Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
ostirala, 28 apirilak 2023
  • Euskadiko EGABek beharrezkotzat jotzen du egungo araudia testuinguru sozioekonomiko berrira egokitzea.

 Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak egindako “Laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen duen, horietan sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezartzen dituen Dekretu-Proiektuari” buruzko txostena eman du. Bere erantzunean, EGABek arauaren izapidetzea egokitzat jotzen du, irizpenean adierazitako oharrekin.

Euskadiko EGABek egokitzat jotzen du lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak eragile aktibo gisa gizarteratzea eta laneratzea bilatzen duten laneratzeko enpresen araubide juridikoa arautzea helburu duen ekimena. Zehazki, laneratzeko enpresek bete beharreko baldintzak, enpresa gisa kalifikatzeko prozedura eta kalifikazio horretatik eratorritako betebeharrak arautzen ditu. Era berean, laneratzeko enpresen erregistroaren funtzionamendu-arauak ezartzen ditu, eta lan-merkatu arruntean sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak laneratzeko enpresetan sartzeko prozedura arautzen du, bai eta enpresa horietan jarraitzeko araubidea ere.

Politika publikoen erronketako bat egoera txarrenean dauden kolektiboei lan-merkatu arrunterako sarbidea erraztea izan behar dela abiapuntutzat hartuta, irizpenak egungo erregulazioa testuinguru sozioekonomiko berrira egokitzeko beharra berresten du, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistemaren eredu berria eta Lanbideren azken eraldaketa alde batera utzi gabe, eta 2008an Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Dekretua onartu zenetik izandako aldaketak kontuan hartuta.

Txostenean jasotako ohar orokorrei dagokienez, Kontseiluak era positiboan ikusten du arauak laneratzeko enpresa batek kontrata ditzakeen pertsonen bazterketa-egoerak zabaltzea; bereziki, enplegu-eskaririk ez duten eta “gizarte arloko errotzeagatik” eta “prestakuntzarako errotzeagatik” aldi baterako bizileku-baimenerako ebazpena duten atzerritarrak kontuan hartzea. Era berean, aurrerapentzat jotzen du dokumentuak bazterkeria-egoerak egiaztatzeko prozedura argitzea eta zehaztea.

Erakunde bat “gizarteratze-enpresa” gisa kalifikatzeko prozedurari dagokionez, EGABek beharrezkotzat jotzen du arauak bideragarritasun-planaren aurkezpena baldintza gisa jasotzea, eta beharrezkotzat jotzen du baita ere laneratzeko enpresek 6 hilabeteko epean kontratatutako pertsonen jarraipena eta ebaluazioa egitea (amaieraren ex post ebaluazioa) betebehar gisa sartzea. Azken horri dagokionez, laneratzeko enpresen helburu nagusia ez betetzea kalifikazioa azkentzeko arrazoitzat sartzea gomendatzen du.