Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
osteguna, 12 otsailak 2026

Ainara Herce LEA/AVCko presidenteak eta Javier Muñecas Euskadiko CES/EGABko presidenteak euren jardueren garapen eta hobekuntza onena ziurtatzeko akordioa sinatu dute gaur goizean.

Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak datozen lau urteetarako lankidetza hitzarmena sinatu dute, harremanetarako eta partaidetzarako bideak sustatzeko, euren jardueren elkar ezagutza bultzatzeko eta elkarri laguntzeko, bakoitzak bere zereginei baliozko informazioa eta ikuspegi garrantzitsuak txertatzeko.

Helburua sinergiak bultzatzea eta jarduketak hobeto gauzatzea eta hobetzea da, bakoitzaren eskumenen eta helburuen esparruan. Hala, ezagutza eta informazio garrantzitsua partekatzeaz eta elkarri laguntza teknikoa emateaz gain, LEA/AVCk eta Euskadiko CES/EGABk interes komuneko gaiei buruzko topaketak, mintegiak edo sinposioak egiten laguntzeko konpromisoa hartu dute.

“Erakundeen arteko lankidetzaren alde egin dugun apustuak emaitza onak emango ditu bi aldeentzat. Lehia eraginkorrarekin dugun konpromisoa indartzen dugu, Euskadiko CES/EGABn ikuspegi garrantzitsua eta ondo informatua txertatzen baitugu, eta horrek lehia defendatzeko eta sustatzeko gure jarduketak aberastuko ditu”, adierazi du sinadura-ekitaldian Ainara Herce San Martín LEA/AVCko presidenteak.  

Bestalde, Javier Muñecas Herreras Euskadiko CES/EGABko presidenteak nabarmendu duenez, “akordio honek indartu egiten du Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak eragile ekonomiko eta sozialen arteko topagune gisa duen zeregina, lehiaren ikuspegia gehituz, garapen ekonomiko justu, jasangarri eta kohesionaturako elementu garrantzitsu gisa. Hitzarmen honi esker, politika publikoei egiten dizkiegun ekarpenen kalitatea zabaldu eta dibertsifikatu ahal izango dugu, merkatuen funtzionamenduari eta haien eragin sozialari buruzko ikuspegi osoagoa txertatuz”.

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz

Lehiaren Euskal Agintaritza, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikita dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta erakunde- eta funtzio-autonomia du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruz

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren erakunde aholku-emailea da, Euskal Autonomia Erkidegoko politika ekonomiko eta sozialean interes ekonomikoek eta sozialek duten parte-hartzea eraginkorra izan dadin. Bere izaeraren arabera, eginkizun hauek dagozkio, besteak beste: Eusko Jaurlaritzaren ekonomia- eta gizarte-politikaren arloko arau-proiektuei eta plan orokorrei buruzko nahitaezko txostenak prestatzea, eta Eusko Jaurlaritzari gai horri buruzko proposamenak egitea.