Jardunaldi batean parte hartuko dute –apirilaren 29an–, mugaz gaindiko lankidetzak zientzia, teknologia eta berrikuntzaren arloan duen garrantzia aztertzeko
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak (EGAB) Akitania Berriko Ekonomia, Gizarte eta Ingurumen Kontseiluaren (CESER) ordezkaritza bat hartuko du hilaren 29an, Bilbon duen egoitzan. Topaketa bi erakundeek duela bi hamarkada baino gehiagotik bi lurraldeen erronka komunei heltzeko duten aldebiko lankidetza akordioaren esparruan egin da.
Foroa Javier Muñecas Euskadiko EGABeko presidenteak inauguratuko du, Yves Jean Akitania Berriko CESEReko presidentearekin batera, eta lurraldeen arteko lankidetzan oinarrituko da, hainbat esparru estrategikotan, zientzian, teknologian eta berrikuntzan, besteak beste.
Jardunaldiaren egitarauak bi hitzaldi biltzen ditu. Lehenengoa Leyre Azconari, Akitania Berria - Euskadi – Nafarroa Euroeskualdeko zuzendari nagusiari, egokituko zaio, eta zientzia, teknologia eta berrikuntzaren arloan mugaz gaindiko lankidetzaren garrantzia jorratuko du, Akitania Berria - Euskadi - Nafarroa Euroeskualdea erreferentziatzat hartuta.
Ondoren, Laurent Simon Akitania Berriko CESEReko kontseilari eta “Behaketa eta prospektiba” ataleko kideak hartuko du hitza –modu telematikoan–, adimen artifizialak eraldaketa ekonomiko eta sozialeko prozesuetan planteatzen dituen erronketan sakontzeko. Jardunaldiari amaiera emateko, galderetarako eta elkarrizketarako tartea izango da, partekatutako erronkei eta lankidetza aukerei buruzko ikuspegiak trukatzeko.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruz
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren erakunde aholku-emailea da, Euskal Autonomia Erkidegoko politika ekonomiko eta sozialean interes ekonomikoek eta sozialek duten parte-hartzea eraginkorra izan dadin. Bere izaeraren arabera, eginkizun hauek dagozkio, besteak beste: Eusko Jaurlaritzaren ekonomia- eta gizarte-politikaren arloko arau-proiektuei eta plan orokorrei buruzko nahitaezko txostenak prestatzea, eta Eusko Jaurlaritzari gai horri buruzko proposamenak egitea.