Javier Muñecas Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko presidentea, eta Izaskun Astondoa idazkari nagusia Sare Transnazional Atlantikoaren bileran izango dira datorren astean, hilaren 20an eta 21ean, Rouenen (Frantzia). Sare hori gizarte zibilaren lankidetzarako plataforma da Atlantikoko Espazioaren barruan, eta erronka demografikoa eta migrazioak izango ditu ardatz. 2023-2025 agintaldiko jarduera eta finantza balantzea aurkezteaz gain, STA/RTAko presidentetza eta batzorde exekutibo berria hautatzea aurreikusita dago.
2026an, STA/RTA eskualde atlantikoetako erronka demografikoei eta migrazioei buruzko txosten bat egitean zentratuko da. Azterlana, demografia, lan-merkatu, giza kapital eta eskualde atlantikoen lurralde-egiturari buruzko adierazle alderagarrien eta iturri estatistiko bateratuetatik datozenen ustiapen homogeneoan oinarrituko da.
STA/RTAri buruz
Sare Transnazional Atlantikoa Espazio Atlantikoaren barruko gizarte zibilaren lankidetza-plataforma da. 2003an eratu zen, bere osoko organoaren, Orientabideen Batzordearen, lehenengo bilkuran. Sare transnazionala eremu atlantikoko eskualdeetako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluek osatzen dute, edo antzeko eskualde-erakundeek, horrelako erakunderik ez duten eskualde atlantikoen kasuan.
STA/RTAren helburu nagusia espazio atlantikoko gizarte zibileko ordezkari soziolaboralen arteko lankidetza garatzea da, fatxada atlantikoan eragina duten Europako politiketan eragina izateko. Sare Transnazional Atlantikoak lankidetza-harremana du Europako Itsas Eskualde Periferikoen Konferentziako Arku Atlantikoaren Batzordearekin.