Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
osteguna, 07 martxoak 2024

Batzordeak  positibotzat jotzen du arau hori, emakumeen aurkako indarkeria lehen mailako arazo sozialak kalte handia egin dion kolektibo horren babesa handitzen duelako.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak "Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren ondorioz hildako biktimen seme-alaba umezurtzentzako dirulaguntza arautzen duen Dekretu-proiektuari" buruzko txostena egin du, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak bidalia. Aztertu ondoren, Batzordeak egokitzat jo du hura izapidetzea, irizpenean egindako gogoetekin.

Arau honen xedea da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bateginaren 61.4 b) artikuluan aurreikusitako emakumeen aurkako indarkeria matxistaren ondorioz hildako biktimen seme-alaba umezurtzentzako laguntza ekonomikoa arautzea eta laguntza hori emateko betekizunak eta baldintzak eta prozedura zehaztea.

Batzordeak positiboki baloratzen ditu ezarritako adin-tarteak eta 25 urtera arte luzatzeko aukera, mendetasuna edo desgaitasuna duten umezurtzentzat edo araututako ikasketa akademikoak edo prestakuntza-ikasketak egiten ari direnentzat. Era berean, egokitzat jotzen du laguntza jasotzeko edo laguntza horri eusteko baldintza jakin batzuk salbuestea, hala nola Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo ikasten ari bada edo zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean baditu; izan ere, horrek laguntzak egoera ahulean dauden kolektiboei iristea bermatzen du.

Hala ere, arauaren testuan ez da indarkeria matxistaren definiziorik jasotzen eta ez da argitzen bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriara mugatzen den ala ez. Hala balitz, familia barruko indarkeriak eragindako zurztasun-kasuetara zabaltzeko aukera galduko litzateke. Gainera, kalkuluak zailtasuna badakar ere, komenigarria litzateke laguntzen kostuaren zenbatespenak egitea.

Era berean, Batzordeak gogoeta espezifiko batzuk egin ditu, hala nola aztertutako testua hobetzeko proposamenak; horien artean, honako hau aipatu behar da: amen heriotzak eragindako kaltearen konponketak arazorik ez eragitea beste kalte-ordain batzuk jasotzeko eskubidea izanez gero.