Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
ostirala, 03 otsailak 2023
  • Kontseiluak beharrezkotzat jotzen du egungo arau-esparrua modernizatzea, indarrean dagoen legea onartu zenetik nazioarteko testuinguruan eta euskal lankidetzan izandako aldaketak kontuan hartuta.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eskaeraren ondoriozko “Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Lege-aurreproiektuari” buruzko txostena egin du. Bere erantzunean, Batzordeak egokitzat jotzen du Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak landutako arauaren izapidetzea, hobetzeko proposamen gisa zenbait gogoeta eginez.

Euskadiko EGABek beharrezkotzat jotzen du lankidetzako eta elkartasuneko egungo arau-esparrua modernizatzea, nazioarteko testuinguruan eta euskal lankidetzan izandako aldaketak ikusita. Garapenerako Lankidetzari buruzko Legea onartu zenetik 15 urte igaro ondoren, Batzordearen iritziz beharrezkoa da araua egokitzea eta eguneratzea, egungo erronka globaletara egokituta egongo den euskal lankidetza-politikarantz aurrera egin ahal izateko, eta, era berean, Euskadiren konpromiso solidarioa indartzeko.

Era berean, irizpenak, bere gogoeta orokorren artean, Garapenerako GKEei esleitutako rola berrikusteko beharra jasotzen du. Izan ere, erakunde horiek benetan betetzen duten zereginaren diluzioa sumatzen da, eta Batzordeak adierazten duenez, legeak lankidetza-eragileen zerrenda zabaltzeko duen helburua ez da bateraezina gaur egun egiten duten lanarekin. Horrela, EGABek azaltzen duenez Euskadiko GGKEek artikulazio- eta lotura-lan handia egin dute hainbat lankidetza-eragilerekin eta Hegoaldeko herrialdeetako sozietate zibil antolatuarekin, eta horiek sortzen duten kontzientziazio-maila nabarmentzen du, desberdintasunen aurkako borrokan eta giza eskubideen defentsan ezaugarri eta inguruabar desberdineko pertsonak bilduz, eta beren narratiben bitartez mainstream mediatikoa zalantzan jartzen lagunduz.

Eremu horri esleitutako finantzaketa publikoari dagokionez, euskal kontsulta-batzordeak positibotzat jotzen du arauak EAEko sektore publikoaren helburua berariaz jasotzea, hau da, errenta nazional gordinaren % 0,7 Garapenerako Laguntza Ofizialera bideratzea, NBEren akordioan oinarrituta Estatuko lankidetza-legeak ezartzen duen bezala. Hala ere, ekarpen hori EAEn zehazteko aukera aztertzea gomendatzen du, eta ekarpen ekonomiko pribatuak ez lukeela inola ere ekarpen publikoa murriztu behar ohartarazi du.

Bestalde, EGABek botere publikoen eta eragileen arteko lankidetza- eta elkartasun-modalitateak berrikustea proposatzen du, zuzeneko lankidetzaren modalitatea, hain zuzen ere. Horretarako, lankidetza horrek osagarritasun- eta eraginkortasun-printzipioei erantzuteko eta bikoiztasunak saihesteko beharrezko neurriak hartzea gomendatzen du.

Gainera, euskal organo aholku-emaileak egokitzat jotzen du arauan lan-eremua, lan-baldintzak eta lan-eskubideak aipatzea, bai eta sindikatuak ere, legearen helburuak lortzen laguntzen duten eragile diren aldetik, Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH) kontuan hartuta, lan duinari buruzko 8. Helburua, hain zuzen ere.

Azkenik, Batzordeak arauaren hainbat alderdi nabarmendu ditu, arauak erakundeen arteko koordinazio handiagorantz aurrera egiten laguntzea, besteak beste; garapenerako politiken koherentziaren ikuspegia bere gain hartzea, erakundeetako beste sail batzuk inplikatuz lankidetza-politikaren printzipioekin eta helburuekin bat etortzeko orduan; eta euskal lankidetzari garrantzi politiko eta sozial handiagoa ematea.