik, familia- eta kultura-aniztasunari erreferentzia egiteko erabilitako terminoak berrikusteko gonbita egin du, familia mota desberdinak islatzen dituzten terminoak erabiliz, hala nola guraso-figura(k), eta kultura-aniztasunari erreferentzia egiteko termino egokiagoak, hala nola, “kultura-nortasuna” edo “jatorrizko herrialdea”. Horren harira, gomendatzen du “adinez txikiak” erabiltzea, eta ez “adingabeak”, baldin eta oinarri juridikoa duen arrazoiren batengatik adingabea dela nabarmentzea beharrezkoa ez bada.