Sexu-indarkeriaren biktimei laguntza ekonomikoa emateko eta ordaintzeko prozedura ezartzen duen eta sexu-askatasunaren berme integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 lege organikoaren 41. artikuluan aurreikusitako dekretu-proiektuari buruzko EGABen irizpena.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak positibotzat jotzen du ekimen hori, bereziki kaltebera den kolektibo baten baldintzak hobetzea bilatzen baitu, hau da, sexu-indarkerien biktima diren emakumeen eta haurren baldintzak hobetzea, haien autonomia ekonomikoa bermatze aldera.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak helarazitako "Sexu Askatasunaren Berme Integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoaren 41. artikuluan aurreikusitako sexu-indarkerien biktimei laguntza ekonomikoa emateko eta ordaintzeko prozedura ezartzen duen dekretu-proiektuari" buruzKO txosten bat egin du. Aztertu ondoren, Batzordeak dekretu-proiektua izapidetzean kontuan hartu beharko liratekeen gogoeta batzuk planteatu ditu.
Arau honen xedea da sexu-askatasuna bermatzeari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Legearen 41. artikuluan aurreikusitako laguntza ekonomikoa emateko eta ordaintzeko prozedura arautzea. Laguntza hori errenta nahikorik ez duten sexu-indarkerien biktimei zuzendutako uztailaren 9ko 664/2024 Errege Dekretuak garatu zuen. Helburua da biktimen autonomia ekonomikoa erraztea, bai eta haien berreskurapen osoa ere.
Arau horien ondorioz, beharrezkoa da Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak laguntza horiek emateko eta ordaintzeko prozedura arautzea, eginkizun horiek esleituta baititu. Horretaz arduratzen da dekretu-proiektu hau; izan ere, aipatutako araudiak garatzen ditu bereziki zaurgarria den kolektibo baten baldintzak hobetzeko, hau da, sexu-indarkerien biktima diren emakumeen eta haurren baldintzak hobetzeko, haien autonomia ekonomikoa bermatzeko eta, horrela, haien errekuperazio integrala errazteko.
Ildo horretan, EGABek positibotzat jo du dekretu honen helburua, baina Batzordeak zenbait gogoeta sartu ditu aztertutako testua hobetzeko proposamen gisa, uste baitu legegileak baduela laguntzak jasotzeko baldintzak hobetzeko aukera, onuradun izan daitezkeenen kopurua handiagoa izan dadin.
Lehenik eta behin, baldintza bat da onuradunak EAEko edozein udalerritan erroldatuta egotea eskabidea aurkezteko unean. Hala ere, administrazio-egoera irregularrean dauden sexu-indarkeriaren biktimen kasuak egon daitezke, eta, beraz, erroldatzeko derrigortasunak mugatu egingo luke laguntza jasotzeko aukera. Horregatik, Batzordeak proposatzen du biktimek laguntzak eskuratu ahal izatea osasun-sisteman erregistratuta daudela egiaztatuz, osasun-txartel indibidualaren bidez (OTI).
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak uste du, halaber, saihestu egin behar dela eskakizun burokratikoak eragozpena izatea laguntzak eskuratzeko, batez ere kontuan hartuta biktimek bizi-esperientzia oso larriak izan ohi dituztela. Horregatik, Batzordeak laguntzen tramitazioan administrazio-karga murriztearen alde dago.
Kontsulta-organoaren ustez sinplifikatu egin beharko litzatekeen beste alderdi bat laguntza berriro eskuratzeko izapidetzea da, laguntzaren biktima onuradunak sexu-indarkeriak berriz ere jasaten dituenean, betiere horretarako baldintzak betetzen badira, horrek berriz biktimizatzea ekar baitezake. Horregatik, komenigarria litzateke Administrazioak, ahal den neurrian, laguntza berriro eskuratzeko behar diren izapideak erraztea.
Azkenik, laguntzaren ordainketa onuradunaren titulartasuneko banku-kontu batean egin behar izateak ez du kontuan hartzen biktimen egoera irregularra edo kalteberatasuna dela eta, biktimak ezin direla banku-kontuen titular izan, eta, beraz, gomendagarria litzatekeela beste ordainketa-mekanismo bat aurreikustea.
(Ikus 9/25 irizpena)