Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
ostirala, 19 irailak 2025

EGABen ustez, egokia da dekretu hau izapidetzea, organo aholku-emaile honek egindako gogoetak kontuan hartuta.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak honako honi buruzko txostena egin du: “Nekazaritza-ustiategiei aholkularitza emateko entitateena, eta horien aitortza eta erregistroaren Dekretu Proiektua”, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak helarazia. Aztertu ondoren, Batzordeak zenbait gogoeta planteatu ditu, Dekretu-proiektua izapidetzean kontuan hartzeko.

Arau honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ustiategiei aholkularitza emateko zerbitzua eta hori emango duen erakundeen araubidea, aitorpena eta erregistroa arautzea.

Dekretu berri honen bidez, abenduaren 26ko 272/2006 Dekretua aldatuko da, nekazaritzako ustiategiei aholkularitza emateko erakundeei buruzkoa, Europako Nekazaritza Politika Bateratuan (NPB) izandako aldaketen ondorioz. Aldaketa horien bitartez, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2021eko abenduaren 2an emandako 2021/2115 Erregelamendua (EB) onartu da, eta, bertan, arau batzuk ezartzen dira estatu kideek nekazaritza-politika bateratuaren esparruan egin behar dituzten plan estrategikoetarako laguntzaren inguruan. Modu horretan, dekretu berri hau planteatu da nekazaritzako ustiategiei aholkularitza emateko sistema arautzeko, NPBren Plan Estrategiko berriak sartutako arau-aldaketak gizartearen eskarietara eta nekazaritza-arloko Euskal Administrazioen ekintza proaktibora egokituz.

EGABentzat araua egokia da, baina, oro har, sektoreak duen arazoarekin kezkatuta dago. Hori dela-eta, arazoaren dimentsioari buruz hausnarketa sakon bat aurrez egitea beharrezkoa zen, Administrazio Publikoak hainbat aukera azter ditzan dagoen arazoari erantzuteko. Arau honetan, aholkularitza-erakundeak eratzea erabaki da, baina, Batzordearen iritziz, baliteke egokiena ez izatea. Aholkularitza-erakunde gisa aitortzeko baldintzak eta aitortutako aholkularitza-erakundeek aholkularitza-zerbitzu bat edo gehiago azpikontratatzeko aukerak aztertu behar dira.

Zehazki, aholkularitza-erakunde gisa aitortzeko eskatzen diren baldintzen arabera, praktikan, horiek entitate handiak izan behar dute nahitaez, eta, beraz, EAEn aitorpen hori oso gutxik lortuko dutela aurreikusten da. Ondorioz, erakunde batzuk baztertu egin daitezke alde teknikotik gaituta egon arren, eskatutako baldintza guztiak ez betetzeagatik.

Gainera, arauan ezartzen denez, hautatutako erakundeek aholkularitza-zerbitzuren bat edo batzuk azpikontratatu ahal izango dizkiete aitortu gabeko erakundeei, urteko fakturazioaren %40ra arte. Azpikontratatutako erakunde horiei inpartzialtasunaren, integritatearen eta independentziaren konpromisoa eskatzen zaie, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez.

Batzordearen ustez, konparaziozko bidegabekeria izan daiteke azpikontratatutako erakundeei aholkularitza-erakunde bihurtzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzea ez eskatzea. Gainera, Prozedura Memorian nahiz Arau-eraginari buruzko Memorian adierazten da azpikontratazioak hondarrekoa izan behar duela; hortaz, baimendutako azpikontratazioaren ehunekoa agian ez da bat etorriko helburu horrekin.

Azkenik, Lehenengo Xedapen Iragankorrean, gehienez 3 hilabeteko epea ezartzen da egun Euskal Erregistroan dauden aholkularitza-erakundeek Dekretu-proiektuan ezarritako eskakizunak bete ditzaten. Horien eskakizun-maila kontuan hartuta, epe hori laburregia izan daiteke.

(Ikus 12/25 Irizpen osoa)