Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
astelehena, 23 martxoak 2026
  • Batzordeak enpresaren zeregina eta zentzu komunitarioa indartzeko, helburu estrategikoak zehazteko eta beharrezko baliabideak bermatzeko hobekuntzak planteatzen ditu

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen martxoaren 16ko osoko bilkurak Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planari proposatzen dion birformulazioari buruzko irizpen bat onartu zuen. Dokumentuak Euskadi 2030 ZTBPren eguneratzea jasotzen du, egungo egoerara eta epe ertain eta luzera euskal gizarteak aurre egin beharreko erronketara egokitzeko.

Bere erantzunean, Batzordeak irizten dio egokia dela ZTBP - Euskadi 2030 birformulatzea, Euskadik Europako testuinguru berrian duen lehiarako posizionamendua sendotzeko aukera baita, eta azpimarragarria eta positiboa iruditzen zaio “Giza Garapen Jasangarria” ereduan oinarritutako herrialde mailako estrategia globalean txertatzea. Txostenak, gainera, hobetzeko hainbat alderdi identifikatzen ditu, eraginkortasuna, gauzatzeko gaitasuna eta eragina indartzeko, bai enpresen eta industriaren lehiakortasunean, bai euskal gizarte osoa hobetzeko helburuan.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen gomendio nagusien artean, enpresaren zentraltasuna indartzeko beharra nabarmentzen da, bereziki industriako ETEena, I+G+B politikaren lehentasunezko subjektu gisa. Batzordeak adierazi du euskal produkzio-sarea balio-kateen oinarri diren industriako ETEek osatzen dutela gehienbat, eta beharrezkotzat jo du berrikuntza sisteman haien parte-hartzea, lidergoa eta eskalatzea bultzatzera bideratutako garapen espezifikoa txertatzea.

Batzordeak egiaztatu du Planaren perimetroa zabaltzeak ikuspegia aberasten duela, baina sakabanatzeko arriskua ere badakarrela. Horregatik, txostenak azpimarratzen du garrantzitsua dela Planaren ildo estrategikoen zehaztapen maila homogeneizatzea eta baliabideen behar bezalako lehenespena eta kontzentrazioa bermatzea. Izan ere, Batzordearen iritziz, ildo batzuek garapen-maila handia dute, eta beste batzuek, berriz, deskribatzaileagoak dira. Zehazteko eta lehenesteko mekanismo argirik ezartzen ez bada sakabanatzeko arriskua sor dezake.

“Berrikuntzako itsasargiak” izenekoei dagokienez, Batzordearen iritziz industriako benetako xede bihur daitezke, baldin eta urte anitzeko finantzaketa nahikoa badute, balio-kate osoa modu eraginkorrean integratzen badute eta enpresa bultzatzaileen eta hornitzaileen parte-hartzea ziurtatzen badute. Era berean, zenbait tresna indartzea, erosketa publiko berritzailea, besteak beste, eta industria-inpaktuaren adierazle neurgarriak ezartzea proposatzen du.

Irizpenaren beste gomendioetako bat zientziaren eta industriaren arteko lotura indartzeko eta industria-eskalatzea bultzatzeko beharrari buruzkoa da. Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak ikerketa aurreratuaren eta aplikazio industrialaren arteko zubi-programak bultzatzea planteatzen du, bai eta zientzia, teknologia eta berrikuntzaren euskal sisteman sortutako ezagutzaren enpresa-xurgapena modu sistematikoan neurtzea ere.

Batzordeak, halaber, Planaren esparru instrumentalaren egonkortasun, aurreikusgaitasun eta koherentzia handiagoa ziurtatzea proposatzen du, enpresek egutegi argiak, tresnen arteko bateragarritasuna (diru-laguntza eta fiskalitatea) eta administrazio-kudeaketaren sinplifikazio eraginkorra izan ditzaten.

Kualifikazio handiko talentua

ZTBPren helburu estrategikoetako bat kualifikazio handiko talentuaren oinarria handitzea da, trantsizio hirukoitzak eskatzen dituen gaitasun zientifiko, teknologiko eta profesionalak indartzeko. Ildo horretan, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak beharrezkotzat jotzen du unibertsitate publikoaren finantzaketa egokia bermatzea, eta planean jasotako zenbait ekimen hobeto zehaztea planteatzen du, hala nola Campus Atlantikoa edo Ikasketa Aurreratuen Zentroa, horien konfigurazioa, gobernantza, ezagutza-eremuak eta euskal unibertsitateekin lankidetzan aritzeko mekanismoak zehaztuz.

Irizpenak, gainera, komunitate zientifikoan hizkuntza-aniztasuna bultzatzeari buruzko gogoetak jasotzen ditu, eta ikertzaileei euskararen ikaskuntza errazteko eta neurriak ezartzea baztertzailea ez dela bermatzeko baliabideak indartzea proposatzen du.

Zentzu komunitarioa indartzea

Batzordeak hobekuntzak sartzea proposatu du polarizazioaren, desinformazioaren edo desberdintasun sozialen aurkako borroka bezalako alderdiak indartzeko, bai eta adierazle espezifikoak txertatzea eta gizarte-eragileekiko elkarrizketa soziala aintzat hartzea ere ezagutza adituan oinarritutako politika publikoak egiteko prozesuetan.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak modu positiboan baloratzen du Euskadi 2030 ZTBPren birformulazioa, baina arrakasta ildo estrategikoak zehazteko, baliabideak kontzentratzeko, enpresen protagonismoa indartzeko eta aurreikusitako tresnak produktibitatean, enplegu kualifikatuan eta enpresen hazkundean benetako eragina izateko duen gaitasunaren araberakoa izango dela adierazten du, hori guztia euskal ekoizpen sarearen lehiakortasuna indartzeko eta Euskadiren garapen ekonomiko jasangarrian laguntzeko helburu partekatuarekin.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruz

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren erakunde aholku-emailea da, Euskal Autonomia Erkidegoko politika ekonomiko eta sozialean interes ekonomiko eta sozialek duten partaidetza eraginkorra izan dadin. Bere izaeraren arabera, eginkizun hauek dagozkio, besteak beste: Eusko Jaurlaritzaren ekonomia- eta gizarte-politikaren arloko arau-proiektuei eta plan orokorrei buruzko nahitaezko txostenak prestatzea, eta Eusko Jaurlaritzari gai horri buruzko proposamenak egitea.

(Ikus 1/26 irizpena)