Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
asteartea, 23 maiatzak 2023
  • Kontseiluak modu positiboan baloratu du araua, prestazio ekonomikoa izapidetzea erraztuko duela kontuan hartuta, pobrezia energetikoa murrizten lagunduko duen neurria

Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak egin duen “Euskal Autonomia Erkidegoan trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileak babesteko premiazko neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren bidez sortutako bonu sozial termikoaren kudeaketa, ebazpena eta ordainketa arautzen dituen dekretu-proiektua” izenekoaren inguruko txostena egin du. Bere erantzunean, Kontseiluak egokitzat jotzen du izapidetzea, pobrezia energetikoaren fenomenoari aurre egitearen garrantziari buruzko zenbait gogoeta eginez.

Euskadiko EGABek modu positiboan baloratu du EAEn gizarte-bonu termikoa kudeatzeko, ebazteko eta ordaintzeko jarduera-esparrua arautzea helburu duen dekretu-proiektua, kontuan hartuta prestazio ekonomikoa izapidetzea erraztuko duela; neurri horrek energia elektrikoaren etxeko kontsumitzaileen energia-pobrezia murrizten laguntzen du. Horrela, Kontseiluak ohartarazi du 2022an EAEko familien % 10,3ak ezin zuela etxebizitza tenperatura egokian izan, 2021ean baino 1,1 puntu gehiago (INEren datuen arabera).

Bestalde, irizpenak jasotzen du Bonu Sozial Termikoa 2018an sortu zela, estatu mailako premiazko neurri gisa, 2008ko krisi ekonomikoaren eta energiaren prezioen etengabeko igoeraren ondorioak arintzeko, eta 2020az geroztik Eusko Jaurlaritza aritu dela haren kudeaketa, ebazpena eta ordainketa arautzen Euskadin, Aginduen bidez. Horrela, euskal organo aholku-emailearen iritziz, arau-maila Agindutik Dekretura igotzeak segurtasun juridiko handiagoa ekarriko die familia onuradunei.

Era berean, EGABek beharrezkotzat jotzen du, laguntza horien onuradunen eta onuradun izan daitezkeenen egoeraren mapa jasoko duen azterlan bat egitea urtero, energia-pobreziaren fenomenoaren jarraipena egiteko eta planteatutako neurriak ebaluatzeko. Bere iritziz, azterlana amaitzeko, EAEn laguntzak emateko prozeduraren eta horrek pobrezia energetikoan duen eraginaren ebaluazioa egin beharko litzateke.