Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
ostirala, 26 ekainak 2026
  • Batzordeak egoki baloratu du tramitazioa, aldaketak sartzeko egindako gogoetekin.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako Sailak prestatutako “Nekazari gazteen estatutua arautzen duen eta Nekazari gazteen estatutuari buruzko otsailaren 4ko 8/2014 Dekretua indargabetzen duen Dekretu Proiektuari” buruzko txostena egin du. Erantzunean, Batzordeak egokitzat jotzen du izapidetzea, aldaketak sartzeko egindako gogoetekin.

Arauaren xedea nekazari gazteen estatutua arautzea da. Estatutu horren barruan sartzen dira gazteak nekazaritza-ustiategi profesionalen titular gisa sartzea eta jarraitzea bultzatzeko jarduketak.

Batzordearen ustez, dekretu berria egitea eta aurrekoa indargabetzea komeni bada ere, hobetu nahi diren alderdien justifikazioa eta zehaztapena falta dira, baita aipatzen diren neurriena ere, eta, beraz, horiek sartzea iradokitzen da.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak beharrezkotzat jotzen du abenduaren 23ko 17/2008 Legean aurreikusitako nekazaritza-lurrak eskuratzeko neurriak indartzea, eta gai hori ez da jasotzen Dekretu Proiektuan. Ildo horretan, aurreko dekretuan jasotzen zen herri-aprobetxamenduetarako eta mendi publikoetarako sarbideari buruzko erreferentzia berreskuratzea proposatu du, bai eta euren jardueraren lehen bost urteetan GAZTENEK proiektuak dituzten gazteentzat onartutako hektarea-erreserba espezifiko bat sartzea ere.

Proposamenak lursailen erreserba hori mendi publiko eta komunalen esleipen arrunten osagarri gisa banatzea planteatzen du, sektorean sartu berri diren gazteei laguntza ekonomiko gehigarria emateko. Batzordearen iritziz neurri horrek ustiategien bideragarritasuna hobetzen lagunduko luke, errentagarritasun-maila txikiagoak dituen etapa bereziki sentikorrean. Erreserba-mekanismoa dekretu bidez sartzeak aukera ematen dio Mendi Publikoen edo Herri Basoen Agintaritza Kudeatzaileari araudi bidez gazteak gune horien erabiltzaileengana biltzea komeni den ala ez planteatzeko.

Laguntza-sistemari dagokionez, Euskadiko EGABek adierazi du dekretu proiektuak nekazaritza-ustiategien titulartasunean eta banakako edo elkarteetako ekintzailetza-formuletan jartzen duela arreta. Hala ere, uste du testuak besteren konturako jarduera nekazaritzaren sektorean garatzen duten gazteen egoera ere hartu beharko lukeela kontuan, eta neurri espezifikoak sartu beharko lituzkeela, bai gazteak nekazaritzan sar daitezen, bai jarduera horretan jarrai dezaten.

Era berean, Batzordeak bere erreserbak erakutsi ditu nekazaritzako ustiategietan ordezkapen-zerbitzuak betetzeko gizarteratze- eta laneratze-enpresak bultzatzeko aurreikuspenari dagokionez. Batzordearen iritzi, formula horrek zailtasunak ditu parte-hartzaileen laneratze egonkorra bermatzeko; izan ere, enpresa horien helburua ondoren lan-merkatu arruntera sartzea erraztea da, eta hori ez da behar bezala bermatzen dekretuak planteatutako eremuan.

Azkenik, Euskadiko EGABek ohartarazi du arauaren funtsezko alderdiak ez direla behar bezala zehazten, eta sarritan igortzen direla etorkizuneko erregelamendu-garapenetara. Erakundeak beharrezkotzat jotzen du funtsezko kontzeptuak zehaztasun handiagoz definitzea, hala nola nekazari gazteentzako aurreikusitako lehentasunezko tratamenduaren irismena, eta testuari konpromiso zehatzagoak eta operatiboagoak ematea, aurreikusitako neurrien eraginkortasuna bermatzeko.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruz

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren erakunde aholku-emailea da, Euskal Autonomia Erkidegoko politika ekonomiko eta sozialean interes ekonomikoek eta sozialek duten parte-hartzea eraginkorra izan dadin. Bere izaeraren arabera, eginkizun hauek dagozkio, besteak beste: Eusko Jaurlaritzaren ekonomia- eta gizarte-politikaren arloko arau-proiektuei eta plan orokorrei buruzko nahitaezko txostenak prestatzea, eta Eusko Jaurlaritzari gai horri buruzko proposamenak egitea.

5/26 Irizpena