Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
asteazkena, 26 uztailak 2023
  • Emilia Málaga EGABeko presidentea eta Jon Barrutia Memoria Sozioekonomikoaren Batzordeko presidentea izan dira ekitaldian.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak EAEko 2022ko Memoria Sozioekonomikoa aurkeztu du gaur goizean Bilbon, Emilia Málaga Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko presidentea eta Jon Barrutia txostena egiteko ardura izan duen batzordeko presidentea izan dira ekitaldiaren buru.

EGABeko arduradunek 2022an kontseiluak identifikatutako erronka sozioekonomikoak azaldu dituzte, baita txostenean jasotako gogoetak eta gomendioak ere. Horretarako, adierazle nagusien errepasoa egin dute, aurrerapausoak eta atzerapausoak eta horien bilakaera posibleak egiaztatuz.

Demografiari dagokionez, euskal kontsulta-organoak ohartarazi du EAE krisi demografiko larrian dagoela, jaiotza-tasa txikia eta biztanleriaren zahartze progresiboa direla eta. 2022an, Euskadik aurrekaririk gabeko hazkunde natural negatiboa izan du, eta migrazio-saldo positiboak ez dira hori konpentsatzeko gai izan. Horregatik, kontseiluak 2030 Estrategia sakondu eta bizkortzeko beharra aldarrikatu du, erronka demografikoa agenda politiko-instituzionalera eta gizartea sentsibilizatu beharrera bideratuz.

Ekonomiaren arloan, COVID-19aren eta Ukrainako gerraren ondoriozko egoera inflazionistan eta ziurgabetasun handian EAEko ekonomia % 4,4 hazi zen arren, EGABek akordioak lortzeko eta identifikatutako zailtasunei ahalik eta ondoen eta inpaktu txikienekin aurre egiteko neurriak hartzea eskatu du.

Kontseilua kezkatuta agertu da industria- eta zerbitzu-jardueran izandako desazelerazioarengatik, industria-sektoreko enpleguen galerarengatik, enpresa-kopuruaren murrizketarengatik eta erosteko ahalmenaren galerarengatik.

Enpleguari eta lan-harremanei dagokienez, hazkunde ekonomikoari esker enpleguaren susperraldiari eutsi ahal izan zaio, eta % 3,1eko hazkundea izan du. Adierazle nagusien arabera, okupazioak gora egin du, eta, horri esker, COVID-19aren krisia iritsi eta bi urtera pandemia aurreko egoera berreskuratu ahal izan da.

Enplegua berreskuratu eta enpleguaren kalitatea hobetu den arren —lan-erreformari esker partzialtasuna eta behin-behinekotasuna murriztu egin dira—, EGABek adierazi du arreta jarri behar zaiela luzaroko langabeziaren etengabeko eraginari eta laneratzeko zailtasun handiagoak dituzten kolektibo jakin batzuen langabeziari, bai eta enplegu publikoaren interinitateari eta behin-behinekotasunari ere.

Gainera, Euskal Kontseiluak adierazi duenez, Enplegu Politika Aktiboek (EPA) beren garrantziari eusten diote aurten ere, eta beharrezkoa da enplegura bideratutako partida publikoak indartzea eta Europako suspertze-funtsak helburu horretarako baliatzea.

OSASUNA, BERRIKUNTZA, INGURUMENA ETA ENERGIA

Osasun-sistemari dagokionez, Kontseiluak adierazi du beharrezkoa dela osasun-arreta ona bermatuko duten eta prebentzio-estrategiak indartuko dituzten egitura nahikoak izatea, bai eta sistemari itxaron-zerrendak murrizteko behar adina baliabide ekonomiko eta antolamendukoak ematea ere, per capita gastuari dagokionez estatuko buru garela jakin arren.

Etorkizunari begira, sistemaren digitalizazioari dagokionez zenbait kolektiboren eten digitalari arreta berezia ematea eskatu du EGABek; sistemaren etengabeko birdiseinuan herritarrak inplikatzea ere gomendatzen du, eta bilakaera kaltegarria duten osasun-arazoen jarraipena egitea. Horien artean daude, besteak beste, osasun mentalarekin, diabetesarekin, antsiolitikoen eta antidepresiboen kontsumoarekin eta STGekin erlazionatutakoak.

Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren arloan, kontsulta-organoak, beren egunerokoan enpresak I+G+B sartzearen komenigarritasunari buruz sentsibilizatzen jarraitzea gomendatzen du, eta gizartea eta enpresa-ehuna datozen aldaketa eta trantsizioen gobernantza-modu onenaren inguruan orientatzen jarraitzea. Dena den, Batzordea pozik agertu da EAE oso eskualde berritzaile gisa kalifikatuta dagoelako.

Ingurune Naturalaren eta Energiaren egoerari dagokionez, EGABek beharrezkotzat jotzen du energia berriztagarrien ekoizpena handitzea, eta eragile guztiak (gizartea, enpresak eta administrazioak) berotegi-efektuko gasak eta hondakinak murrizten lagunduko duten bizi-ohiturei dagokienez sentsibilizatzen jarraitzea, bai eta garapen ekonomiko, jasangarri, adimendun eta arduratsua sustatuko duten ekintza eta politika publikoak ezartzea ere.

BIZI-BALDINTZAK, ETXEBIZITZA, HEZKUNTZA ETA SEKTORE PUBLIKOA

Bizi-baldintzei dagokienez, Europako herrialde nagusien aldean Euskadi egoera onean dagoen arren, euskal kontsulta-organoak ohartarazi du AROPE adierazleek eta INEren Bizi Baldintzei buruzko Inkestak erakusten dutela pobrezia- eta bazterketa-arriskuan dagoen biztanle kopuruak gora egin duela, eta errentari eta pribazioari dagokienez okerrera egin duela.

Okerrerako joera horrek prezioen bilakaerarekin zerikusia izan dezakeela abiapuntutzat hartuta, aldagai horien guztien jarraipen xehatua egitea iradoki du kontseiluak, prezioen bilakaerarekin zerikusia dutenena batez ere.

Gizarte-babesari dagokionez, kontsulta-organoak adierazi du, arazoak arazo, gizarte-babeseko euskal sistemak Europako herrialde nagusien pareko mailetan eutsi diola bere estaldurari, eta bideratutako baliabideen mailak gora egiten jarraitzen duela. Gainera, azaldu duenez, Diru-sarrerak Bermatzeko Sistemari dagokionez, 2022an berriro jaitsi da diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko sistemaren prestazioak jasotzen dituzten titularren kopurua (-%6,3, 2021arekin alderatuta), bereziki, soldata-errentaren osagarri gisa DSBE jasotzen dutenen artean. Estatuan diru-sarrerak bermatzeko prestazioetara bideratutako funts guztien % 24,9a EAEri dagokiola nabarmendu du Batzordeak.

Euskadiko etxebizitza merkatuari dagokionez, nabarmendu behar da etengabeko erronka izaten jarraitzen duela euskal gizartearentzat. Ildo horretan, EGABek positibotzat jo du alokairu eskuragarriaren eta inor bizi ez den etxebizitzen mobilizazioaren aldeko apustua egiten duen 2021-2024 Gida Plan berria, eta beharrezkotzat jotzen du etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituzten kolektiboei arreta ematea eta gazteen emantzipazioa erraztea, baita inflazio-egoerak sektore horretan izan ditzakeen ondorioez jabetzea ere.

Hezkuntzari dagokionez, Euskadi nabarmendu egiten da Estatuarekin eta Europako batez bestekoarekin alderatuta, kualifikazio handiko biztanleria gaztea duelako. Hala ere, Kontseiluak hobetzeko hainbat arlotan lan egiteko eskatu du; horien artean 25-65 urteko biztanleek bizitzan zeharreko prestakuntza-jardueretan parte hartzea eta ikasketak aukeratzean genero-desberdintasunak azpimarratu behar dira.

Azken puntu horri dagokionez, EGABek ohartarazi du emakumeek presentzia eskasa dutela gizarteratze-maila handieneko arlo profesional eta gradu askotan, eta egoera hori zuzentzeko beharrezkotzat jo du administrazio publikoen informazio- eta orientazio-estrategian sakontzea.

EAEko sektore publikoari dagokionez, EGABek nabarmendu du krisiaren ondoren finantza publikoak nabarmen suspertu direla, bilketaren bilakaera positiboari esker batez ere. Era berean, Kontseiluak adierazten du zerga- eta aurrekontu-politika, funtsezko zerbitzu publikoak (osasuna, gizarte-zerbitzuak, hezkuntza eta ikerketa) hobetzera, eta egoera zaurgarrian dauden kolektiboetan prezio-igoeraren presioa arintzera bideratu behar dela. Era berean, etorkizunean inbertsio-maila onargarriei eusteko, aurrekontuetan ahalegin handia eta etengabea egin behar dela berretsi du.

Memoria Sozioekonomikoa 2022 (laster eskuragarri egongo da)
Laburpena eta ondoriak 2022