Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak (EGAB) positibotzat jo du ekimen hau; izan ere, beharrezkoa da Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legeari segurtasun juridikoa eta ziurtasuna emateko, Euskadin energia berriztagarrien kanonaren erregulazioa garatuz.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak honako honi buruzko txostena egin du: “Energia Berriztagarrien Kanonaren Erregelamendua onartzen duen Dekretu Proiektua”, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak helarazia. Aztertu ondoren, Batzordeak zenbait gogoeta planteatu ditu, Dekretu-proiektua izapidetzean kontuan hartzeko.
Arau honen xedea da Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko otsailaren 8ko 1/2024 Legea erregelamendu bidez garatzea, Energia Berriztagarrien Kanonari dagokionean, eta, horrela, Kanonaren aplikazioari argitasun eta segurtasun juridikoa ematea. Nabarmendu behar da Dekretu honek bildutako dirua natura kontserbatzeko, energia-eraginkortasunerako eta klima-aldaketara egokitzeko jardueretarako erabiltzea bermatzen duela, bai eragindako eremuetan, bai Euskadiko gainerako lekuetan.
Gainera, artikuluetan autolikidazio-sistemaren erregulazioa eta Parke Eolikoen eta Fotovoltaikoen Erregistroa sortzea jasotzen dira. Horiek ez dute orain arte arau-garapenik izan, eta funtsezkoak dira kudeaketa eraginkorra izatea bermatzeko. Modu berean, Batzordeak positibotzat jotzen du izapideak bitarteko elektronikoen bidez bakarrik egin ahal izatea, hori aurrerapena baita administrazioaren modernizazioaren, eraginkortasunaren eta sinplifikazioaren aldetik.
Hala ere, Batzordeak zenbait gogoeta sartu ditu aztertutako testua hobetzeko proposamen gisa, bereziki legegintza-lengoaiaren argitasunari eta Kanonetik datozen funtsen erabilerari dagokienean.
Era horretan, Euskadiko EGABen ustez, testuak esplizituki sartuko balitu 1/2024 Legearen funtsezko arau batzuk, horren irakurketa ulergarriagoa izango litzateke, eta edukia errazago interpretatuko luke kaltetutako edozein pertsonak edo erakundek, ezagutza juridiko espezializatuak izan beharrik gabe.
Kanonaren diru-sarrerekin finantzatuko diren jarduerei dagokienean, Batzordearen ustez, komenigarria litzateke, batetik, energiaren erabilera arrazionalaren sustapena bereiztea, eraginkortasuna handitzeko, eta, bestetik, lurraldea klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea, ondorengo artikuluetan horrela bereizten baita.
EGABek komenigarritzat jotzen du berriztagarrien instalazioen sustatzaileek iraunkortasun energetikoaren arloko ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzera bideratutako neurriak sartzea eta honako hauen inguruko ekimenak ere kontuan izatea: autokontsumoa bultzatzea, proiektu industrialak eta energia biltegiratzeko sistemak garatzea, azpiegiturak muturreko fenomeno klimatikoetara egokitzeko proiektuak, ingurumen-hezkuntzako eta sentsibilizazioko ekimenak eta landa-eremuan iraunkortasuna bultzatzearekin loturiko beste batzuk.
Gainera, organo aholku-emailearen ustez, beharrezkoa da erabilitako irizpideak argitzea, eremu jakin batek energia berriztagarrien instalazioak ezartzearen “eragina” duela pentsatzeko.
Oro har, EGABentzat Erregelamenduak zehatzagoa izan beharko luke Kanonaren bilketa energia berriztagarrien instalazioek eragindako lurraldeetako biztanleentzat onuragarria izateari dagokionean, eta trantsizio ekologikoaren, etxebizitzen eta eraikinen birgaitze energetikoaren, autokontsumoaren eta gizarte-premien estalduraren aukerak eta onurak indartu beharko lituzke. Horrez gain, organo aholku-emaileak uste du lehentasuna eman beharko litzaiokeela funts horiek birjarpen eta zaharberritze jardueretarako erabiltzeari, gainerako ekimenak EAEko Aurrekontu Orokorretako beste partida batzuen bidez finantzatu baitaitezke.
(Ikus 11/25 Irizpen osoa)